2019.04.17
Xabier Camarerok, Urtz taldearen jatorrizko partaide bakarrak, hiru musikari bizkaitarrekin kantak konposatzeari ekin zion iaz, eta Zabaldu ateak diskoaren azken emaitzari begiratuz gero mimo handiz prestatzeko aukera izan dutela garbi dago. Hiru musikari berrietatik, Ander Hurtado de Saratxo da ezagunena (Korrontzi taldeko atabal jotzailea da). Beste biak, Dani Vicente (gitarra) eta Jorge Sánchez (baxua), Space Octopus taldean ibilitakoak dira eta gaur egun Desira taldeko partaideak dira. Zuzen eta eskuzabal aritu zaigu Xabier gure galderei erantzuten.
Sorpresa apur bat hartu nuen Urtzen diskoa eta bira egongo zirela irakurri nuenean. Taldearen bigarren itzulera da, baina pilak kargatuta nabari zaitut!
Egia esan, zalantza asko izan ditut. Nolanahi ere, abesti sorta bat prestatuta nuen Urtzen egitasmo honetarako eta pena ematen zidan argitara ez emateak. Taldekide berrien jarrera eta grinak aurrera egiteko indarra eman dit azkenean. Eta urratsa emateaz ez naiz damu. Uste dut emaitza ona dela eta taldearen inplikazioa aparta oso. Hori guztia eman dugun kontzertuetan ezin hobeto islatzen da. Bilborock aretoan hasiera eman genion birari eta sentsazio on horiek oholtza gainean berretsi ziren.
Grabazio prozesua nola izan den jakin nahiko nuke: ekoizlea, estudioko giroa, nahasketak… Nola sentitu zara?
Aurreko grabazioekin alderatuta, prozesua ezberdina izan da erabat. Bateria eta baxua Lorentzo Records estudioan grabatu genituen Aitor Ariñoren gidaritzapean. Gitarrak, berriz, Dani Vicente taldekidearen estudioan. Eta ahotsak eta nahasketak, azkenik, Iñigo Etxebarrietaren Muxikon estudioan. Diskoa hiru estudiotan grabatu dugunez gero, xehetasunei tarte handiagoa eskaintzeko parada izateaz gain, denbora ere gure beharretara moldatzeko aukera izan dugu. Prozesua luzea izan den arren, oso gustura sentitu naiz. Taldekideen jarrera aparta izan da, zinez.
Lan berria oso zainduta dago, detailerik txikiena ere mimoz landu duzue. Dena den, aurreko lanak baino pausatuagoa da; helduagoa agian, baina ez dauka rock basati edo heavy metalik.
Arrazoi duzu. Musikan zein hitzetan detaileei garrantzi handia eskaini diegu. Musika eta hitzen arteko oreka lortzen ahalegindu gara. Ni, behintzat, azken emaitzarekin oso pozik nago. Uste dut oreka hori erdietsi dugula azkenean. Estiloari dagokionez, neurri handi batean, rocka da jaun eta jabe. Hala eta guztiz ere, ñabardura ezberdinekin. Heavy estilotik urrun samar izan arren, badira indar handiko abestiak ere. Ez dut uste ezer berria denik, rocka baita Urtzen ibilbidean nagusi izan den estiloa. Dena dela, egia da gure hastapenetan heavyren eragina nabariagoa zela. Beharbada, baladak dira sasoi hartatik mantentzen dugun eraginik agerikoena.
“Eguzkitan bero”, “Aurpegi hori”, “Jan, jan, jan” edo “Kaleak gureak izango dira” boteretsuak dira, Urtzen alderdi rockeroena agertzen dutenak.
Halaxe da. Abesti horiekin batera, diskoa irekitzen duen abestia ere nabarmenduko nuke. Agian, musika estiloa aintzat hartuta, kantarik indartsuenetakoa da.
“No te vayas todavía”-k euskara eta erdara nahasten dituela eta, harridura apur bat sortu du sare sozialetan. Komentarioren bat irakurri nuen bederen. Baina “Marinero” eta “Boulevardeko erlojua”-n hori bera egin zenutela ahaztu du zenbaitek.
Urtzek beti lehentasuna eman dio euskarari, naturalki halaxe atera izan zaigulako. Horren erakusle dira argitaratu ditugun disko guztiak. Disko berrian ere filosofia beretsua da. Nolanahi ere, noizean behin beste hizkuntza bateko hitz zatiak sartu izan ditugu. Aipatu dituzun “Boulevardeko erlojua” eta “Marinero” dira kasurik adierazgarrienak. “No te vayas todavía” kantaren kasuan, zehatz-mehatz, musikak berebiziko garrantzia izan du lelorako aukeratutako hizkuntzan. Soinuak gaztelaniara eraman gintuen. Alegia, hitza eta musika une berean jaio ziren. Gainera, hasiera batean, kantari espainiar ezagun batek abestu behar zuen leloa. Tamalez, gaixotasun baten erruz ezin izan zuen ahotsa sartu. Dena dela, azken emaitzarekin oso gustura geratu naiz.
“Musika eta hitzen arteko oreka lortzen ahalegindu gara, eta uste dut erdietsi dugula. Azken emaitzarekin oso pozik nago”
Singlea San Valentin egunean argitaratu zen arren, kasualitatea izan zela irakurri dut.
Anekdota hutsa da. Ziurtatzen dizut ez dagoela marketin estrategiarik (kar, kar, kar).
“Argia” da disko honetako balada. Jakina da Urtz talde espezialista dela gai honetan, eta “Argia” oso, oso ederra da. Taldearen malenkonia kutsua dauka, eta Pello Ramirezen txeloak bultzatu egiten du bide horretara.
Oso gertuko bizipen baten isla da eta kanta sentibera izatea nahi genuen. Uste dut, azkenean, sentiberatasun hori adieraztea lortu dugula. Gainera, Pello Ramirezen txeloak kantak berezkoa duen sentimendua areagotu du. Ramirez musikari aparta da eta bera estudioan edukitzea soil-soilik esperientzia zoragarria izan da.
Diskoaren aurkezpen prentsaurrekoa Bilbon, lehen kontzertua Bilborocken, musikari bizkaitarrak, Alex Sarduiren kolaborazioa… Urtz % 100 gipuzkoarra izatetik ia bizkaitarra izatera pasatu da!
Musikak ez du aberririk. Urtz Pasaian sortu zen, taldekide ia guztiak bertan bizi ginelako. Gehienok Pasaia Lizeoan ezagutu genuen elkar. Nolanahi ere, denbora aurrera doa eta adinak bide ezberdinetatik garamatza. Azken urteotan, aldika bada ere, Ander, Jorge eta Danirekin jo izan genuen. Eta, azkenean, patuak proiektu berean elkartu gaitu. Bizkaitarragoa ala gipuzkoarragoa izan, Urtzek ez du bere izaera galdu. Eta, horixe da, beharbada, politena. Alex aspalditik ezagutzen dugu, Exkixu-ren sasoitik, alegia. Sarritan partekatzen genituen plazak eta “Aurpegi hori” abestia sortu zenean berea izan zen burura etorri zitzaidan izena. Proposamena egin nion eta baietz erantzun zidan. Oso gustura ibili gara estudioan.
Soinua dotorea dela esan dugu, baina Anderren atabalak inpresioa egin dit, oso-oso kolpe potentea dauka.
Bat nator zurekin. Ander, ezbairik gabe, bateria jotzaile aparta da. Ezagutza eta sentsibilitate handikoa, benetan. Dotorezia eta indarra maisutasun handiz uztartzeko gaitasuna du. Erritmo lasai zein indartsuetan ere inork gutxik bezala menperatzen du bateria.
Hitzei dagokienez, berriz ere Iñaki Lazkanok parte hartu du kanta batzuetan.
Ikastola sasoitik, txiki-txikitatik, lagun mina dut Iñaki Lazkano. Beti egon da presente Urtzen lan guztietan eta bere sentiberatasunak zeresan handia izan du taldearen hitzetan. Disko honetan ere ordu asko sartu izan ditut berarekin, dezente eztabaidatu dugu, baina, azkenean, ohi legez, portu onera iritsi gara.
“Zabaldu ateak” etorkinek pairatzen duten egoerari erreferentzia garbia da. Gori dagoen gaia, inondik ere.
Ezbairik gabe, diskoko kantarik esplizituena da. Diozun bezalaxe, immigrazioaren drama du hizpide. Mendebaldeak immigrazioari lapurtutako gizatasuna aldarrikatu nahi genuen kanta honen bitartez. Gure “zibilizazioaren” alde iluna bere gordintasun osoan erretratatu.
“Bizkaitarragoa ala gipuzkoarragoa izan, Urtzek ez du bere izaera galdu. Eta, horixe da, beharbada, politena”
Partaide berriei begiratuz gero, Ander Hurtado de Saratxoren arrasto bat bagenuen, hain zuzen Korrontzi taldeko atabal jolea baita. Dani Vicente eta Jorge Sánchez Space Octopus taldean ibili ziren. Nola ezagutu zenituen hirurak? Denak profesionalak dira, ezta?
Aurretik adierazi bezala, jatorriko taldekideak ordezkatu izan dituzte zenbaitetan. Musikatik bizi dira, aukera ausart hori egin dutelako. Hala eta guztiz ere, Urtzen daude taldearen filosofiarekin bat egiten dutelako. Euren borondate hutsez, alegia. Beren inplikazioa erabatekoa da eta oso eskertuta sentitzen naiz. Une honetan bertan, nire taldea osatzen dute.
Aurkezpen birari begira, momentuz Bilbon eta Elizondon jo duzue. Uda baino lehen zein lekutan ikusi ahal izango zaituztegu?
Uda baino lehen, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan ariko gara eta espero dut Iparraldean ere aritzea. Udarako, hainbat kontzerturen datak ixten hasi gara.
2013an jatorrizko lau partaideekin egin zenuten itzulera opari moduko bat izan zen. Jarraitzaile zaharrok asko gozatu genuen Astiro diskoa eta zuzenekoekin. Asier Arozena (gitarra), Bittor G. Argüelles (baxua) eta Josu Ariztegi (bateria) rock banda batek behar duen erritmoa ezin eramanik ibili ziren, ezta? Ohikoa den bezala, lana, familia eta hainbat eginkizunek ez dute beste gauzetarako leku askorik uzten. Urtz proiektu iraunkorra izango bada, musikari berriekin beharko du?
Urtzek sasoi ezberdinak izan ditu. Jatorrizko kideak joan eta itzuli izan dira. Oraingo honetan, aipatu dituzun arrazoiak medio, ni bakarrik aritu naiz disko honetan. Dena den, disko berriaren izenburua aintzat hartuta, ateek zabalik jarraitzen dute. Auskalo zer dakarkigun etorkizunak.
Denboran 31 urte atzera eginda, nola gogoratzen dituzu hastapenak, maketa bikain hura (Zelatan, 1991) eta lehenengo diskoaren arrakasta itzela? Gor diskoetxearekin egin zenituzten zuen urterik onenak. Nola izan zen lehen kontaktua?
Maketa grabatu genuenean, gure burua entzuteko besterik ez genuen egin. Egia esan, ez genuen ezertxo ere espero. Baina oso gustuko izan genuen entzun genuena. Eta, asteburuetan, autoa hartu eta maketa tabernaz taberna zabaldu genuen. Gure harridurarako, maketak oso harrera ona izan zuen eta mordoxka bat saldu genituen. Abestiak irratian entzuten hasi ziren eta, 1991n, Nafarroan Balerdi Balerdi-rekin jo genuen kontzertu batean, Marino eta Patxi Goñik disko bat argitaratzeko eskaintza egin ziguten. Proposamenak izutu gintuen, uste genuelako prest ez geundela oraindik. Handik hilabete batzuetara erronkari aurre egin genion eta orduz geroztik hementxe gaude.
Heavy metala presente egon zen, batez ere zuen hasierako urteetan. Haatik, ikuslegoa (beste euskal talde batzuekin ere pasatu zen bezala) ez zen bereziki heavya. 90. hamarkadan gertatu zen hibridazio kulturalaren testuinguruan, bereziki Euskal Herrian, zuen eta beste askoren ikuslegoa oso anitza zen. Zuen ikuslegoaren artean heavyrik ikusten al zenuten kontzertuetan?
Guk, gaztaroan, atsegin genuen heavy musika. Bereziki, Asier Arozenak eta biok. Horrexegatik, hasierako sasoian, heavy musikaren eragina nabarmena zen taldean. Uste dut une egokian harrapatu gintuela. Leize, Su Ta Gar eta beste hainbat heavy taldek izotza apurtu zuten. Heavya arrotz izatetik, leku bat izatera iritsi baitzen Euskal Herrian. Gure ikusleria anitza zen eta heavya gogoko zuten musikazaleak ere hurbiltzen ziren gure kontzertuetara. Askok eta askok ez zuten euskaraz egiten baina gustura izaten ziren gure emanaldietan.
“Diskoa lasai eta behar bezala egin nahi genuen. Autoekoizpenak, ordea, lana eskatzen du eta nire larruan bizitzen ari naiz”
Taldearen historian, lehen aldiz, autoekoizpenera jo duzue. Horrek diskoa zuek nahi bezala lantzeko denbora eman dizuela esana duzu, baina ekoizpena, kontratazioa eta beste mila gauza aurrera eramatea ez al da gehitxo izango? Talde askok bide hori hartu eta ondoren berriz ere diskoetxeetara jo dute…
Gure helburu nagusia ahalik eta diskorik onena egitea zen. Diskoetxeek abantaila asko eskaintzen dizkizute, ukaezina da. Hala ere, sarri-askotan erlojuaren kontra ibili behar da diskoa data jakin baterako bukatu behar delako. Oraingo honetan, gurpil zoro horretatik at egon nahi genuen. Lana lasai eta behar bezala egin. Ñabardura guztiak zaindu. Eta halaxe izan da. Autoekoizpenak, ordea, bere lana eskatzen du. Nire larruan bizitzen ari naiz une honetan, baina ez naiz damu. Edozelan ere, ez dakit hurrengo diskoan bide honetan jarraituko dugun ala diskoetxeen altzora itzuliko garen. Denborak du azken hitza.
Plazera izan da zuri elkarrizketa egin ahal izatea, Xabi. Zer topatuko dugu Urtzen kontzertuetan? Garai guztietako kantak joko dituzue? Adibidez, Hain urrun diskoa (1996) deskatalogatuta dago… Lan horretatik baten bat joko duzue?
Plazera nirea da, Urko. Nekez aurki daiteke Urtzen ibilbidea hain ondo ezagutzen duen kazetaririk. Dokako kontzertuko kronikan agerian zegoena argi geratu da elkarrizketa honetan. Mila esker eskainitako arretagatik eta erakutsitako errespetuagatik. Kontzertuei dagokionez, aldiz, disko berria aurkezteko gogotsu gaude. Emanaldietan, Zabaldu Ateak lanaren kantak izango dira nagusi. Edonola ere, ohi bezala, beste diskoetako kantek ere tarte esanguratsua izango dute. Egia esan, gero eta zailagoa da kanten aukeraketa egitea. Lehen kontzertuetan ez dugu Hain urrun diskoko abestirik sartu. Hala eta guztiz ere, udako emanaldietan ziurrenik kantaren bat sartuko dugu. Testuinguru honetan, hein handi batean, disko berriaren kantak ezagutaraztea da gure helburu nagusia.