Elkarrizketa

Urko Ansa

2019.09.23

Urko Ansa

“Hiru abeslari izateak aukera asko ematen dizkigu”

Elkarrizketa: Eñaut Gaztañaga (Ezpalak)

Zestoako Ezpalak laukoteak grunge eta 90. hamarkadako rock alternatiboaren kutsu handia duen lehen lana kaleratu du. Fuzz gitarrak, melodia asko, pop kutsuko egiturak, baita abiada handiko bizpahiru kanta ere, jaso ditu diskoan. The Smashing Pumpkins, Alice In Chains, Nirvana, shoegaze arrastoak han eta hemen, baita hardcore melodikoko pintzelada batzuk ere. Eñaut Gaztañagak grabatu eta ekoitzi du diskoa Zestoan daukan Gaztain estudioan. Bertan grabatu dira azken urteotako diskorik onenetako batzuk: Olatz Salvador eta Izaro bakarlarien azkenak, baita Rodeo, Voltaia, Grises edo Rural Zombies taldeen lanak ere, besteak beste. Eñautek berak (gitarra, ahotsa) erantzun ditu gure galderak. Juanjo Berasain (ahotsa), Unai Eizagirre (baxua) eta Xabi Arrietak (bateria) osatzen dute taldea.

Ezpalak

Xabi Arrieta + Unai Eizagirre + Juanjo Berasain + Eñaut Gaztañaga = Ezpalak.

Kontaiguzu pixka bat nola sortu zen taldea, noiztik ezagutzen duzuen elkar…  Zuen taldeetan —Grises, Voltaia, Passepartout…) egiten duzuen estiloa aldatzeko beharra sentitzen zenuten?
Orain dela urte batzuk estudioko grabaketa batean ezagutu genuen elkar Xabik eta biok. Ordutik beti esaten zidan elkarrekin zerbait egin behar genuela, baina ez genuen momentu aproposik aurkitzen. Aurten Grises taldearekin atsedena hartu dut eta ikusi dugu aukera egokia dela Ezpalak aurrera ateratzeko. Unai eta Juanjorekin hitz egin eta denbora gutxian diskoa grabatu dugu. Unai eta ni aspaldiko lagunak gara eta Juanjo berriz Los Moths taldearekin grabatzera etorri zenean ezagutu nuen.

Zuen eraginak askotarikoak izango dira aski segur, baina 90. hamarkadako kutsu handia nabari da hainbat piezatan. “Ertza” eta “Ilun dago”-k Alice In Chains-en Dirt disko mitiko hartako onena daukate. Bigarren kanta horrek, gainera, Nirvanaren kutsu oso nabaria dauka. Dut taldeak edo Novak bide hori landu zuten, baina esan genezake bakoitzak bere erara egiten duela. Zuek ere bai. 
Bai, hala da. Dirt asko entzun genuen abesti horien ahotsak sortzerakoan. Asko gustatzen zaigu Layne Staleyk nola lantzen zituen melodiak eta koruak, eta bere musikaren eragina nabarmena izan da gure disko osoan. Abestiak prestatzerakoan ez genuen asko hitz egin estiloaren inguruan, baina garbi genuen 90. hamarkadako rocka lauroi asko gustatzen zitzaigula eta uste dut hori izan dela lauron artean pegamentu bezala balio izan duena; bakoitzak estilo ezberdinak jorratzen ditu gure beste taldeetan, baina 90. hamarkadako rock alternatiboarekiko dugun pasioa izan da gure iparrorratza Ezpalak-en.

Zenbat ahots geruza sartu dituzue “Ilun dago”-n, adibidez? Ahots pista ezberdinak disko osoan daude, nonahi. 
Ia abesti guztietan sei bat ahots pista daude… Juanjoren ahotsa bikoiztuta dago eta gero errepiketan nire ahotsa berdina egiten eta aldi berean koruak egiten ari da. Beste hitz batzuetan aldiz, Unairen ahotsa ere badago. Taldeak hiru abeslari izateak aukera asko ematen dizkigu ahots ezberdinak sartzeko, baita zuzenekoetan ere.

Era berean, abiadura sartzea ere atsegin duzue: “Atarian”, “Bizi gabeko kea” edo “Begiak itxita” abestietan, esate baterako. Hardcore melodikoa gustuko duzue?
Hamabost urte genituenean hardcoreak eragin handia izan zuen gure artean, baina oraintxe bertan ez da gehien entzuten dugun estiloa. Garai hartan adibidez, asko entzun ziren Bad Religion eta The Offspring bezalako taldeak eta zerbait itsatsi zaigu diskoan. Era berean, Negu Gorriak, Lin Ton Taun, BAP!!… bezalako taldeek ere bazituzten erritmo azkar horiek beren diskoetan eta guk ere sartu ditugu pare bat abestitan.

The Smashing Pumpkins eta Dinosaur Jr. ere aipatu dituzue. Dena den, zein esango zenukete dela gailendu den estiloa?
Bi talde horiek gure bizitzaren parte izan dira eta Billy Corgan edo J Mascisen fuzz soinua oinarri bat izan da gure musikan. Bi horiek disko hau egiterakoan gehien entzun ditugun taldeak dira, Alice In Chains eta Nirvanarekin batera. Nik esango nuke grungea, post-rocka edo rock alternatiboa direla gure abestietan topa ditzakezun erreferentzia nabarmenenak… Shoegaze estiloko talde batzuk ere izan ditugu influentzia, My Bloody Valentine adibidez.

Ahotsak oso garbi daude disko osoan. Melodiekiko atxikimendua bistakoa da, “Itsasoaren aurrean” eta “Haize onik ez” horren lekuko. Lehenak koru interesgarriak dauzka eta bigarrenak oiharztun oso berezia dauka. Melodia oso garrantzitsua da zuen abestietan. 
Bai, ahotsen melodiek garrantzi handia dute guretzat, asko landu ditugu melodiak diskoan orokorrean. “Itsasoaren aurrean” agian poperoenetako bat da eta “Haize onik ez”- ek, adibidez, badu Alice in Chains-en lehen aipatu dugun eragin hori ahotsetan, baina Dinosaur Jr.-en eragina da nabarmenena bi abesti horietan.

Eta gitarrak, distortsiorik gabe, ezta? Hala ere, ez dut uste disko biguna denik. 
Fuzz soinuak bilatu ditugu gitarretan; baxu distortsionatua eta gitarra fuzzeroen nahasketa da gure soinua orokorrean. Ahotsek badute  distortsioa baina orokorrean oso melodikoak dira eta sentimendu askoz abestuta egotea nahi izan dugu.

“Billy Corgan edo J Mascisen fuzz soinua oinarri bat izan da gure musikan”

Nire ustez, onena bukaeran dator: “Eztanda” da abestirik pertsonalena, nortasun gehiena daukana eta borobilena. Justu kanta honetan dago Juanjo solteen, momentu batzuetan apur bat urratuta dauka ahotsa gainera. Bikaina. Ez dut uste kasualitatea denik horrek diskoko kantarik onena bihurtu izana. 
Abesti hori sortu genuen lehenetakoa da eta agian euskal rocketik gertuen dagoena. Badauka Delirium Tremens-en haize bat eta zuzenean jotzeko ederra da. Esan beharra dago Juanjori grabatzen gehienetakoa kostatu zitzaion abestia dela; bera Tuterakoa da eta ez daki euskaraz. “Eztanda”-ren hitzak nahiko luzeak direnez, zailasunak izan zituen hasiera batean. Hala ere, esan beharra dago bera izan zela taldean sartzen azkena eta gurekin entseatu gabe sartu zela estudioan. Bi arratsaldetan grabatu zituen ahots denak! Lan bikaina egin zuen! Orain jada oso barneratuta ditu abestiak eta zuzenekoetan indar handia hartu dute.

Azkenik, “Ezer esateko” amaierarako uztea erabaki aproposa izan dela uste dut. Dena dauka: sarrera dotorea (efektu eta guzti), Amancay Gaztañagaren biolina, eta erritmo oinarria oso indartsua da. Ahots efektuak oso nabarmenak dira hemen ere.
Diskoko abestirik mantsoenetakoa da eta diskoa ixteko aproposa zela iruditu zitzaigun. Estrofek badute psikodelia eta baita shoegaze estiloaren ukitua ere, baina aldi berean oso errepika erraza dauka kantak. The Smashing Pumpkins-en Siamese dream diskoaren soinua ekar dezake apur bat burura.

Aipatu ezaugarri horiek guztiek nolabait soinua nahiko leuna izatea ekarri al dute? Zuzenekoetan askoz ere boteretsuagoa izango dela uste dut. 
Ez dut uste diskoak soinu leuna duenik baina agian ahotsak melodikoak izateak eraman zaitzake hori pentsatzera… Egia da oso zaindua eta txukun jarriak daudela ahotsak eta ahotsen efektuak. Zuzenean indartsuago sona dezake denak, bai, punkago!

Post-grunge etiketa jarri dizuete hainbat komunikabideetan. Nola islatzen da hori zuen musikan? Gitarren afinazioa eta ahotsa eta gitarren arteko parekotasunean, agian? Ez al dira “Ertza” eta “Ilun dago” post-grunge baino gehiago, grunge?
Ez diogu asko begiratu “etiketari”. Abesti borobilak egitea bilatu dugu, rockeroak eta aldi berean estribillo handiekin. Nik uste dut lehen disko honetan abesti ezberdinak topa daitezkeela… Aipatu dituzun horiek, adibidez, oso grungeroak dira baina badaude beste estilo batzuen ukituak ere diskoan. Gutxi arduratzen gaituen gauza bat da estiloarena, gustuko badugu aurrera!

Bideoklip bat ere baduzue, “Atarian” kantarena hain zuzen ere, Grises taldeko Amancay Gaztañagak egina. Bertan antzeman daiteke kontzertuetan erakutsiko duzuen boterea.
Bai, bideoklip gordin bat nahi genuen egin, zuzenekoak nolakoak izango diren erakusten duena… Hala ere, ari gara pixkanaka gero eta erosoago egoten zuzenekoetan eta indar handia hartzen ari garela uste dugu. Hasieratik esan zigun Amancayk berak egingo zigula lehen bideoklipa eta oso pozik gaude egin duen lanarekin. Bestalde, ideia ona iruditu zitzaigun biolin batzuk sartzea “Ezer esateko” abestian, nahiz eta era oso klasikoan ez izan… efektuz beterik daude biolin horiek!

Ekoizle modura egin dituzun lanak izugarriak dira. Iaz Olatz Salvador eta Izaroren diskoak ekoitzi zenituen, biak ala biak urteko onenen artean aukeratu nituen. Hori baino lehen, zenbat talde gehiago ekoiztu dituzu?
Eskerrik asko! Egia esan oso gustura ari naiz lan egiten estudioan azken urte hauetan. Ia hamar urte dira Gaztain Estudioak ireki nuela eta talde pila pasa dira urte horietan bertatik: Madeleine, Grises, Rural Zombies, Eraso!, Rodeo, Yo Ciervo, Seiurte, Voltaia… adibidez… ederra izan da talde guzti horiekin lan egitea!

Horiez gain, Leok’k taldearen Infinituari segika diskoa ekoiztu zenuen iaz. Gainera, zuk egindako abesti bat ere erregalatu zenien, “Urak hona ekarri nau”, oso-osorik zeuk konposatu eta idatzitakoa. Hitzek zuretzako ere balio dute —pentsatzen dut—, baina Leok’k taldean pentsatzen idatzi zenituela dirudi. Nondik dator taldearekin daukazun harremana? Zure herriko rock talderik beteranoena eta Euskal Herrian rocka euskaraz egiten lehenak izan ziren, 1968an hasi baitziren, zu jaio baino dexente urte lehenago…
Ba nire aitaren kuadrilakoak ziren eta txikia nintzenetik euren istorioak entzun izan ditut etxean. Horretaz gain, Leok’k taldeko abeslariaren semea nire taldekidea da Grises-en. Beraien seme-alabak nire adinekoak dira gutxi gorabehera eta lagunak gara aspalditik. Zestoa herri txikia da eta musikari denak gertuko harremana dugu. Aurreko diskoa ere nik nahastu nien eta oraingorako abesti bat egitea eskatu zidaten; haien historia eta beraiek ezagututa ez zitzaidan asko kostatu idaztea! Esperientzia polita izan zen horiekin lana egitea!

DATOZEN KONTZERTUAK

  • urriak 5, Donostiako Dabadaba (+ Rural Zombies)
  • urriak 17, Bilboko Kafe Antzokia (+ TOC)
  • urriak 19, Tolosako Bonberenea (+ Rodeo)
ETIKETAK:Bap!!Delirium TremensDutEñaut GaztañagaEzpalakGrisesLes MothsLin Ton TaunNegu GorriakPassepartoutRodeoRural ZombiesSeiurteVoltaia