Elkarrizketa

Asier Perez Karkamo

2019.02.07

Asier Perez Karkamo

“Harro diot bederatzi urteko bidaia paregabea izan dela”

Elkarrizketa: Galder Izagirre

Hondarribiko Blagan Euskara Elkarteak Fermin Muguruza eta Galder Izagirre elkartu zituen otsailaren 6an, bertsoz gidatutako Euskara oholtzatik at goiburuko solasaldian. Norbere inguru musikalean, oholtzatik kanpora, nagusi diren hizkuntza ohituren inguruan aritu ziren bi musikari irundarrak Kultur Etxean. Hortik abiatuta, abagunea probestu dugu beste hainbat kontu aipatzeko Galder Izagirrerekin: Big Crunch taldean duela 25 urte hasitako musika ibilbidea, Berri Txarrak-en agurra, argazkilaritza, etorkizuneko asmoak… Elkarrizketa Berri Txarrak-ek martxoa eta apirilean Euskal Herrian eskainiko dituen kontzertuen berri eman aurretik dago egina.

galder-izagirre1-900x563

Galder Izagirre musikari eta argazkilari irundarra. (Asier Perez-Karkamo)

Urte askoz oholtzan eraman duzu euskara mundura, azken urteetan Berri Txarrak taldearekin. Ez dago ingelesez abestu beharrik kanpora ateratzeko, ez da hala?
Ez, eta era berean, ingelesez abesteak ez dizu bermatzen kanpora irtetea. Gure asmoa musikaz disfrutatzea den heinean, libreagoa gara gure hizkuntza propioan funtzionatzeko, eta ez musika industriak ezartzen dituen hizkuntza hegemonikoetan. Ameriketara goazenean gure helburua ez da multinazional batek fitxatu, ingelesez disko bat egin eta milioika disko saltzea, baizik eta, garena garela, musikaren pasioa elkarbanatzea entzun nahi digun horrekin. Berez bira hauek defizitarioak dira beti, baina egiten jarraituko dugu. Azken finean, musika lengoaia unibertsala den heinean, ahalbidetzen digu edozein kontinentetan gaudela ere elkarrekin komunikatzeko aukera izatea. Eta era berean, gure helburu nagusia hori izan gabe, hizkuntzaren bidez nor garen adierazteko aukera izan dugu. Esango nuke, gainera, zenbaitentzat esker onekoa dela hain saturatuta gauzkan mundu anglosaxoitik at beste sonoritate bat, beste tinbre batzuk entzutea.

Iazko abenduan, Burgosko La M.O.D.A. taldeak Madrilen emandako kontzertuan, milaka pertsonek euskaraz kantatu zuten Gorka Urbizuk kolaboratu duen “Prmvr” abestia. Zuek ere geroz eta jende gehiago biltzen ari zarete, geroz eta urrutiago iritsi da Berri Txarrak, Zeelanda Berriraino. Kanpotik begiratuta, une gozoan zaudetela dirudi. Barrutik ere hala ikusten da, disfrutatzen ari zarete uneaz?
Bai, badira urte batzuk kristalezko sabaia apurtu genuela, hala esan izan dugu. Berri [Txarrak] izan da talde bat jarri zaizkion muga guztiak gainditu dituena, eta era berean, uste dut ez garela gailurrera iritsi. Egun, Berri da proiektu bat jakiterik ez dagoena noraino iritsi daitekeen. Proiekzioa ikaragarria da, edo zen [barrez], eta ziurrenik gauza asko geratzen ziren disfrutatzeko oraindik.

Horiek etorriko dira, akaso?
Pentsatzen dut baietz. Otsailaren 16an Miarritzen abiatu eta azaroko azken egunetan amaituko den azken bira honetan seguru asko horren frogak izango direla.

Uzteko, edo atseden hartzeko, erabakiaren iragarpenak sekulako oihartzuna izan du. Zaleen erantzuna oso handia izan da, sare sozialak sutan jarri zenituzten, Iruñeko azken kontzertuarekin gertatu dena… Zerk harritu zaitu gehien?
Esan dizudan bezala, badirudi Berriren inguruan dagoeneko ez gaituela ezerk harritzen. Oso zaila gertatzen zaigu neurtzea zer nolako hedatze-uhina izango duen egiten dugun pauso bakoitzak, baita hanka sartzen dugunean ere.

Musikari bezala, zer suposatu du zuretzako Berri Txarrak taldeko kide izateak? 
Burua zabaltzeko modurik onena da bidaiatzea eta horrelako mundua deskubritzen hasiak ginen Dut taldearekin, Ferminen laguntzarekin 1998an, orain dela 21 urte. Ezagutu genuen Amerika goitik behera, Europa osoa, baina baita musika arloa nola bideratu modu profesionalean ere. Berrin sartu nintzenean dagoeneko gaur jasotzen gabiltzan fruituak ereinda zeuden, eta uste dut nire esperientziatik ere horretan lagundu ahal izan dudala, aurretik ikasitakoa garatu ahal izan dudan neurrian. Harro diot honakoa bederatzi urteko bidaia paregabea izan dela.

“Berri Txarrak izan da talde bat jarri zaizkion muga guztiak gainditu dituena, eta era berean, uste dut ez garela gailurrera iritsi”

Hain urruti jotzea, hainbeste jenderen aurrean, kanpoan grabatzen… Nolako esperientzia izan da, edo ari da izaten?
Grabatu dugu rock munduan oso garrantzitsuak diren teknikari zenbaitekin, baita musikariekin kolaboratu ere, zenbait jaialdi handitara joan gara… Era berean, hemen kanpoan bezain disko onak grabatu daitezke noski, galdera hori sarritan egiten digute. Berriren kasuan adibidez, beti iruditu zait Kaki Arkarazorekin Garaten grabatutako Librediskoak taldearen momentuko izaera eta soinua ezin hobe islatzen duela. Horrek ez du esan nahi kanpora grabatzera joateak kapritxo hutsala denik, baizik eta bertako ikasgaiak, teknikoak zein esperientzia pertsonalekoak, aberatsagoak direla, hemen garenaren mapa osatzeko balio digun heinean. Kanpoan zaudela ikasgai handienetako bat beti izaten da hemen daukazunaren perspektiba.

Zu zertan aldatu zara taldean eman dituzun bederatzi urteetan?
Batez ere esperientzian. Kanpora zoazenean izen handiko produktore horiekin grabatzera, edo BEC-era 10.000 lagunen aurrean jotzera, horrelako egoeretan beldurra da nagusi. Baina atzera biderik ez dagoenez, aurrera egiteko gai izaten zara, eta horrek zure buruarekiko konfiantza txute bat ematen dizu. Horrekin batera zure beldurrak kudeatzeko giltza topatzen duzu, esperientzia deitzen duten hori. Hori litzateke nire aldaketa nagusia Berrin sartu nintzenetik, teknikoki ez dudalako uste gehiegi aldatu naizenik.

Iazko martxoaren 17an izan zen Barakaldoko kontzertu hori. Jaialdi jendetsuetan egon zarete, MTVren kontzertuetan ere, baina BECekoa berezia izan zen, han bildu zen jende guztiak helburu bakarra zuelako, Berri Txarrak ikusi eta entzutea. Nola gogoratzen duzu?
Ardura gurea zen, gu ginelako antolatzaileak, eta neurriko zerbait antolatu nahi genuen. Kontzertua bera ezin zen izan beste kontzertu bat, baizik eta kontzertu berezi bat. Egia da urte hauetan izan dugun esperientzia metaketak ahalbidetzen zigula zerbait desberdina edota arriskatuagoa egitea. Hori horrela, hiru ataletan planteatu genuen emanaldia, baita eszenatokia bera ere. Hala, bigarren zatian boskote  bilakatu ginen teklatua eta mandolinaren laguntzaz. Azken urteotako kontzertu pilak ziurtasuna ematen zigun pentsatzeko horrek funtzionatu zezakeela, eta hala izan zelakoan nago.

Nolakoak izan ziren aurreko orduak? Bereziak izango ziren…
Konturatu ginen nahiz eta aurreko egunetan eta egunean bertan ere lasai egon, kontzertua hasi zenean dena aldatu zela… Zaldi basati bat zen hura, ezin zena kontrolatu. Konturatu ginen BEC edo antzerako kontzertu gehiago beharko genituela neurria hartzeko. Azkenean, zezen bat bezala ateratzen zara, energiaz beteta, baina ez daukazu gaitasunik kontrolatzeko. Kontua da kontzertua luzea zela, eta joan ginen lasaitzen, baina lehendabiziko zatian Infrasoinuakjo genuen hasieratik bukaerara, eta 35 minutu horiek ez ditut gogoratu ere egiten. Abiadurazko pilula bat izan zen hura. Gero, bigarren zatitik aurrera hasi ginen disfrutatzen.

Jende gutxiagoren aurrean ere jo izan duzue. Zu noiz egoten zara gusturago, kontzertu handietan ala txikietan?
Jende kopuruak ez du kalitatea bermatzen, baizik eta egoerak berak, jendearen harrerak. Izan daiteke 20 laguneko kontzertu bat Hong Kongen, eta 20 horiek egotea dena emanda eta flipatzen, horrelako energia feed-back bat elkarbanatzen. Eta izan daiteke kontzertu erraldoi bat, distantzia handia dagoena publikoa eta oholtzaren artean, eta ez dena iristen horrelako berotasunik. Egia da beti nahi izaten dugula maiz egiten dugunaren kontrakoa. Askotan festibal handietan jotzen dugunean faltan botatzen dugu areto txikietan jotzea. Eta kontrakoa ere gertatzen da. Kontzertu txikietako giroan zaudenean kanpoan jo nahi izaten duzu, festibal handi horietako batean jo eta beste talde batzuekin elkarbanatu… Azkenean uste dut denak osagarriak direla, baina esan dizudan bezala gehiago da egoeraren arabera, publiko kopuruaren arabera baino.

“BECeko kontzertuaren hasiera zaldi basati bat bezalakoa izan zen, ezin zena kontrolatu. Bigarren zatitik aurrera hasi ginen disfrutatzen”

Bada kontzerturen bat bereziki gogoratzen duzuna?
Asko daude, bakoitzak berea du… Gogoratzen dut Kursaalean emandakoa, Orioko Gaztetxean duela bi urte emandakoa… Gero badaude lekuak, Bilboko Kafe Antzokia adibidez, non beti sentitzen zaren etxean bezala, eta izaten dira publikoarekin oso energia indartsua lortzen den kontzertuak.

Elkarrizketa honek aitzakia eman digu atzera begira jartzeko. Ez dakit azkar joan diren, baina 25 urte baino gehiago daramatzazu oholtza gainean, denbora asko.
Zerbaitetan hasten zarenean helburu finkorik gabe, zuk beti aurrera begiratzen duzu. Orain, azken aldian, zahartzen ari garenaren seinale, tokatzen ari zait inoiz baino gehiago atzera begira jartzea, ez nire borondatez ordea. Dena da ‘Dut-en ez dakit zenbatgarren urteurrena’, ‘Kuraia-ren diskoaren ez dakit zenbatgarren urteurrena’, ‘Berri-ren ez dakit zein urteurren’… Eta ni, era berean, ez naiz batere efemerideak ospatzekoa, ezta gutxiagorik ere! Eta orduan onartzen dut zerbait atsegina bezala, badagoelako errekonozimendu bat, badagoelako jende gaztea ere talde horiek disfrutatzen dituena eta ez gaituena sekula ikusi, Kuraia eta Dut-en kasuan bezala… Baina ni beti naiz gehiago aurrera begiratzekoa.

Institutu garaian hasi zinen. Big Crunch taldearekin eman zenuen lehen kontzertua.
Bai, urtebete inguru egin nuen, Juancar Bloody Mary eta Mikel Insausti Gara-ko zinema kritikoarekin… Beti esaten dut Big Crunch nire ikastola izan zela, Dut nire institutua, Kuraia nire unibertsitatea, eta Berri izan dela nire masterra edo profesional alorrean garatzeko aukera. Denetatik ikasi dut zerbait, eta beraz, oraingoak bezain besteko garrantzia dauka Big Crunchekin Irungo Clan 21 tabernan eman genuen lehendabiziko kontzertu hark…

Hura gabe agian ez zen etorriko gainontzeko guztia…
Hori da… Eta gero, orain atzera begiratuta, ikusten dut Dut-en ibilbidea oso ongi ikusten dela egindako diskoetan. Instrumentua jotzen ikasi eta grabatu denbora berean egiten genuen. Alegia, taldearen garapena disko bakoitzean nabaritu daiteke. Alde horretatik atseginez hartzen dut ausardia hori. Ez dakizu jotzen, baina hasten zara instrumentua ikasten, denek berdin jotzen genuen gutxi gorabehera… eta horrela grabatu genuen lehendabiziko diskoa. Baina gero ez zitzaigun gustatzen, ordurako garapen bat izan genuelako jotzeko eran… Bigarrena grabatu genuen, ustez hobea zena, baina bigarren hori ere txiki gelditu zitzaigun segituan… Orduan ere hobetu nahi genuen… Hori da bilakaera horren adierazlea, eta hori atsegina da… Eta uste dut gaur egun ausardia hori landu behar dela, zeren eta batzuetan nahi dugu dena oso kontrolatua eduki, estudioan sartu aurretik, eta abar… Garai hartan dena zen ‘jakin gabe aurrera eta aterako da’. Jarrera horretatik zipriztindu nahiko nuke berriro!

Orduan zer egiten zenuten, zortzi orduz lo, zortziz ikasi eta gainontzeko zortzietan entseatu?
[Barrez, buruarekin baietz esan du] Gutxi gorabehera… Adibidez, At diskoa sortu eta grabatu, dena udako oporraldian egin genuen, hainbesteko emozioa eta energia genituen… Egunero-egunero entseatzen genuen, eta hiru hilabete horietan egin genuen diskoa, grabatu eta nahastu… Eta hamabost kantu ziren! Baino hori zen momentuko energia, eta egin genezakeen, ez genuelako familia ardurarik, eta ikasleak ginenez hiru hilabeteko oporrak genituelako. Egin zitekeen, eta ongi aprobetxatu genituen opor haiek!

“Dut-en, instrumentua jotzen ikasi eta grabatu denbora berean egiten genuen. Taldearen garapena disko bakoitzean nabaritu daiteke. Atseginez hartzen dut ausardia hori”

Azken hiru urteetan Joseba Poncerekin eta Fer Apoa-rekin kolaboratu duzu, Kuraiako kideak biak. Poncerekin bere JP Lohian proiektua zuzenekoetara eramateko. Ferrekin, zure argazkiak eta bere poemak uztartzen dituzten Kamusada eta Ordu erdia 51n proiektuetan. Berri Txarraken atsedenaldia albiste izan den bezala, ez litzateke askoz gutxiago izango Kuraia berriro elkartuko balitz.
Hori ere alde guztietatik entzuten ari naiz, Berriren berria atera zenetik, askok eduki dute ideia hori. Eta Dut-ekin beste hainbeste, 25 urte direla eta…

Kuraiako laurok jarraitzen duzuelako musikari lotuta…
Bai, baita Dut-eko hirurok ere, ze Xabik [Strubell] ere jarraitzen du… Kontua da bai Dutekin eta baita Kuraiarekin ere beti egin izan dugula pixka bat nahi izan duguna. Alde horretatik nahiko gurekoiak izan gara, nahi izan duguna eta nahi izan dugunean egin dugu beti. Eta, berriro egitekotan, gauzak horrela egingo ditugu: ikusten dugunean egin behar dela, egin nahi dugun lekuan, eta egin nahi dugun moduan. Gauzak horrela egingo genituzke gaur ere, gure ezkontza geuk antolatuko genuke nahieran, beste baten ezkontzan jo aurretik. Begira, askotan parekatzen dut talde baten harremana bikote harremanarekin. Deigarria egiten zait inori ez diogula proposatzen zergatik ez den bueltatzen orain 10 urteko neska-lagunarekin edo mutil-lagunarekin… Beste aldetik ulertzen dut, ni ere oso musikazalea naizelako, eta banatutako talde asko gustura ikusiko nituzkeelako berriz. Baina…

Kuraia berriro elkartzeko eskatzen zuen Facebook orrialde batek ia 1.800 jarraitzaile lortu zituen. Polita da hainbeste jendek nahi izatea…
Bai, ulertzen dut eskatzea eta nik atseginez hartzen dut. Berez nire jarrera da musikaz disfrutatzen jarraitzea, atsegin dudan jendearekin. Horregatik nire ateak beti zabalik egongo dira. Baina ulertzen dut batzuetan ez dela hain erraza… Harreman luzeak bukatzen direnean bezala, nik ere beharko dut denbora bat Berri Txarrak eta gero lasai hartzeko eta nire gauzekin hasteko.

Musikaz gain baduzu beste pasio bat, argazkilaritza. Nola uztartu duzu musikarekin urte hauetan?
Biretan kamera soinean eraman dut beti. Bidaiatzeak, musikak eman dit mundua erretratatzeko aukera. Hala ere, kontziente izan naiz bira batean nengoenean argazkilaritza bigarren mailako zerbait zela, momentu batzuetan egin nezakeena, baina interferentziarik eragin gabe. Argazkilaritza ez dut utzi 1998az geroztik, eta ez dut utziko, eta pentsatzen dut 2020tik aurrera tarte handiagoa eskaini ahal izango diodala.

Eta agian, erakusketaren bat prestatu… Gaztetan egin zenituen, kanpora atera zinen ere…
Bai, Errumaniara. Lehen erakusketa Hondarribiko Muaran jarri nuen, eta ondoren Errumanian. Cluj Napoka hirian hilabete pasatxo igaro nuen bertako sinagoga izandako batean erakusketa bat prestatzen. Atseginez oroitzen dut bakardade elurtu hura. Hilabete hauetan Basque tabernan egin dut aspaldiko partez beste bat, orain erdizka dagoena. Bestela, ez dut besterik egin. Egia esan, oso zalantzatia naiz materialarekin, eta energia eta denbora asko kentzen dit erakusketa bat prestatzeak.

“Argazkilaritza alde artistiko eta sozialetik hartuta disfrutatzen dut gehien, baina berdin zait argazkia zeri egin, azkenean zure begirada da gailendu behar dena eta hori erronka bat da”

Musika taldeei egindako zure argazkiak oso ezagunak dira, asko egin dituzu, koloretakoak gehienak eta oso indartsuak… Baina zuri-beltza ere asko maite zenuen, istanteak harrapatzea…
Horri eusteko gogoa dut, bai. Horrekin disfrutatzen dut gehien, argazkilaritza alde artistiko eta sozialetik hartuta. Gustura ibiltzen naiz bestelako lanetan ere. Berdin zait argazkia zeri egin, azkenean zure begirada da gailendu behar dena eta hori ere erronka bat da… Baina egia da asko gustatzen zaidala zuri-beltzeko argazkilaritzaren bitartez gauzak kontatzea. Eta hori ez dut utzi, eta berez badaramazkit urte batzuek proiektu bat aurrera eraman nahian, zuri-beltzeko argazkilaritza sozialaren buelta horretan. Inspirazio aldetik asko gerturatzen da musikaren arlora, eta hor ikusten dut badudala zerbait esateko.

Azaroaren ondotik denbora gehiago izango duzu horretarako.
Asmoa hori da. Aurten ez bada, datorren urtean buruan dudan liburu bat atera nahi dut. Izenburua erabaki dut dagoeneko, Herrenak denak.

Beste zertarako nahiko zenuke denbora eduki, azken urte hauetan ezin izan duzulako…
Familiarekin egoteko, familiarekin eta lagunekin. Azkenean nik disfrutatu dut kanpoan egon naizen denbora guztian, gustatzen zaidana egiten ari nintzelako. Baina galtzen dituzu lagunen arteko bazkari, afari, kontzertu eta jai guztiak… Eta haurrekin eta bikotearekin egoteko denbora.

Asteburu asko kanpoan…
Bai, eta batez ere hasieran, haurrak txikiak zirenean. Izan ziren urte batzuk urtean hiru hilabete egiten nituena etxetik kanpo, eta gero asteburu guztiak… Horregatik, hemen izan naizenean topera itxeki naiz familiarekin. Gainera asko disfrutatzen dut, asko gustatzen zait familiarekin egotea.

(Bidasoko Hitza-n, 2019ko otsailaren 1ean argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:Berri TxarrakBig CrunchDutFer ApoaFermin MuguruzaGalder IzagirreHondarribiaJP LohianKuraia