2024.11.22
Urteak aitzinat joan ahala talde asko ezerezean geratzen dira. Hala ere, Kuartz bikoak (Ibes Mongabure-gitarra eta Oihan Delavigne-bateria), beti urrats txikiak emanez, dagoeneko 100 zuzenekotik gora eman eta haien hirugarren diskoa kaleratu berri du. Azken hau Bonberenea Ekintzak zigilupean. Zein izanen da haien hurrengo urratsa? Bi kontzerrtu dituzte iragarrita asteburu honetarako. Gaur Baigorriko Biletxean (Nafarroa Beherea) ariko dira Kimule metal taldearekin batera, 19:00etan hasita. Bihar, larunbatarekin, Zugarramurdiko Akelarrenea-n (Lapurdi) ariko dira Gailü taldearekin, 22:00etan hasita.
1. Taldea ezagutzen ez dutenentzat bi pertsonek osatutako taldea da Kuartz. Ez da ohikoena. Zer dela eta formatu berezi hau?
Formatu hau, gure kasuan, gitarra batez eta bateria batez osatutakoa da. Pedała batzuren bidez, baxuaren notak entzun daitezke. Azkenean, bi gara, baina saiatzen gara eszenalekua hainbat betetzen, soinuaren aldetik bai eta ezenografiaren aldetik ere.
2. Bluesaren, stoner-aren eta rockaren eraginak oso nabariak dira zuen ibilbide osoan zehar. Musika estilo aldetik, hasieratik argi al zeneukaten norabide hau hartuko zenutela?
Lehen errepiketan, hasi ginen formatu honetan, pentsatzen genuen baxu jotzaile bat eta kantari bat beharko genituela. Baina eroso senditu ginen formatu honetan eta ildo horretatik segitu genuen. Beharbada blues-ago zen hastapeneko proiektua, eta orain gehiago rock-a berdin.
3. Bikote izanik musika talde beretsuak entzungo dituzue… Baina, zein talde hautatuko zenukete batak maitatu eta besteak gorrotatzen duena?
Gorrotatzea talde bat zaila da gaur egun, ez bazauku gustatzen talde bat beste batera pasatzen ahal gira errexki, ditugun tresnekin. Aldiz, taldebatzuk bata besteari ezagutarazten ari gira usu. Eta bistan da, binaka ibiltzen diren taldeak joriatzen ditugula.
4. Aipatu bezela, Kuartz taldearekin dagoeneko hiru diska grabatu eta 100 kontzertutik gora eman dituzue. Atzera begiratuz, musikalki ze aldaketa eman duzue zuen lehen kontzertutik honat?
Bai, 2016 hasi ginen, eta garaian anplifikadore analogikoak erabiltzen genituen gitarra soinuarentzat. Orain digitalerat pasatu gira eta soinu horiek landu ditugu, gure berezkotasuna atxemanez. Bestalde, sample-ak erabiltzen ditugu ere zuzenekoetan. Covid garaiak berriz, argiztapen automatikoa sortzea eta martxaraztea ahalbidetu zigun.
5. Diskoan zentratuz, Nola definituko zenukete zuek disko hau?
Beti zaila da nahiko gibeltasuna hartzea gure lana aipatzeko. Baina errango genuke, ainitzez gehiago landu dugula disko hau, konposizioa mailan. Kantu bakoitza bururaino eramatea sentzazioa gehiago ukan dugu disko honetan. Soinuen aldetik ere gehiago landu ditugu, baina hor Eñaut Gaztañagaren laguntza eta eragina senditu dugu. Estiloaren aldetik, kantu gehienak beste diskoen haria segitzen dutela uste dugu, eta kantu batzuk sorpresa ttiki batzuk izaiten ahal dira beharbada.
6. Alta izan zen zuen lehen aurrerapen kantua. Kaleratzea lagunartean grabatutako bideoklip batekin egin zenuten. Nola joan zen prozesua?
Aski luzea izan zen prozesua. Lehenik, sei hilabete lehenago hasi ginen biltzen Eñaut Castagnetekin, ideien idazteko, Alta kantuaren musika eta hitzetik abiatuta. Berantago hasi ginen gauzen antolatzen: lekua baieztatu, lagunak kontaktatu…
Mendiko eszenen filmatzea asteburu batez egin zen. Erronka haundia izan zen guretako, 20 bat jende kudeatzeko, suak, eguraldia, etab. Xakeen eszenak berantago egin genituen. Azkenik, Eñaut Castagnet-en eskutik pasa zen muntaketarentzat.
7. FOMO kantuan sare sozialak aipatzen dituzue. Pertsona bat gai da haren herriko kontzertuko afitxean “atsegin dut” kilkatu eta ondoren zuzenekora ez joatea. Jende gaztearengana iristea lortu duzue?
FOMO kantuak gehiago Fear Of Missing Out sindromea aipatzen du, beraz zerbait huts egitearen beldurrari buruz dago. Sare sozialen kontra ez gara, hor dira, eta tresnak baizik ez dira. Gure ardura da nola erabiltzen ditugun. Gero, jende gazteari buruz, ez gara haien gibeletik baitezpada ibilki. Gustatzen zaigun musika egitea eta gustatzen zaizkigun gaiak jorratzea da gure helburua. Jendea hunkitzen badu han edo hemen, izan gazte edo ez hainbeste, hainbat hobe!
8. Kantu berdinean ere egungo internet masifikazioa aipatzen duzue. Segundo gutxitan , kantu bat gustatu ezean, klik baten bidez hurrengo kantura pasatzen gara. Diskoak ere melomanoentzat geratzen ari direla dirudi single-en mesedetan, diskoaren formatua azkenetan dagoela iruditzen al zaizue?
Ez dakigu. Guk kontsumitzaile bezala, diskoak osoki entzuten ditugu orokorrean. Egia da single-asko ateratzen direla ere, baina usu diska berri baten parte dira. Maizago komunikatzea ahalbideratzen dute singleak ateratzea, baina oraingoan ez gara sobera horretan.
9. Disko honekin zein helburu betetzea gustatuko litzaizueke?
Ba oihartzun positiboak ditugu orain arte disko honi buruz, eta pozik ateratu gara emaitzarekin, ez da guti! Orain nahi genuke ahal bezainbat jendek entzun dezaten eta jendea gure kontzertuetara hurbil dadin.
10. Bonberenea Ekintzak zigilupean aterako duzue azken diska hau, ze bultzada berri emanen dizue autogestiotik zigilu batera igarotzeak?
Azken momentuko proposamena izan da, eta pozik gara zigilu horretan sartzeaz. Normalki Tolosa inguruko taldeak dira gehien bat, baina Zestoan grabatu genuelako sartu ahal izan gira. Bonberenea ezaguna da, beraz ikusgarritasun handiagoa emanen digu, baita famili baten babesa izaitea senditzea.
11. Zer espero duzue edo zer lortu nahi duzue etapa berri honetan?
Beharbada kontzertu leku berri batzuetan jotzea lortzea, izain Euskal Herrian baita atzerrian.
12. Oro har, iparraldeko euskal eszena zer moduz ikusten duzue? Osasuntsu al dago?
Kontzertu ttipiak emateko espazio ainitz galdu dira hamar urtez, baina ber momentuan, herriko bestetan kontzertuak badira, eta jendea mugitzen da kontzertuendako. Beraz errango nuke begi honez ikusten dugula. Beste iniziatiba ainitz badira ere kontzertuak antolatzeko, eta baldintza honetan.