2023.01.31
Asier Olabarrietak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1980) urteak daramatza musika egiten. 14 urterekin eman zuen lehen kontzertua, Bilboko Santutxu auzoan, istripu batean hil ziren mendizale batzuen omenaldi batean. Su Ta Gar taldearen ondoren izan zuen institutuko lagunekin oholtzara igotzeko aukera, eta ordutik musikak «kateatu» zuela dio. Aurten, zenbait urteren ondoren, bakarkako (K)ito diskoa kaleratu du, zeinetan melodia ilunen bitartez bere bizitzako garai latz bateko sentimenduak azalarazi dituen.
Uztailean kaleratu zenuen diskoa. Nolako harrera izan du?
Harrera positiboa izan da, eta horrek asko pozten nau. Jende askok aurretik egindako musikagatik ezagutzen ninduen, eta ez zuen espero disko kontzeptual bat ateratzerik. Disko iluna da; detaile asko ditu, eta ahotsarekin jolasten da. Lagun musikari asko ere harrituta geratu dira sonoritatearekin. Desberdina dela esan didate, nahiko pertsonala. Nola ez da pertsonala izango, ba! Nik egin dut guztia.
Zuk bizi izandako garai gogor baten inguruan ari da, ezta?
Bai, eta gogorra izan da orduko sentimendu batzuk gogora ekartzea. Ikasketa prozesua izugarria izan da. Beste prisma batetik ikusi ahal izan ditut gauzak, heldutasunaren ikuspuntutik. Garai hartan bizi izan nuenaren eta neure buruaren onarpena izan da diskoa. Bizitza aldatu zidan hori azaldu nahi nuen, besterik ez. Oso gaizki pasatze horretatik ikasi, eta aurrera egitea lortu nuen. Etapa hori ixteko pausoa izan da.
Nola jaio zen disko kontzeptuala egiteko ideia?
Abesti zirriborro batzuk neuzkan aspalditik gordeta, baina ez nago abestera ohituta. Konposatu bai, beste taldekide batzuekin konposatu dut, baina abestu ez. Duela hamabi urte edo, adaptazio nahasmendu bat garatu nuen, eta prozesu zail batean murgildu. Hortik sortu da disko kontzeptuala: neure buruarekiko sentsazioetatik.
Nola lortu zenuen, azkenean, mikrofonoaren aurrean jartzea?
Oso zaila izan zen. Diskoa nire istorioaren onarpen bat izan da. Kantu eskola batzuk hasi nintzen jasotzen, eta irakasleak hobetzeko laguntza handia eskaini zidan. Bestalde, diskoaren zati gehiena etxean grabatu nuenez, lasaiago sentitzen nintzen. Egun batean, mikrofonoaren aurrean jartzeko prest nengoen; hurrengoan, ez. Nire buruarekin borrokan aritu naiz, baina asko ikasi dut.
Musikalki, zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Melodia eta sorkuntza aldetik, ez dut erreferentziarik izan, baina banekien disko ilun bat egin nahi nuela. Oro har, ez dut horrelako musikarik egiten. Nick Caveren Skeleton Tree entzun nuen, bere semea hil zenean kaleratu zuen diskoa; Ainara LeGardon ere entzun nuen… Nire musikak, orokorrean, ez du haienaren antzik; disko honek, bai.
Hitzek kutsu poetikoa daukatela azaldu duzu. Zer zentzutan?
Idazleak diren pare bat lagun dauzkat, eta haiek ere diskoan parte hartzea nahi nuen. Gaia azaldu nien, eta hitz eta melodia batzuk eman nizkien. Haien estiloa poetikoagoa da; Goizane Aizpurua eta Unai Villenarena, kasurako. Nik itsasoaren irudia erabili nahi nuen, adibidez, eta hortxe diskoaren izenburua: (K)ito. Diskoaren hasieran, itotzearen arnasestu bat entzuten da, bukaeran beste bat. Hor doa kutsu poetikoa.
Ilunetik argira doan bidaia gisa definitu duzu diskoa. Zergatik?
Nire bizitzako garai horretan, beheraino erori nintzen, hondoraino. Izugarrizko insomnioa izan nuen, oso lo gutxi egiten nuen, lanera nekatuta nindoan, eta bueltan ere nekaturik nengoen. Terapiari esker, amaiera jarri nion arazoari, eta horri buruzkoa da azken abestia. Norberak nor den onartu behar du. Bosgarren abestiak, adibidez, negar egiten hasi nintzenekoa azaltzen du, denbora luzea eman bainuen negarrik egin gabe.
Garai ilunei buruzko musika gehiago behar al du industriak?
Musikaren industria beste ildo batetik doa orain. Nire helburua diskoa amaitzea besterik ez zen, garrantzitsua iruditzen zitzaidalako astiro entzuteko musika egitea. Orain modan dagoena zera da, abesti eta bideoklip azkarrak kaleratzea, baina bakarrik egoteko eta lasaitasunez disko oso bat entzuteko beharra daukat nik. 1970eko hamarkadan, Pink Floyd eta antzeko taldeek kaleratu zituzten orduko disko kontzeptualak. Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du, eta orain beste garai batean gaude. Orain asko kontsumitzen dugu; asko eta azkar.
Zenbat denbora eman zenuen diskoa grabatzen?
Urtebete edo. Pandemia ostean hasi nintzen grabatzen, baina ideia nagusiak aurrekoak dira. Buruan nituen, baina ez nekien errealitatera nola ekarri. Grabatu bitartean ere, sortuz joan naiz. Oso prozesu lasaia eta esperimentala izan da, introspektiboa. Ez nekien kaleratuko nuen ala ez.
Zein izan da bidean aurkitu duzun zailtasunik handiena?
Kantatzean autoexijentzia orekatzea. Instrumentu berri bat da niretzat ahotsa, eta ez nengoen ohituta hori entzutera. Zerbait gustatzen ez zitzaidanean, beti zalantza nuen: hala utzi, ala hurrengo egunean jarraitu? Era jakin batean egin nahi nituen gauzak, baina etxean ez zen posible.
Bakarkako lehen lana da hau; taldeak izan dituzu aurretik: Hiri Asko Bere Baitan, Zisma, HHD…
Bai, baina gutxi iraun dute. Gauzak grabatu ditugu, kontzertuak eman ditugu, eta ni musikarekin topera egon naiz beti, baina zaila da hori guztia mantentzea. Disko berriarekin oso pozik nago; nik grabatu dut diskoa, eta nik eramaten ditut kontzertuak. Lan handia da. Asmoa ez da honetaz bizitzea, baina beteta sentiarazten gaitu.
Islabatek aurrera jarraituko du?
Ez dakit. Behar pertsonal batetik jaio zen, eta ez dakit oraindik badudan behar hori. Zuzenekoak ematen jarraituko dugu; ordea, beste proiektu batzuk hasteko gogoa dut. Baliteke beste egoera zail bat bizitzea eta Islabatekin beste disko bat ateratzea. Nork daki!