2014.05.28
“Jon Basaguren naiz, 1984an jaio nintzen Gasteizen, baina berehala joan ginen Nafarroara bizitzera. Amak gogoan du txikitan irratira itsatsita egoten nintzela, baina etxean ez genuen musika asko entzuten. Betikoa, kotxean kaseteren bat, Benito Lertxundi eta holakoak. Gaztetan diskoak entzuten hasi nintzen, eta perkusio klase batzuk hartu nituen, baina gehiena nire kasa ikasi nuen. Iturrama institutuan talde batean sartu nintzen, gero Akatu izango zena. Bateria moduan sartu nintzen baina berehala abeslari izatera pasatu nintzen. Metala egiten genuen, garai hartan bogan zegoen nu-metala: Deftones, Korn, Sepultura, Slipknot…. Maketa bat eta hiru disko atera genituen”.
“Gitarra jotzen oso berandu hasi nintzen. Duela bost urte inguru erosi nuen gitarra akustiko bat eta Youtuben tutorialak ikusten eta taldekoei galdetzen ikasi dut, baina oraindik oso gaizki jotzen dut. Zortzi akorde ikasi eta horiekin kasik gustatzen zaizkizun kanta guztiak egin ditzakezula deskubritzen duzunean, orduan esaten duzu: igual nik ere konposatu dezaket. Hiru-lau akorde elkartu, eta magia”.
“Sei urte daramatzat Gasteizen egonkortuta, eta oso eroso nago. Hiri txikia da, baina musika aldetik hiru areto handi (Jimmy Jazz, Helldorado eta Cubic) eta taberna asko daude kontzertuak antolatzen astebururo. Sekulako giroa dago, musikari asko, rocka gustatzen zaion jendea, tabernak… Badago eszenatxo bat. Iruñean dena sakabanatuago zegoela iruditzen zait” .
Aitor dut, kantari ezagun batek egindako komentario pribatu bati esker hasi nintzen Izaki Gardenak-en gainean arreta jartzen. “Hartuko nizkioke kantu pare bat niretzat”, esan zuen, Itsasargiak diskoaz ari zela. Eta erantsi zuen: “Oso ondo abesten du”. Ordurako jende askoren ahotan zegoen Jon Basaguren kantaria, hitz onak beti, eta aipatu diskoko zenbait kantu irratsaio espezializatuetan jartzen zituzten sarri. Aholkuari kasu egin eta berandu baino lehen ari nintzen Izaki Gardenak-en aurkezpen diskoko kantuak liseritzen.
Itsasargiak (Oihuka, 2012), bere laburtasunean —bost kantu—, solaskideak esandakoa berresteaz gain —Basagurenek badaki kantuak egiten, badaki abesten—, primeran funtzionatzen zuen aurkezpen txartel gisa, horrelako lan baten helburu nagusia betetzen zuelako: kantu gehiago entzuteko gogoz uztea entzulea. “Sagarroia“, “Ni naiz naizena” edo “Maggie Dickson“, Basagurenek Akatu ondoren idatzitako lehen kantua, ziren horren errudun. Zorionez, berehala heldu zen haren segida, lehen disko luzea, Amaieratik hasi (Oihuka, 2013). Taldea buruan zuela konposatu zituen Basagurenek disko horretako kantuak, eta nabari da taldekideen ekarpena moldaketetan eta soinuan aurrekoan baino aberatsagoa dela. Agian ustekabe faktorea galdu delako lan honek ez du Itsasargiak-en oihartzun bera izan, kantuak gutxienez maila berekoak eta hobeto jantzita egon arren. Izaki Gardenak da, Lou Topetekin batera, americana delako soinuak gurean duen ordezkaririk bakanetakoa.
Izaki Gardenak-en arreta deitu zidan lehen gauza taldekideen artean Joseba B. Lenoir (SextySexers, Willis Drummond) eta Libe Garcia de Cortazar (Neubat, Sorkun) ikustea izan zen. Zein da haiekin lotzen zaituen haria eta nola lortu zenuen taldera ekartzea?
Joseba 18 urterekin ezagutu nuen unibertsitatean, biok Euskal Filologia ikasi genuen. Geroztik oso lagunak gara. Bazekien kantuak egiten ari nintzela, eta proposatu nionean oso gustura onartu zuen. Liberen kasuan, nire bikotekidea da, elkarrekin bizi gara. Beste bi musikariak [Eneko Leza eta Iker Fernandez] Iruñekoak dira, Akaturen garaitik ezagutzen ditut. Izugarri gustatzen zaizkidan musikariak izateaz gain, gertu dauzkat laurak. Dena den, dena oso azkar eta ia kasualitatez gertatu da. Akatu desegin genuenean, 2012an, eginda nituen kanta batzuekin bizpahiru kontzertu eman nituen bakarka, eta gustatu zitzaidan. Nire ideia hori zen, bakarka jotzea. Gero Ikerrek aholkatu zidan kantu horiek Iñaki Llarenarekin grabatzea, folk amerikarra oso gustuko duelako, eta nik animatu nuen Iker perkusio batzuk sartzera. Gero baxu bat behar zela sumatu genuen, teklatuak gehitu… eta azkenean kantuak talde formatura moldatzea erabaki nuen. Dena uda batean gertatu zen.
Eta nola pasa zinen metala abestetik folk eta pop-rock akustikoko kantuak egitera?
Betidanik gustatu zaizkit metala ez diren beste estilo batzuk, 90eko hamarkako rocka, popa… Niretzat oso naturala izan da. Trantsizio horretan, Johnny Cash oso inportantea izan da, bere zahartzaroko diskoak izugarri gustatzen zaizkit [zuzenean, Cashen Ain’t not Grave eta Mikel Laboaren Gure bazterrak lotzen ditu kantu berean], eta Itsasargiak grabatu genuenean oso bogan zegoen Bon Iverren bigarren diskoa. The Decemberists, Drive by Truckers… americana edo folk alternatiboaren boom horrek eman zidan bultzada euskaraz halakorik egiteko. Ikusi nuen neure burua islatuta joera horretan, ‘bai, hau da nik egin nahi dudana’.
Abesteko era ere aldatu behar izan duzu.
Ikasketa prozesu bat izan da. Horretan izugarri lagundu didate etxean mikrofono bat eta soinu txartel batekin egindako grabazioek. Zure ahotsa benetan aditzen duzu diferente, ikusten duzu zer egiten duzun ondo eta zer ez… Eszenatokian agian uste duzu oso ondo ari zarela, baina gero jabetzen zara ez duzula beti oihu egin behar… Horrela ikasi dut, eta oraindik asko falta zait, nortasun bila ari naiz kantatzeko orduan. Entzuten dut Amaieratik hasi eta gauza batzuk beste era batera egingo nituzke orain.
Kantari anglosaxoiak ditu gustuko Basagurenek: Jeff Buckley, Eddie Vedder, Bruce Springsteen, Johnny Cash, Mark Lanegan…; Euskal Herrikoen artean, Ruper Ordorika, baina ez eragin bezala, “alferrik da bera kopiatzen saiatzea”
Amaieratik hasi-n antzematen da ahots erregistro ezberdinak erabiltzeko nahia, eta Euskal Herrian gutxitan egiten den bezala zaintzen dituzue bigarren ahotsak eta koruak. Zer garrantzia ematen diozu ahotsari?
Irakurri izan dut kantaera arraroa dudala, ez dut uste baina… Garrantzi handia ematen diot kantatzeko moduari. Libek izugarri laguntzen dit horretan. Laster diskoa aterako du [Ihesaldi handia] eta ikusiko duzue nola kantatzen duen emakume horrek! Oso belarri ona du, eta etxean asko lantzen dugu ahotsa, grabatu eta entzun, grabatu eta entzun. Hor aurkitu dut babes bat. Gitarrista frikiak pilo bat daude, anpli hau edo bestea nola erabili aholkatzeko, baina ahotsaz ez duzu norekin hitz egin. Ahotsa nola flexionatu, nola kantatu suabe melodiak egiterakoan… Libek lagundu dit ahotsaren tarte osoa aprobetxatzen. Metalean ikusten nuen ezin nuela aurrera egiteko kantatzeko moduan. Eta proiektu honetan garbi nuen inportanteena kantak eta ahotsak izan behar zutela. Proiektu honetan ahotsa lehenengo mailan dago, beste edozein tresna baino gorago. Ahotsak talka egiten badu gitarrarekin, oso polita izanagatik gitarra kenduko dut. Melodia ahotsarena da, eta berak du pisua. Konposatzen dudanean, akordeak konposatzen ditut, eta akorde horien gainean eraiki dezakezu nahi duzun guztia, baina akordeak eta ahots melodia dira oinarria. Azken Rock jaialdian Band of Horses ikusi genuen Josebak eta biok, eta flipatu genuen zeinen ondo armonizatzen zituzten bi ahotsak zuzenean… Gu ez gara horretara iristen baina sartzen dugunean zerbait polita egiten saiatzen gara.
Hilabete batzuk pasa dira Amaieratik hasi kaleratu zenuenetik. Nola ikusten duzu orain?
Uste dut badaudela gauza batzuk oso ondo eginda. Ez dugu aipatu, baina oinarri erritmikoaren lana itzela da. Kantuak zuzenean grabatuta daude, denak batera, eta Eneko eta Iker berme bat dira. Lokomotorak dira biak. Joseba oso aereoa da, eta aportatzeko behar du oinarri sendo bat.
Diskoa baino gehiago, kanta batzuk dira momentu honetan jada gustatzen ez zaizkidanak. Beste bide batetik jo nahiko nuke. Berriro ari naiz konposatzen, eta beste leku batzuetatik jotzeko gogoa dut. Seguruenik diferentea izango da hurrengo diskoa. Kantu hauek oso estruktura poperoa dute, estrofa-leloa-estrofa-leloa… Zentzu batekin egindako kantuak dira, zentzua dute bere garapenean, baita Hiria irentsi bezalakoak ere, lelorik ez izan arren… Hortik jo nahi nuke, jolastu intentsitateekin, dinamikarekin, akustika eta ahotsetik pasatu elektrikara, hammond-era… Baina harro nago disko honetaz, eta uste dut jendea deskubritzen ari dela oraindik.
Hiria irentsi aipatu duzu. “Hiria irentsi nahi dut baina ezin. Esadazue zuek nola egin!”, abesten duzu. Nori zuzentzen zara?
Jendarteari buruzko kantu bat da. Ideia zaharra da: jendez inguraturik baina bakarrik bizi gara. Ez gara elkarrekin bizi, elkarren kontra baizik. Zaila egiten da batzuetan jendartea eta inguruko jendea bera digeritzea. Entzuten diren hainbat gauza entzunda, ez zara zure espeziearekin identifikatuta sentitzen.
Zuen eguzkia-k ere hortik jotzen du? “Zuen eguzkia ezkutatzean, behin eta betiko, gurea orduan aterako da”.
Bai, diskoan ideiak errepikatzen dira. Kantu horretan, zuek eta gure arteko aurkakotasun bat ageri da… Bai, bai… (isilune luzea) Begiratu beharko nituzke letrak berriro. Letrekin bertsolarien moduan ibiltzen naiz. Melodia bat hartu eta haren gainean letra ahalik eta ondoen josten, errimak, bukaerak… Uste dut nahiko letra txukunak direla, letra txar-txarrik ez dago baina ez dira borobil-borobilak ere. Oso zabalak dira, eta norberaren interpretaziorako aukera handia ematen dute.
Gutasunetik idazten duzu sarri…
Eta nitasunetik ere. Letretan beti izan dut sentsazio kolektibo bat, gauza batzuk aldatu nahi dituen inguru bat dugu (lagunak, senideeak…) baina gero egokitzen zaizu zurea ez den mundu batean bizi den jende bat ezagutzea… Nik euskaltegian bertan lanean bizi izan dut hori, ikusi dut euskara, gatazka, euskal kultura… beste planeta batekoak direla jende batentzat, ez dute Mikel Laboa ezagutzen eta natural-natural esaten dute: ez dute sekula ezer entzun hari buruz. Munduan pentsakera diferenteak eta planeta diferenteak daude. Bizi zaitezke hiri berean, baina bizimodu erabat ezberdina izan. Bakeroak daude, eta gu gara indioak . Eta gustatzen zaigu indio izatea gainera. Batetik, herri txikia gara kulturalki, eta bestetik, sozialki eta politikoki ezkerra bizitzen ari den egoera munduan…
Arazoak arazo, oztopoak gainditzeko eta aurrera egiteko konbentzimendua helarazi nahi duzu kantuetan. Etorkizunean sinesteko.
Etorkizuna borrokatu behar da. Sekulakoak egingo dizkigute, baina aurrera egin behar da. Zerbait ikasi badut da ez duela ezertarako balio zailtasunetan pentsatzea; horretarako hobe duzu etxean gelditzea.
“Dena galdu eta gorantz erori naiz”, diozu kantu batean. Ezinezkoa da Anarirekin ez gogoratzea.
Bai, hori Anarirena da. Badaude keinu batzuk letretan… Anariren kanta hori izugarria iruditzen zait, eta irudia bera, zama galtzea… Zerbait galtzea gauza positiboa izan daiteke.
“Ilunabarrean” kantua ere imajinatu daiteke Anariren ahotsean…
Agian estrofak bai izan daitezke… Aurrekoan batek esan zidan “Nora ezean“-en estrofak Anariren lehen diskoko kantu baten zera zuela.. Izan daiteke, baina uste dut gehiago dela giroagatik, erritmoa 4X4 geldo bat da, instrumentazio antzekoa dugu…
“Ene begiek” moldatu duzu Hala Bedi irratiaren 30. urtemugako bildumarako. Kanta horren bertsio bat baino gehiago egin dira. Zergatik aukeratu duzu zuk ere?
Asko gustatzen zait Ruperren zuzeneko bertsioa, diskokoa ez horrenbeste, oso Drive by Truckers delako zentzu batean: erritmoa, gitarra elektrikoa hiru akorde egiten denbora guztian… Horrela egin nuen, baina Liberi ez zitzaion gustatzen, zerbait aldatu behar nion… Erritmoa aldatu nion eta emozionatzen zuen. Erritmoa aldatzean, ahotsaren melodiari ere agur. Berreraiki behar izan nuen, melodia eta dena aldatu genion, eta funtzionatzen zuen. Oso harro nago kanta horretaz, asko gustatzen zait nola gelditu den.
Joseba Willis Drummond taldean sartu berri da eta bakarka ari da, Libek ere bere diskoa kaleratu du… Horrek nola eragin diezaioke taldeari epe ertainean?
Guztiz baldintzatzen du. Printzipioz, hurrengo diskoa musikari hauekin grabatzea aurreikusten dut. Emailez egiten dugu lan asko, kantak bidali, ideiak itzuli… Amaieratik hasi ere horrela egin dugu. Ez dugu denok batera entseatzen. Zuzenekoa agian diferente planteatu beharko dut, beste musikari batzuekin. Orain nahi dudana da presarik gabe konposatu kantu berriak. Datorren urtean atera nahi nuke disko berria.
Azkenik, aukeratu hiru euskal disko: