2023.05.11
Hamasei urte daramatza musika sortzen Gartxot Unsain musikari eta abeslariak (Donostia, 1987). Zenbait taldetan jotzen hasi bazen ere, 2018an bakarkako bere lanik «pertsonalena» sortzeari ekin zion: Ghau. «Nire proiektu komunikatiboa da, eta saiatu naiz unean uneko nire galderei erantzuten», azaldu du artistak. Duela urtebete kaleratu zuen lehenen lana, Nora(ez)eroso, eta martxoaren 17an plazaratu du Arin nira album berria. «Azken bizpahiru urteetan sentitu ditudan emozioen kronologia bat da». «Barneko umearengana» itzultzeko helburuarekin idatzi ditu hitz gehienak, nahiz eta bestelako gaiak jorratzen dituzten kantak ere badauden: emozioak nola kudeatzen diren eta harremanak nola eraikitzen diren lantzen dutenak, adibidez. Proiektua askotarikoa da, oro har: «Nigandik jaiotzen da, eta nire barnera itzularazten nau».
Bederatzi kantak osatzen dute diskoa, eta bakar batek du bideoklipa: Murru bat. Zaleek aukera izango dute gainerakoak plataforma digitaletan entzuteko, baina diskoaren formatu fisikorik ez du kaleratuko Unsainek. Hori bai, «diskoaren gehigarria» argitaratu du jada, eleberri bat. «Nahiz eta bata ez den beharrezkoa izango bestea ulertzeko». Bere bizipenak oinarri izanda ondu duen kontakizun bat biltzen du eleberriak, eta diskoaren izenburu bera du. Parisera egin behar duten lehen bidaiaren bezperan, bikote batek harremana hautsiko du, eta istorio horri heltzen dio eleberriak. Abestietako batzuek bezala, nobelak ere maitasuna eta harremanak ditu hausnarketarako ardatz.
Landutako musika estiloari dagokionez, «zaila» egiten zaio definitzea. Pop estiloa bai, baina bestelako erritmoak ere erabili ditu oraingoan. «Denontzako moduko doinuak eta melodiak jotzea gustatzen zait, baina saiatzen naiz ezohiko elementuak ere gehitzen». Haren musika berritzeko helburuarekin, esaterako, erritmo elektronikoak landu ditu, besteak beste; halere, ohi duen bezala, hitzei eman nahi izan die garrantzirik handiena. «Beste guztiaren gainetik, ideiak edo hitzak lehenesten ditut doinu berriak sortzea baino gehiago». Ez du gustuko entzuleari bidali nahi dion mezua azalekoa izatea; kontrara, nahi du bitan pentsatu behar izatea hitzek zer esan nahi duten. «Nire musika ulertzeko, entzuleak adi egon beharra dauka».
Poesiaren itxura hartzen dute Unsainen kantuetako hitzek, bai esanahiari eta bai fonetikari dagokienez. «Hitz jolasak gustatzen zaizkit, hitzen zalea naiz, eta fonetikarekin oso gauza interesgarriak egin daitezkeela iruditzen zait». Gogoko du bokalekin lortu ditzakeen melodiekin esperimentatzea, eta aitortu du «buruari bueltak» ematen dizkiola hitzen soinuak sortu baino lehen. Diskoaren izenburua, ordea, «kolpe batean» otu zitzaion, eta zuzenean jakin zuen polita izan zitekeela fonetika aldetik duen jokoa. «Asko gustatu zitzaidan, palindromo bat osatzea lortu bainuen ia». Uste du Arin nira izenburuaren «melodiak» bat egiten duela haren estiloarekin. «Baina oso subjektiboa da; baliteke norbaiti ez gustatzea».
Alternatiboa, oholtzara
Gutxi gorabehera urtebete eman du diskoaren ideiari forma ematen, baina emozioak kantu bihurtzea «bizitza osoko lana» izan da. «36 urte eman ditut horretan, eta azken arnasa bota arte jarraituko dut». Oporretan egonda ere, musika egiteko nahia sortzen zaio. «Bi egun eman ditut oporretan, eta ideia batzuk bururatu, eta pianoan jo ditut». Hain zuzen ere, etxean sortzen du musika. «Ideiak apuntatu, soinuak sortu, eta puzzleak osatzen ditut gero, piezak balira bezala». Eñaut Gaztañaga ekoizleak azken ukitua ematen die ondoren, disko berrian bezala. «Soinua hobetzen du, eta azken orduko ideiak gehitu».
Odei Barrosok, berriz, Galduinun kantuan parte hartu du. «Odeirekin abestuko nuela jakin baino lehen idatzi nuen». Bizitzak geroago elkartu zituela kontatu du Unsainek, eta uste du Barrosoren estiloak beste ukitu bat ematen diola abestiari.
Diskoak alde artistikoa ere badu. Albuma osatzen duen eleberriaz gainera, kanta bakoitza ilustratzeko argazki bat egin du Andoni Beristainek. «Haren lana asko gustatu zitzaidan, eta banekien zerbait egingo nuela harekin». Diskoak eman dio kolaboratzeko aitzakia. Bestalde, zuzenekoetan dantzari batekin ateratzen saiatzen da Unsain, Jaiotz Osarekin. Batez ere koreografia garaikideek osatzen dute performancea, eta, batzuetan, «ulertzeko zaila» zaie hori ikus-entzuleei. «Ez daude ohituta 36 urteko gizon ahaldundu bat eszenatoki batean dantzatzen ikustera».
Martxoaren 17an egin zuten Barrosok, Osak eta talde artistiko guztiak lehenengo zuzeneko emanaldia, aurkezpenaren egunean, eta oso berezia izan zen Unsainentzat. «Asko maite dudan jendea zegoen han, jakinda nik ere asko maite nuen zerbait egingo nuela». Emanaldi hori konpartitu ahal izateak izugarri poztu zuen musikaria, askotan bisualki eta kontzeptualki hain «ezohikoa» den zerbait egiteak «aurreiritziak» sortzen baititu ikus-entzuleen artean.
Orduz geroztik, Baionan eta Saran (Lapurdi) izan dira proiektua aurkezten, eta beste bi emanaldi ere lotuta dauzkate: hilaren 17an, Lemoan (Bizkaia) izango dira, eta uztailaren 28an, berriz, Deban (Gipuzkoa). «Nahi baino kontzertu gutxiago» dira artistarentzat, eta nahi luke halako proposamenek aukera gehiago izatea oholtza gainean egoteko. Dena den, pozik dago diskoaren emaitzarekin eta «prozesuak irekitako bideekin».