Elkarrizketa

“Kantu bakoitzari behar zuen espazioa eman diogu”

Elkarrizketa: Miren Narbaiza 'MICE'

Miren Narbaiza Martiartu (Eibar, Gipuzkoa, 1986) aurkitzen da MICE proiektuaren atzean. Napoka Iria taldeko kide izateagatik egin zen ezagun, baina Drumkopters, Perlak, Joseba B. Lenoir eta Dual Split taldeen kredituetan ere ageri da bere izena, besteak beste. 2017an abiatu zuen bere bakarkako ibilbidea, eta, tarte baten ostean, bueltan da, Lautada bigarren lan luzearekin. Hala ere, denbora honetan ez da geldirik egon, eta, beste zenbait gauzaren artean, Gakobeltz Hit Faktoria estudioa eraiki du Joseba Baleztenarekin batera Duranako lautada batean (Araba). Bertan egin digute ongi etorria, eta, Joseba grabazio batzuekin lanean geratu den bitartean, Mirenekin berriketan izan gara gu. Urteko diskoetako bat izango denaren nondik norakoak ezagutzeko, zer hobe sorreratzat izan dituen lautadara eta estudiora joatea baino?

Itziar Bastarrika

Itziar Bastarrika

Tartean lau kantuko EP bat atera zenuen arren, bost urte pasatu dira azken disko luzea argitaratu zenuenetik. Zer dela eta horrenbeste denbora?
Lehenago ateratzea zen asmoa, baina gertakariek horretara eraman naute. Zilar printzak EPa atera nuen disko luzearen aurretik gutizia txiki bat eskaintzeko, baina pandemia eta beste gauza asko pasatu ziren tartean, eta musikaria izateak ere ez du errazten; zuzenekoen beharra duzunean ez da erraza sorkuntzarako tartea aurkitzea. Gauzak horrela, presa edukitzetik batere presarik ez izatera pasatu ginen. Beste arrazoi nagusietako bat zera da, Gakobeltz Hit Faktoria, gure estudioa martxan jartzen ibili ginela. Hasieran lan handia suposatu arren, diskoaren grabazioa ailegatzean, beste baliabide batzuk izan genituen eskura. Diskoa heldu behar zenean heldu dela sentitzen dut.

Noiz hasi zinen diskoa sortzearen ideiarekin? Nolakoa izan da bere prozesua?
2020an hasi nintzen diskoan pentsatzen eta urte bereko amaiera aldera kaleratzea zen nire asmoa. Abestien hainbat zirriborro eta hitz eginak nituen, baina geldi geratu zen guztia. Diskoari berriro heldu genionean, aurre-ekoizpen lan handia egin genuen, buelta asko eman genizkien abestiei. Gehienbat Ibai Gogortza, Joseba Baleztena eta hirurok aritu ginen horretan, ordu pilo bat sartu genituen abestiak estruktura, soinu eta instrumentazio aldetik aberasten.

Nolakoa izan zen grabazio prozesua?
Oso luzea izan zen. 2021eko neguan hasi ginen aurre-ekoizpenekin, eta 2022ko urtarrilean, kantuak eginda zeudela ikusitakoan, bakoitzak zer instrumentazio eta musikari behar zituen aztertu genuen. Grabazio saioetan, goizean hasi eta gauera arte luzatzen ziren egunpasak egiten genituen, asko gozatu genuen. Joseba Baleztena aritu zen produktore eta zuzendari lanetan. Denok zuzenean jotzen grabatu genuen, eta nabaritzen da, apenas dago ediziorik; entsegu bat balitz bezala planteatu genuen, hartualdi onaren bila. Aurretik ere denok elkarrekin grabatu izan dugu, baina ez halako patxadarekin; izugarria izan da, kantuan sartuta sentitzen nintzen denbora guztian, prozesu bizia izan da.

Zer nolako garrantzia du Josebak taldearen soinuan?
Eskatu behar duenean eskatzen daki, eta espazioa utzi behar denean uzten ere bai. Prozesu guztian egon da presente, eta nabari da bere eskua, soinuari garrantzi handia ematen dio. Esperimentatzea ere gustatzen zaio, eta leku desberdinetara eramaten du nire musika; erabat fidatzen naiz berarekin, oso esku ona du eta elegantea da. Musika asko entzuten du, berezko zaletasuna du, eta igartzen zaio.

Eta zer kontatzen diguzu sortu zenuten eta diskoa grabatu duzuen Gakobeltz Hit Faktoria estudioari buruz?
Josebak eta biok pandemia ostean hasi genuen proiektua da. Ordutegi eta funtzionamendu aldetik nahieran erabiltzeko leku baten beharra sentitzen genuen, eta apustua egitea erabaki genuen. Ingurukoen hainbat grabazio eta produkzio egin ditugu, baina momentuz ez dugu asko zabaldu. Lantegi musikal bat da, eta, biok musikariak izanda, duintasunez lan egiteko falta genuen pausoa da. Gustura gaude eta gauza positiboak ematen dizkigu bueltan; jende interesgarria pasatu da bertatik eta asko gabiltza ikasten. Produkzio eta grabazio lanak egiten ditugu.

“Momentuan egindakoak, zuzenean ateratakoak garrantzi handia izan zuen prozesuan, eta sentimendu hori diskoan nabaritzea nahi izan dugu”

Zure bakarkako proiektua izan arren, talde bat duzu atzean hasieratik. Zeintzuk dituzu alboan disko honetan? Zuzenean ere beraiek egongo dira?
Nahiz eta gutxi batzuk ekin genion, lagun pilo bat egon dira prozesuan, nahiko lan korala izan da. Josebaz eta Ibaiz gain, bateria eta perkusioak Felix Buffek, Mikel Santxezek, Ilargi Agirrek eta Mikel Txopeitiak jo dituzte; baxuan Iñigo Telletxea izan da; Julen Postigo tekletan eta Aitor Garcia de Vicuña sintetizadoreetan. Ibaik saxofoia eta sintetizadoreak ere jo ditu. Sekulako laguntzaileak izan dira. Zuzenekoetan Mikel Santxez, Iñigo, Ibai, Aitor, Joseba eta ni izango gara. Musikariez gain, diseinuaren inguruan, Mikel Larretxek jasan zituen hasieratik nire txapak, aurreko bi diskoak bezalaxe hau ere berak diseinatu baitu: buruan nuena azalera eta kontrazalera eraman du, zilarra urre bihurtzeraino. Argazkietan, Itziar Bastarrikak eta June Baonzak lagundu didate, eta babes emozionala eman didatenak ez dira hemen kabitzen…

Eta zer nolako garrantzia dute aipaturiko musikariek MICEren musikan?
Guztia, beraiek gabe ezingo nuke aurrera egin. Musikariak dira, baina horren gainetik aspaldiko lagunak ere bai, beti miretsi izan ditut eta hori da niretzat garrantzitsuena. Esaterako, Borrokan taldearen jarraitzaile handia nintzen eta orain bertako kide Ibai eta Iñigorekin jotzea izugarria da niretzat. Ibaik musika sortzeko, ulertzeko eta bizitzeko bere ikuskera propioa du, oso aberatsa da berarekin lan egitea; lehen diskoaz geroztik egon da nire alboan, asko gustatzen zait egiten duena eta egiteko dituen moduak, taldeko klabe handi bat da. Joseba ere hasieratik egon da eta beste klabe garrantzitsu bat da niretzat.

Kolaborazio batzuk ere izan dituzu. Zeintzuk izan dira?
Iñaki Urbizu Pela-k ahotsak sartu ditu “Inor begira izanda ere” eta “Negua udaberrituko da” abestietan, eta sekulako indarra eta elegantzia eman die. “Mintzaira” abestian, berriz, Libe Garcia de Cortazarrek eta Jon Basagurenek hartu dute parte koruetan.

Musikalki, instrumentu bakoitzak disko osoan bere espazioa oso ongi betetzen duela esango nuke. Ahotsek, gitarrek, baxuak, tronpetek, sintetizadoreek… bakoitzak bere ekarpena egiten du abestietan; eta ez alferrik. Oso disko aberatsa eta zaindua iruditu zait, entzunaldiz entzunaldi detaile berriak antzematen diren horietako bat.
Bai, egia da, guztiak bere tokia duela esango nuke. Su txikian egin dugu, saiatu gara abestiak ulertzen eta bakoitzari behar zuen espazioa ematen. Kantu batzuk zuzenagoak dira eta beste batzuk introspektiboagoak. Arreta handia eskaini diegu, eta, bakoitzak bere izaera propioa duen arren, bada hari bat guztiak lotzen dituena. Nahasketetan, aurretik egina genuen lanari jarraitu genion, abestiak gutxi ukitzen saiatu ginen. Momentuan egindakoak, zuzenean ateratakoak garrantzi handia izan zuen prozesuan, eta sentimendu hori diskoan nabaritzea nahi izan dugu. Diskoa entzutean, igartzen da taldea hor dagoela, gu garela. Hori guztia egiteko, gurea sentitzen dugun leku bat izatea ez da kasualitatea.

Abesti batzuetan erritmo errepikakorrez osaturiko momentu hipnotikoak sortu dituzue, baina, paradoxikoki, diskoaren bigarren aurrerapen moduan argitaratu zenuen “Inor begira izanda ere” eta “Aurpegira begiratu” abestiak orain arte idatzi dituzun dantzagarrienetakoak iruditu zaizkit. Kontraste horiekin jolastea atsegin duzu?
Oraindik ere kantu sentitu, pausatu eta introspektiboak egiteko joera dudala uste dut, asko konektatzen dut tempo horiekin: tonu grabeak, barne munduak… Disko honetan, horrekin apurtzeko gogoa izan dut, eta uste dut MICE proiektuarekin lotuta dagoen zerbait dela. Napoka Iria bukatu zenetik, beste eremu batzuetara joateko gogoa eta intentzioa izan dut, zerbait zuzenagoa sortzekoa. Horren adibide da diskoa ia amaituta genuela agertu zen “Inor begira izanda ere” abestia. Egia esan, ez du misterio handirik, kantu zuzen eta soil bat da. Buruan Victimas Club taldea neukala idatzi nuen, jostagarria da, Josebaren riff azkar bat izan zitekeen. “Aurpegira begiratu”-ren kasuan, hitzak nahiko zuzenak eta zorrotzak dira, agian horregatik irten zen tempo azkarrean. Momentu hipnotikoak ere (“Negua udaberrituko da”, “Mintzaira”…) dotore geratu direla esango nuke, eta, abesti zuzenak baino bidaiariagoak diren arren, indar handia dute. Zuzeneko errepertorioan tempoz azkarrak direnak jotzen ditugu, eta asko gabiltza gozatzen. Denerako tokia izan nahi dugu kontzertuetan.

Era berean, abestien segida asko gustatu zait, oso orekatuta geratzen da eta amaiera ederra du “Lautada” abestiarekin. Gustura geratu zara egindakoarekin?
Oso argi neukan “Ernaltzen” abestiarekin hasiko zela diskoa. Idatzi nuen lehen kantuetakoa izan zen, berriro esnatzen eta martxan hasi nintzen unea islatzen du, norberaren tokia aurkitzearen garrantzia azaltzen du. Horrekin hasi, eta “Laudata”-rekin amaitzen da; horizontea begi bistan izateak asko lagundu dit pertsonalki, nire bizipenekin oso lotua dagoen abestia da. Hasieratik nekien akustikoa izango zela eta polita iruditzen zitzaidan diskoa amaitzeko. Zalantzarik gabe, MICErekin egin dugun diskorik landuena da, eta prozesu guztian kontzienteen izan naizena ere bai.

Itziar Bastarrika

Itziar Bastarrika

Zure kasuan, gitarra albo batera utzi duzu? Zergatik?
Abestiak sortzerakoan, beste instrumentu batzuekin batera erabili izan dut, baina hortik aurrera albo batera utzi dut, bai. Ez da hasieratik hartutako erabakia izan, baina, taldean dagoeneko bi gitarra edukita, ez zegoen gehiagorako beharrik, eta, abesten gehiago disfrutatzeko, nire ardura bakarra izatea nahi nuen. Kontzertuak beste modu eta leku batetik bizitzeko harturiko erabakia da. Hala ere, gainean gitarra bat izateak sekulako indarra ematen dit eta, horregatik, ez dut uste betirako utziko dudanik. Esan izan didate emakume musikaria, gitarra jotzen duena askorentzat erreferente bikaina dela, baina nik beste bide bat aukeratu dut: gitarra akustikoarekin kantuan hasi nintzen, talde batean jarraitu nuen eta orain gitarrarik gabe nabil abeslari, hori eskatu dit gorputzak. Aldaketa handia da, gitarrarik gabe mugitzen eta beste gauza batzuk kontuan hartzen ikasi behar dut orain zuzenekoetan. Erronka bat zen eta gustura nabil.

Hor jarraitzen duena zure ahots berezia da. Urte asko daramatzazu musikaren munduan, zer ikasi duzu bide horretan?
Egiten duzuna oso serio hartu beharrik ez dagoela ikasi dudala esango nuke. Hasieran, neure buruak ez zidan uzten gauza batzuk probatzen eta ez nuen nahi ertz batera edo bestera joan; hartutako ohiturek eta aurreiritziek mugatzen ninduten. Napoka Iriaren azken grabazioan konturatu nintzen ohitura eta bizio asko nituela, eta aldatzea bilatu nuen, kantaera asko soilduz. Ahotsa zeurea da guztiz, ez dago horren zeurea den instrumenturik, zure hitza da, zu zara. Orain askoz ere naturalago sentitzen naiz ahotsarekin jolasten, armoniak sortzen, eta disko honetan ere ez diot mugarik jarri gauzak probatzeko nuen gogoari. Barruan nuen hori guztia ateratzen ausartu naiz, bilatu eta irten zaidanarekin egin dut aurrera. Pixkanaka, berriz ere, plazara irteten bezala nabil, disfrutatzen. Musikan hasi nintzenean, oso inkontzienteki baina oso neurtuta egiten nuen guztia; orain, berriz, lasaiago kantatzen dut, eta garrantzia ematen diot egiten dudan hori nola bizi dudan ikusteari.

Hitzei dagokienez, zer kontatzen duzu abestietan?
Denetarik dago: gordetzen ditugun blokeoak, hausnarketak, pentsamendu soilak, emozioak… Hitz batzuk zaharrak dira eta beste batzuk berriagoak, askotariko gaiak dituzte eta guztiek disko honetan egin dute topo. Estudioa dagoen lautada honetan idazten hasi nintzenean, dena nuen begi bistan, dena ikusten nuela sentitu nuen; ona eta txarra ikusi ahal izan ditut, eta agertu den hori sartu nahi izan dut diskoan. Ingurune honetan jazo da guztia, espazio honetan batu dira, eta hori da guztien lotura.

“Nik hemen aurkitu dut nire lekua, bizi naizen ingurune honek lagundu dit”

Espazioa behin baino gehiagotan aipatu duzu. Gauden espazio honek garrantzi handia izan du zuretzat, ezta?
Bai, hala da. Orain urte batzuk etorri nintzen Gasteizera bizitzera eta denbora behar izan nuen bertan kokatzeko. Momentu batean, neure burua eta gorputza bertan eroso sentitzen hasi nintzen, eta orduan ekin nion berriro ere kantuak idazteari. Lautadak, lekuak… Kontzeptu horiek pisu handia dute diskoan. Horrenbeste bideren artean, noiz eta non ez dakizun arren, zure lekua aurkitzen duzun momentua azaltzen du. Nik hemen aurkitu dut, bizi naizen ingurune honek lagundu dit: begien aurrean dudan lautada zabalak, ikusi dezakedan zeru handiak, zabalgune handiek…

Lehen diskoa zure kabuz eta EPa Erraia zigilupean argitaratu ostean, Forbidden Colours diskoetxera batu zara. Zer dela eta?
Badira urte batzuk zigilua martxan jarri zuen Aitor Etxebarria ezagutzen dudala, oso lagunak gara. Asko gustatzen zait daukaten ildo editoriala eta beraiekin argitaratzeko proposamena egin zidan disko berrian pentsatzen hasi nintzenean. Haien babesik gabe askoz zailagoa izango zen niretzat biniloan editatzea; diskoaren ideia izan nuen lehen momentutik alboan izan ditut eta nire martxa errespetatu dute, babes handia izan dira.

Biniloa aipatu duzunez, zein formatutan entzuten duzu musika? Zeintzuk dira azkenaldian zure musika irakurgailuan bueltaka darabiltzazun musikariak?
Estudioa egiten genbiltzanean, diskoa grabatu aurretik, musika asko entzun nuen, baina aspaldian ez dut horrenbeste entzuten. Dena dela, digitalean, CDan eta biniloan entzuten dut. Betiko talde gogokoetara jotzen dut normalean, baina musika berriari eta belaunaldi berriei begiratzea ere asko gustatzen zait. Berritasunen artean, Ibai Gogortza kide den Haraten diskoa itzela iruditu zait, eta asko gustatu zaizkit Vulk, Ginger, J Martina, Aihotz, Agur, Agara… Billy Nomates eta Sharon Van Etten ere dezente entzun ditut aspaldian. Azkenaldian entzun ditudan klasikoen artean, Xabier Montoiaren Ni ez naiz Xabier Montoia aipatuko nuke; orain gutxi berriz entzun, eta flipatu egin dut produkzioarekin, hitzekin… kantuekin oro har.

Zeintzuk izango dira MICEren hemendik aurrerako pausoak?
Aurkezpen bira bat egitea da plana, ahalik eta gehien jo nahi dugu. Hemendik eta urte amaierara nahiko lotua dauzkagu kontzertuak; tartean, urriaren 14an, Donostiako Dabadaban, Forbidden Coloursen zazpigarren urteurren jaia ospatuko dugu. Bide batez, diskoaren aurkezpen jaia egiteko aprobetxatuko dugu. Garai batean kide izan nintzen Dual Split eta Empty Files taldeak ere bertan izango dira. Gau ederra izango da. Ea diskoa ondo mugitzen den eta jendeari gustatzen zaion. Jendeari barruan zerbait mugiarazten edo zerbaitetarako inspiratzen badio, pozik izango naiz.

Eta Mirenenak? Horrenbeste proiektu desberdinetan aritu ostean, abentura desberdinen bila jarraituko duzu?
Oraintxe bertan ia denbora guztia MICEk hartzen dit eta horretan sakontzen jarraitzea da nire asmoa. Horrekin batera, daukadan beste helburuetako bat ere bada estudioan ikasten eta saltseatzen jarraitzea, ea gauza interesgarriak agertzen diren eta horiek grabatzeko eta produzitzeko aukera dugun. Horrez gain, ez daukat aparteko anbiziorik, musikan jarraitzea eta ganoraz eta duintasunez bizitzeko gai izatea bilatzen dut. Musikarion lana batzuetan gogorra ere bada, egiten dugun lan guztiaren zatitxo bat baino ez da ordaintzen, eta horrek ez du laguntzen martxa polit bat hartzen. Egiten nabilen bideaz disfrutatzen jarraitu nahi dut.

MICEren kontzertu agenda

ETIKETAK:MiceMiren Narbaiza