Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2014.06.11

Jon Eskisabel

“Gure-gurea da John Frusciante”

Elkarrizketa: Miren Narbaiza (Napoka Iria taldeko abeslari eta gitarrista)

Izar & Star egitarauaren denboraldia itxiko dute Cass-ek (Yahvé M. de la Cavada) eta Napoka Iriak, bihar, Bilboko Campos antzokian (20:15ean, 10 euro). Lehenengoak Spanish Hits 80′S desestructurados izeneko emanaldia eskainiko du, eta ondoren Ander Mujikak eta Miren Narbaizak John Frusciante Red Hot Chili Peppers taldeko gitarrista ohiaren obra moldatuko dute Cupula aretoko eszenatokian. Amaiera emango diote horrela —udan hainbat kontzertu izango dituzten arren; hurrena, hilaren 19an, Donostiako Doka aretoan— taldearen ibilbideko ikasturterik lanpetuenari. Azken bederatzi hilabeteetan Eibarko taldeak euskal kantagintzaren hainbat abesti klasiko moldatu ditu ETBko Tumatxak saioan, bigarren diskoa kaleratu du, Arnasten ikasteko berriz bikaina, eta hura aurkezteko kontzertuak eskaini ditu Euskal Herrian zein atzerrian. Biharko emanaldiaren aitzakia baliatu dugu taldearen egungo egoeraren berri izateko.

Mikel Blasco - Napoka Iria (5)

Ander Mujika eta Miren Narbaiza, Napoka Iriako kideak. (Mikel Blasco)

Polonian, Wroclaw hirian, izan zarete jotzen joan den astean. Nola sortu da bertan jotzeko aukera, eta zein harrera izan duzue?

Bertatik idatzi ziguten ia jotzera animatuko ginen bertan antolatu duten BASK festibalaren barruan. Izan ere, 2016an Wrocław Europako Kultura Hiriburua izango da Donostiarekin batera. Hiri handia da, 600.000tik gora biztanle ditu, eta oso aktiboa kulturalki. Harrera bikaina izan da, eta sekulako jendea ezagutzeko aukera izan dugu. Jende umila, begirada garbikoa iruditu zaigu eta elkar oso ondo ulertu dugu gainera! Bisita motza baina oso aberasgarria izan da.

Lehenago, Berlinen, Madrilen, Bartzelonan… izan zarete. Horrelako irteeretan, zer ekartzen duzue bueltan?

Batez ere bisitatzen dugun lekuaren gainean gehiago jakitea nahi izaten dugu, eta lagun onak egitea. Horrelako momentuak bereziak izaten dira, seguruenik ez direlako berriz errepikatuko. Horregatik saiatzen gara kontzertuan dena ematen eta disfrutatzen, eta baita bertakoekin denbora pasatzen ere.

Bideo-elkarrizketa batean jakin dut musikatik bizitzen saiatzeko erabakia hartu duzuela. Zerk pentsarazi dizue posible dela musika ogibide bihurtzea?

Batez ere horretarako gogoa izateak bultzatu gintuen erabakia hartzera. Nork bere lana aldatzeko gogoa genuen eta ordurako bageneramatzan urte batzuk jo eta jo, ibilbide bat egina genuen, ez beste munduko ezer, baina bai musikarekin bakarrik aurrera egiteko adinako martxa.

Seguruenik Tumatxak saioaren bidez ezagutu zaituzte jende askok. Kontzertuetan-eta, nabaritu duzue telebistaren eragina?

Izugarria da telebistak duen eragina, agertu bitartean eta ondoren eskainitako kontzertuetan entzun izan dugu asko telebistan ikusi gaituztelako etorri izan direla gu ikustera. Eta Twitter eta Facebook-en adibidez, emisioak izan ziren asteetan jarraitzaile mordoa gehitu zitzaizkigun.

Tumatxak-en egindako bertsioetatik zein aukeratuko zenukete?

Asko gustatu zitzaigun “Bizkaia maite” aldatzea; “Aitormena”-ri melodia aldatzea ere ederra izan zen, asko gozatzen dugu oraindik hori kantatzen. “Nirekin” edo “Aitarik ez dut” ere gustura egin genituen. Egia esan, denei diegu halako kariño bat.

Nola baloratzen duzue telebistako esperientzia?

Guretzat oso dibertigarria izan da euskal klasikoak moldatzea. Gure gustukoak ziren (eta ez ziren) kantuak gure erara berregitea, beste muturrera eramatea, edo sinpletzea… Ariketa moduan, mundiala. Dena den, batzuetan irudimenak iskin egiten dizu eta ezin da beti nahi zenukeen bezain originala izan.

Izar & Star ziklorako, John Frusciante aukeratu duzue. Red Hot Chili Peppers taldean nabarmendu zen Frusciante, baina bere bakarkako ibilbidea ez da hain ezaguna, eta ez da, itxura batean, Napoka Iriarekin lotuko genukeen artista bat. Lehenago lotuko genuke blues jotzaile batekin. Non batzen/gurutzatzen dira Napoka Iria eta John Fruscianteren bideak?

Kontzertuetara bidean edo bueltan gure soinu banda izan da askotan. Ander eta biok ozen kantatu izan ditugu bere kantuak bi ahotsetara furgonetan, dena ematen, je je. Egia esan, inguruan ez dugu bere jarraitzaile asko topatu eta, beraz, gu bion arteko zerbait ere izan da, gure-gurea.

“Diskoaren harira gauza polit asko etorri zaizkigu eta momentu oso ona ari gara bizitzen lanarekin”

Gitarrista bezala, Anderrentzat influentzia bat izan da?

Bai, dudarik gabe. Frusciantek baditu garai bateko bostpasei disko non gitarra jotzeko era oso basikoa den. Hiru akorde, lau nota… Non eta nola jota dauden ordea, magikoa  da. Anderri musika egiteko modu hori gustatzen zaio, birtusismoa baino gehiago. Bada kanta bat adibidez, “The Will to Death” izenekoa, eta hau entzunda, irakurleak segituan ulertuko du zertaz ari garen.

Psikodelia, musika elektronikoa, esperimentala, abangoardia… adar asko jorratu ditu Frusciantek. Denak gustuko dituzue ala baten bat bereziki? Nola osatu duzue biharko errepertorioa?

Bere diskografia horren da anitza, ia ezinezkoa dela dena kontzertu batean jasotzea. Dena dela, saiatu gara bere ibilbidea laburbiltzen kontzertua Fruscianteren lan anitzaren erakusgarri izateko. Badira disko elektronikoak, produkzio oso jantzia dutenak edota esperimentazioan oso sakonak. Horietan baino gehiago, bestelako diskoetan murgildu gara. Hala ere, pixka bat denetik eramango dugu taula gainera.

Talde formatuan arituko zarete, Andoni Mujika eta SextySexerseko musikari ohiekin. Fruscianteren obrarekiko zaletasuna partekatzen duzue?

Hala da, bai! Andoni, Joseba [Baleztena] zein Fortuni [Iñaki Gonzalez] asko gustatzen zaie. Gainera, Izar & Star-eko kontu hau sortu aurretik ere komentatu genuen tributotxo bat egin genezakeela. Gero, Javier Corral antolatzaileak ziklo hauen berri eman zigunean hori egikaritzeko aukera zela pentsatu genuen.

Napoka Iria @ Juan G. Andrés

Napoka Iria, zuzeneko emanaldi batean. (Juan G. Andres)

Lehen diskotik (Lehertarazi edifizioak) bigarrenera (Arnasten ikasteko berriz) taldea asko hazi dela iruditzen zaigu askori: kantuen kalitatea, zuzenekoen kopurua eta maila, taldearen oihartzuna… Taldearen hegaldatzea gertatu da, nolabait. Zuek irudipen bera duzue? Nola bizi duzue diskoa kaleratu zenetik igaro diren hilabete hauetan egindako bidea?

Eskerrik asko ba! Diskoaren harira gauza polit asko etorri zaizkigu eta momentu oso ona ari gara bizitzen lanarekin. Egia esan, saiatu ginen lanari denbora eskaintzen eta borobiltzen. Zuzenekoetan ere gehiago gozatzen dugu orain. Agian, urte batzuk zuzenekoetan aritzeak (datorren urtean 10 egingo ditugu) eman digu halako esperientzia bat. Kontraesana dirudi, baina momentua hobeto kontrolatzean, gehiago disfrutatzen ikasi dugu erlaxatuago egoten garelako. Bestetik, denbora batean zuzenean ikusi ez gaituztenetako batzuek esaten digute antzematen dutela “hazi” egin dela taldea. Baina guretzat progresiboa izan da; orduak lokalean, estudioan, zuzenekoetan sartzea, ez da egon beste sekreturik.

Baduzue epe labur-ertainerako proiekturik? Zertan ari zarete orain?

Momentuan Fruscianteren emanaldi hau dugu buruan, eta agian errepikatuko dugu beste nonbait, lan guztia ez dadin emanaldi batean bakarrik geratu. Horretaz aparte, hainbat kontzertu ditugu udan, eta ostean kantu berriak egiteari ekingo diogu, disko berria prestatzeko gogo izugarria daukagulako!

ETIKETAK:ElkarrizketakNapoka Iria