Disko berri baten aurreko pauso gisa egin dut hau. Neurri batean, nahi nuen, urte batzuk zuzenekoetatik ez hain gertu ibili ostean, igerilekuan zenbat ur dagoen ikusi. Egoera zein den. Eta, bestalde, hemen ez naiz asko ibili zuzenean, baina gauza batzuk gertatu dira neure bueltan. Alaba hasi da gurekin abesten, kolaboratu dut Kaliforniako jendearekin, Noka taldearekin egin nuen disko bat eta Julen Alonso batu zaigu taldera. Horren argazkia utzi nahi nuen disko berri bat egin aurretik.
Bat aukeratu dut, asko gustatzen zaigulako Arkaitzen zatia; beste bat, oso polita gelditzen delako hiru ahotsetara kantatua, beste hura beti abestu izan dudalako Andrea Bidartekin… Hamar minutu ere ez nituen pasatuko hautatzen.
Bai, eta baita tematika ezberdinetakoak ere. Badira kantu nerabeak, 16 urterekin egindakoak. “Baina berdin dio”, adibidez. Hura izan zen nire lehen diskoko lehenengo kantua. Badira kantu sozialagoak ere, “Konplize ditut eta”, esaterako… Hori izan da gure bizitza. “Zure begiek”, adibidez, oso kantu nerabea da, eta gaur egun ez nuke halakorik egingo inondik ere, hori egin baino lehen ohean ezkutatuko nintzateke [barrez], baina hori ere izan nintzen. Ezin dut ukatu. Eta kantu horri eskerrak ematen dizkiot. “Konplize ditut eta”-ri ematen dizkiodan bezala. Hori grabatu nuen orain zazpi urte, eta oraindik ere bere bidea egiten ari da. Gaur egun ere iristen zait halako eskolatan umeek egin dutela bideo bat kantu horrekin, edo beste batek bertsio bat egin duela. Hori oso pozgarria da, eta erakusten dizu zuk egin duzun kantu horrek norbaiti balio diola. Tira, kantu horretan, pisua bereziki Uxue Alberdiren letrak dauka, baina badirudi guk ere asmatu genuela doinu katalizatzaile bat egiten.
Hemen, askotan aipatzen dugu euskal kontuak ez daudela modan, baina, horren gainetik, zerbaitek salbatuko bagaitu, hori izango da gizarteari balioko dioten kantuak egitea. Asmatzen badugu zerbait inteligentea egiten, jendeari balioko diona, zirrikituak aurkituko ditugu herri bezala. Kultura osasuntsu bat izateko, musikan bezala antzerkian edo prentsan, estatu bat behar dugu, bermatuko duena herri euskaldun bat izatea hau. Hala izanda, ez genuke arazorik izango antzokiak betetzeko, gure jendeak kontsumituko lituzkeelako euskal gauzak, alemanek alemanez kontsumitzen dituzten bezala. Baina hori ez dugun bitartean, ahal dugun moduan ibili behar dugu. Zorte handiagoarekin edo txikiagoarekin. Gelditzen zaigun bakarra gauza eraginkorrak egitea da
Nik bai. Nire kantagintza ulertzen dudan moduan, bai. Ahotsaren eta doinu baten bidez, poema edo hitz batzuk aurkezten dituen kantagintza hori da niri interesatzen zaidana. Beste garai batzuetan egon diren bezala, badira beste joera arin edo ederzaleagoak ere, eta ematen du hor gaudela orain ere, eta gai sozialak aiton zaharren kontuak direla. Baina kantagintzak inoiz baino gehiago du esateko. Gero beste kontu bat da ea asmatzen dugun hori ondo formulatzen eta belaunaldi berrietara heltzen. Gure belaunaldiko jendearekin eta nostalgiarekin gelditzen bagara ez goazelako inora.
Jendeak ezagutzen ditu, kantatzen ditu, eta nik, esker onez, kantatzen ditut pare bat. Baina ez nuke hor gelditu nahi, bukatzen den gasolina bat delako. Saiatzen naiz kontu izaten horrekin. Ez naiz sentitzen kantari nostalgiko bat, eta ez nago iltzatuta 90eko hamarkada hasiera hartara. Gainera, badut sentsazioa niri arrakasta iritsi zitzaidala oso gazte, mundu honetaz ezer ez nekiela.
Diskoetxeak etortzen ziren, sinatzen genuen edozer gauza… Guk ikusi dugu dirua pasatzen aurretik eta atzetik, goitik eta behetik, baina zer jaso dugu? Zintzoki esanda, hori antzeman dut. Igual olatuak harrapatu ninduen oso gaztetxo. Arrakastak helduago harrapatu izan banindu, agian beste kudeaketa bat egingo nuen. Baina hori ez da hautatzen, eta, hau dena ziklikoa denez, nik segituko dut saiatzen kolpea jotzen. Erantzukizuna ezin delako beti kanpoan jarri. Saiatu behar dugu kantu onak egiten, eta hori egiten badugu, lekua irabaziko dugu.
“Guk ikusi dugu dirua pasatzen aurretik eta atzetik, goitik eta behetik, baina zer jaso dugu? Igual olatuak harrapatu ninduen oso gaztetxo”
Herri kantua —eta pop-rocka ere hor kokatzen dut— harmonia eta melodia jakin batzuen barruan mugitzen da. Oso gauza minimalista eta arraroak egiten badituzu, jendearentzat ulergaitz bilakatzen da. Eta, jakina, niretzat, melodiek eta harmoniek prosodia erraztu behar dute. Nire kantagintzan, eta uste dut bertsolaritzan ere berdin gertatzen dela, behar ditut esaten ari naizen hori lagunduko duten melodiak eta harmoniak. Baina nireaz ari naiz… Adibidez, Itoiz entzuten hasiz gero, askotan Juan Carlos Perezi ez zaio piperrik ere ulertzen; baina Juan Carlos zebilen beste zerbaiten bila: melodiak, silaben jokoa… Horretan maisu bat da. Nire kantagintzan hitzak ondo heltzea da inportanteena.
Texmaniacs taldeari entzun nion Washingtongeko Smithsonian jaialdian, eta pentsatu nuen itzultzea, herrimina badelako oso zabaldua dagoen sentipena. AEBetako mexikarrek bezala, AEBetako euskaldunek ere barruan duten sentipena da.
Bai. Kanpora atera garenean normalean hori izan da gure esparru naturala. Gure aukera, dudarik gabe, euskal komunitateari kantatzera joatea izan da. Diaspora hori ezagutu dugu; Trumpi botoa ematen diona eta ETAko iheslaria eremu berean biltzen dituena. Hori da euskal gizartea, eta guk euskal gizarte osoari kantatzen diogu.
Etorri izan denari erantzun diot, baina ni neu ez naiz saiatu emanaldiak bilatzen. Orain hasi naiz, disko honekin, zerbait bilatzen. Baina ari gara gu geu, inongo manager edo diskoetxerik gabe. Kantagintza ekologikoa lantzen. Sentitzen baduzu luzerako ari zarela, ez da kontua arbolan dauden sagar guztiak oraintxe jasotzea. Ibil gaitezen pixka bat, baina beti. Ni horretan nago.
Merkatua esaten zaion horrek horretara eraman gaitu. Gero eta gutxiago beharko ditugu diskoetxeak, gero eta gehiago kontsumitzen delako saretik, eta gero eta presentzia handiagoa dagoelako hor. Niretzat, orain, inportanteena da nire masterren jabetza nirea izatea. Diskoetxe batekin negoziatuko dituzu baldintza hobeak edo okerragoak, baina lanaren jabetza berea izango da beti. Dirua jartzen dutelako, estudioa jartzen dutelako edo dena delakoagatik… Eta nik uste dut gure kantuen jabetzak izan behar duela gurea. Guk egiten ditugu, guk jartzen dugu daukagun talentua eta esfortzua, eta ikusita, gainera, zenbat saltzen den… Uste dut gero eta gehiago ikusiko ditugula beren kabuz lan egiten duten artistak.
Industriak baditu bere alde onak eta txarrak. Azken batean, zuk lan bat egiten duzu, uzten duzu haren esku, eta saiatzen da ahalik eta etekinik handiena ateratzen. Baina horrek eramaten bazaitu profesionalki bizi ahal ez izatera, bada zerbait ondo funtzionatzen ez duena. Euskal Herrian eta euskaraz ez dut jende askorik ikusten horretaz bizitzen, baldin eta ez baditu kudeatzen berak sortzen dituen etekin gehienak. Ez dut ikusten industria bat elikatzen ibiltzea guk bueltan jasotzen ez badugu. Nik nahi ditut kantuak egin, gauzak esan eta ahalik eta eraginkorrena izan. Eta uste dut bide hau dudala egokiena.
Kantu berri mordoxka ditut, baina nahi nuen, lehenengo, egindako bidearen argazkia utzi, eta ikusi egoera nola dagoen. Inportantea da ikustea nola dagoen merkatua eta nik neuk zenbateko giharra dudan. Baina gogotsu nabil.
Aurten grabatu nahiko nuke, eta ea posible den urte amaierarako ateratzea. Edo, bestela, hurrengoaren hasieran.
- Urtarrilak 24: Lugaritz kultur etxean, Donostian, 20:00etan.
- Otsailak 1: Bilboko Euskal Museoan, 19:00etan.