2023.11.22
Berdin du belaunaldia, berdin du zein euskal bazterretan, badago gure musikaren bizkarrezurra gorpuztu duen talde sorta bat, musikazale guztientzat puntu komuna dena. Badaude lauzpabost talde disko zale amorratu guztiek etxeko bilduman dituztenak. Hala ere, horietako gutxi dira euskal musika garaikidean ibilbide egonkor eta luzea izan dutenak, revival eta bira berezi zein susmagarriak alde batera utzita, noski. Leihotikan-en musika hainbat formatutan entzun da: kasetean, mp3an… baina ia beti gazteen aurikularretan barrena. Euskal gazteria manugatzairen belaunaldi bat baino gehiago musikatu du Iruñeko punk rock taldeak. Agian inoiz ez delako bertako ohiko punk rock taldea izan. Husker Du edo Adolescentes erreferente melodikoagotzat datoz burura, eta noski Bad Religionen idazteko era, hitzei buruan eragiteko zuku guztia ateraz.
Taldeak musika bizimodutzat du. Berdin du GOR-en babes garrantzitsua galtzea, industriaren denborak aldatzea, euskal eszenako soinu berrien agerpena… abestiak egiten dakite, eta ondo ziurtatzeko gainera, Gorka Urbizuren (Berri Txarrak) ekoizpenarekin arrakasta ziurtatu dute (eta noski, abestiren batean kolaborazio sopresa dago!). Hala, ibilbide luze batean zehar metatzen joaten diren hainbat inertziekin apurtu eta lan borobila argitaratu dute, Etorkizuna ginenean (Txorimalo Records) zigilu propioa estreinatuz, gainera. Abestiei freskotasuna darie, betiko sendotasuna mantenduz eta batez ere hitz borobilak eskainiz, irakurri eta idazten duenarentzako. Entzunerraza eta arina da lana (zortzi abesti ordu erditxoan), baina baita itsaskorra eta aztarna uzten duen horietakoa. Haiek inork baino hobeto azalduko dutelakoan, jarraian Gorka Armendarizekin (kantaria) izandako elkarrizketa, eta abestiz abestikako estreinaldia, urte askotarako Leihotikan espero dezakegun seinale.
Zerk bultzatzen du talde bat hainbeste urte eta gero musika eta disko berri bat egitera?
Azkenean taldea eta musika zure bizitzeko modu bihurtzen dira, eta beti duzu erronka edo motibazio berri bat. Oraingoan nabaria izan da Gorkarekin [Urbizu] elkarlana egitea. Hasi berriak bagina bezala ibili gara, ilusio handiz eta momentu guztietan gozatzen eta ikasten.
Zelako eragina izan du zuen ibilbide luzeak musika eta hitzak konposatzerako orduan? Ze puntutan zaudete orain?
Abiapuntua argi genuen hasieran: musika azkarra, ahots melodikoarekin eta euskaraz. 30 urteren ondoren oinarria mantentzen dugu, baina hasieran hitzez eta musikaren oinarriaz taldekide bakar bat arduratzen bazen, denborarekin aldatuz joan da, ardurak beste taldekidetara zabalduz. Gaur egun edozein taldekidek egiten ditu, nahiz eta elkarlana beti mantendu dugun.
Gazte asko oso prestaturik daude eta gauza berriak egiten badituzte ere, hemen egin den aurreko musikari beti errespetu edo begirune handia erakutsi diote
Eszena eta panorama musikala ere aldatuz joan da. Zelan ikusten duzue? Non kokatzen duzue zuen burua egun?
Egia esan, izugarri zabaldu da euskaraz egiten den musika. Estilo guztietara eta batez ere tendentzia berrietara. Gure ibilbildean gaztetxeak eta txosnak izan dira jotzeko toki nagusiak. Gorabeherak egon badira ere toki horiek mantentzen dira, baina egia da azken aldian edozein estilotako musika taldeekin egokitu zaigu oholtza elkarbanatzea, sarritan elektronikoa eta hori orain dela urte batzuk pentsatu ezina zen. Arraroa egiten zaigu bateria edo instrumentoak erabiltzen ez dituzten taldeekin jotzea. Baina musika eta estilo aniztasun hori positibotzat jotzen dugu. Gainera gazte asko oso prestaturik daude eta gauza berriak egiten badituzte ere hemen egin den aurreko musikari beti errespetu edo begirune handia erakutsi diote. Gure kasuan horrela sentitu dugu.
2018tik ez duzue musika berririk argitaratu, eta disko honek orduko Non zaude? baino lasaiagoa, goxoagoa… dirudi. Zuek zer uste duzue? Zergatik?
Ez dut uste lasaiagoa denik, agian singleak lasaiagoak dira, baina diskoa bere osotasunean entzunda, Gorkaren [Urbizu] eskua nabaritu arren, %100 Leihotikan izaten jarraitzen duela esango nuke. Ez dakit, ea zer harrera daukan eta ea zaleek zer dioten.
Normalean argitaratzen dituzuenak baino motzagoa bada ere, badago intentzio edo hausnarketarik formatu edo narratibari dagokionez?
Azken aldian abestiak banaka ateratzen dituzte artista askok, batzuetan digitalean soilik. Guk, aldiz, azkeneko diskoarekin kontrakoa egin genuen: disko bikoitza izan zen eta ez genuen abestirik aurreratu. Baina berehala konturatu ginen formatu hori ez zela hain erakargarria, hau da, hainbeste abesti batera ateratzea. Beraz azkeneko lan hau ‘arinago’a izatea nahi genuen eta zalei ere gutxinaka eskaintzea.
Zer izan da Gorka Urbizurekin eta Eñaut Gaztañagarekin diskoa grabatzea? Konpositore onak dira biak, ze motatako elkarlana suertatu da?
Izugarrizko esperientzia izan da guretzako. Musikari apartak dira eta burubelarri aritu dira lanean, baina beti hurbiltasun handiz. Ikaragarri ikasi eta disfrutatu dugu. Konexioa primerakoa izan da eta beraien artekoa ere nabarmena. Hasieratik lokalean Gorkarekin aritu gara, abestiei forma ematen eta esan bezala oso gustura. Gainera ohitura batzuk hartzen dituzu disko berri baten aurrean, eta Gorkak konfort zonalde horretatik irtenarazi nahi gintuen, adibidez Eñautekin Gaztain estudioetara joatea. Orain artean disko guztiak Iruñean edo Iruñerrian grabatuak genituen.
Zelan eragin dio taldearen funtzionamenduari zuen bilakaerak? Berdina al da rock talde bat izatea 20 urterekin edo 40 urterekin? Eta 1990ean edo 2023an? Zer desberdintasun dago? Zailagoa edo errezagoa egiten da?
Hasieran, 18-20 urtekin arazo ekonomikoak tresnak erosteko, lokala ordaintzeko, bestalde kontzertuetara bi edo hiru kotxetan joan behar genuen. 40 urterekin jada egonkortasun gehiago duzu (izan dugu), ekonomikoki arazorik ez tresnak, lokala eta beste gastuentzako ere. Taldearena den furgoneta bat dugu. 20 urterekin kontzertua jo eta gero parranda izaten zen. 40 urterekin kontzertua bera da parranda, dibertsioa taularen gainean dago.
GOR eta Leihotikan familia ginen eta utzi zutenean pena izugarria izan zen
Zer da Txorimalo Records? Zelakoa izan da GOR-ekin izan duzuen harremana taldearentzat, eta zer izan da haien agurra zuentzat?
GOR eta Leihotikan familia ginen, eta utzi zutenean pena izugarria izan zen. Harreman handia genuen eremu pertsonalean ere. Baina, egia esan, lehen diskoetxeak eskaintzen zizkizun gauzak, guk egiten ditugu orain. Horretarako sortu genuen Txorimalo Records, Gor desagertu ondoren, taldekideok hartu dugu ardura guztia. Beraz honekin ere asko ikasten. Betidanik diskoetxeak egin duena guk egin behar orain.
Ze etorkizun plan du taldeak? Birarik egongo da? Ze erronka izan ditzake zuzenekoan taularen gainean hainbeste eskarmentu duen talde batek?
Etorkizun planak, lana modu egoki batean aurkeztea da; eskarmentu handia dugu, baina oholtzara igo aurretik barruan oraindik kili-kiliak izaten ditugu eta jotzen hasi eta sekulako adrenalina igoera. Aurreko diskoetan ez genuen aurkezpen birarik egin. Ateratzen ziren kontzertuak probesten genituen diskoa aurkezteko. Oraingoan honi eutsi diogu, eta gu aurkezpen kontzertuak prestatzen eta programatzen gabiltza. Ez dira oso ugariak izango, baina Euskal Herrian toki desberdinetan egon nahi dugu. Hiriburuetan seguru baietz, eta Madril eta Bartzelonan ere egotea dugu intentzio.
Komentatu diskoa abestiz abesti:
• ‘ZAILA’: Diskoaren Introa dela esango genuke. Abesti zuzena eta zehatza. “Prezioak gora eta soldatak behera”. Hau da egoera eta zein zaila den egoera sozioekonomiko horri buelta ematea…
• ‘ETORKIZUNA GINENEAN’: Geure belaunaliaren inflexio puntua. Gaztaroari begira gelditzen gara momentu batez eta galderak sortzen dira. Nola ikusten genuen mundua, nola ikusten dugun geure burua orain mundu horretan. Nola kokatu, eta abar. Denboraren halabeharrezko joanaren erreflexioak abiadura azkarrean Gorka Urbizuren eskutik.
• ‘ZU GABE’: Marisa Zubiriren poemaren moldaketak emanten dio emoziaren pisu osoa abestiari. Gertuko kide baten galera bihotz-erdiragarriaz mintzantzen da oso ‘hardcoreta’ eta teknikoa den abestian.
• ‘IZAERAREN ERREKA’: Oso erritmo jasangarria, lasaia, eredu normatiboetatik at dauden (edo gauden) pertsonen harira Iñigo Ibarrarekin izandako elkarrizketa. Zein garrantzitsua den gai hauetaz hitzegitea eta haiek lantzea, eta babestua sentitzea. Azkenean, gizartean zaharaturiko perzepzioak gainditu behar ditugu kolekitbo ahulenak ahalduntzeko.
• ‘AZKEN MISIOA’: Nobela beltz batean egongo bagina bezala, Harold Pinterren The Dumb-waiter antzerki obran oinarrituriko bi sikarioen istorio batean sartzen gara. Atmosfera iluna eta oso literarioa, soinu desberdinekin eta erritmo aldaketekin moldatuta.
• ‘ARMARIK EZ DUT BAINA’: Gizarte zaratasu honetan babeslekua izatea da mundua hasi zenetik gizakiak bilatzen duena. Baina zer egin zarata barrualdean dagoenean? Nora ihes egin orduan? Beti prest egon behar garen sistema honetan errukirik ez da erortzen denarentzat. Eta bai, txikiak izango gara baina defendatzen badakigu. W.H. Audenek dioen bezala, ez dut armarik baina badakit listua botatzen. Leihotikanen betiko estiloa babesten duen abestia.
• ‘ASKATASUNA’: Zer nolako aldaketa eta degradazioa egon den Askatasuna hitzarekin denboraren zehar. Nortzuk eta zertatarko erabiltzen zuten 70.eko belaunaldian, eta nortzuk erabiltzen duten orain. Abesti azkarra ia elementu psikodelikoekin nahasturik. Minutu bateko esperimentu antzeko bat.
• ‘BETIDANIK ETA BETIKO’: Maitasun kantu bat. Gure estilotik aldentzen dena baina gure estilora ekarri nahi izan duguna. Gaia erromantizismoa gainditzea, gozotasunetik hustu eta haratago eramaten saiatu gara. Lagunduta egotea eta sentitzea, bizi-proiektuak partekatzea mundu berri, lasaiago eta berdinzaleago baten bila. Gauzak aldatu ahal izateko dugun beharrari eta eskubidearen garrantziari begirada baikor baten pean.