2022.05.25
Tristtan Murgi 1982an jaio zen Donibane Lohizunen (Lapurdi). Familian musika klasikoko musikariak zeuden, eta txiki-txikitatik pianoa jotzen hasi zen. 1999an metal talde batean baxua jo eta abesten hasi zen, eta beste proiektu batzuetan aritu ondoren, 2007an gitarra hartu eta konposatzeari ekin zion. Horrela, 2015ean argitaratu zuen bakarkako lehen diskoa: Trobador. Lan barnerakoia eta definitu gabea zen oraindik, baina laster jauzi handia eman zuen, rock progresiboan buru belarri murgilduz dUAL 1/2: gordeka eta dUAL 2/2: beharrezkoa da… hutsa lan harrigarrietan. Batez ere bigarrena guztiz aipagarria zen: instrumentazio aberatsa, Flore-Elise Capelierren ahots zoragarria, pianoa, arrabitak, klarinetea… lan oso konpletoa eta erabatekoa.
Hasieratik Cédric Lépine bateria jolea eta Greg Juvin baxu jolea izan ditu alboan Murgik, eta 2019an Sargia lanarekin hirukote formatura eta oinarrizko instrumentaziora jauzi egin zuen. Era ezberdin batean, baina rock progresiboa izaten jarraitzen zuen ordea. Jitoan argitaratu berri du, eta aurrekoren parametro tekniko berdinetan mugitu bada ere, eragin beltza indartu eta soinua gogortu egin du. Lan hartako atmosfera batzuk hartu eta muturrerago eraman ditu. Kantu berriak erasokorragoak dira, basatiagoak. Aurrekoan bezala, hemen ez dago berriketarik: gitarra, baxua eta bateria. Instrumentu horiekin lortzen duten soinu espektroa harrigarria da. Zenbat su eta zenbat gar hiru instrumentu eta ahotsarekin soilik! Ez da soinu hau lortzen duen beste talderik gurean.
Kaixo Tristtan. Lehenik eta behin, zorionak. Berriz ere ohiko kanonetatik at dagoen grabazioa egin duzue. Hau bai dela musika alternatiboa! Nolako giroa egon da grabazioan? Nik pasioz ari diren hiru musikari entzuten ditut.
Grabazioa egin dugu beti egiten dugun bezala. 2020ko martxoan konfinatuak egon ginenean kantu eta ideia berriak ordenatzen eta maketatzen hasi nintzen, eta maiatzean diskoa beste bi kideei entzunarazteko prest neukan. Haiek etxetik entzuten aritu dira eta egoera lasaitu denean —garai honetan oraindik Irunen bizi bainintzen, luzaz egon naiz muga delako hau pasatu ezinik— entseguak egiten hasi ginen. Moldaketa ttiki batzuk egin ditugu beti bezala egokitzeko, pasarte batzuk moztu, aldatu, kendu, luzatu… Grabatzeko prest sentitu garenean grabatzen hasi gara. Hor ere, beti bezala, lehenik nire gitarrak, ondotik ahotsak, gero bateria eta azkenik baxua. Greg Juvinen etxeko estudioan egin dugu, Uztaritzen. Hori amaitu dugunean Pey Etura nire lagun argentinarrari bidali genion proiektua gitarra batzuk gehitu zitzan. Izan ere, Sargia diskoan bezala bere kolaborazio miresgarria izan dugu, eta Patagonian daukan estudiotik grabatu du bost abestitan. Hori jaso dugunean nahasketekin hasi da Juvin, eta nahiko garbi geratu denean beste kantariengana jo dugu: Jurgi Ekiza, Petti, Pelax eta Odei Barroso. Hor ere agendak parekatzeko denbora hartu dugu. Azkenean, 2022an bukatutzat utzi dugu diska. Kasik bi urteko lana.
Nork egin du azala?
Oinarrizko ideia nirea zen, beti bezala, baina hor ere beste lau diskoetan bezala nire Getariko lagun grafistarengana joan naiz: Philippe Palacin. Nahi nuen marrazki oso xume bat izatea, helburua bainuen ondotik zigilu-marka bat eginaraztea eta diskoak eskuz egitea etxetik. Jitoan, diskoaren izena, Donibane Lohizuneko portuko izen bat da. Itsasontzi bat jitoan dagoela esaten da ia kontrola galtzen duenean eta korronteak eskumena hartzen duenean. Azaleko olatu handia pandemiako egoerarekin konparatzeko da. Origami moduko barkuaren aldetik bi gauza adierazteko zen: batetik, hauskortasuna; bestetik, estetika aldetik hiruki forma baizik ez dut erabili; izan ere, Sargia-ren azalean ikusten ziren hiru liburuak gu geu baikinen, esateko gure proiektuaren formatu berria zela. Hor ere hirukote formatua egonkortu genuela adierazi nahi genuen. Gainean ikusten diren bost izarrek ere zentzu bikoitza daukate: bosgarren diskoa eta bost kolaboratzaile. Eta ikusten diren bi dikeak Donibane Lohizunekoak dira, hori ere Iparraldera bueltatu nintzela erakusteko. Ikusten duzun bezala, nahiz eta marrazki oso xumea izan, mezu asko dago gordeta.
Hirukote formatuarekin jarraitu duzu, aurreko lanean bezala. Lortutakoa ikusita, formatu honekin jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, guztiz! Cédric eta Greg nire aurreko taldean (Horeba) sartu ziren 2014ean, beraz orain zortzi urte daramatzagu elkarrekin. Egun errazago da elkarrekin jotzea, konposatzea, ulertzea bakoitzak nora eraman nahi duen abesti bat… Pentsatzen dugu hirukotean geratuko garela, bainan nork daki?
Sargia-rekin egin zenuen hirukote formatura eta oinarrizko instrumentazioara jauzia. Era ezberdin batean, baina rock progresiboa izaten jarraitzen zuen, ene ustez. Oraingoan, parametro tekniko berdinetan mugitu bazara ere, eragin beltza indartu eta soinua gogortu duzu. Arrasto progresiboek hor segitzen duten arren, hau beste gauza bat da. Eroaldi eta haserrealdi instrumental liluragarri bat, nolabait esateko. Progresiboa baino gehiago, blues, funk eta hard rock mozkorraldia da. Ados zaude?
Bai, ondo harrapatu duzu berriz ere! Ez dugu ezer egiten estiloz aldatzeko baina musika naturalki ateratzen uzten dugu. Hirukotea izateak ez du esan nahi ez ditugula pasarte instrumental polit batzuk egiten ahal. Musika estilo horiek kontuan hartuta, letra askok jostagarriak izan behar dute, eta badago halakorik ere, bai horixe.
“Jitoan” kantuan Pettik egiten duena, ufff… nola kantatzen duen, hain da sentibera… Pettiren lanarekin harritu gara benetan!
Anekdota emanen dizut. Baietz grabatuko zuela kanta horretan esan zidan baina data bat aurkitzeko zaila. Azkenik, Itsasun abenduaren hasieran joko zuela ikusi nuen. Estudioa Uztaritzen dugunez aproposa zen biharamunean egitea; goizean goiz sartu ginen estudioan. Pettik kanta bi edo hiru aldiz bakarrik entzun zuen, baina 40 minutuz grabatu du eta zelako emaitzarentzat!!! Hau artista, nahiz eta izan gutti gorabehera nire ahots modeloa bezala, berak aurkitu ditu askatasun eta interpretazio izugarriak inprobisazio moduan.
“Jitoan” kantarekin segituz, kantak eztanda egiten du, funk basati moduko bat hasten baita, eta zure gitarrari sua dario. Baxuaren presentzia oso nabarmena da disko osoan zein kanta honetan. Kantua koadro bat bezala da, bere bertuteak marrazten ditu pisua hartzen doan heinean. Nolabait zure ohiko rock progresiboaren ezaugarri horrekin beteko luke, progresioagatik beragatik bada ere. Kantua dantzagarria da guztiz, night club ilun batean entzuteko aproposa!
Bai, Lur diskotekan (Dantxarinea aldean) garai batean egiten ziren kontzertuetan aproposa izango zen, bai.
“Titia sentitu” eta bere erritmoa zoratzeko modukoak dira. Sua dario, eta hasieratik bukaerara guztiz beltza da. Funky erritmo horiek, baxuaren boterea… eta gero zure ahots zitala dator, hain zuzen ere Sargia diskoko kantu batzuetan egiten zenuenaren antzera. Amorrua ateratzen duzu kantu horretan! Eta hitzei buruz, zure semeari buruz ari zara, ezta?
Bai, 2020ko martxoan nire semeak bi hilabete zituen eta kanta hau eta “Oihan” izenekoa, biak ziren nire semearentzat konposatuak.
“Hotz eta motz” kantuan, aurreko diskoko tonu barnerakoia eta sentibera landu duzu hasiera iradokitzailean. Baxuaren soinua disko osoko sarkor eta potoloena da. Nola arraio lortu du soinu hori? Eta kantuaren garapena, berriz ere, aztoratzailea da gutxien-gutxienez. Infernuko hauspoa, kar, kar.
Sargia diskoko kantu batzuetan soinua loditzeko Octaver pedal bat oparitu nion baxu joleari, eta bai disko hontan baita zuzenekoetan ere asko erabiltzen du bakar saioetan dinamika mantentzeko.
“Oihan”-en zure tonu naturalean zaude, aurreko lan batzuetan moduan. Noski, “natural” hitza erabiltzea ez da egokiena agian. Kantu honetan bertan ahotsa goratzen duzunean ere oso eroso baitzabiltza. Kuriositate bat: minutu eta berrogeita hamar segundotik aurrera entzuten dena… esaidazu ez dela baxua! Benetan zoragarria da.
Bai, baxua da. Hor Fretless baxua erabili du Juvinek, horregatik soinu nahiko berezi hau nabaritzen da.
Inolaz ere espero ez nuena hip-hop estiloko kantu bat eginen zenuela zen. “Gainazalak” kantuan 2zio taldeko Odei Barrosoren kolaborazioa ederra da noski; dena den, barkatuko didazu, baina zure ibilbidean rara avis oso nabarmena da. Esango nuke kantua konposatua zegoela Odeiri deitu zenionean, oinarri musikala arazorik gabe zure parametroetan sartzeko modukoa baita. Hori horrela bada, zati rapeatu horiek hor sartzeak meritu handia dauka.
Oso rap zalea naiz eta 2zioko beste kidea den Jo Olaskoaga (orain Odeiren proiektuan ere dagoena) nire haurtzaroko lagun oso on bat da. Harekin egin dut nire rap heziketa! Behin baino gehiagotan aipatu genuen kolaborazio bat egiteko aukera; 2zioren bigarren diskoan instrumental bat egin nien. Hasieratik banekien Odeiri rap bat bi zatitan gehitzea eskatuko niola, baina bateria eta baxua grabatu zituztenean ni ez nintzen egon estudioan eta nire lagunek ahantzi zuten diskoko bertsio bat (sinpleagoa) izango zela, eta guk zuzenean Odei gabe beste instrumentazio bat izango zela erabaki genuen. Beraz, sorpresa izan zen niretzat eta pixka bat beldur nintzen emaitzaz. Azkenean huts hori onerako izan dela uste dugu.
“Jokatu ta jostatu” diskoan ondo integratzen den kantua da, eta nolabait lanaren bertute askoren laburpena izan liteke. Kalitatezko kantua da, alternatiba asko dauzkana, erritmo aldaketak eta melodia. Kantu guztiak berriak dira, ala lehenagokoren bat berreskuratu duzu?
“Jokatu ta jostatu” kanta oso zaharra da justuki. 2015ean konposatu nuen eta horrela egon da aldaketarik gabe. Beste guztiak zinez freskoak dira, 2019-2020ekoak.
Lehen diskoa atera zenuenerak bazenuen esperientzia. Non eman zenituen musika munduan lehenengo pausoak? Noiz eta nola ezagutu zenituen Cédric eta Greg?
Esperientzia banuen bai. Aita, osaba, aitona… denak musikariak ziren, guztiz klasiko mundukoak. Etxean pianoa ikasten hasi nintzen lau urterekin bainan 10 urterekin utzi nuen. Solfeoa eta partiturak ez ziren niretzat eginak! Ondotik baxua jotzen eta kantatzen hasia naiz Nimbus izeneko metal talde batean, 1999an, eta 2002. eta 2005. urteen artean Kästler Orkestra izeneko free jazz eta acid jazz banda batean egon naiz baxua jotzen. Azkenean, 2007an gitarra jotzen, autodidakta moduan ikasten eta konposatzen hasia naiz. Prima Linea izeneko talde batean sartu nintzen gitarra elektrikoa jotzera eta Uztaritzen maketa bat grabatu genuenean ezagutu nuen Greg. Ezagutza horrek du markatu nire bizitza musikala, berak proposatu baitit grabatzea nire lehen diskoa.
Cédric Donibane Ziburuko gaztetxean ezagutu nuen, bainan gero Parisera joan zen Universal enpresarekin lan egitera. Bernard Lavilliers, Tiken Jah Fakoly, Cesaria Evora, Calogero… eta abarren bateria jolea izan da. Itzuli denean beste talde bat sortu du, Torii, nire lagun batekin, Beñat Biskai (Trobador diskoan kantatzen duena), eta egun batez proposatu nion gure taldean sartzea, musikalki oso aproposa aurkitzen bainuen.
Progresiboari buruz, noiz sortu zitzaizun estiloarekiko interesa? Zein talderekin hasi zinen mundu honetan sartzen?
Saran bizi nintzen 2005ean lagun batzuekin, horietarik Xabi Biscat nire lagun hoberena. Garai horretan rock progresiboan murgildu egin zen eta ni berarekin. Entzuten nituen Oskorri, Itoiz, Pink Floyd… baina hor King Crimson ezagutu dut eta nire bizitza erabat aldatu da! Ondotik, Van Der Graaf Generator, Peter Hammill, Yes, Genesis…. arakatu nituen. Garai horretan lotzen hasia naiz nire musika klasikoaren ezagutza rock progresiboarekin.
Gaur egun Irunen bizi zara. Noiz joan ziren horra bizitzera? Hiri handi batean bizitzeak nolabait zure musikan eraginik izan du?
Ziburun bizi gara; orain dela urte bat sartu gara, nire neskalagunaren aitonaren etxea erosi dugu. Egia esan seme ttiki batekin, eta muga itxita egon zenean, Iparraldera sartzeko gogo bizia sentitu genuen. Bizitzeko, egia esan, nik nahiago dut barnealdea baina zailagoa da musika eta lanarentzat. Beraz, azkenean Ziburu konpromiso ona da!
Diskoa aurkeztea tokatzen zaizue orain. Kontaizkiguzu zuen planak. Orokorrean, nondik deitzen dizuete gehiago, iparraldetik ala hegoaldetik?
Egia erran, bakarrik Iparraldean jotzea pentsatu dugu eta udazkenean Hegoaldean promo kanpaina eta bira bat egiteko asmoa dugu. Ea data batzuk lortzen ditugun! Gaztetxeetan eta horrelako tokietan jotzeko asmoa dugu, toki nahiko ilunetan nahi dugu zabaltzea gure proiektua.