2018.04.19
Ez da hasiberri bat Mikel Uraken (Bilbo, 1982). Loan metal taldean aritu zen, eta bere izenean argitaratzen duen hirugarren lan luzea da Izaki bizidun berriak (Mise-En-Scene, 2018). Beti pausoak ematen, beti garatzen: horrela bizi du musika Urakenek. Folk Songs for Tormented Souls folk kutsuko diskoarekin estreinatu zen bakarka (2013); euskara eta ukitu esperimental bat bereganatu zituen Neguaren ostean-en (2016); eta talde baten babesarekin grabatzera pasatu da azkeneko lanean. Beti pausoak ematen. Gaur, Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko du, zuzenean (20:15).
“Mikel Urakenek pertsona bakar bat izateari utzi dio eta kolektibo bihurtu da”, esan izan duzu. Zerk eraman zaitu talde batean integratzera?
Hau nire proiektu pertsonala da, eta, duela bospasei urte hasi nintzenean, bakarka aritu nintzen. Horrela grabatu nituen Folk songs for Tormented Souls eta Neguaren ostean, azkeneko hori euskaraz, eta, horiek grabatu ondoren, pentsatu nuen bazela ordua proiektuari buelta bat emateko; proiektua berrasmatzeko edo beste formatu batzuk probatzeko. Eta horrela sortu zen nolabaiteko auzolan hau.
Bakarka aritzetik izaera kolektiboa izatera eramaten zaituen auzolan bat…
Bai, lantalde bat sortu dugu. Nik koordinatzen dut, baina besteen ekarpena ere oso garrantzitsua da; horren emaitza da disko berria ere. David Tobal [bateria] eta Gorka Pardo [baxua] aspaldiko lagunak ditut, eta elkarrenganako konfiantza hori nabaritzen da emaitzan. Ezinbestekoa da halako proiektu bat aurrera eramateko. Baina grinak eraman nau proiektu hau gauzatzera; gauza berriak egiteko grinak. Sormenaren barruan mugitzen garenontzat ezinbestekoa da ikastea eta gauzak probatzea. Konforteko zonaldetik ateratzea.
Lehenengo diskoa —ingelesezkoa— kaleratu zenuenetik, lan bakoitza jauzi bat izan da. Konfort eremu horretatik ihes egiteko gogoari erantzuten dio horrek?
Bai. Uste dut Neguaren ostean diskoan aurkitu nuela nire ahotsa, aurrekoa baino pertsonalagoa eta esperimentalagoa, eta horretan sakondu dugula lan berrian. Abesti luzeak dira, erritmo errepikakorrekoak, esperimentalak, baina oraingoan talde baten parte hartzearekin osatuak. Dena den, jauziak izan arren, bada koherentzia bat lan guztien artean. Zigilu pertsonal bat.
Zure kantuen oinarrian badago izaera ireki bat, kantuak ez ixteko joera bat. Hori erronka gisa ikusten duzu, edo eroso zaude esparru horretan?
Musikari nahiz entzule moduan bilatzen ditut soinu bereziak, barruak astintzen dizkidatenak. Musika ezberdinak entzuten ditut, baina ez naiz eroso sentitzen etiketen pean. Kantuak nora eramaten zaituen: hori da inportanteena, eta ez hainbeste popa edo rocka den. Egitura irekiak gustatzen zaizkit.
Hori talde batean lantzean ez dago dispertsiorako arriskua?
Beti behar duzu gelditu eta mugatzeko une bat. Esperimentatzea ondo dago, baina zentzuzko parametroetan. Abestiak etxean egiten ditut, eta egitura ere finkatzen dut. Gero, entsegu lokalean, besteen ekarpenarekin bere forma hartzen du, eta berdin du kantuak bost edo hamar minutu dituen. Abestiek eskatzen dute iraupena.
Euskal Herrian arriskua hartzen duten proposamenak falta direla esan izan duzu.
Bai, badira batzuk: Akauzazte, Lisabö… Baina gehiago nahiko nituzke. Estilo batzuk finkatuak daude, baina, XXI. mendean egonik, uste dut eskema berri batzuk ere izan beharko genituzkeela. Nire apustua hori da. Agian gutxiengo batzuentzat izan daiteke, baina pentsatzen dut oso baliagarria izan daitekeela, bihotzarekin eta zintzotasunez eginez gero; bai musikalki, bai kulturalki.
Diskoak baditu tonu ilunak, baina ematen du oreka ere bilatu duzula, iluntasuna erabatekoa izan ez dadin. Kontrasteak bilatu dituzu?
Disko batek dinamikoa izan behar du. Eraman egin behar zaitu, barrutik mugitu; oso estatikoa izanez gero aspergarria ere gera daiteke. Kontrasteak ezinbestekoak dira. Aipatzen duzun iluntasun hori grabazioak eman dio diskoari, eta hori bilatzen nuen, hain zuzen ere; baina kantuak berak ez dira hain ilunak.
Neguaren ostean diskoan hasi zinen euskaraz abesten. Orain orduan baino ziurrago ikusten duzu zeure burua?
Euskaldun berria naiz, baina uste dut euskararekin aurkitu dudala nire ahotsa, bilatzen nuena. Disko honetan erosoago sentitu naiz abesten, nahiz eta oraindik hitzak beste batzuenak diren.
Hori duzu beste erronka bat? Testuak idaztea alegia.
Bai, bada etorkizunerako erronka bat.
Oraingoan, berriz, hainbat kolaboratzaile izan dituzu zeregin horretan: Gorka Erostarbe, Aiert Goenaga eta Gotzon Barandiaran.
Auzolan izaera horren beste alderdi bat da hori. Diskoari ondo zetorkion kanpoko lan hori.
Ildo batzuk markatu dizkiezu hitzak idazteko?
Erabat libre aritu dira. Aierti kantuen zirriborroak bidali nizkion, etxean grabatutako melodia eta egitura batzuk. Primeran moldatu zen, eta izugarrizko lana egin du. Gorkak, berriz, niri pasatu zizkidan hitz batzuk, eta horietatik abiatuta egin ditut musikak. Eta Gotzonekin berdin. Gustura aritu naiz bi moduetan, nahiz eta oso modu ezberdinak diren. Erronka polita izan da sormenaren aldetik.
Aurreikusten duzu zure hurrengo pausoa?
Ez dakit… Kontzeptu batzuk baditut, baina jorratu gabe daude. Pausoz pauso joan behar dugu, baina oraintxe bertan disko hau dugu esku artean, eta honi eman behar diogu bizitza. Uda ostean hasiko nintzateke beste gauza batzuk probatzen. Baina diskoa defendatzea da lehentasuna.
DATOZEN KONTZERTUAK