Elkarrizketa

Iñaki Lasa Etura

2021.01.21

Iñaki Lasa Etura

“Konturatu naiz intuizioa dela nire bidea”

Elkarrizketa: Olatz Salvador

Bakarkako lehen lana 2018an argitaratu zuen Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990), Zintzilik. Pausoz pauso egin du ibilbidea ordutik, harik eta aste honetan bigarren diskoa aurkeztu duen arte: Aho uhal (Airaka). Haritz Harregiren estudioan grabatu du, eta Pablo Novoa izan du ekoizle lanetan. Ahuldadearen indarra aldarrikatu du Salvadorrek Aho uhal-en, eta minak, zauriak, ahuleziei begiratzea, badira entzuleak abestiz abesti izango dituen bidaideak. Ander Zulaika (bateria), Jagoba Salvador (baxua), Mattin Saldias (gitarra) eta Novoa bera (gitarra, programazioak eta sintetizadorea) izan dira oraingo honetan taldekideak. Gaur Aretxabaletako Zaraia aretoan aurkeztuko du lan berria (ikusi elkarrizketaren amaieran birako lehen kontzertuak).

OS_1

Olatz Salvador abeslariaren bigarren diskoa da ‘Aho uhal’.

Aho uhal izena jarri diozu zure bigarren lanari. Gaztelerazko rienda hitzaren baliokidea bilatzean, nolabaiteko dikotomia ikusi zenuen Aho uhal-en: kontrolatzaile izan eta kontrolatua izatearen artekoa. Zer da aho uhala zuretzako?
Nire lehenengo lanak Zintzilik izena duenez, aho uhala horrekin jarraitzeko modua zela iruditu zitzaidan, soka bati lotuta dagoelako. Gustatu zitzaidan kontraesan hori, ez jakitea gidatua zaren edo gidatzen ari zaren. Iruditzen zait bizitzan askotan gerta daitekeela hartutako erabaki bat ez dela gugandik atera, gu konturatu gabe, agian. Erabakiak, desioak… guztiarekin pasa daiteke. Diskoari dagokionez, denbora guztian ari naiz jolas horretan.

Lehen diskoa talde edo bakarlari baten aurkezpen txartela bezala ulertzen dugu beti, baina espektatibak altuagoak izaten dira bigarren lanarekin. Bertigorik sentitu al duzu Aho uhal-en sortze prozesuan?
Bai. Bertigo handia eta krisi bat ere bai. Uste nuen lehenengo diskoa izango zela zailena, ez dakizulako zer den disko bat egitea, zein pauso eman behar dituzun. Badaukat talde proiektua [Skakeitan taldeko kidea da Salvador], baina ez da gauza bera zortzi pertsonaren artean egin edo zeure burua kudeatzea. Baina ez da horrela izan. Nahiz eta jakin nolakoa den prozesua, oso zaila egin zait bigarren lana aurrera ateratzea. Gauza askorengatik. Kristoren erronka izan da eta asko ikasi dut. Zama handiena nik neure buruari jarri diodana izan da. Askotan aurreko lanarekin konparatzen nuen nahi gabe. Beldur edo mamu bat izan dut jendeak nigan zuen itxaropenagatik, askotan esaten zidaten diskoa noiz argitaratuko zain zeudela. Besteei gustatu behar hori azaleratu zait, eta oraindik badut beldur apur bat. Badirudi bigarren lanarekin zure ibilbidea finkatu egin behar duzula, baina emandako beste pauso bat bezala ulertu nahi nuen nik.

Kendu al duzu zama hori gainetik behin diskoa argitaratuta?
Besteek pentsatzen dutenarekiko iragazgaitasuna garatu dut. Neure buruarekin zintzoa izan naiz, ahal dudan onena egin dut, eta norbaiti gustatu ez bazaio, horrek ez dit eragin behar. Baina, beti daukazu kuriositatea eta jendeak diskoa bere sentitzeko gogoa.

Saihesteszina da galdetzea pandemiak eta konfinamenduak eraginik izan duen. Letretan, gaietan, doinuetan…
Abesti batzuetan izan du eraginik. Batzuk lehenagotik eginak nituen, baina ez denak. Alaia Martinen letra konfinatu gintuztenean jaso nuen ["Ahots hari"kantuaren hitzak idatzi ditu Martinek], eta abestia konfinamenduan idatzi nuen. Bost bat abesti martxotik hona egindakoak dira. Diskoaren aura lantzen lagundu du garai arraro honek: iluntasun eta hauskortasun puntu bat du lan honek, erortzearekin zerikusia duena.

Ahotik kendu didazu hitza, hauskortasuna eta mina aipatu nahi nituen. Terapeutikoa izan da lana?
Bai, lagundu dit. Aho uhalaren kontzeptua orain bi urte inguru atera zen, terapian nengoenean, psikologoak aipatu zidan hitza. Errebelazioa izan zen: “Hau da hitza, hemendik noa”.

Mendiaren irudia erabili duzu diskoa azaltzeko garaian: lasai hasi, intentsitatea irabazten joan, gailurra jo, eta bare-bare amaitu.
Abestien ordena erabaki nuenean, ez neukan guztiz argi zeren arabera ordenatu. Puzzle hori egiten hasterakoan, apur bat intuizioz egin, eta entzun nuenean mendi hori irudikatu nuen: gora, gora, kaña, eta behera. Mendia bat dator bizi dugun egoerarekin, gainera.

Laku batekin ere irudika daiteke zure musika. Badu berezko baretasuna, kulunka moduko bat; baina laku batean harri bat botatzen duzunean bezala, agertzen dira uhinak ere, progresioa, intentsitatea. “Ahots hari”abestian, esaterako.
Bai. Kontrastea gustatzen zait, ni ere horrelakoa naiz, eta hori abestietan dago, leku batean hasi eta bestean bukatu.

Lakuaren erreferentzia nahita egindakoa da, Aho uhal-en hainbat abestitan euriari, itsasoari, mareei… erreferentzia egiten diezulako. Urak erakartzen zaitu?
Bai. Nire elementua ura dela esan zidaten. Bat dator guztiz.

“Diskoaren aura lantzen lagundu du garai arraro honek: iluntasun eta hauskortasun puntu bat du lan honek, erortzearekin zerikusia duena”

Taldekideetan ere izan duzu aldaketarik. Jagoba Salvador baxuan mantendu duzu, baina Asier Zulaika, baterian, eta Mattin Saldias, gitarrarekin, dituzu bidaide oraingoan. Baita Pablo Novoa ekoizlea bera ere.
Zintzilik Jagobarekin, Borja Antonekin eta Julen Idigorasekin ekoitzi genuen, eta zuzenekoetan Ander Merinorekin hasi ginen nire anaiak ezin zuelako jo lanagatik. Baina bakoitzaren konpromisoen eraginez, aldatzen joan ginen: Borjaren lekua anaiak hartu zuen, baina gitarrarekin. Julen eta Ander ere ez ziren kontzertu guztietan egoteko gai, eta Ander Zulaika eta Gartxot Unsain sartu ziren taldera. Disko honetan Ander Zulaikarekin, Mattin Saldiasekin eta Jagoba Salvadorrekin grabatu dut. Ekoizle modura Pablo Novoa izan dugu, baina Pablo Madrilen bizi da eta ez dugu zuzenekoetan gurekin izango, emanaldi bereziren baterako, salbu.

Lan honetan aurrepausorik eman duzula nabari duzu? Anbizio handiagokoa da?
Prozesuan, bai. Grabaketa, kolaborazioak, Haritz Harregiren estudiora joatea, Euskal Herrian erreferentziazko norbait denean… Ekoizle batekin lan egitea ere, Pablo Novoarekin, Madrilen bizi den galiziar bat, Late Motiv telebista saioan lanean. Hari esker lotu ditut kolaborazio batzuk. Ez dakit aurrerapausoa den, baina badira pausoak. Ez dut sentitzen bigarren diskoa kalitate aldetik hobea denik, hori subjektiboa da; nik beste zerbait bezala ulertzen dut. Desberdina. Dena den, bai sentitzen dudala lan honekin dena jokoan daukadala. Duela gutxi erabaki nuen musika nire ogibide bihurtzea.

Letrei erreparatuz gero, nabari da mimo berezia eskaini diezula, hainbat influentzia ageri dira: Cortazarren Rayuela, Elvira Sastreren poema bat, Gata Cattana, Extremodurori keinu txiki bat…
Nabari dira nire erreferentziak, bai. Ikusten da zer irakurtzen eta entzuten dudan. Oso nirea da diskoa. Inspirazio iturri izan direnetatik edo edaten duzun uretatik ateratzen zaizu zurea. Erreferentzia esplizituak daude: Promesas que no valen nada, adibidez, nerabezaroan asko entzuten nuen abestia da; edo Eskuekin kantan Gata Cattanaren ahotsa sartzea.

Letretan antzeman daitezkeen influentziez gain, hainbat kolaborazio ditu diskoak: Rozalen, Idoia Asurmendi, La Mare eta Ivan Ferreiro. Aurreko diskoan ere sartu zenituen kolaborazioak. Gustuko duzu hori egitea?
Beti. Elkarlan horiek pila bat gustatzen zaizkit. Irudikatzea abesti bat beste pertsona baten ahotsean, eta hori egi bilakatzen ikustea. Oso kolaborazio desberdinak daude, gainera: ez da berdina Idoia Asurmendi, bidearen hasieran dagoen norbait, edo Rozalen, ez dakiena non egin tartea bere agendan. Bi mundu dira. Adibidez, Ivan Ferreiro ez dut aurrez aurre ezagutu, Pablo Novoaren bitartez izan da guztia, bide elektronikotik. Ibilbide oso bakartia izan da niretzat diskoarena, eta asko ematen dit jendea diskoan parte hartzea animatu dela ikusteak.

“Disko honekin dena jokoan daukadala sentitzen dut. Duela gutxi erabaki nuen musika nire ogibide bihurtzea”

Asko jokatzen duzu intuizioarekin?
Bai! Hasieran ez hainbeste, arrazionalagoa izaten saiatzen nintzen, baina konturatu naiz intuizioa dela nire bidea. Erabaki bat hartu behar den momentuan, zerbait objektiboak ez zaitu eramaten beti zuk aukeratuko zenukeenera. Konturatu naiz balio didala intuizioak, horrela hartu ditudan erabakiek on egin didatela, eta gustatu zaidala.  Adibidez, “Euria”abestiaren bideokliperako, Aquariumean grabatzea nuen buruan, eta bideoaren sortzaileak bazituen beste ideia batzuk, baino ohikoa baino gehiago insistitu nion, esaten benetan uste nuela ondo geratuko zela. Hor pentsatu nuen: “Olatz, egin kasu zure bulkadei, zerbaitengatik dituzu”.

Bai, indar handiko planoak ditu bideoklipak.
Emaitza ikusi nuenean, “izugarria da” pentsatu nuen. Hemendik aurrera oso presente edukiko dut intuizioa.

Sare sozialetan oso ariketa ederra egin duzu diskoa aurkezteko, banan-banan aletu dituzu abesti guztiak. Egingo dugu antzeko zerbait? “Gaua”introarekin hasten da diskoa, riff leuna, pedal efektuak… Nahiko onirikoa.
Diskoa gauean kokatzen dut nik. Gauez gertatzen diren istorioak dira, oso gautiarra naiz, gauean pizten naiz. Letra gehienak gauez idazten ditut. Egunak ematen ez didan lasaitasuna ematen dit. “Gaua itzali eta ni piztu” esaten dut diskoaren abesti batean. Hori da, niretzat: mundua itzaltzen denean aktibatzen naiz, estimulu maila jaitsi, eta nire buruarekin gehiago konektatzen dut. Horregatik, sarrera, entzuleari testuingurua emateko.

“Ahots hari”kantutik Alaia Martinen letra nabarmen daiteke, abestiak instrumentalki hartzen duen norabidea erditik amaierara… Baina ezin utzi aipatu gabe zeinen ondo egiten duen Rozalenek euskaraz!
Bikain atera zaio! Managerrak esan zidan badaezpada gaztelerazko bertsioa prestatzeko, baina hor ere intuizioak esan zidan eusteko. Rozalenentzat oso aste txarra izan zen grabaketarena, hainbat arrazoirengatik. Baina, bere lehen saiakera entzun, eta esan nion “Zuk euskara entzun duzu aurretik!”. Badakit lan taldean izan duela euskaldunik, eta zentzu askotan maite duela Euskal Herria eta euskara. Benetan inplikatu zen prozesuan. Benetako giza kalitatea erakutsi zidan. Nahiz eta bera izan Espainia mailako disko salduenenen zerrendako artistetako bat, elkartasuna eta kooperazioa dagoela sentiarazi zidan.

“Gelditu hor”abestian Idoia Asurmendik kolaboratzen du, eta letrak beste bertsolari batenak dira, kasu honetan Ane Labakarenak.
Ane Labakarekin Zintzilik-en kolaboratu nuenez, eta kristoren letra egin zuenez, zergatik ez errepikatu? Gainera, bolada horretan ez nenbilen oso fin letrak egiterakoan, eta laguntza eske idatzi nion. Bidalitako letra ikustean, pentsatu nuen “hau natural geldituko zait?”; baina, hain zen polita, pentsatu nuela “zrgatik ez? Zergatik ez hasi gu ere hitz hauek erabiltzen?”. Abestiak eboluzio handia izan du, gainera. Hasieran oso atmosferikoa zen, baina Pablo Novoa aldaketa asko egiten hasi zen. Bien arteko negoziaketatik atera da emaitza, eta ia kanpoan uztetik Pabloren gustukoena izatera pasa da. Niri ere gehien gustatzen zaidanetakoa da.

“Zure egiaaurretik egindakoa da, Nigandik film laburrerako sortu zenuen. Dena den, zentzu handia du disko barruan, ez da nabari aurretik idatzitakoa dela.
Eman zizkidaten pauta batzuetatik sortutako abestia da. Gidoian eraitsi egiten zuten eraikin bat zegoen, eta beste hainbat elementu; hori zen abiapuntua. “Korapilatzen”kantuaren ildoko zerbait idaztea proposatu zidaten, eta akorde progesioak badu zerbait “Korapilatzen”-etik; baina uste dut estilo aldetik gitarra elektrikoarekin bestelako atmosfera bat sortu dudala. Abestia idatzi nuenean, bazegoen istorio zehatz bat, dolua, eta konturatu nintzen kontatzen ari nintzena nirea ere bazela. Dolua pasa nuen, eta abesti hori entzutean, oso presente nuen. Iruditu zitzaidan ez zela gauza puntuala, nirea ere bazela.

“Euria”-ren bideoklipaz hitz egin duzu jada. Hau izan da diskoaren aurkezpen kantua, eta hemen dago hasieran aipatu duzun mendi horren aldapa, intentsitatea.
Aurrerapen kantuek badituzte ezaugarri batzuk. Zure karta bat erakusten duzu, eta agian ez da nik erakutsiko nukeen karta, “Ahots hari”litzateke, baina ezin genuen hura hautatu Rozalenen diskoetxeko baimenengatik, eta azkenean “Euria”izatea erabaki genuen. Ez da hain abesti erraza, irakurketa asko ditu, eta, akaso, mezua ez da hain sinplea. Galdetzen didatenean zeri buruz hitz egiten dudan, ez zait hain erraz egiten azaltzea. Esanahi asko dauzka, ez da hain singlegarria. Mezu sakona du, bakoitzak aukeratu behar du bere istorioa.

Galdu da hurrengoa.
Gaueko istorioa da. Orain, legalki, behintzat, existitzen ez den testuinugu batekoa, festa giroa. Alkohola tarteko izan dezakeena, gauaren distortsioak azaleratzen dituen momentua. Aurreikuspenak eta desioak errealitatearen aurrean. Aho uhal kontzeptuarekin datozen errealitate kolpe batzuk baditu diskoak: zuk kontrolatu nahi duzuna versus bizitza erreala eta zure esku ez dauden gauzak. Abestiaren protagonistak bere pelikula egiten du gauean, eta bat-batean konturatu distortsio hori ez datorrela bat.

Hurrengo abestiekin hasten zara mendiaren aldapa hori jaisten
“Euria”-n eta “Galdu”-n badago tentsio berezi bat, eta “Eraman nazazu“-n askatzen hasten da. Justu horregatik deitzen da “Eraman nazazu”; askatu dut guztia, eraman nazazu leku hobeago batera. Ahultasunaren aldarria da.

“Ez garen gu”-ra eramaten gaitu, hain zuzen ere.
Balada bat da, pianoarekin egindako mantra batekin hasten dena. Julen Idigorasek erakutsi zidan hook [amua, euskaraz] kontzeptua, errekurtso bat hartu, eta abestian zehar behin eta berriz errepikatzea. Pila bat gustatzen zait. Abestia Garazi Esnaolarekin batera sortu nuen, berak jotzen du pianoa. Oso erraz konektatu genuen, amu horren bila joan ginen, eta heldulekuak. Oso biluzik hasten gara biok. “Ez dakit nola baretu barrenak”, esaten dut hasieran, eta apurka, armoniarekin batera heldulekuak eskaintzen ditu kantuak, biak kokatzen hasten gara. Bigarren estrofan banda sartzen da, akonpainamendu bezala; oso presente gaude Garazi eta biok.

“Mareak”abestian erdi rapeatu erdi errezitatu egiten duzu, kulunka eta energia uztartzen dituen beste abesti batean.
Niretzako rapeatzea eta errezitatzea oso gertu daude. Jendea harritu egiten da rapa gustatzen zaidala esaten diedanean. Niretzako rapa eta poesia ere oso gertu daude. Rapean lirikak eta hitzek dute pisu handiena. Gata Cattanak zioen bera poeta zela batez ere. Niretzat, rapeatzaile onak poetak dira. Abestira itzulita, oraindik ez dakit rapeatzen edo errezitatzen ari naizen. Natural atera zen, hitz egitea bezala, baina erritmo baten barruan. Gauzak kontatzeko beste era bat da.

Azken bi abestiak “Ba hori” eta “Eskuekin” dira.
Gure buruari egiten diogun autozentsura da “Ba hori”; beldurrak eta abar. Abesti txiki bat da, pertsona bat txiki sentitzen den unerako. Txikia da, baina maite dut. Ez nuen argi diskoan sartu edo ez, baina lehen aipatu dudan ahultasun hori aldarrikatzeko egin dut.

Eta “Eskuekin”?
Konfinamenduan egin nuen. Gata Cattanaren poema bat da, eta errespetu handiz itzuli eta egin dut. Badakit aurretik Gotzon Barandiaranek ere euskaratu duela. Cattana hilda dagoenez, ezin nion galdetu, baina bere amak eman dit oniritzia, eta ilusioa egiten diola esan dit. Gata Cattana asko markatu nauen poeta eta rapeatzailea da. Audioa YouTubetik ateratako bere errezitaldi batekoa da, eta hor aritu nintzen nola egin bat musika eta haren hitzak. Estilo aldetik ez zetorren bat bateria, gitarra eta baxuarekin. Akustikoagoa da, terrenala, perkusio oso organikoa du, eta diskoa honekin ixtea erabaki nuen.

Bonus track gisa Ivan Ferreiroren “Promesas que no valen nada”bertsionatu duzu.
Pablo Novoa izan da hau lortzeko giltza. Ivan Ferreirorekin musikari gisa ibilitakoa da. Biok ibili ginen bueltaka ea bertsioren bat sartuko genuen, eta aukerak baloraten hasi ginenean, aipatu nion banuela kantu bat nerabezaroan asko entzuten nuela, eta bat egiten zuela diskoan esandako mezuekin. Jatorrizko bertsiotik aldentzen saiatu gara, eta Ivani ekuazioan sartzea proposatu genionean, berak esan zigun ondo zegoela jada abestia, ez genuela bere beharrik. Abestu beharrean reverbs-ak eta sintetizadoreak sartu ditu berak. Politena zera izan da, nire lehengo ni-a, nerabezarokoa, oraingo ni-arekin elkartzea.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • urtarrilak 21: Aretxabaletako Zaraia aretoa
  • urtarrilak 28: Gasteizko Jimmy Jazz aretoa
  • urtarrilak 31: Ondarroako Beikozini aretoa. Sarrera guztiak salduta.
  • otsailak 4: Bergarako Seminarixoa
  • otsailak 7: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia
  • otsailak 11: Zarauzko Modelo antzokia. Sarrera guztiak salduta.
  • otsailak 18: Barakaldo antzokia
  • otsailak 25: Amurrioko antzokia
  • otsailak 27: Elorrioko Arriola antzokia
  • otsailak 28: Irungo Amaia kultur zentroa
ETIKETAK:AirakaOlatz Salvador