Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2015.10.26

Jon Eskisabel

“Gu ere, partidaz partida”

Elkarrizketa: Peiremans +

Bi aste baino gutxiago falta da Peiremans+ taldearen itzulerarako, eta zenbait emanalditarako sarrerak agortzen hasi dira. Zehazki, Donostiako Dabadaba aretoan azaroaren 12an eskainiko dute kontzerturako ez da alerik geratzen. Hamar egunetan zazpi kontzertu joko ditu laukoteak, hasieran iragarritako bost emanaldiko sortari beste bi gehitu baitizkiote: Baionan (azaroaren 13an) eta Gernikan (azaroaren 14an). Zuzenean jotzeko ez ezik, bi kantu berri grabatzeko baliatu du taldeak hamar urte osteko itzulera. Gorka Urbizuk eta Imanol Ubedak posta elektronikoz erantzun dituzte gure galderak.

Peiremans +

Gorka Urbizu, Haritz Beristain, Marino Goñi eta Imanol Ubeda. (Josetxo Perez)

Esan daiteke Peiremans+-en itzulerarako lehen txinparta Twitterren piztu zela? Berri Txarrak-en txio batek gogora ekarri zuen disko txikiaren 10. urteurrena zela, eta hura zerbeza batzuk hartzeko aitzakia ona zela erantzun zuten segidan Bide Ertzean-en kontutik.
GORKA URBIZU: Hein batean esan liteke baietz, baina txio horiek denon baitan zebilen zerbait azaleratu besterik ez zuten egin, alegia, gogoa zegoela kantu horiei herdoila kentzeko.
IMANOL UBEDA: Twitterren edozer gauza! Hala ere, Bide Ertzeanekook ohitura hori dugu: dena garagardoarekin ospatzen dugu, baita ospatzekorik ez dagoenean ere. Portzierto, BTX garagardoaren fan handiak gara! Galderari helduz, nik uste txinparta piztu zuena urteurrena izan zela. Eta urteurrenaren aitzakian, uztaila partean Andoainen egin genuen afaria, hain zuzen.

Ondoren nork eman zuen taldea berriz elkartzeko eta kontzertu batzuk emateko ideia mahai gainean jartzeko urratsa?
G.U.: Afaltzeko geratu eta halaxe irten ginen lagunarteko enkontrutik: entsegu egutegi bat, grabaketa planak eta kontzertu posibleen agenda apuntatuta. Osasunerako ez dakit, baina sormenerako onak eta beharrezkoak dira halako beroaldiak.
I.U.: Andoainen egin genuen afari hartan, txantxetan edo, urteurrena emanaldiren batekin ospatu zitekeela aipatu zen. Agendari erreparatu eta azaroan denak libre antzean ginela ikusi genuen. Udako oporren ondoren hasi ginen entseatzeko elkartzen, eta gaur arte.

Beharbada zailena izan da Marino Goñi eszenatokietara itzultzeko konbentzitzea…
G.U.: Alderantziz, sekulako gogoa zeukan musika jotzeko! Ohoretxoa bada Balerdi Balerdi-ren zati bat gurekin edukitzea.
I.U.: Besteok bezalaxe, berehala animatu zen bera ere. Esanguratsua da hori. Azken batean, berriro elkartzeko gogoa bazegoela esan nahi du horrek. Baina duela hamar urte bezalaxe, orain ere ez da erraza laurak batzeko tenorea aurkitzea. Hor gabiltza baina, abesti zaharrei hautsa kentzen eta abesti berriei forma ematen.

“Peiremans+ galtzaileei egindako keinua da modu batean, ‘loser rock’-a, eta orain sarrerak agortzen ari direla ikustea… Halakorik ez zegoen gure gidoian”

Sare sozialak dira gaur egun edozein gertakizunen oihartzunaren neurgailua. Horren arabera, ikusmin dexentekoa piztu du Peiremans+-en itzulerak. Urteak pasa ahala handituz joan da taldearen itzala?  
I.U.: Ni pertsonalki seko harrituta nago. Duela hamar urte, EPa plazaratu berritan, emanaldi gutxi batzuk eskaini genituen. Bospasei, ez gehiago. Ondo joan ziren baina ez genuen asteotan sortu den ikusmin hori piztu. Batetik, uste dut jende bati ez ziola gu deskubritzeko denborarik eman. Biratxo hura amaitu ondoren hasi zirela 2005eko EParen kantuekin maitemintzen. Eta bestetik, gaur egungo gazteek ez zuten gu ikusteko aukerarik izan. Bien bitartean, kantuek bere bidea egiten jarraitu dute. Eta hori gauza zoragarria da kantu-egile batentzat. Beste faktore batzuk ere izango dira tartean. Kontuak kontu, ea sortu den ikusmin horren aurrean ganoraz aritzeko moduan garen. Hori da gure kezka bakarra orain.
G.U.: Gu geu harrituta gaude, bai. Peiremans+ galtzaileei egindako keinua da modu batean, loser rock-a, eta orain sarrerak agortzen ari direla ikustea… Halakorik ez zegoen gure gidoian, doble entseatu beharko dugu orain, kar-kar!!

Kantu berriak grabatzen ari zarete. Bere garaian diskotik kanpo geratutako kantuak dira ala sortu berri dituzue? Zer kontatu dezakezue kantu horiei buruz?
I.U.: 2010ean, Deabruak Teilatuetan taldearen 1973 biraren amaieran, Peiremans+ taldearen bertsio-taldea osatu genuen Gorkak eta biok: Colemans+. Marino eta Txikiren ordez, bide lagun izan genituen Joni Ubeda eta Karlos Aranzegi. Orduko hartan hiru abesti berri sortu genituen. Eta abesti horiek dira itzulera honetan joko ditugunak. Hiru horietatik bi Bonberenea estudioan grabatu berri ditugu, Txap Osinagarekin.

“2005ean  jende bati ez zion gu deskubritzeko denborarik eman. Biratxo hura amaitu ondoren hasi ziren EParen kantuekin maitemintzen”

Euskarri fisikoan argitaratzeko asmoa duzue, ala sarean bakarrik jarriko dituzue?
I.U.: Euskarri fisikoan plazaratzearen aldekoak gara. Baina zoritxarrez, denbora kontra dugu. Oso juxtu gabiltza fabrikazio kontuetan sartzeko. Sikiera, banaketa digitalaren bitartez berehala iritsi gaitezke zaleen belarrietara. Ez da gutxi.

[Hemen entzun dezakezu kantu horietako bat: "Bemidji"]

Zazpi kontzertu bakarrik emango dituzue, azaroan. Hor bukatuko da Peiremans +-en bigarren ekinaldi hau, edo aukeraren bat dago hurrengo hilabeteetan segida emateko?
I.U.: Gutxi iruditzen al zaizkizu? Ea onik iristen garen! Simeonek esaten duenari men eginez: partidaz partida. San Mames, Mendizorrotza, Sadar, Anoeta, Deschamps, Urbieta eta Berazubi futbol zelaien pareko dizdira dute guretzat Bilboko Kafe Antzokiak, Jimmy Jazzek, Zentralek, Dabadabak, Le Magnetok, Iparragirrek eta Bonbereneak. Baina Simeoneren filosofiarekin bat eginez, oraintxe buruan dugun gauza bakarra Bilboko norgehiagoka da.
G.U.: Imanolek baino hobeki ezin azaldu.

Zer ematen dio Peiremans+-ek Gorka Urbizuri Bide Txarrakek ematen ez diona?
G.U.: Hau dibertimentu bat da, lagunekin elkartu eta jende ezberdinarekin jotzea beti da aberasgarri. Bestalde, Berri Txarrak-en oihartzuna dela eta, batzutan ematen du egiten duzun orok traszendentzia daukala eta niretzako lasaigarria da motxila moduko hori bazter utzi eta besterik gabe rocka jotzea. Kontuz, horrek ez du esan nahi Peiremans+-ekin exijentzia maila jaisten dugunik, edo Berrirekin disfrutatzen ez dudanik, ederki pasatzen baitut halaber nire betiko taldean!

Eta Imanol Ubedari, Bide Ertzeanek ematen ez diona?
I.U.: Ohiko martxa alde batera uztea oso sanoa da. Eta gainera, ederra da beste musikari batzuekin elkartzea. Dibertigarria izateaz gain, aberasgarria da. Hori gutxi balitz, Peiremanseko burkideak lagunak ditut. Eta lagunekin musika egiteko elkartzeak ez du preziorik.

PEIREMANS +-EN KONTZERTUAK:

  • azaroak 5: Bilboko Kafe Antzokian (+ Izaki Gardenak)
  • azaroak 6: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan (+ Nire)
  • azaroak 7: Iruñeko Zentral aretoan (+ Monte del Oso)
  • azaroak 12: Donostiako Dabadaba aretoan —sarrerak agortu dira—
  • azaroak 13: Baionako Le Magneto aretoan
  • azaroak 14: Gernikako Iparragirre aretoan (+ Sueder)
  • azaroak 15: Tolosako Bonberenean
ETIKETAK:Berri TxarrakBide ErtzeanGorka UrbizuHaritz BeristainImanol UbedaMarino GoñiPeiremans+