Elkarrizketa

Mikel Izarra

2022.02.15

Mikel Izarra

“Harro sentiaraziko gaituen zerbait sortzeko saiakera bat da Bananas”

Elkarrizketa: Bananas

Donostialdeko boskote eraberrituak argi uzten du nondik datorkion eragina, edo zein den taldekideen arteko elkargunea, behintzat. Screamoaren soinu estetika klasikoko gitarra dotoreak, melodia garbiz atondutako distortsioa, oihukatutako ahotsak… Crystal Mine zigiluak kasetean argitaratutako lehen erreferentzia labur baina mamitsuaren ostean, binilozko edizio polit eta txukunean bildu dituzte zortzi abesti, Viva Belgradoko Candido Galvezen kolaborazioa medio. Ander Xabier Tejadasen diseinu nostalgiko eta bitxiaz jantzi eta hainbat zigiluren artean argitaratu dute Garun ta eztarri.

bananas

Xabi Arratibel + Gartxot Unsain + Ander Xabier Tejadas + Itzal Uranga + Borja Iriarte = Bananas

Abesti bakoitzari behar duena eman diote. Behar den guztia: koruak, gitarra bikoiztuak…. Itzal Urangaren zarrasta atmosferikoek ahotsaren melodiak biribiltzen dituzte. Ondo dakite proiektu bakoitzean leku propioa bilatzen, eta honek ez dauka Madeleineren arrasto handirik. Planteamendutik dira bestelakoak proiektuak, eta abestien egituran eta testuretan argi entzun daiteke.

Gartxot Unsainek ahotsa dominatzen du, urratu eta melodikoaren artean maisuki aukeratuz abestiek behar dutenaren arabera. Agian ez da batzuek espero zuten erregistro bortitzena, baina helduagoa da, erosoago abestuta eta gozatzeko paradaz. Eten gabe letra tartetan ulu grinatsuak sartzen, managaitz. Ospatzen bezala. Gozatzen. Agian esperientziari eskatu diezaiokeen bakarra hori da: gozatzea.

Eta noski, hori guztia hartzaileak somatzen du. Konfidantza biziz jotzen duen taldea, barruraino sartzen diren testu eta ereserki zintzoekin, zu ere biluzten zaitu; gotzatzeko prest. Bizitzeko gogoa ematen duten gitarrak eta bateria arinak. Horrelako diskotzarrak entzuteko bada bederen.

Hau hogeita bostgarren sarrera bertsioa da, taldearen galderak aspaldi jasota. Baina diodanez, ezinezkoa zait talde honek eragiten didana hitzez deskribatzea. Pogoan, bederen.

Edo ez, zure egarria ez da nire gosea.

Zein da taldearen planteamendua? Zertarako elkartu zineten?
Touché Amoré taldearen Stage Four diskazoak gugan izan zuen eragina izan zen abiapuntua. Denok elkar ezagutzen genuen lehenagotik, talde dinamika zein eszenatik, eta gure beste proiektuen artean oasi txiki bat sortu nahi genuen, “berriz egur pixkat eman” edo. Asmoa bost abesti inguru egitea zen, momentuan sentitzen genuenaren lagin txiki bat. Eta hala egin genuen Azal bat, urdina.

Guztion dinamikak kontuan hartuta gauza puntuala zen, jarraipenik ez bazuen ere ederra, eta lasaitasun horrekin ekin genion. Gerora, jendeari gustatu eta inertziak berak eraman gaitu, gure lasaitasunean, abesti sorta berri bat egitera, lehen lan luzea. Bidean hasierako gogoak pittin bat eraldatu dira, horregatik eman genuen Dabadabako kontzertua. Eta inork ez daki etorkizunean nola arituko garen. Baina gu abestiak egiteko sortu ginen, azalean eragiteko, ahal dela, nekezak diren talde dinamiketatik kanpo.

Taldea betiko promesa luzea da edo bat-batekoa? Ez al zenuten eskarmentu nahikorik talde batekin?
Bat-batekoa izan zen bere garaian, bulkada moduko bat. Asko ezagutzen dugu elkar denok hemen inguruan, batak bestearekin talde bat du, besteak harekin beste pare bat, baten anplia lehenago bestearena zen, eta honek harekin kolaboratu du eta abar.

Talde kopuruaren inguruan… Beno, anbizio ezberdinak ditu norberak bizitzan, batzuk lana gehi talde batekin bizi dira eta komeriak, beste batzuek bi dituzte, baten bat badabil bost talde ingurutan musikatik bizi edo hil nahian. Denetarikoak gara, baina hau elkargune bat izan da, harro sentiaraziko gaituen zerbait sortzeko saiakera bat.

Zelan erlazionatzen da proiektu hau eduki dituzuen edo dituzuen beste batzuekin? Paraleloa da? Jarraipena?
Paraleloa da. Beste proiektu egonkortu batzuk baino lan gutxiago eskatzen zuen hasiera batean, entsegurik ez eta gauza gutxi. Garun ta eztarri diskoa sortzeko prozesuan akaso, lan karga igo da, kontzertua prestatu, edizioa, zigiluekin hitz egin, mertxa, gmail kontu bat… Esango nuke, hala ere, erraz egiten dugula beste proiektuekin bizikidetza hori.

Lehenengo erreferentzia atera zenutenean taldea ezberdina zen. Zergatik? Nola eragin dio aldaketak taldeari? Zein da taldearen muin artistikoa?
Muin artistikoa beti kolektiboa izan dela esango nuke, bakoitzak dakien lekutik eta ahal duen moduan. Bizitza aldaketa da eta taldeetan ere hala pasatzen da. Lehen EP hartan Ruben Ramosek izugarrizko lana egin zuen, nik esango nuke hazi handiena berea izan zela, eta oraingoan, bere ordez Tejas [Ander Xabier Tejadas] ibili da gitarran nagusi. Beste laurok maila berean aportatu dugu, riff, kontzeptu, konposizio edo edozein esparrutan.

Estiloak urrezko aroa izan zuen aspaldi… Orain gitarren gainbeheran zelan ikusten duzue? Ba al duzue kiderik estiloaren baitan?
Ez dakit urrezko aroa zen baina guk gogoan dugu 2000-2010 inguruko garai hori, hor hasi ginen ia denok, hor eman genituen kontzertu pila, hor ezagutu ginen eta hor jabetu ginen inguruan bazela gure pasio iguala zuen jende mordoa. Ondare itzela dira oroitzapen horiek guztiak, gazteagoak ginen, eta nahikoa zen bizitzari oihuka aritzea, honek ez zuen bueltan ezer eskatzen.

Pentsatu nahi dut “heldutasunak” bide berriak dakartzala, eta horretara ohitu behar izan garela gu ere, besteen moduan. Bidean, ez dakit gainbehera bat egon den, nik jendea gauza asko egiten ikusten dut. Agian bada bakarlarien loraldi bat, eta gutxitu dira talde edo kolektiboaren indarra duten proiektuak. Baina nik ez diot zantzu negatiborik ikusi nahi. Inguruan baditugu egurrean dabiltzan taldeak: Tooth, Habi, Etxekalte, Giante

“Rankinetatik kanpo, eguneroko erantzuna izan da onena. Babestuta sentitu gara, jendeak aukera bat eman dio diskoari. Ezin gehiago eskatu”

Letren aldetik, Yaw talde arrakastatsuaren jarraipen bezala har daitezke? Gartxotek idatzi dituen existentzialistenak dira? Aurreko erreferentzian baino pesimistagoak al dira? Nondik datoz?
Ja ja ja, arrakastatsua? Ez nuke esango Yaw-en jarraipena denik, ni bertako taldekide izanda, bai Duo, Gorri eta Beniri zor zaien errespetuagatik, baita Bananaseko kideei ere. Hitzak nik idazten nituen Yaw proiektuan eta hemen ere bai. Horrek konexioa sortzen du, modu berean ari naizelako 10 urte beranduago, existentzialismotik erantzunak aurkitu nahian. Estiloak ere baditu antzekotasunak, baina beno, ezberdintasun ugari ere bai. Nik berdin jarraitzen dut, hitzekin soilik hartzen diot zentzua bizitza honi, ez dakit hori pesimista izatea den, akaso bai… Baina nire bidean sentitutakoei forma ematea beti izan da bizitzen ari naizenaren testamentu txiki baten modukoa, nire biografia emozionala.

Agian denborarekin mundua zein leku iluna den ikusi dut, baina baita nire barne munduaren argi indartsuagoaz jabetu ere. Beraz bi horien arteko talka bat da. Eta hala izango da beti.

Letrak oso serioak diren arren, portada nahiko irrigarria egin duzue. Zergatik?
Horregatik jarri dut heldutasuna komatxo artean lehenago. Funtsean sei urteko ume bagara ere taldekide guztiak. Eta norabide bisualari askatasun moduko bat eman nahi genion, estiloak izan ohi duen iluntasunaz harago. Gure iragan zein eguneroko irudiz osatutako kollage bat egin nahi izan genuen eta nik uste Tejasek izugarrizko lana egin duela.

Diskoa Mondo Sonoro aldizkariko 2021eko hardcore disko hoberena izandatu da. Zelan hartu duzue? Estiloko zein beste disko gustatu zaizue?
Sorpresa hartu genuen. Ni, pertsonalki, ez naiz oso ranking sinestuna, subjektiboak dira guztiz, eta hemen garaipen onena lasterketetan ez sinistea da. Hori esanda, ikuspuntu linguistiko batetik, mezuaren intentsitateak estatu mailan ere zerbait sortu badu, euskaraz sentiarazi badiogu zerbait norbaiti, hori niretzat lorpen ederra da, bai hemen eta bai han.

Rankinetatik kanpo dagoen eguneroko erantzuna izan da, hala ere, onena. Jendeak binilo asko erosi dizkigu, aipu asko egin dizkigu, komentarioak, eta babestuta sentitu gara gertukoengandik.

Nik uste dut harrotasun puntu handi batekin entzuten duela gutako edonork disko hau. Prozesu oso naturala izan da sortzea, eta behin kaleratu denean jendeak aukera bat eman dio. Ezin gehiago eskatu. Nik aurten estiloko gauza gutxi entzun ditut. Igual Habi eta Etxekalte izan dira nire aurkikuntza onenak.

Lehen edizioa kasetean egin zenuten Crystal Mine zigiluarekin. Orain, biniloan eta zigilu askorekin. Zer intentzio dago jauzi honen atzean?
Intentzioa edo jauzi baino gehiago momentuko erabakiak izan dira. Kasetean atera genuen lehena eta baita azkena ere, formatu kuriosoa delako eta bazelako hau egiteko bidea. Biniloen kasuan, urte asko daramatzagu denok musikaren inguruan. Bidean laguntasun asko egin ditugu, eta diskoa genuenean haietako askori galdetu genien elkarbanatutako kaleratze bat burutzeko gogorik ba ote zuten. Denak animatu dira, diskoa asko gustatu zaie, eta hori sorpresa handia izan da, niretzat pertsonalki oso metafora ederra da. Laguntasunarena.

Aurrekoarekin ez zenuten zuzenekorik eman, baina oraingoan bai. Zergatik? Zein izan da harrera?
Aurrekoarekin ez genuen eman hala erabaki zelako. Bost abesti sortu genituen, modu puntualean, ez genuen ez gogo ez materialik. Jendearen erantzun positiboa eta gure gogoa batu dira aurten. Kaleratu ostean, diskoaren aurkezpen moduko gauza puntual bat egitea zen gure ilusioa eta egia esan EPIKOA izan zen Dabadabako kontzertua. Erantzuna espero genuen baina ez horrenbestekoa. Sarrerak ia-ia agortu genituen, jendeak hitz guztiak zekizkien, izerdi pila, botzoak, jauziak. 40 minutuz ahaztu genuen pandemia alu hau. Niri lehen aipatu duzun urrezko aroa gogorarazi zidan, han baitziren azken urteetan bidelagun bilakatu diren asko. Kontzertu puska eman genuen. Niri ez zait inoiz ahaztuko.

Zer plan ditu taldeak etorkizun hurbilari begira?
Ez dugu planik. Taldean bada sentsazio bat ederra den zerbait egin dugunarena, eta hori zaindu nahi dugu. Lehen esan bezala, bizitza hor dago, baita taldekide ezberdinen inertzia zein asmoak ere, beraz denborak esango du. Nik uste gauza puntualak egingo ditugula, ondo erabaki non eta noiz jo. Sentsazio hori daukat.

ETIKETAK:BananasEtxekalteGianteHabiMadeleineToothYaw