2021.12.02
Guria ostatuan eman eta bost urtera, kanta berriz osatutako disko bat egin du Ruper Ordorikak (Oñati, Gipuzkoa, 1956): Amour eta toujours. 11 abesti ondu ditu, Kubako musikaren moldean. Elkar argitaletxeak atera du.
Bakarka (2018) diskoaren eta Kafe Antzokian (2019) zuzenekoaren ondoren iritsi da lan berezi hau. Nondik dator asmoa?
Bi disko horiek denbora asko eskatu zuten, urteetako bidearen ondorio direlako. Tarte horretan, beti eduki dut ideia hau ganbaran. Abiapuntua duela hamabi bat urte jartzen dut. Kuban bira bat egin nuen, eta, hura antolatu zuenak, [Angel Azkarraga] Matxitxak, gure antzinako managerrak, zerbait egiteko esaten zidan. Nik oso urrutiko gauza bat bezala ikusten nuen. Nire ustez, benetako arrazoia da banuela gogoa han bizi izandakoaren lekukotasun bat uzteko, kantu bilakatzeko hango pasarte batzuk.
Hango moldera, gainera.
Hor dago koxka. Jendeak esaten dit: «Harritu egin naiz diskoarekin». Eta nik: «Ez ni baino gehiago, seguru». Bira hura egin eta gero, entsegu bat antolatu genuen Habanan, diskoko Yaroldy Abreu perkusionistarekin eta hiru musikari oso onekin. Nire kantekin inprobisatu genuen. Indarra sentitzen nuen… Umetako irudia etortzen zitzaidan: Vasco-Navarro trena Oñatin bukatzen zen, gure etxe aurrean, eta batzuetan jefeak umeoi uzten zigun hurrengo apeaderoraino ordaindu gabe joaten. Trenak bazuen indar bat, kunku-kunku, martxan jartzen gintuena. Ba, hori zen sentsazioa: energia hori sentitzen nuen, baina ez nuen deus ulertzen musikalki.
Esan duzu aurreko bi lanek denbora eskatu zutela. Entzulearen belarrira, disko txikiak izan litezke, kantuak ezagunak zirelako.
Asko egin behar duzu aurretik bakarkako diskora ailegatzeko. Baina hori ezin zaio entzuleari eskatu. Niretzat, bakarkakoa oso disko garrantzitsua da egin ditudanen artean. Maite dut asko ezagutzen ditudan musikariak ikustea ezagutzen dudan kantu bat beste era batera ematen, baina zenbait jendek ez; batzuek nahi dute buruan daukaten bezala. Hori beti izango da horrela, eta esanguratsua da.
Noiz ekin zenion disko berriari?
Kafe Antzokiko azken diskoaren pare horretan. Hasia nintzen nire kantutxoak hango molde erritmikoetara sartzen. Horrek eskatzen dizu beste fraseo bat, beste modu bat kantuari begiratzeko. Alberto de la Casarekin egon naiz horretarako. Hasi ginen prestatzen tonuak, tempoak, erritmoak eta gauza horiek, eta grabatzeko erabakia hartu nuen jakin nuenean Kenny Wollesen Jazzaldira etorri behar zela John Zornekin.
Nola osatu duzu taldea?
Matxitxak beti pasatu dizkit disko zoragarriak, Kubako tradiziokoak, eta poliki-poliki joan naiz ezagutzen, hautatzen. Halako batean, garbi ikusten duzu zuk ez dezakezula egin Maria Teresa Veraren edo Buena Vista Social Cluben disko bat. Neure esparrua jarri nahi nuen klabearen gainean, eta gero kubatarrak erantsi. Batera jarri genituen Kenny, Yaroldy eta Dani Perez nire antzinako gitarrista. Hor jarri genituen oinarriak. Gerora etorri dira Lino Loresen kontrabaxua, tronpeta… Eta Nando de la Casak egin ditu giroak. Uste dut erdietsi dudala nahi nuena; ailegatu gara.
Zergatik ez Kuban egin?
Txartelak eta dena erosiak genituen! Justu iazko apirilerako geneukan bira bat antolatuta, eta estudioa hartuta. Han eginez gero, auskalo noraino joan zitekeen.
Tokien izenak ageri dira: Santa Ana, Mariel, Marianao…
Saiatu naiz murgiltzen hango kantuan, literaturan… eta euskaraz dauden erreferenteetan: Jose Enrike Urrutia Capeauren Jururú, Joseba Sarrionandiaren gaukariak… Uste dut lekuak izendatzea kantu zaharrean konstante bat dela mundu guztian. Asko zehazten du non nahi duzun kantua gerta dadin. Nik neure burua toki horretan jarri dut kantuak egiten.
Jendea ere ageri da, giroa.
Han bizi izandakoak eragin handia izan du nire bizitzan. Ez dezaket hitzez hitz adierazi; musika moldez adierazi nahi nuen. Hasieran, Matxitxak esaten zidan nire kantuak moldatzeko, baina ez, kantuak horretarako egin behar nituen. Musikari askok izan dute tentazio hori, reggaearekin gertatu den bezala, lengoaia ezberdinak direlako bluesak eta rockak hartu duten bidetik, erro beretik edaten duten arren, eta jendea oso barrutik eraldatzen dutelako. Dantzarako doinuak dira, jendea hunkitzerainokoak. Kantu irudiz hain xume direnetara ailegatzeko, asko behar da xehatu, asko behar da garbitu.
«Zein ona den sentitzea/ denboratik at bizitza». Sakontasuna dago egunerokoaren azpian.
Bai, horrela da. Son musikak eta kantu zaharrak gauza handiak esan nahi ditu, gizakiak gauza handiak esan nahi dituelako, baina modu xumeenetatik. Usaina, energia, batak bestea amultsuki tratatzea, disparate sentsazioa, gezur antzeko mundu hori… Hori guztia da nire gogoan dirauena. Lehen mundutik goazenon kontradizioak agertzen dira etengabe han, eguneroko bizitzan.
«Amour eta toujours lako errimak, zaborretara», zenioen, Sarrionandiaren hitzekin, “Kantuaren gauza galdua”-n. Zergatik hartu izenburua zaborretatik?
Kantuak gauza bitxiak maite ditu: errima eta ripioa, maitasunaren erretorika merkea… Batzuetan, denak balio du hunkitzen gaituzten kantak ontzeko. Hori ikusten duzu han: La Negra Tomasak kafea egin behar badu, hori dantzarako aitzakia bat da, eta derrepentean ezagutzen duzu konpai bat, eta esaten dizu: «Son honetan agertzen zena nire aitatxi zen». Horrelako mundu bat badago, eta asko ikasteko ere bai hortik.
“Son musikak eta kantu zaharrak gauza handiak esan nahi ditu, gizakiak gauza handiak esan nahi dituelako, baina modu xumeenetatik”
Sarrionandia Kubatik itzuli den urte berean iritsi da disko hau.
Kasualitate handi bat da. Bera hemen ikustea oso garrantzitsua izan da nire bizitzan, arrazoi askorengatik, eta benetan nahi nuen bere zerbait sartu diskoan. Prosazko testu batean topatu nituen berak hain ongi deskribatzen dituen egia horiek. Seguru naiz hemendik aurrera gehiago azalduko direla han zegoenean baino.
Vladimir Visotski azaltzen da kantu batean. Zein zen?
Han ginelarik jotzen, mutil batzuk inguratu zitzaizkigun, heavy talde bat zeukatenak. Nire harridurarako, haien eredua Kanadako talde bat zen, eta ez munduko heavy ikonoak. Gure lehen mundutik iruditzen zaigu mundua bateratua dela, eta zuk jakin behar duzula nor den Billie Eilish edo Neil Young. Turista kanadar batzuek eramango zuten talde haren kasete bat, eta horrek elikatu du mutil horien nahia. Han eskuratu ditut hemen inondik ezagutzen ez nituen autoreen lanak, eta horietako bat izan zen Visotski.
Dagoeneko hasi zara kantuok zuzenean ematen. Zer moduz?
Ba, ondo. Hori zalantza gune handi bat izan da, beti bezala. Gure laukoteaz gain, etorriko dira Eduardo Lazaga perkusionista eta Nando de la Casa, teklatuan. Oraindik biribildu egin behar da: diskoak entzun orduko bilakatzen dira biribil, aurretik ez.