2023.03.02
Egia da rockak aspaldiko tradizioa duela gurean, bai. Hala ere, hizpide dugun taldeak aitortzen duen moduan, askotan nazioarteko joeren zaratek gortzen gaituzte. Internetek aspaldi ekarri zuen eragina da globalizazio, estandarizazio eta normalizazioa. Alegia, nazioarteko talde puntakoenak eta urteko disko beroenak jomugatzat hartuz, musika guztia horiekin alderatzea. Horrela, jaialdi handietako eskakizunak eta kontzertu grina handienak atzerriko super taldeek hartzen dituzte, bertakoen existentzia jakintzat emanez kasurik onenean, edo itzaletara kondenatuz txarrenean. Nevadah bezalako taldeen ibilbide eta kalitateak agerian uzten du paradigma hori: kanpoko modetara zain, bertako harribitxiak jakintzat ematearena.
Oztopo zailak gaindituz, itzulera dotorea egin du Nevadah taldeak, Euskal Herriko rock talde irmoa dela erakutsiz. Azken urteetan talde interesgarri gutxi agertu dira gitarra kutsuko estilotan, baina dugun eszena oparoa (Joseba Irazoki, The Riff Truckers, Kristonak…) heldutzen joan da, proposamen landu eta azpimarragarriak argitaratuz. Still Goes On lanak rockaren ezaugarri guztiak ditu: sakrifizioa (binilozko edizio eta bideoklip zainduetan), dibertsioa (I Feel Alright parrandalarian), amorrua (kritikaz gainezka Vultures-en), lizunkeria (A Thought Leads Me to You hobeezinean)… Diskoa osorik entzuteko zailtasunak dauden garai hauetan, goitik behera sartzen den horietakoa. Base erritmiko egonkorra, detaile eta gehiegikeriaz betetako gitarrak, eta abeslari berria: plantaduna, ondo jantzia, jarrera eta ahots bikainarekin. Gainera, berak ekarri ditu lehengoko bi euskarazko abestiak, non taldea eroso eta zintzoago igartzen den.
Argi dago Nevadah taldeko kideek etxerako lanak egiten dituztela, eta baita nazioarteko taldetzar garrantzitsuenetatik ikasi eta jarraitu ere, baina bertoko hurbiltasun eta sustraia galdu gabe. Bestela, froga ezazu zuk zeuk aurrerantzean izango duten kontzertu sutsuren batean. Taldekideek hitz batzuk eskaini dizkigute, eta diskoa azaldu, abestiz abesti.
Zelakoa da horrelako proiektu bat berpiztea, ibilbide luze baten ondorengo geldiunea gaindituz?
Prozesua gogorra izan da. Taldekideok musika egiten jarraitzen genuen gozatu egiten dugulako, baina, abeslari gabe geundenez, ez genituen kantak borobiltzen, bukatzen; norabidea ez genuen finkatua. Pandemiaren garaian musika egitea irtenbide bat izan da guretzat. Plateruenan emandako kontzertuarekin eta jendeak eman digun harrerarekin berpizkunde hau ilusio eta gogo handiz hartu dugu.
Estilo heldua eta finkoa agertzen da lanean, baina, zorroztasunetatik, at ez die bestelako estiloei muzinik egiten. Nondik etorri da diskorako inspirazio musikala?
Kantak sortzerakoan ez dugu hasierako planteamendu bat egin, non mota bateko edo besteko disko bat sortu nahi genuen. Diskoaren norabidea denborak eta bakoitzaren influentzia musikalek markatu dute. Argi dugu gu ere aurrera goazela, bakoitzaren gustu musikalak ere aldatzen doazela, eta horiek garrantzi handia izan dute kanta bakoitzaren erabakietan, era naturalean bada ere.
Still Goes On disko helduagoa dela diogu, kanta bakoitzak eta soinuek atzetik lan handia dutelako, beste diskoetako kantek baino gehiago. Dena dela, soinua Nevadah da, eta hasierako sustraiak mantentzen ditugu honetan ere.
«Soinua Nevadah da, eta hasierako sustraiak mantentzen ditugu disko honetan ere»
Diskoa eginda zegoen partaide berria sartu aurretik? Zer gehitu dio taldeari? Konposatzen parte hartu du?
Kanta batzuk sortuta geneuzkan musikalki, baina Ekhi sartu zenean moldatu behar izan genituen, ahotsa gehiago kontuan hartuz eta bere nortasuna emanez. Kanta batzuk alde batera utzi ditugu, eta Ekhi sartu zenean beste berri batzuk sortu genituen, bere ezaugarriak eta ideiak kontuan hartuz.
Hitz rockeroak, sakonagoak, eta lehen aldiz euskaraz. Zelakoa izan da hautu hau? Nondik idazten duzue, eta zer adierazteko?
Beti esan dugu rock-and-roll gehiena ingelesez entzutera ohituta gaudela, eta horrek fonetikoki asko markatu gaitu. Hala ere, duela denbora bat euskaraz idazteko beharra sentitzen genuen. Gure ama hizkuntza da, eta saiakera hori egiteko gogoa genuen. Hasieran duda asko izan genituen taldean, elkarrizketak geneuzkan horren inguruan, baina kantak bukatu ditugunean konturatu gara euskaraz abestutako kantak oso ondo funtzionatzen dutela, eta jendearen harrera ere oso ona izan da.
Gaiei dagokienez, egunerokotasunean bizi ditugun egoerei buruz idazten ditugu hitzak. Lan mundua, kapitalismoa, gizarte indibidualista, gure frustrazioak edota guk sortzen ditugun istorioak dira protagonista hitzetan.
Lehen aldiz Lorentzon grabatu duzue? Zelakoa izan da grabaketa?
Ikaragarria izan da, hitz onak besterik ez ditugu Aitor Ariñorentzat. Proiektuan inplikatu da eta lehen momentutik ulertu du taldeak zuen ideia eta helburua. Denok batera grabatu ditugu baseak naturaltasuna eta gordintasuna gustatzen zaigulako, aurreko diskoan ere horrela egin genuen eta oso gustura gelditu ginen.
Grabaketaz gain, nahasketan ere parte hartu dugu, momentuan sortu zitezkeen erabakiak hartu ahal izateko. Aitorrek, alde horretatik, erraztasunak jarri dizkigu. Estudioa etxetik hamar minutura egotea ere oso erosoa izan da guretzat.
Autoedizioa aukeratu duzue, eta formatu arriskutsua. Zer suposatzen du zuentzat horrelako apustu bat egiteak?
Egia esan, guk gure erabakiak hartzeari garrantzi handia ematen diogu. Ekonomikoki gu bezalako talde batentzat ez da erraza horrelako zerbait aurrera ateratzea, baina gure aldean egon diren profesionalen eta lagunen laguntzarekin dena errazagoa da.
«Ekonomikoki, gu bezalako talde batentzat ez da erraza horrelako zerbait aurrera ateratzea, baina gure aldean egon diren profesionalen eta lagunen laguntzarekin dena errazagoa da»
Autoedizioaren ildo berean, bideoklip zainduak argitaratu dituzue. Zer garrantzi ematen diozue irudiari gabiltzan garaietan?
Garrantzi handia ematen diogu bideoklipari, gaur egun ikus-entzunezkoen garaian bizi garelako. Aitor Mendilibarrekin egin ditugu bideoklipak, eta, laguna izateaz gain, profesional ikaragarria da. Istorioa Jon Aramendik sortu du. Ondo baino hobeto ezagutzen gaitu, eta badaki nondik jo. Muntaia lanetan gure taldekide Pello aritu da, bera ere ikus-entzunezkoen munduan dabilena. Bideoklipa jendearengana heltzeko modu zuzena da, eta, egia esan, aurkeztu eta berehala ohartu ginen zenbateko garrantzia duen jendearentzat.
Zelakoa izango da zuzenezkoa? Badago esamesa, show basatiei dagokionez, estilo berriek irabazi diotela pultsoa rockari. Zer uste duzue? Badauka sua oraindik rockak? Eta zuen zuzenezkoak?
Zuzeneko zuzena, bizia eta basatia eskaintzen dugula uste dugu: izerdia, rock-and-rolla eta ongi pasatzeko momentu baten moduan ikusten dugu gure show-a. Rockak sua duela uste dugu, noski; Euskal Herrian, gainera, talde bikainak daudela uste dugu: The Riff Truckers, John Dealer and the Coconuts, The Clayton, Víctimas Club… Askotan rockaren munduan gabiltzanok hausnarketa bat egin beharko genuke: beti kanpoko taldeei begira egoten gara, gurean talde bikainak daudenean. Euskal Herriko rock eszena babestera dei egiten dugu, etorkizun oparoa dago eta!
Zer iritzi duzue eszena horri buruz, jotzeko tokiei buruz, talde hurbilei buruz? Non kokatzen duzue zeuen burua talde gisa? Jaialdi handietan, gaztetxeetan, aretoetan…
Euskal Herrian zorte handia daukagu eta jotzeko leku asko daude. Geure burua areto eta leku itxietan ikusten dugu gehiago, gaztetxeetan ere bai. Jaialdi handiren batean jotzeko aukera izanez gero gustura probatuko genuke! Tamalez, Euskal Herrian egiten diren jaialdi pribatu handi gehienetan kanpoko taldeak eta talde beteranoak ekartzen dituzte, talde gazteak eta bertakoak albo batera utziz. Hala ere, badira zenbait jaialdi alternatibo oraindik euskal taldeekin kartelak osatzen dituztenak.
Aurkeztu esaldi batean diskoko abestiak:
→ Nevadah taldearen kontzertu agenda