2023.01.18
Gaur-gaurkoz, Borrokan, JIEL, Mice, Satelitik eta Joseba B. Lenoir taldeetan dabil Ibai Gogortza (Bera, Nafarroa, 1980); baina haren izenak ukitzen ditu talde gehiago ere (Kaskezur, Napoka Iria). Aspalditik zuen gogoa, ordea, bere-beretik probatzeko, eta hala sortu du Harat, Mattin Arbelaitz (bateria) eta Iñigo Telletxea (baxua) lagun dituela. Bederatzi kantu bildu dituzte lehen diskoan; ilunantz girokoak, biziak. «Banuen gogoa hasieratik bukaerara nik exekutatuko nuen zerbait egiteko».
Inprobisazio lana omen dago diskoko kantuen abiapuntuan.
Bai. Ez nituen kantu landuegiak nahi. Mikel Lertxundirekin [Borrokaneko bateria jotzailea] aritu nintzen hasieran, zati batzuk probatzeko, eta, sobera pentsatu gabe, ikusteko zer emaitza ematen ahal zituen horrek. «Horrela hasi, horrela segitu, bukatu, eta listo. Orain beste zerbait». Orain arte, konposatzerakoan buelta anitz eman dizkiogu beti abestiei, eta aldi honetan zerbait freskoagoa egin nahi nuen, lan egiteko moduarekin ere esperimentatu.
Emaitzak ez du zirriborro tankerarik, ordea…
Ez. Lertxundirekin oinarria landu genuen, eta oraindik abestiak ez ziren ideia horiei bidaia motz bana bilatu. Geroko biribiltzea produkzio lanetik ere heldu da.
Taldea nola osatu zenuen?
Entseatzen egoten nintzenean, beste gela batean entzuten nuen bateria bat bere gauzekin. Mattin zen; proposatu nion, animatu zen, eta Iñigo Telletxea [Borrokaneko baxua] berdin. Ikusita banuela talde bat nire ideiak jotzeko prest, etxean landu nituen abestiak dezente, eta taldeko soinuaren bila jarri ginen. Gidaritza utzi didate, eta pozik ikusita pentsatutako abestien soinua ateratzen ari zela hirukotean. Emozio horrek ideia gehiago ekartzen dizkizu; motibatu nau horrek.
Gitarrarekin zaude Harat-en ere, baina kantuan. Urrats bat aurrera egitea eskatu dizu horrek?
Bai. Joseba Irazokirekin-eta koro dezente egin izan ditut, Borrokan-ekin ere bai oihuren bat, saxoa… baina kantu-kantua ez dut inoiz egin; izatez, ez dut ohiturarik etxean kantatzeko ere. Beste norbaiti erratea ere pentsatu nuen, baina azkenean neure buruari jarri nion erronka, eta sorpresarik handiena izan da ikustea baietz, jar naitekeela mikro baten aitzinean eta abesti oso bat abestu.
Hitz guztiak zuk idatzi dituzu. Gozatu duzu alderdi hori ere?
Hagitz gustura egon naiz, egia erran. Bolada bat izan dut astean zehar denbora dezenterekin, goiz jaikitzen eta gauza horiek [barreak]. Borrokan-entzat egin izan ditut zirriborroak, baina hasiak nituen ideia batzuk beste leku batera eraman ditut hemen.
Nabaria da Borrokan-en itzala diskoaren soinuan. Nola antzematen duzu lotura zuk?
Borrokan-ekin ari gara 13-14 urtetatik; mundu hau hor ezagutu dugu, eta ezinezkoa da orain eragin hori izango ez duen zerbait egitea. Harat Borrokan-etik bereizten duena egiteko moduak dira. Borrokan-en gauzak dira hagitz geldoak, egoten gara denbora pila bat entsegutik entsegura, eta tarte horretan mila buelta ematen dizkiozu abestiari. Horrek baditu alde positibo pila bat, baina jakin nahi nuen denbora muga txikiagoan noraino heltzen ahal nintzen, edo ginen talde bezala.
Taldearen izenak badu aparteko istoriorik? Kantu bat ere bada.
Abesti hori grabatu baino lehen, egin genuen maketazio bat taldean; lau pautarekin, konponketa soberarik gabe, hirukote soinuarekin, eta bai niri eta bai taldekideei pila bat gustatu zitzaigun emaitza: fresko entzuten da. Batetik, izan zen ikustea hori zela denbora gutxian abesti nahiko borobil bat egitea, gure ustetan beti. Eta, aldi berean, letrak ere aipatzen du bigarren planotik irtetea, bide bat, pausoa, hori dena… horregatik ere ona zen taldearen izenerako.
Xabier Erkiziak (Spam) eta Kattalin Ezkerrak (Zubia) hartu dute parte bi kantutan.
Bai. Norbere burua saltzeko beharrari nahiko buelta ematen ari naiz azken boladan, eta erabaki nuen iragarki bat egitea disko barrenean, bakarrik diskoa zutenek entzun ahal izateko. Diskoko pasarte ezberdinekin Xabik collage polit bat egingo zidan. Estudioko egunak bukatzen zitzaizkidan, eta azken unean agertu zen; baina entzun, bi ukitu eman, eta aurrera. Eta Kattalin ere segituan animatu zen koroak egitera. Iñigo Irazoki, Mikel Irazoki… inguruan jendea izateak beti laguntzen du.
CD formatuan kaleratu duzue lana, eta sareetara igo ez. Argi zenuen erabakia?
Berandura arte ez diot erreparatu horri, baina, aurreko guztiarekin bezala, azken boladan buruan dauzkadanekin bat etorriko zen erabakia hartu nahi izan dut. Eta hor dago egoaren kontua, kontrolarena, sare sozialena… Gaur egun publikatzeko momentua Interneten jartzen duzun momentua da, eta probatu egin nahi nuen hori. Agian interesa duen jende bat ez da enteratu, baina denbora kontua ere bada. Internetetik kanpo gauzak motelagoak dira, baina errealagoak ere bai.
Lanbidea ere baduzu musika. Nola daramazu afizioaren eta ogibidearen arteko oreka?
Ongi. Gaizka Sarasolaren Intxaurra obrarako musika ere egin berri dut, aurrekorako [Iluntzen] ere egin nuen, eta horrelakoek astean zehar lan egiteko zerbait ematen dizute. Gero hainbat talderekin baditut kontzertuak, agendak bateratu beharra, eta aparte baditut bertze talde batzuk kontzertu hagitz gutxirekin eta normalean kobratu gabeak izaten direnak… baina berdin-berdin egiten ditut gustura. Uste dut aberasgarria dela mugimenduan egotea. Orokorrean saiatzen naiz pentsatzen ez dela lana, eta, kontu korrontea hagitz baxu dagoenean, orduan gogoratzen naiz baietz, behar dudala. Baina, aguantatzen dudan bitartean, segituko dut.