2015.12.14
Estankona. Borja Estankona. Artearra. Gitarrista. Hasiera batean, Arean, rock talde bizkaitar bitxi bateko gitarrista. Gero, Estankona. Bere kabuz. Bere orekaz. Bere diskurtso musikala bakarrik idazten. Areanekin disko bi. Estankona moduan hirugarrena dago orain kalean. Ardatza. Sortu berria. Autoekoiztua. Bakardadean konposatua. Betiko moduan, sentsibilitate bereziz landutako kantak. Eskertzen den sentsibilitatea.
Zergatik jarraitzen du Borja Estankonak diskoak kaleratzen?
Utzi egiten ez dugun joera bat da. Diskoak kaleratzen jarraitzen dut gazte eta indartsuago mantentzen nauelako. Nire bizitzaren gorabeherak direla eta, emozionalki indarra edo babesa ematen dit. Forman egoten laguntzen dit bai espiritualki eta bai, askotan aipatzen ez dudan arren, fisikoki ere.
Dena galduta ikusi duzu noizbait?
Arean desegin zenean, 2007 inguruan, aurrera jarraitzeko zailtasunak igerri nituen. Oso garai zaila izan zen eta agian musika bukatu behar zela eta nire denbora eta energia beste gauzaren bati eskaini beharko niokeela pentsatzen nuen batzutan. Eta ideia ez zitzaidan batere gustatu. Baina gainditu nuen.
Publikoa duzula sentitzen duzu? Norentzako kaleratzen duzu?
Hori ziurrenik betetzeko dudan ikasgai bat da. Musika plazaratzeari dagozkion gauzez gehiago arduratzen hasi behar naiz, publikoa izatea ez baita musikatik bakarrik datorren baldintza, promozio maila edo zortea ere garrantzitsuak dira. Orain, behin nik neuk diskoa kaleratzearen ardura hartu dudala, bazter guztietan egon dadin ahalegina egingo dut. Nire publikoa minoritarioa da baina agian nire musika entzun ez delako izan liteke. Zer edo zer berezia egiten dudala uste dut eta hor kanpoan nire musikaren zain dagoen jendea badela sinetsi nahi nuke.
“Zer edo zer berezia egiten dudala uste dut eta hor kanpoan nire musikaren zain dagoen jendea badela sinetsi nahi nuke”
Gaur egun norberak hori dena egiteko tresnak baditu?
Denbora tresnarik inportanteena dela uste dut. Eta zorionez orain denbora badut, irakaskuntzan egiten baitut lan jardunaldi erdian. Euskal Herriaren eremuan nire musikak presentzia handiagoa eduki dezan ahalegina egingo dut. Ilusioa ere behar da alderdi burokratikoa aurrera ateratzeko. Maila handi batean ordenagailuarekin lan egitea suposatzen duenez ez da beharrezkoa fisikoki horrenbeste mugitzea. Emailak, sare sozialek eta bide hauek asko laguntzen dute. Baina fisikoki ere mugidu behar da, diskoarekin, kurrikuluma entregatuz… Metodo egokienak zeintzuk diren bilatu behar dut.
Gitarrista edo musikaria sentitzen zara gehiago?
Galdera ona. Nik musikaria bezala ikusten dut nire burua, musika egiten dudalako. Baina nire perfila gehiago da kantu egilearena, eta rock kantu egilearena zehazki. Eta gitarra jotzen dut. Gitarra jolea naiz baina beti rock abesti baten zerbitzura. Ni ez naiz bereziki gitarraren gainean dabilen persona bat. Ez dut gitarra bera debozioz zaintzen, ez ditut gitarraren pastillak aldatzen, ez dut pedaletan ikertzen gehiegi. Gitarra on bat eta anpli on bat edukitzea eta lanean hastea nahiago dut. Baldintza minimo batzuk lortzen baditut kanta da niri deitzen didana gehien.
Gitarrista bitxia izan zara. Kolpeak eta erritmoak jarioaren gainetik ipintzen dituzu.
Hirukote formatuak sendotasuna oinarri duen filosofia edukitzera bultzatzen zaitu. Askeago izan nahi dut disko honekin. Zuzenekoetan ere askeago mugitu nahi dut eta horregatik erritmoarekin bat noa gehiago. Disko honetan bi solo bakarrik egiten ditut eta konturatu naiz agian landu beharreko esparrua dela alde melodiko hori.
Gitarrista bezala aritu zinen lehenengo egunetan, heavya entzuten, eta soloak lantzen gogoratzen zaitut.
Egia da. Hasi nintzenean, 14-15 urterekin, bluesa zen iturria. Akorde batekin marrazki ezberdinak egin ahal izatea eskertzen zen. Baina bai, heavya entzuten nuen urte batzuk beranduxeago. Nire gurasoek disko-jogailu zahar bat zuten eta bertan Aitor Gorosabelek (Su Ta Gar) zer egiten zuen ikusten nuen diskoa erreboluzio gutxiagotan ipinita. Urte bat edo egon nintzen horrela baina sormenari dagokionez ez zeukan inolako norabiderik. Alperrik botatako urtea izan zen.
Gitarrista bezala zelakoa izan da zure eboluzioa?
Etengabe gertatzen den gauza bat da. Disko honekin zerbait barrokoagoa landu nahi izan dut. Gotikoagoa. Ertz gehiagoduna. Dramatikoagoa. Min handiagoa adierazteko. Alderdi terapeutikoa lantzeko. Beste bi diskoetan garai ilunagoak izan ziren eta agian horregatik beragatik diskurtso xamurragoa eta argiagoa bilatzen nuen. Poparen formulan eta bere animoa igotzeko boterean sinisten nuen eta bide hori hartu nahi izan nuen. Orain, agian hobeto nagoelako, barruan ezer ez gordetzea erabaki dut. Barne ezinegonak musika argitsu eta antolatuaz birziklatu beharrean, zuzenean ezinegon horiek askatu nahi izan ditut. Musika horren zerbitzura jarri dut.
“Disko honekin zerbait barrokoagoa landu nahi izan dut. Gotikoagoa. Ertz gehiagoduna. Dramatikoagoa. Min handiagoa adierazteko. Alderdi terapeutikoa lantzeko”
Behin, orain dela urte asko, besteen nostalgia bizitzeko prest ez zeundela esan zenidan. Oraindik defendatzen duzu ideia hori?
Ez dut gogoratzen hori esan izana, baina asmatu ez duzula uler dezaket. 50, 60 edo 70. hamarkadetako musika entzuten dutenei ulertzen diet. Gaurkotasunaren gainetik autentikotasuna jartzea ulertzen dut. Baina nik gauza biak behar ditut. Eta gainera, gaurkotasunaz eta autentikotasunaz aparte, etorkizunera begira nolabaiteko proiekzioa edukitzea ere eskertzen dut. Uste dut ezinbestekoa zaigula, gainera. Nire utopia hau izango zen: norberaren nortasuna islatzen duen musika egitea, zure herriaren nortasuna islatzen duen musika egitea eta, iragana eta etorkizunarekin bat eginik, une honetan gozagarria den musika egitea. Atenporala izatea. Horrek mugiarazten du gurpila, zeren bestela nostalgiarekin bakarrik ez baitago zereginik.
Arean taldean erreferentziak nolabait agerian gelditzen ziren. Baina Estankona Estankona bezala existitzen den unetik hona oso zaila da kutsuak edo eraginak ikustea.
Rock diskurtso baten barruan ez dagoen musika asko entzun dut azken aldian. Esan nahi dut, zuzenekoari dagokionez beste era bateko performancea suposatzen duten musikak. Flamenkoa, adibidez. Flamenkoak duen zuzeneko performancea ez da rock kulturan ematen dena baina itzelezko tentsioa, pasioa eta energia transmititu dezake Paco de Lucia batek, adibidez, aulki batean eserita egonik. Mediterraneoko musikaren inguruan seminarioren bat egin izan dut, Kretako irlan konkretuki. Arreta handia ipini dut inguru geografiko haietako musiketan. Bertan izandako bizipenek ere aberastu izan naute, nola ez. Baina egia da ni rockeroa naizela. Nire barreneko zati bat aspertzen da musika etniko edo folk deritzogun horiekin, epe nahiko laburrean. Akopleak behar izaten ditut eta sortzeko garaian rockaren ekonomia hori ere. Hala ere, jasotako hori guztia nire rockaren mesederako izan da. Intuizio horiekin zuzendu dut arreta musika eta eremu geografiko horietara, eta funtzionatu du. Askotan sormenean jarraitzeko norabideak ia-ia aitzakia baino ez dira.
Zergatik sortu zen Arean eta zergatik desagertu zen?
Hamazortzi urte dituzunean horrelako gauzak sortzen diren moduan sortu zen. Erdi kasualitatez, erdi lagunaren lagunak ginelako, rock zaleak ginelako. Hasieran Arean ez zen Arean. Mutil ezberdinak ginen, bati Dut gustatzen zitzaion, beste bati Jane’s Addiction, beste bati Pearl Jam. Gero apurka-apurka post rock munduan murgildu ginen Slint, Come edo Godspeed You! Black Emperor entzuten. Garai hartan abesti instrumental luzeak egiten genituen. Eta horren ostean etorri zen Arean: hiru mutiko bost urtez lanean egon eta gero sortutako proposamena. Gure arteko handinahikeriak eta ezberdintasunak izan ziren, besteak beste, Arean desagertzearen arrazoi nagusiak. Horrela gogoratzen dut nik.
Noiz konturatu zinen Estankona zinela edo izan zinatekeela?
Arean bukatu eta gero. Gauzak bakarrik egin behar nituela ikusi nuen, oso burugogorra naizelako eta nire lanean eskuzabala izatea kostatzen zaidalako. Orain ez dut erabateko adostasunaren beharrik erabakiak hartzeko. Formazio aldaketak egin ahal ditut adibidez, bakarlari izanik, askoz errazago. Askatasun horrek lana emankortuko zidala sentitzen nuen, eta hala izan da. Arrazoi hauengatik erabaki nuen Estankona sortzea.
“Ardatza”, izenburua. Batzutan izenburuak ipintzeagatik ipintzen dira. Besta kasu batzuetan azalpena dute atzetik. Zein da zure kasua?
Azalpena marrazkitik, azaleko iruditik dator. Nik egindako marrazki bat da. Hasieran beste ideia bat izan nuen, “astalarrosa” deitu nahi nion diskoari. Arrosak berak, bere arantzekin, duen pasioaren karga sinbolikoa dela eta. Astalarrosa lore zuria da. Nire Arteako etxe aurrean sortzen dira urtero batzuk. Baina ez nuen irudirik lortu. Azkenean, aspalditik nire musikari loturik ditudan elementu eta izaki sinbolikoekin irudi hau landu nuen: eguzkia, arranoa, zuhaitza eta sugea. Lerratuta, ipar amerikako indioen totemen antzera, pixka bat. Lerratuta eta simetrikoa. Lerratze hau dela eta “ardatza” etorri zitzaidan burura, oso ondo azaltzen duelako irudia. Behin izena jarrita konturatu nintzen Jimmi Hendrix-ek bere disko bati Axis Bold as Love deitu ziola. Bitxia eta polita iruditu zitzaidan kointzidentzia.
“Noizbait kalkulatu beharko dut egiten dudan inbertsio ekonomiko, filosofiko eta animikoak harreman orekaturik ba ote duen bueltan datorkidanarekin”
Grabatu berria, kaleratzeko unean.
Orain beste ziklo bat zabaltzen da, gizarteratzearena. Beste era bateko energia inbertsioa etorriko da. Eta bestalde zuzenekoak ere etorriko dira eta bertan maila ona ematen saiatuko naiz. Askotan motibazio horrek inpultsoa ematen dizu abesti berriak idazteko. Horrela, nik, beharrezkotzat ikusten dut hau guztia.
Diskoan lortutakoarekin pozik?
Bai. Abesti batzuk zaharrak dira. “Ostargia” eta “Bilera”, konkretuki. Besteak berriak dira. Hiru-lau urtetan zehar aparte gordetzen joan naizen konposaketak dira, soinu aldetik eta emozio aldetik kualitate batzuk ikusten bainizkien, bitartean egin izan ditudan beste abesti batzuetatik desberdinak zirenak. Hamaika kanta daude. Azken abestia, “Bagoaz”, laburra da. Agurraren balioa duen erritmo instrumental bat. Badago kale eta auto soinudun pasarte bat, “Etxearen bila”. Beraz, kantak-kantak, gainontzeko bederatziak dira. Lan asko eman didate eta oso era pazientean landu ditut. Pozik nago lortutakoarekin.
Zaila da talde bat mantentzea?
Nire kasuan lehentasun maila daukalako ez dut zaila denik kontsideratzen. Jendeak kalkulatuko balu nik egiten dudan esfortzua txantxetakoa ez dela ikusiko zuen. Bestalde, jardunaldi erdian lan egitea erabaki nuen, ekonomikoki mugatzen zaituen errealitate bat izan arren, denbora gehiago edukitzea posible zaidalako. Nik, musika egin ahal izateko, denbora behar dut. Alokairu baldintza xumeetan bizi naiz. Konturatu gabe erabaki asko norabide berean hartu ditut. Zaila da? Nik oso pozik egiten dut baina noizbait kalkulatu beharko dut egiten dudan inbertsio ekonomiko, filosofiko eta animiko honek harreman orekaturik ba ote duen bueltan datorkidanarekin. Ea zentzurik ote daukan galdetuko diot nire buruari serioski nozpait. Susmoa dut kalkulu horren emaitzak hau dena zorakeria dela erakutsiko didala. Baina oraingoz ez dut horrelako kalkulurik egingo. Gaur egun dakidana da honek guztiak zoriontsuago eta indartsuago izaten laguntzen didala. Beraz, aurrera.
(Pride of the Monster blogaren Erocka izeneko gehigarrian argitaratutako elkarrizketa)