Elkarrizketa

Jon Urzelai

2021.03.23

Jon Urzelai

“Gorputzaren energia nola erabili kontzertu bat egiteko, hori interesatzen zait”

Elkarrizketa: Myriam RZM

Kasete garden bat eta zirkuitu elektroniko birziklatuekin egindako pin bat, horixe da Myriam Petralandak (Dima, Bizkaia, 1975) Myriam RZM gisa kaleratu berri duena Eclectic Reactions zigiluarekin. Bere gorputzaren eta gailu ezberdinen arteko elkarrizketaren fruituak dira zortzi soinu pasarteok, proto-erritual gisa izendatu duen sortze prozesuaren ondorio. Esperimentazioa ardatz zuten Gora Japon edo Magmadam bezalako taldeetan aritu izan da Myriam aurrez, eta beste zenbait proiektutan ere aritzen da egun; era jarraian entseatzen dutenak batzuk, unean uneko enkontru efimeroak besteak. Musika egiteko errezetei muzin egin eta bidean topatutako ezustekoei erantzunez aurrera egitea baita, finean, irrikarik handiena sortzen diona.

Myriam RZM

Myriam RZM Hanburgoko (Alemania) Primal Uproar jaialdian eskainitako saioan. (Gandy Ea)

Zer moduz joan da urte arraro hau?
Astiro. Baina ondo, gelditu barik.

Lan honek badu behartutako geldialdiarekin zerikusirik?
Bai, denboran batera gertatu dira biak. Zerbait grabatzeko Eclectic Reactions zigilukoekin aspaldian hitz eginda neukan, baina denbora pasatzen joan zen eta lehengo urteko konfinamendu gogorrean grabatu nituen, azkenean, zati gehienak. Kanpoan zeregin handirik ez nuenez, etxean horretan aritu nintzen. Lehenagotik materiala baneukan baina grabatzeko denbora orduan hartu nuen.

Agian oker egon naiteke, baina zure zuzenekoak oldarkorragoak, edo, behintzat, indartsuagoak izan ohi dira hemen ageri dena baino. Kasetean, eztandak baino, tentsio kontrolatua nagusitzen da, ezta?
Bai, Yerayk ere [Yeray Portillo, Eclectic Reactions zigiluko arduraduna] minimal noise gisa deskribatu du egindakoa eta zentzua ikusten diot. Nik, erreferentzia ohikoagoetara joz, nahiko blueseroa dela esango nuke. Badauka halako kadentzia moduko bat, jarraia, eta gainean gertatzen dira gauzak. Zuzenean badaramatzat bi urte baino gehiago hemen islatzen den saioarekin eta denetik dago; batzuetan bada gogorragoa, baina beste batzuetan ez: isilaldi asko izaten dira, dinamika asko… Tresna jakin batzuk izanagatik, inprobisazioa izaten denez, ez da beti gauza berbera irteten. Kasetean ageri diren bezalako uneak ere gertatzen dira. Baina, bai, grabatzerakoan, horretara jarri eta erritual bluesero moduko hau geratu da gehiago.

Inprobisazioen ondorio da entzuten duguna, beraz.
Bai, rec botoia sakatu, neu sortzen hasi eta emaitzatik editatu gabeko zatiak hautatu ditut. Horixe da kasete honetan dagoena.

Nolakoa irudikatu behar dugu zure etxeko lan mahaia? 
Nik aspalditik darabilt “peto sonikoa” deitzen diodana: kontaktuzko mikrofonoak eta theremin optiko bat dauzka. Horiekin jolasten dut, hortik sortutakoa pedalekin eraldatzen dut — gitarra eta baxuen pedalak— eta mahai batekin feedbacka ere gehitzen diot. Horren konbinazioa da zuzenean erabiltzen dudana eta grabaziorako ere lanabes berdinak izan ditut.

Zuk zeuk egindako tresnak dira?
Feedbacka txertatzeko mahaia ohikoa da, mixer batekin eta abar. Pedalekin berdin. Baina soinu iturria nire gorputzean daramatzadan kontaktuzko mikrofonoak eta beste dispositiboak dira, eta horiek lagunekin egiten ikasitakoa neure gogo eta beharrei moldatuta sortutakoak dira. Mikrofonoak esku eta hanketan daramatzat eta theremin optikoak sentsore ezberdinak ditu: eskuetan, ahoan ere sartzen dut… argia jaso ala ez, soinu ezberdinak sortzen ditu.

Norbait ariko da irakurtzen eta pentsatuko du: zertarako konplikatu horrenbeste bizitza gaur egun dauden instrumentu elektroniko guztiekin! Zergatik halakoak diseinatu eta erabili?   
(Barreak). Ni aspalditik nabil kontaktuzko mikrofonoekin gora eta behera, eta gorputzarekin ere bai. Gorputzaren energia nola erabili kontzertu bat egiteko, hori interesatzen zait. Nire gorputzaren mugimenduak sortutako soinu gordinak erabiltzea gustatzen zait, distira askorik ez dutenak, eta horiek alteratu. Instrumentuak noizbehinka erabili izan ditut, sintetizadore txiki bat adibidez, baina aspaldian ez ditut erabili. Aipatu dizudan mundu hori landu gura dut: gorputza, taula gainean egotea eta soinu oso gordinak efektuekin momentuan lantzea. Oso gustura nago hor eta oraindik ere asko daukat egiteko.

Sorkuntza prozesu oso aldakorra izan daiteke hori, unearen araberakoa.
Bai, zuzenekoetarako egokia da oso. Ditudan erramintekin, soinu espektroa ez da oso zabala: soinu gordinak, distortsionatuak eta zaratatsuak izan ohi dira. Beraz, soinu aldetik baino, kontua gehiago da zelan egiten dudan egiten dudana. Musikaren aniztasunean eta ñabarduretan baino, horretan dago gehiago indargunea. Barrutik hala bizi dut, behintzat.

Eta, hala ere, nahikoa aukera ematen dizute gailuek, ezta?
Bai, mundu bat da. Feedbacka, adibidez, oso ausazkoa da; nire mugimendu txiki batek dena alda dezake, berak bakarrik garatzen ditu espero ez dituzun gauzak. Ez da soilik inprobisatzen ari zarela, gauza aleatorioak ere asko dira. Erramintak nola erantzungo duen erne egon beharra daukat, ez baitago ezer aurrez sortua. Ea musikak zein bide hartzen duen ikusi eta erreakzionatzea gauza polita da.

Zure ibilbide musikalean soinu ikerketak pisu handia izan du, ez baituzu sekula bertan goxo egin. Horretan zabiltzaten askok rock parametroetatik elektronikara egin duzue jauzi.
Izan daiteke, bai. Elektronika oso mundu zabala da, baina ni asko ari naiz gozatzen oinarrizko elektronika honetaz. Bateriaz galdetu izan didate, adibidez, eta bateria oso ahaztuta daukat… Bateria jotzen ahaztu zaidala esango nizuke.

Aukera gehiago eskaintzen du elektronikak, agian?
Nire kasuan, beste dimentsio batzuk posible ikusi ditut bertan, horregatik joan naiz elektronika aldera. Aspalditik izan dut gorputzarekin soinu gordinak lantzeko gogoa, eta esploratzeko, ikasteko eta jolasteko aukera gehiago aurkitu ditut elektronikan.

“Aspalditik izan dut gorputzarekin soinu gordinak lantzeko gogoa, eta esploratzeko, ikasteko eta jolasteko aukera gehiago aurkitu ditut elektronikan”

Bateria aipatu duzu lehen. Erritmoak protagonismoa galdu du agian zure musikan?
Ba ez hainbeste, ez nuke esango. Ibon RG-k aspaldi esan zidan zuzenean ikusten nauenean bateria jolea ikusten duela oraindik. Nik perkusioa oso presente daukat; hori bai, nik orain perkusioa ikusten dut taupada moduko bat dagoenean. Erritmoa oso presente dut oraindik, ezinbestean. Esango nuke egiteko era nahiko perkutiboa daukadala zuzenekoetan.

Ez da urte egokia izan horretarako, baina soinu ikerketan zabiltzatenon artean kolaborazioak oso ohikoak izaten dira. Interesgarriagoa eta dibertigarriagoa da taldean aritzea?
Bai, edo, behintzat, norbaiten ikerketaren ateak ireki eta bertan parte hartzea. Oso interesgarria da. Nire ibilbidean kolaboratu eta ikasi dudan jende horri esker nago orain nagoen tokian. Kolaborazioek ikuspegia zabaltzen dizute eta egoera berrien aurrean jartzen zaituzte. Halakoetan, beste musikariekin konbinatu beharra daukazu eta hori oso aberasgarria da. Txaranga Urretabizkaia proiektuan, adibidez, hamabi pertsona aritzen gara haize instrumentuekin, eta oso polita izaten da. Asko gozatu eta ikasten dut. Geuk sortutako piezak jotzen ditugu eta orain liburu bat argitaratzekoak gara, geure partitura guztiekin. Bestetik, Abyme Nabar izenpean Jolie DJ suediarrarekin ere aritzen naiz eta nik sortzen dudana zuzenean eraldatzen du, oso basatia da. Gutxitan jo dugu, baina errepikatu nahiko genuke. Ederra izaten da.

Bilbo inguruan bazaudete, beste zenbaiten artean, hiru emakume horretan ari zaretenak eta harreman emankorra duzuenak: Garazi Gorostiaga, Itziar Markiegi eta zu.
Bai, baita jende gehiago ere, ezagutzen ez dudana.

Uste duzu emakumeok erosoago zaudetela giro eta estilo hauetan beste batzuetan baino? Beste zenbait generotan ez bezala, esperimentazioan etengabeko eraikuntzan ari zaretenez, agian ez dauzka horren rol eta konnotazio zurrunak. 
Bada, ezingo nizuke esan. Estilo konbentzionaletan ere emakume asko dago. Elektronika esperimentalean bai, atzerrira ere joan garenean emakume askorekin egin izan dugu topo, baina musikaren mundua maskulinoa da, orokorrean, edonon begiratzen duzula ere. Dena dela, egia da elektronika esperimentala libreagoa dela, leku berriak topatu eta eraikitzeko aukera gehiago eskaintzen dituela.

Musika entzule, nolabait, konbentzional batek, pentsa lezake oso interesgarria dela soinu ikerketarena, baina ikasitakoak abesti kanonikoago bat sortzeko balio ezean, ez dela entzuteko interesgarria. 
Mainstream pentsamendu hori hor dago eta ez da horren erraz aldatuko. Nik bestelako gauzak ikusten eta entzuten ikasi dudan modu berean ikasi dezake beste edonork ere, beraz, egin dezagun lan hori denon artean. Ikuskera horrek inplikatzen du, zera… esango dut: abesti berbera entzuten ari garela ez dakit noiztik. Jendeak ez badauka horrekin arazorik, zer esango dut bada nik.

ETIKETAK:Eclectic ReactionsElektronikaGora JaponIbon RGMagmadamMyriam RZMTxaranga Urretabizkaia