2022.04.25
Urteak daramatzate musikaren munduan Sega Sound Killers osatzen duten kideek: Iñaki Altolagirre Matxet (Jousilouli, Naizroxa, Anai Arrebak), Eneko Lusar (John Berkhout), Eneko Larrañaga (Lionheart) eta Ekaitz Lizarraga (Izaera, Naut). Soinu elektronikoetatik abiatzen dira proiektu honetan, baina oso gustuko dute aurreko taldeetan jorratu izan dituzten soinu rockero eta metaleroak ere txertatzea. 2019an lehen lana kaleratu ondotik, pandemiak errotik moztu zizkien taldearentzat zeuzkaten asmoak, baina indartsu itzuli dira euskal musika eszenari omenaldia egiten dion Dolu lehen disko luzearekin. Matxet-ekin (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1977) izan gara dolu honi eta horrenbeste bizi duten musikari buruz hitz egiteko.
Noiz hasi zineten diskoaren ideiarekin bueltaka? Zertan oinarritu zineten bera sortzeko?
Musikari dagokionez, diskoaren %70-80 pandemia hasi aurretik idatzia geneukan. Konfinamenduaren hasieran, jende guztia bezala geldirik egon ginen, baina hitzak idazten hasi nintzen eta pixkanaka martxa hartu genuen. Azken bi urte hauetan talde asko desagertu egin dira eta toki askok itxi egin behar izan dute. Egoera hori ikusita, aukera ona iruditu zitzaigun eszena hori aldarrikatzeko eta omentzeko. Taldean denok ibili gara eszena horren bueltan: gaztetxeetan, areto txikietan, zuzenekoak egiten dituzten tabernetan… eta gure moduan jende pila bat. Horri guztiari eskerrak ematea polita iruditzen zitzaigun eta ideia horri tiraka joan ginen diskoari forma ematen. Guretzat oso garrantzitsua izan da eszena hori, bertan hezi ginen bai musikalki eta baita pertsona moduan ere.
Nolakoa izan zen diskoaren ekoizpen eta grabazio prozesua?
Gure estudioa den Portugal Txiki baserrian grabatu genuen guk geuk. Ekoizpena ere geuk egin dugu, baina grabatu genuen lehen abestiaren ekoizpena, “Exkalibur”-ena, Mikel Irazokik egin zigun. Aurretik ere ezagutzen genuen Mikel eta asko gustatzen zitzaion gure taldea, baina lan askorekin zebilen eta ez zuen denborarik izan disko guztia ekoizteko. Munduko ekoizle onenekin ibili izan da lanean eta ekoitzi zigun abestiak diskoa grabatzeko eta ekoizteko gako asko eman zizkigun, oso garrantzitsua izan zen. Soinuaren inguruan sekulako oinarriak eman zizkigun, guztia oso era logikoan, eta instrumentu bakoitzari bere tokia eskaini zion. Guk nahiko instintiboki egin izan ditugu gauzak, baina Mikelek beste era batzuk erakutsi zizkigun, asko ikasi genuen. Oso interesgarria izan da berarekin lan egitea, ea etorkizun batean aukera gehiago dauzkagun.
Musika eszenaren eta kulturaren hondamendia kontatzen duzue diskoaren hasieran. Dolu erreala al da hau?
25 urte daramatzat kontzertuak jotzen, eta zuzenekoetan ateratzen genuen dirua musikan inbertitzeko erabili izan dugu beti, baina azken urteotan ezin izan dugu horrelakorik egin. Musikari, areto eta musika teknikari asko joan dira pikutara aurrera jarraitu ezinik. Artea oso garrantzitsua izan da historian zehar mundua aldatzeko eta momentu bakoitzean gertatzen zena kontatzen joateko, baina kulturatik eta sormenetik bizitzea oso zaila izan da beti. Gainera, garai batean, eta gaur egun ere horrela dela esango nuke, musikari ez diren pertsona gehiago bizi dira musikatik musikariak beraiek baino. Orain gehiago indartu da agian dekadentzia hori, errealitatea azaltzen duela uste dut.
Iluntasunari eta minari buruko erreferentziak egon arren, aurrera egin ahala, argitasun eta esperantzarako joera hartzen du diskoak. Garaiotan sentitu duzuenaren isla da?
Bai, hala da. Askotan errealitatea zein den ikusita, iluntasunarekin jolasten dugu, baina betiere esperantzarekin, pertsona positiboak gara eta nik uste diskoan hori islatzen dela.
Aurretik EP bat duzue argitaratuta. Hura zuzenean aurkezten hasi eta gutxira iritsi zen pandemia. Dena bertan behera utzi behar izan zenuten, honek ere eragingo zizuen…
EPa aurkezteko bospasei kontzertu eskaini genituen, eta talde bezala indartzen ari ginen momentuan, danba!, pandemia etorri zen. Beste adin batean edo taldearen beste momenturen batean harrapatu izan bagintu, agian taldea desegingo litzateke. Baina hasi berriak ginen, material asko geneukan eta gure esperientzia eta adinak ere eman zigun gauzak beste era batera ikusteko tenplea. Guztia pasa arte itxaroteko momentua zela barneratu genuen, ez zen erraza izan, baina itxaron egin behar genuen.
“Mikel Irazokik ekoitzitako abestiak ['Exkalibur'] diskoa grabatzeko gako asko eman zizkigun soinuaren inguruan, asko ikasi genuen berarekin”
Aurreko lanarekin alderatuta, hitz gehiago sartu dituzue oraingoan.
Bai, hala da, eta letrak sortzerakoan beste modu bat erabili ditugu gainera. EPan, musika elektronikoan asko erabiltzen den modu bat erabili genuen: indar handia duen hitz edo esanahi bat hartu, eta behin eta berriz errepikatzen genuen. Dolu oso anitza da estilo eta forma aldetik eta hitz gehiago sartu ditugu, baina badira EParen kontzeptu eta giroa jarraitzen duten abesti pare bat ere. Nahi duguna egiteko guztiz askeak izan gara disko honetan eta bertan azaltzen da taldearen izaera.
Diskoan parte hartzen duten kolaboratzaileen zerrenda aipagarria da, abesti batean izan ezik, guztietan dago baten bat.
Erabat natural atera zen guztia. Zuzenekorik ezin genuen jo eta abestiei eskaintzeko denbora gehiago geneukan ondorioz. Kolaboratzaileei proposamena luzatu genienean asko gustatu zitzaien ideia. Diskoak zeren inguruan hitz egiten duen eta gonbidatuak gure eszena berean hezi direla kontuan hartuta, gure aldarrikapena gehiago indartu nahi izan dugu.
Horrenbeste kolaboraziorekin, zuen izaeraren zati bat galduko ote zen beldurrik ez al duzue izan?
Egia esan, ez. Gonbidatu bakoitzak bere ekarpena eta ukitua eman dio parte hartu duen abestiari, baina betiere gure eremuaren barruan. Oso ondo geratu da dena, abestiek irabazi egin dute beraiekin eta oso gustura geratu gara.
Estilo eta talde desberdinetatik zatozte taldekideak, baina nola amaitu zenuten elkarrekin eta elektronika oinarri duen proiektu batean?
Musika estilo bat gogoko badut, gogoko dudan hori ea nola egin dezakedan saltseatzea gustatzen zait. Nire bizitzako momentu bakoitzean buruan neukan proiektua sortu izan dut eta horrelako proiektu bati ekiteko sekulako gogoak nituen. Ekaitz ezagutu nuenean hasi zen forma hartzen guztia, talde elektroniko batean zebilen momentu hartan eta biok batera zerbait martxan jartzearen ideia komentatu genuen. Horrela hasi ginen abestiak sortzen eta hurrena Eneko batu zitzaigun baterian. Hasiera batean hirurok osatu behar genuen taldea, baina beste kide bat sartzea begi onez ikusten genuen eta Lusar sartu zen, gaur egun garen laukotea osatuz.
Rock elektronikoa edo elektronika rockeroa da zuena? Elektronikaz asko jakin edo askorik jarraitu ez duen bati nola azalduko zeniokete zuen musika?
Rockaren elementu asko ditugu, baina elektronika rockeroa egiten dugula esango nuke. Talde elektronikoa gara eta estilo honetako taldeek egiten duten moduan, oinarri elektronikoetatik abiatzen gara ia beti, eta estudioan konposatzen dugu ia guztia. Taldean bateria bat izatea rockaren eragina duten talde elektronikoetatik hartu dugu, asko gustatzen zaigun ezaugarria da. Estiloko taldeen diskoak entzunda, DJ batek eginikoak direla pentsa zenezake, baina zuzenean ikusten badituzu, bateria sartzen dute eta guk ere, diskoan erabili ez arren, zuzenekoetan bateria akustiko bat edukitzea nahi genuen.
Nola ikusten duzu musika elektronikoaren esparrua Euskal Herrian?
Musikalki desberdintasunak izan arren, gure antzerako formatuan talde elektroniko dezente ari dira ateratzen azken urteotan. Orain dela 10-15 urte arraroa izango zen hau gerta zitekeela pentsatzea. Merina Gris, Onki Xin, Dupla… interesgarria da horrelako taldeak ateratzea eta guretzat ere ona da gainera. Talde bakoitzak dauka bere estiloa eta nik uste dut, gure kasuan, egiten dugunaren sustraiak asko nabaritzen direla, 80 eta 90eko hamarkadetako influentziak hor daude.
Influentziak aipatu dituzula, zer musika talde dituzue erreferentziatzat?
Alde batetik, elektronika rockeroa egiten duten taldeak aipatuko nituzke, elektronika potentea gustatzen zaigu: The Prodigy, The Chemichal Brothers, Carpenter Brut… eta bestetik, musika entzuten hasi ginenean ezagutu genituenak: Pantera, Korn, Rage Against The Machine… Elektronika frantsesa ere asko gustatzen zaigu, disco-rock-elektronika nahasketa bikaina egiten duten taldeak daude bertan: Justice, SebastiAn, Kavinsky… Guretzat garrantzitsua den beste elementu bat estetika da eta horretan, zinemak eragin handia du guregan. 80-90 hamarkadetako zinemaren beldurrezko eta fantasiazko mundua asko gustatzen zaigu. Eremu horretan, John Carpenter zuzendaria aipatuko nuke erreferentzia moduan, sortzen dituen film eta soinu bandak oso gustuko ditugu.
“Oso lan intentsoa izan da, baina gauza asko ikasteko balio izan digu. Proiektu bat zerotik nola sortu ikusi dugu eta sare sozialek duten garrantziaz are gehiago jabetu gara”
Musikaz gain, aipatzekoa da sare sozialetan diskoari eta diskoaren ideiari buruz argazkiekin, elkarrizketekin edota testuekin sortu duzuen material guztia.
Oso lan gogorra izan da, baina ere berean oso polita eta aberasgarria. Azken urte hauetan ezin izan dugu zuzenekorik eskaini eta diskoa finantzatzeko finantzaketa kolektibo bat abiatu genuen. Oso lan intentsoa izan da, baina gauza asko ikasteko balio izan digu. Proiektu bat zerotik nola sortu ikusi dugu eta sare sozialek duten garrantziaz are gehiago jabetu gara. Proiektuarekin hasi ginenean ez geunden oso sartuta sare sozialetan, baina lanak aurrera egin ahala, gero eta gehiago murgildu ginen eta ideia desberdinak joan zitzaizkigun bururatzen. Euskal Herrian bira bat egin genuen toki desberdinetan argazkiak atera eta guretzat izan direna azalduz. Gure unibertsoa sortu genuen doluaren inguruan, eta aretoetako jendearekin, musika teknikariekin, artistekin… elkarrizketak egin ditugu gaia ardatz hartuta. Bizi izandakoa nola eraman duten, orain zein egoeran dauden… joan gara aztertzen. Oso lan osoa geratu da, eta hasieran aipatu moduan, eszenarekiko gure esker ona azaltzeko modu bat izan da.
Zorionez, kontzertuetarako eta gainontzeko ekintza kulturaletarako sare indartsua eduki du Euskal Herriak. Eszena berriro ere martxa hartzen ari dela dirudien aldi honetan nola ikusten duzue egoera? Pandemiak ondorioak utziko al ditu?
Nik uste dut orain loratu egingo dela eszena berriro. Denbora batera ikusi beharko dugu, baina aurretik zegoen martxa hartzen ari da zirkuitua. Musikaren munduan sartu nintzenetik gaur egunera, egoera aldatu egin dela iruditzen zait, baina zorionez eszena oso indartsu mantentzen duen jende gaztea dago eta etorkizunean ere jende gehiago engantxatzen jarraituko dute gazte horiek. Testigua aldatzen doa belaunaldiz belaunaldi eta bakoitzak bere aldaketak txertatzen dizkio kulturari. Oso kuriosoa da, orain urte dezente, Madrilen flipatu egiten zuten Euskal Herria bezalako herrialde txiki batean disko asko saltzen zirelako. Ez du zerikusirik kontzertu bat hemen edota Katalunian, Andaluzian edo espainiar estatuko beste toki batean jotzeak. Hemen guztia oso ondo antolatuta egon izan da beti. Oso eszena indartsua da.
Eta zeintzuk dira kulturan eman diren aldaketa horiek?
Musikaren alorrean, gu musikan hasi ginenean, alde batetik, diskoetxeekin diskoak kaleratzen zituzten taldeak zeuden, eta bestetik, maketak eta horrelakoak ateratzen zituzten taldeen eszena underground bat zegoen. Disko bat kaleratzeagatik ere underground-ean zeunden, baina beste aukera batzuk zabaltzen zizkizun. Gure ilusioa diskoa ateratzea zen, bagenekien horrek ate asko irekiko zizkigula kontzertuetarako, jaialdietarako…. Euskadi Gaztea ere hor zen, apustu handia egiten zuten hemengo taldeekiko eta beste babes bat zegoen orokorrean. Gaur egun lausoagoa da hori guztia.
Esan duzun moduan, diskoa sortzeko finantzaketa kolektiboaren aukera erabili zenuten. Zer alde on eta zer alde txar eskaini dizue bide honek?
Gauza on asko izan ditu guretzat. Horrelako bideek proiektua finkatzen laguntzen dizute eta kanpaina argitaratzen duzun momentutik sekulako promozioa ematen diozu zure lanari. Hala ere, eskatzen duen prozesua zehatz-mehatz ez baduzu eramaten, zoratu egin zaitezke egiteko guztien artean, oso ondo egon behar zara antolatuta guztia aurrera ateratzeko. Ez dakit aurrerago berriz erabiliko ote dugun horrelako bideren bat, baina oraingoan behintzat nahi genuena lortu dugu: pandemiatik, disko batekin, promozioa eginda eta aurkezpen kontzertuak jotzen atera gara. Oso esperientzia ona izan da.
Aurrera begira, zeintzuk izango dira taldearen hurrengo pauso edo helburuak?
Azken bi urteetan gozatu ezin izan dugunaz gozatu nahi dugu ahalik eta kontzertu gehien emanez. Orain hiriburuetan ari gara promozioa egiten eta hemendik eta uda aldera arte lotuak dauzkagu zenbait data. Beste ideia eta aukera batzuei ere bueltak ematen ari gara eta espero dugu gauza gehiago joatea ateratzen.
→ Sega Sound Killersen kontzertu agenda