2014.11.11
A9ko galdeketarako orduak bertzerik falta ez zirenean, azaroaren 7an, Mutxikontrapàs emanaldia eskaini zuen Herrikojak taldeak Bartzelonan, Euskal Etxeak antolatzen duen EH Sona jaialdiaren baitan. Carles Belda (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1972) dugu talde horretako kide. Datorren ostegunean, hilak 13, Badok.info-ren aurkezpen ekitaldian hartuko du parte, 20:00etatik aurrera, Euskal Etxean.
Nolatan iristen da Sabadellgo musikari bat Zugarramurdira?
Familiak erakarrita, indar berezia baitu honek. Duela 11 urte inguru iritsi nintzen Zugarramurdira, Sabadellen bizitza osoa eman ondoren…
Talde erranguratsuekin aritu izan zara, baina solastu gaitezen orain gaurkoaz. Nola sortu zen Herrikojak?
Duela hainbat urte, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen enkargu bat jaso genuen Javi P3z-ek eta biok, elkarteak antolatzen zituen jardunaldietan parte hartzeko. Baldintza bakarra zen kontzertuak trikitia eta teknologiaren ingurukoa izan behar zuela, eta ardura hartu genuen. Horrela hasi zen guztia…
Javi P3z ezagutzen zenuen ordurako?
Noski. Berak zituen hamaika proiektuen artean, Sports taldean jotzen nuen nik. Kantu batean trikitia sartzen zuten eta tarteka nik jotzen nuen. Garai hartan iritsi zitzaigun Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen enkargua…
Zeintzuk osatzen duzute Herrikojak taldea?
Javi P3zek, Jon Lonberak eta hirurok osatzen dugu taldea, baina rock kontzertuak egiten ditugunean Oriol Flores katalanak bateria jotzen du gurekin. [P3z eta Flores Triz3ps taldeko kideak dira]
Eta zein da taldearen mamia?
Kantu herrikoiak jotzen ditugu, kontzertuaren testuingurura egokituz, beti. Adibide gisa, Intxaurrondo Kultur Etxean jo genuen Manel taldearen aurretik. Kontzertu hura prestatzeko, Manelen kontzertuetan nagusi den giroari buelta pare bat eman ondoren, argi izan genuen habanerak izan behar zutela gure kontzertuko protagonistak. Manelen estiloagatik batetik, eta bertzetik, Katalunian habanera anitz daudelako, Euskal Herrian bezala. Guztira, 45 minutuko kontzertua egin genuen.
“Kantu herrikoiak kontzertu bakoitzaren testuingurura egokitzen ditugu. Manelekin jo genuenean, garbi genuen habanerak izan behar zutela protagonista”
Ortziralean muxikoak eta kontrapasa uztartu zenituzten, aldiz, Bartzelonako Centre Artesà Tradicionarius aretoan. Nola joan zen?
Jendea dantzan jartzea lortu genuen, eta ez dago gaizki! EH Sona jaialdirako Euskal Herriko eta Kataluniako kulturak bereizgarritzen dituzten ezaugarrietan pentsatu genuen. Prozedura horretan jabetu ginen Katalunian geroz eta gehiago erabiltzen dela kontrapasa, eta Euskal Herrian muxikoak franko nagusi dira. Hortxe topatu genuen lotura eta Mutxikontrapàs ikuskizuna sortu dugu. Kontrapasaren zein muxikoen kutsu primitibo hori dantzagarri bilakatu genuen, diskotekeroago bihurtuz.
Zein da taldearen dinamika?
Jon Lonbera eta Javi P3z Donostian bizi direnez, han elkartzen gara, gehienbat. Hala ere, gu ez gara ohiko talde bat. Gure afera da ditugun proiektuei, edo jasotzen ditugun enkarguei, forma ematea eta halakorik dagoenean bakarrik elkartzen gara. Kontzertutik kontzertura guztia aldatzen dugu, arropak, musika eta gaia. Are gehiago, mantentzen dugun bakarra, aldaketa bera, eta jarrera eta iturria dira.
Zein dira bereizgarritzen zaituzten jarrera eta iturria?
Iturria, musika herrikoia bera da, eta jarrera, aldiz, musika hori bereganatu, desegin eta berregitea. Hori da gure afera, guztia desegitea, ondoren gure erara berriz eraikitzeko.
Musikari bezala duzun ibilbide luzean hainbat taldetan parte hartu duzu, baina bakarlari gisa ere bi disko atera dituzu….
Lehendabizikoa 2006an kaleratu nuen, Zugarramurdin, etxean, grabatu ondotik, eta aurten bigarrena plazaratu dut. Kasu honetan La Garrigan (Herrialde Katalanak) grabatu nuen lagun baten etxean. Bi diskoekin dinamika berdina izan dut, grabatu, hainbat ale argitaratu, kontzertu batzuk lotu eta bertan saldu.
Hala ere, susmoa dut, diskoek baino gehiago zuzenekoek dutela zuretzat lehentasuna.
Noski. Joera gehiegi dago musikarion ibilbidea kaleratutako disko kopuruaren arabera baloratzeko, eta nire erritmoa behintzat, ez da hori. Badira urtero disko bat kaleratzeko erronka duten taldeak, baina bagara, era berean, zuzeneko kontzertuetan buru-belarri aritzea helburu dugun bertze anitz ere. Izan ihauteriak, poesia errezitaldiak zein jaialdiak. Izaera hori ezin da diskoekin bakarrik neurtu.
Jarrera kontua…
Musikari gisa mugimenduan egoteko hainbat modu daude, eta nik zuzenekoak aukeratzen ditut, bertzerik gabe.
“Musikari gisa mugimenduan egoteko hainbat modu daude, eta nik zuzenekoa aukeratzen dut”
Gaur egun, zenbateraino da posible musikatik bizitzea?
Urte asko daramazkit honetan eta ez dut uste orain aurreko sasoiekiko desberdintasunik dagoenik, zentzu horretan. Zuhurtasunez erranen dut, baina nire ustez, afera da zer nolako bizitza eraman nahi duzun. Bertzalde, musikatik bizitzeko dituzun baliabideak aztertu behar dira, talde bakarra izatea edo proiektu desberdinetan parte hartu nahi den ikusi, aukera desberdinak bilatu… Musikatik bizitzea gainontzeko ogibideetan bezalakoa da.
Aurrerantzean zein dira zure erronkak nagusiak?
Momentuz, bakantzak behar ditut, pausatzea garrantzitsua da, bai indarra hartzeko, baita aspertzeko ere. Ilusioa berreskuratzeko modu bakarra tarteka atsedenaldiak hartzea da.
A9rako bi egun gelditzen direnean egiten ari gara elkarrizketa hau. Ezin dugu amaitu Kataluniaz galdetu gabe. 2012an CUPeko zerrendetan egon zinen. Nola bizi duzu Katalunian gaur egun gertatzen ari dena?
Aski kontent nago. Gizartea ernaturik dago, eta hori itzela da. Izan ere, bi aukera genituen: bizirautea edo desagertzea. Eta azken urteetan indartu den giza mugimenduari esker aurrera atera gara. Sekula ez nuen pentsatu Katalunia testuinguru honetan murgilduko zenik, eta A9a, zalantzarik gabe, gertakizun historikoa da. Katalanok gugan sinisten dugu eta hori da libre izateko lehen urratsa. Altxor bat dugu eskuartean.