Elkarrizketa

Ainize Madariaga

2021.03.16

Ainize Madariaga

“Kantu guziek badute zentzu politikoa, erromantiko gisa ikusia banaiz ere”

Elkarrizketa: Pantxix Bidart

Pantxix Bidartek (Hazparne, Lapurdi, 1971) atera duen disko berriak —eHe (errare Humanun est)— hogei urteotako kanturik kuttunenak biltzen ditu. Euskaldun «xume» gisa, gizabanako nahiz komunitate gisa, zenbat poxelu atzematen dituen kantatzen du. Barne-barneko ahots sufrituak lortzen du gezi baten arintasunaz norberaren zolaraino landatzen.

PANTXIX BIDART

Pantxi Bidart kantari eta musikaria. (Aitzol Zamalloa)

Konfinamenduak badua eraginik sorkuntza honetan?
Batere ez; aspaldiko afera da. Andde Karrererekin aritu nintzen grabatzen duela hamar urte, gitarra eta ahots hutsean. Horiekin, gero, ari izan naiz programa elektroniko batekin jostatzen. Grabazioak atxikitzen nituen, petoak peto. Haizu baita tronpatzea, eta akats horiek nahi nituen izan zitezen diskoaren ezaugarri; hortik jin zitzaidan errare Humanum est ideia. EHE, Euskal Herrian Euskaraz subliminala ere bazen, eta irrigarria zitzaidan. Orain, egia da titulu horrek beste zentzu bat biltzen duela: ea humanoa ez den hemengo akatsik handiena. Tronpatu garela jakin, baina berdin segitzea: horretan da arazoa.

Diskoa barnetik ari da kantuz, eta badu nostalgiatik eta tristuratik. Sufrimendutik idatzi duzua?
Kantu bakoitzak badu bere istorioa. Zaharrenak hogei urte ditu, eta berrienak, hiruzpalau. Garai ezberdinetan egindakoak dira, eta oso pertsonalak dira. Garai ilunetan eginak dira, eta badute halako puntu beltz bat, bai. Adibidez, “Merguez blues” kantuak: Antton Lukuren Beltzeria antzerkia ikusi, eta xehatua atera nintzen euskararen egoeragatik eta… Blues bat egin nuen Itxaro Bordaren testua hartuta.

Baina kantuaren gaia ez dea 1968ko Maiatza?
Eneganatu dut istorioa; desbideratu.

Zer istorio desbideratu duzu?
Borroka horietan guzietan zenbat sufritzen den, hezurrak hautsirik: zenbat jende xehatu den eta ari den, azkenean, normaltasun baterat heldu nahian. Min horretan bizi bazara ere, bada maitasunik.

“Ezin esan” lehen kantuan Kirmen Uriberen ahotsa entzuten da.
Testu hori aspaldian baliatzen dut. «Ezin da esan libertatea…» Nik politikoagoa egin dut, amodioari lotu azken zatia kendu diot, sentitzen baitut higatzen ari garela emeki-emeki, nahiz eta denok baikorrak izan behar dugun. Baina zenbat energia eman behar dugu baikor izateko?

Higatzen ari garela diozularik, euskaldun gisa diozu?
Zeinen konplikatua den guhaur izatea. Bortxaketa bat bezala da hizkuntza atakatzea, gure barnera sartzea eta ukatzea. Hori sentitzen dut Uriberen testu horretan.

Argia, buztina, itzala: hori dea zuretzat aitatasuna?
[Bitoriano] Gandiagari ez diot bere sinestetik hartzen; maite dudana da bere poesiak duen unibertsalismo hori, gero nik ene egiten dudana. Ene aitatasuna aipatzen dut; ez dut jainkoa aipatzen. Kur -kur. «Argiak argitzen duen artean, aita izanen naiz», ze gauza ederra den.

«Han eta hemen sortuak, berdin dio; ez al da, ba, bakoitzaren sorlekua mentura hutsa(“Beste leku”). Etorkinei buruz ari zara?
Xabier Leteren hitz horiekin gutaz ari naiz. Non gara etxean? Egia da kantuak eguneratzen direla eta zentzu berri bat hartzen dutela, eta honek balio du oraingo etorkinendako ere. Musikari gisa usu instintiboki egiten ditut gauzak, eta gero ditut ulertzen. Momentu biziki garrantzitsuan egin nuen musika: bikotekidea haurdun zen, eta bere amatxi hil zen; Letek idatzi zuen Lourdes Iriondo zendu zelarik. Amatxi hori pertsona xumea zen; bakoitzak bere bizia du, eta usu ez da ez errespetatzen ez baloratzen jende sinplearen bidea. Heroia edo harrigarria da izan behar norbait izateko.

“Ametsetan” kantua amatasunaz idatzi duzu?
Penelope jin zait gogorat, beti brodatzen, eta ez dakit zenbat gizon berarekin oheratu nahian, baina ez du sekula deus egiten. Aldiz, Ulisesek, bere desafio guziak gainditu bai, baina finitzen du beste emazte batekin oheratzen, erranez: «Libratzeko egin beharra nuen». Hor ikusten nuen desberdintasuna gizona eta emaztearen artean. Maite dut nola Auxtin Zamora jostatzen den hitzekin; ez da anitz euskal poesian.

Erraten du: «Denok gara erabat ezagutuko ez dugun ama baten seme-alabak».
Aipatzen dut amatasuna, baina, idazlea eta biok gizonak izanik, ikusten nuen falta zela emaztearen hitza. Horregatik gehitu ditut Leire Bilbaoren hitzok, Etxeko urak poesia liburutik hartuak.

«Hizkuntza bat hil egiten da». Modu diglosikoan bizi zara zuhaurren hizkuntzan?
Holaxe, argiki. Hauek ere Uriberen letrak dira, eta Antton Lukuren antzerki batetik landa idatzi nuen. Jean Christian Galtxetabururen melodia da, eta Maddi Oihenartek kantatzen zuen garai batean. Moldatu, eta eneganatu dut.

“Han eta hemen” ingurumenaren arrangurek akuilatu kantua dea?
Batere ez! Gandiagaren letra da. Bakoitza bere txokoan ari gara gure eguneroko borrokan, eta beti ukatuak. Mahasti ttipiak bezalakoak gara: ageri zaie zenbat sufritzen duten ikusiz zenbat korapilo egiten duen onddo batek eta zenbat kalte egiten dioten mahatsen hartzeko. Bereizi gaituzte, eta ari gara bakoitza bere bidean, borrokan segituz, «unez une bizirik heldu garen bizitzari». Diskoari gehitu dizkiogun soinu bereziek badute mezu subliminalik: hasieratik bururaino bada erloju bat: sukalde txoko baten lehengo irudipena da, isiltasun horretako denboraren pasatzea. Baita gakoak eta sarrailak ere: bakea aipatzen dugularik, batzuk hemen gaude, baina beste batzuek han segitzen dute barnean.

Inkisizioaren “Paranoia”?
[Jon] Miranderen letra hori iluna da, «emazte gaztearen odola…» Beti ukan dut ondoan. Uste dut Miranderen paranoia izan zela, bere bizia ezagutuz eta neska gazteekin ukan zuen harremana… Duda nuen kantatzea.

«Euskal Herria agoni zelai galanta duzue egin, pazifikatzen jarrai zazue herioaren atsegin». Horrela dakusazu Euskal Herria?
Morfina, baketzeko. Euskal Herriko droga istorioak salatzen ditu Bordak hemen. Oihartzun egiten du gaurko bake horren guziaren izenean lasaitu gaituztela, eta morfinatu. Pandemiarekin ere, gauza bera. Just Love liburutik atera nuen. Irrigarria da ikustea nola moldatu den Itxaroren diskurtsoa duela 30 urtetik hona.

Zerk du diskoa josten?
Diskoak koherentziarik ote zuen galdetzen nion ene buruari. Hondarrean, erabaki dut ni nintzela ene buruaren koherentzia. Funtsean, hogei urteotako ene kantu maiteenen bildumatxo bat da hau. Hala ere, kantu guziek badute zentzu politikoa, erromantiko gisa ikusia banaiz ere. Ez dut sekula errazki erran jendeak entzun nahi zuena, baina noiztenka gauzak oroitarazi behar dira; hau da ene moldea gauzen errateko.

Ekintzarako prest zaudetea?
Bai! Bosteko formatuan ariko gara: Matthieu Haranburu baxuan, Bastien Marianne gitarran, Sebastien Desgrans esku soinuan, Pierre Sangla baterian eta ni elektronikoa den guzian. Formatu honek baluke toki bat Euskal Herri osoan; sare horretan sartzen saiatzen gara. Berria da hori enetzat.

ETIKETAK:Bitoriano GandiagaItxaro BordaJon MirandeLeire BilbaoLourdes IriondoMaddi OihenartPantxix BidartXabier Lete