2024.12.12
Mendiko itzulian topatzen diren animalien kaskezurrak bezalaxe, Elizondoko (Nafarroa) laukotea zaila da topatzen, baina ikustean etxeko egongelan jartzeko irrikak ekidinezinak izaten dira, daukan pisuari eta eramateko exijentziari aurre eginez. Bai, ez da talde erraza Kaskezur. Bihurri, hezurtsu eta zeharkaezina izan daiteke batzuentzat laukotearen ibilbidea. Udazken honetan, hala ere, kaskezur asko aurkitu daitezke bidean, eta gero eta arin eta erakargarriagoak. Garbi garbi, hildakoaren haragi ustelak hezur distiratsua erakusten du, eta animaliak eduki ohi zuen hortzeria oso osorik, marfilezko diruditen zortzi haginek bizirik ematen dute, bi begizuloetako beltztunek garezurraren edertasunak ere iluntasuna badakarrela gogorarazten diguten arren.
Bost urte egon dira isilpean Kaskezur Deus berri hau argitaratu arte. Haien bostgarren lan honetan, taldeak popa besarkatu du, Low bezalako taldeen erara. Zelan? Ba hori, distortsio eta garapenei uko egin gabe. Arpegio pila jotzen dituzte gitarrek, efektuez gehiegi abusatu gabe, lan garbi baina ertz askoduna entregatzeko. Usopop zigiluarekin egin dute bat, popa kutsatzen delakoan, oraingoan ere portadari buelta bat emanez normalean erabilitako ilustrazioetatik at, arte iradokitzaile eta minimalista dotorearekin. Espiralak bezala irensten zaituzte zortzi abestiek, osotasun biribil eta atzekaria sortuz. Gainera, emakumezko ahots eta korua baliotu dute Egia begira abestitik aurrera bestelako kolore bat gehitzeko. Kasu! Ez pentsa diskoa poperada bat denik, elizondoarrak haien sustraiei tinko eusten baitiete. Horregaitik erne ibili behar da mendietatik, kaskezur bitxiak bidetik ez galtzeko bederen.
Zer gertatzen da Kaskezurren disko gat eta hurrengoaren artean? Zer gertatu da oraingoan?
Gertatzen da ez dugula nahi dugun adina denbora kantuak egiteko eta gertatzen da ez daukagula inolako presarik ere. Beraz, biak elkartuz gero, bost urte pasatzen dira disko eta disko artean, edo azkeneko honekin behinik-behin. Aurreko diskoarekin bi urte besterik ez ziren pasatu, guretako ez da marka txarra. Etxetik taldeko norbaitek eramaten duen ideia bakoitzetik ere milaka proba eta bertsio egiten ditugu eta badira kanpoan gelditu diren beste horrebeste kantu ere, ez dugulako aurkitu, gure ustez, kantu bakoitzaren bertsio egokiena.
Zelakoa izan da konposaketa prozesua? Eta inspirazioa? Ez dirudi ohiko formulak errepikatu dituzuenik…
Lehen ideia guztiak telefonoan grabatzen ditugu, norberak bere etxean. Gitarra jotzaileak (badakizu oso pelmak izaten garela) izan ohi gara gitarra melodia edo erritmo batekin goazenak, batzuetan ahots melodia batekin ere bai. Entseguan jam antzekoak egiten ditugu; buelta eta buelta, bakoitzak egin dezala nahi duena eta hau bera grabatu egiten dugu, pistaka (instrumentu guztiak bananduta), eta gero norbaitek denbora harrapatzen badu, musika elektronikoa balitz bezala, loopak eraiki eta hauek mugitu edo transformatzen ditugu. Kantua eraiki ostean, berriro interpretatzen dugu ordenagailuan dagoen bezala eta berriro grabatu. Kantuaren arabera prozesu hau kantu berdinarekin, 8-9 alditan egitera iristen gara. Aurreneko diskoetan ez genuen horrela egin, baina elkartzeko aukera gutxiago daukagunez, etxekolanak izaten ditugu entseguen artean.
“Badaude Spotify ez daukaten musikariak eta taldeak, ezta beste plataformetan musikarik (…) Honek erakusten du bai posible dela”
Posiblea da algoritmoa etengabe elikatu gabe talde batek aurrera egitea gaur egun? Zentzu praktiko zein materialean zer planteamendu du proiektuak?
Aurrera egitea nola ulertzen dugun da hori. Nolabaiteko “arrakasta” lortu nahi baduzu ez dago dudarik elikatze horrek emango dizula agerikotasuna. Hala ere, gure kasuan, gerrilla moduan ibiltzen garela esango nuke. Erabiltzen ditugun tresnak dira, baina neurri batekin. Badaude Spotify ez daukaten musikariak eta taldeak, ezta beste plataformetan musikarik ere, ezta Instagram eta horrelakorik ere, Harat taldeko adiskideak adibide. Honek erakusten du bai posible dela.
Kantuek soinu zein kontzeptu ildo bat jarraitzen dutela dirudi. Zein da? Lan oso bat da kantu multzoa baino gehiago? Zelan planteatu da hauen aukeraketa eta ordena?
Ba ez dute ildo kontzeptual bat jarraitu edo behintzat ez genuen hori bilatu nahita. Bai gertatu da estilistikoki bi kantu mota geratu direla; akorde minorrak dituzten kanta malenkoniatsuagoak alde batetik, eta akorde maiorreko kantu rokanroleroagoak. Rokanrola Lou Reed estiloan noski, hori da bilatzen duguna behintzat. Behin kantuak edukita bai bilatu dugu orden bat, dinamika aldetik batez ere. Olatuen antzera intentsitateek gora eta behera egitea kantuak pasa ahala.
Beti bi gitarra, baxu eta bateria moldearen defendatzaileak izan zarete. Gabiltzan aroan, ez da egon bestelako soinuak frogatzeko gogorik? Badu lekurik oraindik formatu klasiko honek?
Orain ere ikusten baitugu formatu honek badaukala bidea egiteko, badaukala non jolastu eta nondik forma berriak atera. Oraingoz behinik-behin ez gara nekatu eta zaila da gure kasuan, baldin eta soinu analogiko hori maite dugun heinean, non esku-hatzen akzioa edo kolpea nahi baduzu oraindik nabaritzen den soinuaren dinamikan eta kolorean. Soinu digitalek adibidez oraindik ez dute (gure iritziz) hori lortu eta batez ere, trebezia aldetik, ez dugu ikusten lortzeko gai garenik. Horrek ez du esan nahi musika elektronikorik ez dugula aditzen eta disfrutatzen, noski. Pedalen erabilera ere nahiko limitatua da gure kasuan, distorsio mota diferenteak bai erabiltzen ditugu, baita delay-ak Iñigoren kasuan, baina beti oso modu xumean. Oso Fugazi izatea gustatzen zaigu horretan.
Koro eta emakumezko ahotsen jolasek bikainki zipriztintzen dute lana, beste giro bat emanez. Ze intentziorekin? Zuzenekora eramango da?
Ideia hor zegoen, baina egia esan, egin genituen maketa guztiak egin eta gero ez genuen probatu koro horiek sartzera. Grabazio egunean bertan entseatu genuen lau koristarekin; Kattalin Arizmendi, Izargi Zumarraga, Maddi Irazoki eta Kattalin Ezkerra. Ezusteko marabillosoa izan zen emaitza. Oso ongi kantatu eta hartu zuten intentzioa. Garai horretan Nick Cave-ren Abbatoir Blues-eko Get Ready for Love entzuten genuela otu zitzaigun Egia, begira-ren koroa egitea eta Red Hot Chili Peppersen Under the bridge ekartzen du gogora Hondamendia-ren koroak. Zuzenera eramatea, gu banda xume eta umila izanik, zaila da. Posible bada korista deialdi bat egitea kontzertua badagoen bakoitzean, publikoa igo dadila beldurrik gabe!
Alde bisualean, aurreko diskoetako ilustrazioetatik at beste iruditeri bat landu duzue.
Gure diskoen azalak beti Elizondoko Malmö estudioko Perotx-ek egiten dizkigu eta askatasun osoa dauka berak nahi duena egiteko. Bai izan zen gure proposamena azala fisikoki margotzea pareta batean, egiazko pinturekin, eta hor geratzea mundu guztiak ikusteko. Zapatilleran, gure herriko entsegu lokaletan, egina dago eta horren argazkia da azala. Vulk-kek azkeneko diskoarekin egin zuen zura artisau lanaren antzera egin dugu guk honetan, baina margoekin.
“Guk probatu nahi genuen ea norbaitek egin nahi zuen apstua Kaskezurren disko honengatik, azkenean horrek baieztatzen baitu nolabait,diskoak merezi duela”
Zelakoa da Usopopekiko harremana eta zer eskaini diezaioke horrelako zigilu batek talde bati?
Bada aspalditik izan dugu harremana, nola edo hala. Kontzertuetan ikusi dugu elkar, ikusle bezala gehienbat eta batez ere Joanesekin egon izan gara eta beti aurkitu dugu solasteko unetxoren bat. Sara eta Elizondo ordu erdira daude eta bada elkartasun bat ere. Oroitzen gara Ilgora diskoa atera genuenean 2012 Facebooken Joanesek mezu bat idatzi zigula nola gustatu zitzaion diskoa esanez eta orduan ez genuen oraindik elkar ezagutzen, baina begira zer detailea. Diskoa bukatuta geneukanean idatzi genien eta diskoa bidali, eta egun pare batean hitzartu genuen diskoa beraiekin kaleratzeko. Guk probatu nahi genuen ea norbaitek egin nahi zuen apustua Kaskezurren disko honengatik, azkenean horrek baieztatzen baitu nolabait, diskoak merezi duela. Eta horrela izan da, eta lagun ezinhobearekin.
Kaskezur taldeak abenduaren 7an Durangoko Azokako Ahotsenean emandako kontzertua.
Bira oparoa duzue baina momentuz gurean eta “gureak ditugun espaziotan”. Badago kanpora edo beste espazioetara salto egiterik? Zeintzuk dira hurrengo planak?
Kanpora irtetzeko intentzioak badaude beti, baina Euskal Herrian mugitzea da gure lehenbiziko ideia. Badaude jotzeko leku mordoa eta oso kalitate haundiko lekuak dira; ezagutzen gaituen jendea hemen hurbil daukagu eta kanpoan beti izango da borroka antzeko bat. Eginen ditugu espedizio konkretu batzuk, baina ez gaude astebururo, lana eta gero, ehudaka kilometro egiteko intentzioarekin oraingoz.
Kontzertuak