2020.02.20
Zuzeneko lan bikoitza argitaratu berri du Olatz Zugastik (Hernani, Gipuzkoa, 1965). Bene-benetakoa, artifiziorik gabea eta zintzoa. Kontzertu baten grabazio normal bat izan zen hasiera batean, inolako prestaketa berezirik gabekoa, baina grabazioaren soinu txukuna ikusita ordea, argitaratzeko erabakia hartu zuten, Orion zuzenean (Kantaita Enea Records, 2019 ) izenburu soilarekin. Badauka, ondorioz, gordintasun puntu bat. Haatik, zuzeneko mikrofonia normala erabili bazuten ere —publikoa grabatzeko mikro berezirik gabe—, bertako giroa eta atmosfera sentitu egiten da lan osoan. Zugastiren azalpenak ere interesgarriak dira oso, dela kantuen nondik norakoak azaltzeko, dela musikarien edo bestelako kontu argigarriak azaltzeko. Bere ibilbide osoari errepasu egin dio beraz, Bulun bulunka lana kenduta. Orion egin dugu hitzordua Olatzekin berarekin. Benito Lertxundi geroago azalduko da, eta luzaroan arituko gara kontuak esaten, grabagailua itzalita ere.
Aurreko diskoarekin zuzenekoetara salto egin zenuen, eta orain zuzeneko diskoa atera duzu, bikoitza gainera. Ez zegoen aurrez prestatua, baina grabazioa entzun eta maila ona zeukala konturatu zineten.
Bai, nik normalean ez dut eskatzen grabatzeko, baina gure teknikariek, Eragin enpresakoak, batzuetan multipistas bat ekartzen dute eta grabatzen dute beren probak egiteko. Batzuetan guri pasatzen digute entzuteko, kontzertua nola joan den ikusteko.
Eta nola geratu den gustatu zaizu.
Ordura arte ez nuen planteatu. Behin baino gehiagotan pasa zidaten grabaketa. Bazeuden elementu batzuk nahiko duinki emanak, eta berotasun hori, hunkidura hori ere bazuen. Eta grabazioa ondo zegoen. Falta ziren gauzatxo batzuk; nire gitarra, esate baterako, beste bide batetik sartuta zegoen eta entzuten zen oihartzun bat bakarrik. Tira, hori detailetxo bat zen; beste guztia ondo zegoen. Baina ez zegoen aurrikusita. Zuzeneko bat grabatzeko, teknika aldetik beste mikrofonia mota bat jartzen da, potentzia gehiago daukana. Bolumena igo behar baduzu, ez dira agertzen ufakoak eta beste. Kasu honetan, zuzeneko mikrofonoak ziren.
Horrek presiorik gabe jotzera eraman zintuzten, ezta? Kontzertu arrunt baten moduan egin zenuten. Hala ere, Orion izanik, ez zen edozein kontzertu. Jendearen babesa ere nabaritzen da.
Bai, hunkidura momentuak egon ziren. Hor dago, adibidez, beste detaile bat erakusten duena ez zegoela aurrikusita, normalean zuzeneko diskoek mikrofonia erabiltzen dutelako publikoaren soinua ere hartzeko, eta ez zegoen halakorik. Orduan, publikoa pixka bat urrun entzuten da, baina esan nuen: “berdin da”. Duinki iruditzen zait dagoela, eta era berean bilduma bat ateratzeko asmotan nenbilen, nire ibilbidea laburtuko zuena, eta bat-batean esan nuen: “uste dut merezi duela hori ateratzea”. Niretzat ere berezia zen, lehen aldia baitzen Benito nire kontzertu batera zetorrena. Harrituko zaizu.
Bazen denbora bat Benitok zure bakarkako ibilbidean parte hartzen ez zuela.
Benitok hainbesterainoko eragina du nigan, hainbeste errespetatzen dut… Nahiago izaten dut, akatsak akats, egiten dudan ibilbidea izan dadila librea. Berak nik baino ibilbide handiagoa dauka, oso ondo ezagutzen nau, eta zerbait erakusten badiot bera sartzen da eta aholku bat ematen dit. Nahiago dut nire kabuz egin bidea. Agian gero arrazoi du eta bere aholkua zuzena da, baina nahiago dut nik deskubritu.
Horregatik pixka bat harritu nintzen bere izena kredituetan ikustean.
Zuzenekoetan hasi nintzenetik ez zegoen gonbidatuta nire kontzertuetara, baina Oriokoan banekien etorri egingo zela, eta asko hunkitu zen. Ezagutzen zituen kantuak, denak ezagutzen ditu, jakina, entzuten nau entseatzen eta abar, baina beste gauza bat da talde guztiaren lana han entzutea. Oso soinu ona egon omen zen eta oso hunkituta zegoen. Grabaketa entzun zuenean, esan zuen: “hemen badago gaia pixka bat landuz gero”. Pozik nago berak diskoa nahastu izanaz.
“Benitok hainbesterainoko eragina du nigan, hainbeste errespetatzen dut… Nahiago izaten dut, akatsak akats, egiten dudan ibilbidea izan dadila librea”
Oso txukuna da, soinu aldetik ondo dago, eta giro polita nabaritzen da. “Ni Olentzero naiz”, Benitorena, kantu erditik aurrera interpretatu zenuen kontzertu honetan. Bere garaian, eta uste dut Alvaro Feitoren liburuan irakurri nuela, Benito ez omen zen gustura gelditu kantu horren azken emaitzarekin. Gero, Hunkidura kuttunak diskoan berriz grabatu zuen, eta orain zuk egin duzu. Uste dut hiru bertsioetatik zurea izango dela gehien gustatu zaiona.
Bueno, berak ez zuen sartu nahi diskoan.
Diskoan diozu zuzenean ez duela sekula jo kantu hori.
Inoiz ez. Baina bera, hau entzun zuenean, berehala hasi zen: “Ze tonutan jo duzue?”, eta gogoa sartu zitzaion zuzenean berak prestatzeko. Gero, grabaketan entzun ahala, esan zuen pixka bat hausten zuela nire ohiko bidea, hainbeste gustatu zaizkion nire beste kantu horiekiko lineatik ateratzen dela. Bera ez zen “Mirotzak” eta “Ni Olentzero naiz” sartzearen aldeko, baina borroka egin dugu.
Oso ederrak dira berez, baina Gratxina [Lertxundi] eta zure artean beste dimentsio batera eraman duzue. “Mirotzak”-en, nola aldatzen den kantua! Benitoren abestia, ahots lodi horrekin, izugari ederra da, baina hau beste gauza bat da, emakume ahotsa daukalako noski. Inpresio handia egiten du.
Gustatu zaizu bertsioa?
Bai. Benitok dio emakumeek intimitatean, publikotik urrun, kantatzeko zuten era maite duela, bere amaren era.
Bai, Zuberoan. Horregatik zioen beste ukitu bat zutela eta ez zirela hain kanpora kantatzekoak, pixka bat barrura.
“Amerikara noa”-n gertatzen da. Zuk zuzenekoan esplikatzen duzu: berak amari entzun zion bertso hori, eta zuek grabatu duzue. Lehenago Benitok berak grabatu zuen.
Bai, bi bertsio dauzkala uste dut: Hunkidura kuttunak-en bigarren bertsioa grabatu zuela uste dut. Uste dut abesti hori betidanik kantatu izan dudala etxean, berari entzun nionetik. Arparekin jotzen nuen, 16 urte nituenetik edo, eta esan nuen: “zergatik ez sartu?”.
16 urterekin ezagutzen zenuen jada.
Bai, askoz ere gazteagoa nintzelarik Benito etortzen zen Hernaniko Urumea Ikastolara astean behin ordubetez euskal kantagintza tradizionalaz eta abarrez aritzera. Orduan garrantzia handia ematen zitzaion Ez Dok Amairuk hasi zuen ildoari. Hor harrapatu gintuen gu umetan, eta orduan ikastolan sentsibilitate hori garatuta zegoen edo garatzen ari zen, gure tradizioa ezagutu behar genuela. Ni zortzigarren mailara iritsi nintzenean berarekin egon nintzen klasean. Guretzako abestu baino gehiago kantak erakusten zizkigun: “Txori erresiñola”, “Brodatzen ari nintzen”…
Irakasle moduan.
Bai, irakasle edo… jartzen zuen letra arbelean eta gitarra hartu eta denok elkarrekin kantatzen genuen, tailer moduko bat zen. Nik taldetxo bat neukan. Beti ibili naiz musikaren inguruan. Ikastolako jaialdi handi batean, orduan oso handia zen Hernaniko ikastolaren jaialdia, Galarretan egiten zen eta dena betetzen zen, eta han kantatu egin behar nuen. Berarekin prestatu genituen bizpahiru kanta, eta bera ez zen agertu, lo hartuko zuen, edo parranda egingo zuen kar-kar. Bakarrik utzi gintuen. Eta han zegoen Xabier Lete. Haiek denak han ibiltzen ziren, garai hori zen. Lourdes Iriondo ere berarekin, eta orduan Xabierri eskatu genion: “aizu, gitarra joko diguzu?” eta han atera zen eta nolabait osatu genuen.
Geroago zutaz gogoratu zen Benito. Altabizkar diskoko “Altabizkarko kantua”-n ahotsak sartzeko deitu zizun. 1981ean argitaratu zuen diskoa, baina lehenago hasiko zen lanean, oso disko anbiziotsua zen.
Guk ikastolan Zuberoa diskoa… bueno!, binilo hura zen magikoa… Liluratuta geunden, kanta guztiak ikasi genituen. Horren ondoren Altabizkarrekin hasi zen.
Informazioa bildu, testuak idatzi, kantak konposatu… Eta grabatzeko momentuan deitu zizun, ezta?
Bai, ni jada ikastolatik aterata nintzen, topo egin genuen berriro, “zer, jarraitzen duzu kantatzen?”, “bai, bueno, nire taldearekin”. Orduan esan zidan ari zela prestatzen ukitu epikoa zuen halako epopeia moduko bat.
Euskal musikan ez zegoen halakorik.
Hori da. Altabizkar eta gai haren inguruko zirriborro batzuk eman zizkidan, eta nik “Altabizkar, zer da?”, noski, ez nekien… gure historia bai, Orreagako gatazka eta abar bai. Orduan, esan zidan tiple ahots bat behar zuela. Lehenago bai, baina garai hartan tiplerik ez zuen topatzen. Bolada batean ez zegoen halakorik. Gaur egun Easo Abesbatzak uste dut jorratzen dituela, mutiko gazteek duten ahots hori, sopranoa bezala da, oraindik mugara ailegatu gabe… Iristen da momentu bat non ahotsa aldatzen den. Batzuk 12 urterekin, besteak 13-14 urterekin, baina gaztetxoak direnak, 10 urtekoak, koroetan eta kantatzen dutenak dira ahots sopranoa dutenak. Benitok nahi zuen tiplea, eta topatzen ez zuenez, neskek eta mutilek umeak garenean gutxi gorabehera ahots mota berdina daukagunez, ea animatuko ote nintzen galdetu zidan, proba bat egingo zidala.
“Umea nintzenean gure tradizioa ezagutu behar genuelako sentsibilitatea garatuta zegoen gure ikastolan. Garrantzia ematen zitzaion Ez Dok Amairuk hasi zuen ildoari”
Aurreko diskoarekin hartu zenuen zuzenekoetara jauzi egiteko erabakia. Ordura arte zure diskoak grabatzen zenituen, eta Benitoren diskoetan eta zuzenekoetan jotzen zenuen. Lau urte igaro dira erabakia hartu zenuenetik, eta disko bikoitz hau horren burutzea da. Orain esparru guztiak dominatzen dituzu. Zerbaiten hasiera dela uste dut, hemendik aurrera zuzeneko askoz ere gehiago egingo dituzula. Azken lau urteotan bizitakoaz zer nolako balantzea egiten duzu?
Bai, nik esango nuke kantuak orain hasi direla berriz bizia hartzen. Zeren grabatu dituzu, hor gelditu dira, entzule bakoitzak badu bere… gauza kantu horiek entzuterakoan, baina niretzako orain zuzenekoetan ari dira pixka bat eraldatzen.
Jende gaztea hartu zenuen kontzertuetarako. Banda hartatik batek bakarrik jarraitzen du, Ander Ederrak. Disko batetik bestera, aldaketa sakonak egiten dituzu, eta musikari ia denak aldatu.
Urte guzti hauetan zuzenekoak egin ez ditudanez, aske sentitu naiz gai horretan. Hasieran Joël Merah gitarrista neukan, eta harekin egin nuen Kantu baten bila nabil. Berak lagundu zidan. Oso ondoan egon zen disko hori prestatzen nuen bitartean, baina bera Baionan eta ni hemen nengoenez, bada bizitzaren tenkak… Eta konpromisorik ere ez genuenez zuzenekorik egiteko…
Urte mordoa pasa zen Bulun bulunka, sehaska kanten diskoa, atera zenuen arte. Hor zure kanta bat badago, “Abenduaren hogeian”. Bilaketa lan sakon bat ere egin zenuen, abesti batzuk ez baitira oso ezagunak. Geroztik ere jarraitu duzu bilaketa lan horrekin, Resurrección Maria Azkue, Aita Donostia eta beste batzuen kantutegietan arakatzen.
Sehaska kantuen disko hau etorri zitzaidan eskari baten modura, ideia batekin, euskal sehaska kantuen bilduma bat egitea. Eta esaten duzu “ea zer dagoen gure tradizioan”, eta kantutegiak hor daude: Azkue, Aita Donostia eta horienak, eta arakatzen hasi eta ikusten duzu “oi, ze doinu politak” eta horiek biziberritu nahian edo, instrumentazio bat jarri. Linea melodikoa bakarrik etortzen da haietan, jendeak xume-xume kantatzen zituenak logeletan edo… eta horrekin klarineteak, sokak… goxo-goxo jarrita, irudikatzen nuen.
Zuzenekoan ez duzu disko honetatik batere kantatu. Tematikatik ateratzen zelako agian?
Ez. Presta nezake.
Baina ez duzu sentitu egin behar zenuenik.
Momentuz ez… Uste dut gehiago direla logeletarako doinuak. Hor irudikatzen ditut kantuok.
Disko honetan bi nobedade daude: “Erregiñe ta saratxa”…
Hori zaharra da.
Bai, baina zure diskografian berria. Eta “Sorginkerian galdu”, hori ere kantu zaharra da baina…
Horren zati bat errumaniarra da. Lehenengo zatia Errumaniako doinu tradizional batetik nik egindako aldaera bat da. Hortik abiatu naiz, hariari tira egin diot, baina garapena nik egina da.
Gratxina lehenengo aldiz atera da kantatzen disko batean.
“Mirotzak” Benitok grabatu zuenean, koruak egin zituen, baina tira, ez da sumatzen ze han arraunlariak, ni eta denok gaude.
Oraingoan, ordea, protagonismo handia hartu du.
Bai, pianoa eta teklatuekin hasi zen, pixkanaka, eta azken momentura arte ez zidan esan kantatuko zuenik, beraz badaezpadaere nik kantatu behar nuen, baina esan nion “nahiago dut zuk kantatzea”, eta azkenean, bezperan edo bi egun lehenago baiezkoa eman zidan.
Aurkikuntza handia izan da. Sentimendu handiarekin egiten du. Etxean ziur askotan kantatu duela.
Bai, bera gehiago izan da nabarmendu gabe kantatzekoa, ez kanpora begira. Pianoa ere uste genuen ez zuela jotzen, ikasi zuen baina gero bertan behera utzia zuela ematen zuen, baina jotzen zuen gu ez ginenean. Egin du sator-bide bat, azpitik, eta halako batean hemen dago. Berarekin lan egitea erraza egiten zait, akordeak berehala ulertzen ditu.
Zuzeneko diskoan gehienbat zure azken lanari erreparatu diozu, guztira sei kanta sartu baitituzu. Bulun bulunka-tik bat ere ez, eta Gau hotzenean ere, zure lan onenetik, bi bakarrik. Titulua ematen dion kantaren letra zurea da, Arturo Campionen ipuin batetik abiatuta.
Bai, ipuina bera ere horrela hasten da: “Aún en la noche más fría”. Mutilak gailur batetik begiratzen du Kattalin, berari gustatzen zaion neska, Baigorrikoa, agurtuko balu bezala. Urrutitik ikusi nahi du badoalako beste norabidean Cadiz aldera, Ameriketara joateko. Ipuin horretan elementu historiko oso erabakiorrak daude pixka bat adi dagoen batentzako. Adibidez, gure legeak, Nafarroako legeak. Txikitan ikastolan nozio batzuk ematen zizkiguten Euskal Herriko historiari buruz —geroztik ez da eman—, eta buruan zerbait gelditu bazitzaidan, hori zen euskaldunak ginela, aittunen semeak; denok ginen nobleak. Ez du horrek esan nahi klaseak egongo ez zirenik, baina legearen aurrean denok eskubide berdinak genituen. Gero etorriko dira guri demokraziari buruz hitz egitera, guk erreinu bat, estatu bat genuenean? Kanta hortan elementu asko ateratzen dira. Adibidez…
Soldaduskara ez joateko eskubidea.
Hori da. Hor esaten du Baztango aittunen seme zen heinean libre zegoela Gaztelako kintetatik. Berez hala zegoen, baina berak, intuizio onarekin, esaten du: “mmh, igual ez dit balioko horrek, beraz hoberena izango dut alde egitea, bestela hil beharko baititut nire Baigorriko senideak”. Orduan alde egiten du, baina hor agertzen da pasarte bat, militarrek sarekada bat egiten dutenean, Gaztelan nonbaiten. Eta esaten dute militarrek: “nafar hauek uste dute libratuko zirela”. Eta hortik aurrera, bere zoritxar guztiak, ezina, arrotzei euskaraz ezin esplikatu bera libre dagoela…. Oso-oso hunkigarria. Kantu horrek elementu asko ditu gure historiari buruz. Politikoki ere, gaurkotasunetik ikusten baduzu, “guri zer egin digute?”
“Hitzek ere mentalitate bat eratzen dute, erabileraren poderioz azkenean zure herria ere ukatzen duzu, baita gure hizkuntzan ari garenean ere”
Gai politikoari ere eutsi diozu beste kantu batzuetan, adibidez “Bakean ala otzandua” abestian. Ur goiena, ur barrena diskoaren aurkezpen prentsaurrekoan ere aipatu zenuen, euskaldun bezala pentsatzen hasi beharko genukeela.
Bai, gure zentralitatetik ekitea, ze beti ari gara pentsatzen inperioak gure ahotan jarri dituen hitzekin.
Bakea, adibidez.
Hitzek ere mentalitate bat eratzen dute, ze erabileraren poderioz, azkenean zure herria ere ukatzen duzu, baita gure hizkuntzan ari garenean ere. Bizirik iraun eta munduan nortasun batekin, beste herriekin buruz buru aritu nahi badugu, erresistentzia egin beharra dago behingoz. Erresistentzia askotan geldik egotea da baina tinko egotea. Zure herria okupatzen duenarekin ez kolaboratzea. Esaten duzu: “nik ez daukat zerikusirik horrekin…´ Espainiak eta Fratziak gure herrian mendeetako indarkeriaz jarritako sistema ez dut inola ere legitimatzen, ezta demokratikotzat hartzen ere.
Orain dela gutxi arte erantzun militar bat egon da.
Herri zapaldu bati, kanpotar erasoen aurrean, bere buruaren aldeko defensa egitea zilegi zaiola jasoa dago Nazio Batuen Erakundean, baina jakin behar duzu zein diren zure indarrak eta zein diren zapaltzen zaituenarenak, alegia, hortzetaraino armatua dagoen estatu bat daukazu alde batean, Espainia, eta bestean Frantzia. Bi estatu inperialista gainean dauzkazu, hain zuzen mendeetako indarkeria baten ondorioz erregimen bat ezarri dutenak eta identitatea ordezkatu dizutenak. Ezin dituzu haien militar kartak jokatu era horretan, ez baituzu galtzea beste aukerarik, beste joko bat egin behar duzu. Gure nazio arazoa nazioartean kokatu behar dugu, eta horrek ez du zerikusirik Espainiako edo Frantziako Konstituzioa besarkatzearekin, non lehen artikuluan esaten den dagoen herri bakarra Espainia (edo Frantzia) dela; beraz, hor, jakina, geure herria ukatzen da.
Herri askatu bat izan nahi baduzu ez duzu hitz egin behar zapaltzen zaituen herriaren legalitatearen markotik. Nazioarte mailakotik bai. Ezin duzu alde batetik askatasuna aldarrikatu eta Espainiako legalitatean gure askatasunaren aldeko zirrikituren bat aurkitzen saiatu, ez baitago, horren arabera ez baikara esistitzen. Existitzen ez denak ez dauka eskubiderik, nori tokatzen zaio ba kontrakoa esatea? Badirudi ari garela ez dakit zer utopiaz hitz egiten, eta ez, nazioarteko zuzenbideaz ari gara, herri bat garenaren afirmazioaz eta beraz herrien autodeterminazio eskubidea, non ezinbesteko exijentzia bat daraman bere baitan, alegia indar okupatzaileak kanpora gure lurraldetik.
Euskaldun denak batuta izango litzateke.
Bai, baina jendeari demokraziaren ziria ederki sartu diote eta pentsatzen du bozkatuz egiten dela aldarrikapen hori, deskolonizazioaren bidea. Zure etxera joaten naiz, inbaditzen dut zure etxea, eta zuk onartuko zenituzke bozka batzuk erabakitzeko zer izan nahi dugun? Edozein herriren okupazio historian, beti dago elementu bat, natiboarena. Hots, okupazio batek ezin du erabatekoa izan ez baldin badago bertakoen konplizitaterik, bertakoen erosketarik. Horiek arduratuko dira herritarrek ahaztu dezaten euren historia eta aurrerakoi kantuekin ergelduko dituzte, kitatu dezaten guztiz euren herriari zilegi zaion askatasun aspirazio oro. Oso larria da gertatzen ari zaiguna.
“Jendeari demokraziaren ziria ederki sartu diote eta pentsatzen du bozkatuz egiten dela deskolonizazioaren bidea”
Zortzi urterekin erregalatu zizuten gitarra. Noraino iritsi zinen harekin?
Gitarrarekin hiruzpalau akorde ikasi, eta konturatu nintzen kanta bat horiekin egitea bazegoela. Gustatzen zitzaizkidan kantak egin nitzakeela.
Zure kasa ikasi zenuen?
Ez, akorde horiek nere amaren lehengusu batek erakutsi zizkidan. Gero pixkanaka akorde gehiago ikasi nituen, baina ez naiz inoiz gitarrista izan. Akordeak erabili bai, eta gainetik kantatzeko moduan.
Zure lehenengo instrumentua izan zen. Gero harparekin hasi zinen, eta Baionan egin zenituen ikasketak.
Ikasketa klasikoak egin nituen, hasi eta buka.
Alan Stivellen eragin handia dauka zure lehenengo diskoak.
Berak mundu zeltarekin eta kanta tradizionalekin egiten zituen gauzak euskal mundura ekarri nituen.
Brendan Graham ere influentzia izan zen zuretzat.
Bai, “Bizirik gaudelako” doinuaren konposatzailea da, eta letra nik jarri nion. Jatorriz “Itxaropenaren uhartea” da, emigrazioari lotuta dagoena. Estatu Batuetara joan zen lehenengo irlandarrari buruzkoa da. 15 urteko neska bat izan zen. Berrogeialdian edukitzen zituzten, itsasoz joandakoek gaixotasunak eramaten zituzten eta AEBetan inskribitu zen lehenengoa hura izan zen. Hari buruzkoa da jatorrizko bertsioa, baina gero nik ikastolen munduari buruz egin nuen.
Zuzeneko diskora bueltatuz, “Itoitz” kanta ere grabatu duzu. Lehenengoz Benitok grabatu zuen 2005eko zuzeneko diskoan, baina kanta zurea da, bai hitzak eta bai musika.
Beste aukera bat eman nahi nion kantuari, orain beste era batera sentitzen baitut. Harparekin egin nahi nuen, teklatu pixka batekin eta horrela.
Ekoizle moduan zuk ere parte hartu duzu, bizpahiru diskotan, talde baten barruan. Bulun bulunka-n lehenengo aldiz.
Bai, behin ere ez duzu utzi nahi guztiz besteen eskuetan, zein soinu nahi duzun bai baitakizu. Eta orduan, beste musikari baten esku guztiz uztea ez nuen egokia ikusten. Batez ere kriterio batzuk baldin badauzkazu, eta nondik abiatu diren kantak. Azkeneko honetan, Benitok nahastu duelarik, azkenean berari utzi nion produkzio lana, diskoratzekoa. Zuzenekoa, soinua nirea da nolabait esateko, moldaketak eta hori dena, baina gero bukaerako soinua berari utzi nion, elkar ezagutzen dugu eta badakigu… bestela talka egingo genuke.
Disko gehienak Elkar estudioan grabatu dituzu, diskoetxea ere Elkar izan duzu gehienetan, Kantaita Enea sortu zenuten arte. Kantaitaren lehenengo erreferentzia Benitoren azken diskoa izan zen (Ospakizun gauean, 2018). Ondoren Zuhaitzak landatzen zituen gizona eta zure diskoa etorri dira. Pauso hori, norberak bere lanak argitaratzekoa, oso gogorra da, eta artista askok diskoetxetara bueltatzen amaitzen dute…
Hala da, baina hortan jarri gara buru belarri eta momentuz segituko dugu. Hemendik urte batzuetara egongo gara berriro eta ikusiko dugu zein bide egin dugun. Erabakiak guk hartuko ditugu, denborak ere guk kudeatu… Pozik gaude, bai Benito baita ni ere.
DATOZEN KONTZERTUAK