2014.12.18
Hamazazpi urte bete dira aurten Zea Mays ezagutu genuenetik. 1997an hasi zen, bertzeak bertze, Bilboko laukotearen ibilbidea, eta Euskadi Gaztea irratiak antolaturiko maketa lehiaketa irabazi zutenean aditu zen lehen aldiz haren oihartzuna. Urtebete igaro da Dave Allen ekoizlearekin grabaturiko Da diskoa kaleratu zuenetik, eta horretaz eta orain arteko ibilbideaz hitz egin dugu Aiora Renteria (Bilbo, 1976) abeslariarekin. Abenduaren 26an Errenteriako (Gipuzkoa) Niessen aretoan joko du Zea Maysek.
Euskadi Gazteako maketa lehiaketa irabazita hasi zineten ezagun egiten, eta orain, aldiz, lehen musika kolpeak ematen ari diren talde berriek zuekin jotzea dute sari, EH Sonaren kasuan bezala.
Ez pentsa, arraroa egiten zaigu! Izan ere, oraindik oso ondo gogoratzen dugu zer den lehiaketa batean parte hartzea!
Baina dagoeneko hamazazpi urte pasa dira garai haietatik. Atzera begiratuta, nola deskribatuko zenuke zuen ibilbidea?
Luzea, emankorra eta momentu, kontzertu, abesti eta esperientzia onez betea. Pribilegio bat da hainbeste urtetan pertsona berberen babesa izatea, pozik jarraitzea eta luze irauteko asmoa izatea. Niretzat urte bereziki politak izan dira, eta gutxienez, beste 17 urte egin nahiko nituzke.
Zertan aldatu da taldea hasi zinetenetik?
Noski, esperientzia handiagoa dugu orain, eta konplexu gutxiago. Nahi duguna hobeto dakigu orain, eta askatasun osoz dihardugu musikaren mundu honetan, gure erritmora eta gure erara.
“Esperientzia handiagoa dugu orain, eta konplexu gutxiago. Askatasun osoz dihardugu musikaren mundu honetan, gure erritmora eta gure erara”
EH Sonaren aurtengo ekitaldian, egitarauko kontzertu nagusian jo zenuten Razzmatazz aretoan, Kasernarat EH Sona lehiaketako talde irabazlearekin batera.
Sekulako giroa zegoen, eta oso ondo pasa genuen! Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunek asko eskertzen dituzte gisa honetako bisitak, eta hori nabaritzen da. Gainera, Razzmatazz bezalako toki mitikoetan jotzea oso polita da.
Oker ez banago, Bartzelonak bada zuentzat kontzertuak emateko toki kutuna.
Bai, hiri oso interesgarria da eta bertan jo dugun guztietan bikain pasa dugu. Gainera, ate bat da beste hainbat tokitara zabaltzeko, eta taldeontzat oso garrantzitsua da, ohiko txokoetatik at jotzea, oxigenatu eta oinak lurrean izaten jarraitzeko.
Euskaraz abesten duzue, baina Euskal Herritik kanpoko aretoak betetzeko gai zaretela erakutsi duzue. Nola baloratzen duzu egun euskal taldeen zirkuitua, Euskal Herritik at?
Konplexua da, baina badira euskal musika taldeontzat ateak zabaltzen dituzten hainbat toki. Pausoz pauso egin behar den bide luzea da, eta horretan jarraitzen dugu guk ere.
Orain urtebete kaleratu zenuten Da, zuen zazpigarren lana, eta oraindik biran ari zarete. Disko berezia da, nolakoa izan da zuentzat Dave Allenekin lan egitea?
Aukera izugarria izan da! Gure musika beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera eman digu Dave Allenekin lan egiteak. Hasieran oso urduri geunden, orain arte ez baitugu sekula ekoizle batekin lan egin, baina gero esperientzia brutala izan da, errepikatzeko modukoa, zalantzarik gabe! Diskoak soinu berezia badu Alleni esker izan da…
Zaila al da maila honetako ekoizleengana iristea?
Guk argi genuen ekoizle batekin lan egingo genuela. Irailean norekin egin aukeratzen ari ginela ezagutu genuen Dave Lekeitioko jaietan. Egia esan, kasualitate hutsa izan zen, eta bera ezagutu bezain azkar, gure diskoa ekoizteko prest zegoen galdetu genionean baiezkoa eman zigun, eta lanean hasi ginen. Guretzat oso erraza izan zen!
Orain arte kaleratu dituzuenen artean, seguruenik, diskorik anitzena da azken hau. Errango zenuke jendeak harrapatu duela diskoaren mamia?
Pertsona bakoitzak bere erara ulertzen du gure musika, eta ez da zertan mamira heldu behar. Azken finean, disfrutatzea da garrantzitsuena, eta argi dut jende askok Da diskoarekin asko gozatu duela.
“Berlinen eman genuen kontzertua oso berezia izan zen guretzat. Jende jatorra ezagutu genuen eta berriro ere itzultzeko irrikan gaude…”
Zer da urtebeteko bira honetan bizitakotik azpimarratuko zenukeena?
Oraindik bira asko gelditzen da, baina Berlinen eman genuen kontzertua oso berezia izan zen guretzat. Jende jatorra ezagutu genuen eta berriro ere itzultzeko irrikan gaude…
Da birari bukaera datarik jarri diozue dagoeneko? Zertan ariko da Zea Mays datozen hilabeteetan?
Kontzertuekin jarraituko dugu, eta lokalean ere gauza berriak probatzen hasiko gara, teknologia berriak erabiltzen, lokalean ditugun katxarro guztiekin. Lanean jarraituko dugu, beti bezala, baina oraindik asko dugu emateko, eta egia esan, ez dugu Da bira noiz bukatuko dugun pentsatu…
[Elkarrizketa egin ondoren jakin dugu 2015eko Bilbao BBK Live jaialdian joko duela Zea Maysek]
Amaitzeko, etorkizunari begira zein dira Aiora Renteriaren erronka nagusiak?
Lana eta taldea ondo eramaten jarraitzea, biek denbora gehiegi hartzen baitute eta zaila izaten da erritmo bera mantentzea…