Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2015.10.28

Gorka Erostarbe

“Gazte ‘martzianoen’ falta sumatzen dut”

Elkarrizketa: JP Lohian & Klonen Klana
Joseba Ponce

Joseba Ponce, joan den astelehenean. (Andoni Canellada / Argazki Press)

“Gogorra izan da. Baita luzea ere. Batzuetan dena pikutara bidali dut. Baina azkenean kontent geratu naiz. Disfrutatu egin dut lana egiten. Badira gauza pilo bat sartu ez ditudanak, baina… ”. Astelehenean plazaratuko du estreinako diskoa Joseba Poncek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1974), JP Lohian & Klonen Klana izenarekin. Diskoa, plataforma digitaletan (Spotify, Itunes…), bandcampean —https://jplohian.bandcamp.com— eta hainbat dendatan eskuratu ahal izango da. Disko aipagarria da alde askotatik begiratuta, baina berezi egiten duena da Poncek berak egin duela egin litekeen guztia: kantuak sortu ditu, musika tresna guztiak jo ditu (gitarra, baxua, organo eta sintetizadoreak, bateria), abestu egin du, diskoaren diseinua egin du, eta gaurtik aurrera diskoaren aurrerapen gisa ikusi ahal den “Alperrik da apaintzea” kantuaren animazioko bideoa ere berak sortua da.

Musika sortu eta jotzeko gaitasuna Dut eta Kuraia taldeetan landu ostean eta euskal rockaren azken bi hamarkadetako ibilian lorratza utzi ondotik, denboraldi luze samarra zeraman proiektu propiorik gabe —Lisabö-rekin aritu zen haren azken diskoa, Animalia lotsatuen putzua, zuzenean aurkezten—. Orain rock eta pop tradizio zenbaiten adar desberdinak batu ditu, sakon bezain fresko, ilun bezain argi distira printzez, gordin bezain leun, espazial bezain lurreko… eta urteko rock diskoetako bat ondu du. Karlos Osinagaren gidaritzapean grabatu eta nahastu ditu diskoko zortzi kantuak Tolosako Bonberenea estudioan. Fernando Saporen eta Libe-ren kolaborazioa izan du ahotsetan, eta Mikel Zelaia (tronboia) eta Ander Altunarena (tronpeta) kantu batean. Gainerako guztia, bere burmuin eskuetatik atera da.

Asko pentsatu eta landutako diskoa dela dirudi. Horrela izan da?
Bai, baina egia esan, prozesua ez nuen oinarri sendoetatik hasi, ezta teilatutik ere, esaten den gisan, baizik eta pinturatik-edo. Kantu batzuk nahiko aurreratuak nituela joan nintzen estudiora, Txapengana [Karlos Osinaga]. Horiek behintzat oinarria bazuten. Beste batzuk askeago zeuden ordea. Lehenik bateriak grabatu nituen. Baneukan materiala horrekin lan egiteko. Prozesua ez da izan abesti guztiak prest izan eta estudiora joatea grabatzera. Txapek denbora librea zuenean joaten nintzen beregana, eta eskuzabaltasun handiz hartzen ninduen. Horrela lantzen eta osatzen genituen kantuak. Beste batzuetan etxean grabatzen nituen puskak. Prozesua izan da oso tarteka egindakoa.

Lehen zutarria noiz jarri zenuen? 
Lehen oinarria duela bi urte jarri nuen. Iazko udan diskoa ia bukatua neukan. Baina blokeatu egin nintzen eta pikutara bota nuen dena. Zazpi bat bat hilabetez ezer egin gabe egon nintzen…

Zergatik?
Ez dakit, nekatu egin nintzen. Zenbait gauza ez zitzaizkidan ondo atera, eta nazkatua sentitzen nintzenez, utzi egin nuen. Baina hor zebilen bueltaka beti… eta urte honen hasieran-edo irakurri nuen Mikel Erentxuni egindako elkarrizketa bat non esaten zuen berak grabatuko zuela bere diskoa… Neurekiko esan nuen, “nik ere egin behar dut bada” [barreak]. Bultzada eman zidan horrek. Kaña pixka bat sartu nion kontuari eta hasi nintzen pixkanaka gauzak bukatzen.

Hala ere, lehen ideia noiz ernatu zitzaizun? Aspalditik zenuen disko honen ideia buruan?
Bai, aspalditik izan dut ideia hori bueltaka. Txikitan bateria jotzen nuen. Hura izan da nire musika tresna, berez. Gero baxua jotzen hasi nintzen Duten, ia-ia ezertxo ere jakin gabe. Kuraian gitarrarekin jolasean hasi nintzen. Duten garaian jada egiten nituen neure maketatxoak. Lokalera joaten nintzen grabagailuarekin eta egiten nituen neure gauzak. Noizbait egin behar dut nik zerbait, pentsatzen nuen. Aspaldi nuen buruan eta denbora gehixeago izan dudanean animatu naiz egitera, edo saiatzera behintzat.

JPLOHIAN

Bakarkako lehen lana duzu, baina ez da hain bakarkakoa ere. Hainbeste Joseba bildu dituzu bere baitan… 
Bai, bakarkakoa da, nik sortu dut guztia… Jendeak hasieran galdetzen zidan ea zerbait akustikoa egingo nuen, bakarkakoa zela jakitean. Nik garbi nuen ezetz. Rock talde batek bezala grabatuko nuela: nik grabatuko nituela instrumentuak eta rock disko bat izango zela. Behintzat elektrikoa. Nire alde guztiak daude diskoan, hori bai. Neure buruarekin asko eztabaidatu dut. Eta hori dagoen gauzarik okerrena da. Taldekideekin zaudenean ideia eta iritzi desberdinak daude, eta eztabaidatu liteke, baina hortik sortzen da sortzen dena. Ni bakarrik ordea… egunaren arabera ere asko aldatzen baita egin duzunaren irudipena. Egun batean zoragarria zena, hurrengo egunean izan zitekeen putamierda bat. Beste askok bezala, ez daukat erdibideko neurririk gauza askotan. Zenbat zirriborro bota ditudan pikutara, zenbat buelta eman dizkiedan gauzei, bateria lerro bat edo gitarra lerro bat ez gustatzeagatik…

Asko bota dituzu? 
Bai, eta aldaketa asko egin ditut. Batzuetan hasi naiz punta batean, joan naiz beste muturrera eta azkenean hasiera puntura itzuli. Hori askotan gertatzen da. Baina hori prozesu bat bezala ulertzen dut. Zaborretara botatako guztia ez da bakarrik zaborrean geratzen. Denbora galdu duzula ematen du, baina galdutako denbora horrek balio du konturatzeko oker zeundela, edo handik edo hemendik hobetu zenezakeela, eta iritsi zaren lekura iristeko ere bai.

“Egiten dakidan apurra sortzea da. Ez dakit beste ezer egiten. Beraz, do it yourself hori eraman dut muturrera, eta egin dut”

Erronka moduan jarri zenion zeure buruari zuk egitea den-dena? Ez dituzu soilik musika tresnak jo. Kantuak zureak dira, hitzak zureak dira, zuk abesten duzu, diseinua zuk egin duzu…
Bai. Esaten nuen: nik hau egin badezaket, zergatik ez dut egingo? Ni zer ostiatarako etorri naiz mundu honetara, galdetzen dut sarri. Egiten dakidan apurra sortzea da. Ez dakit beste ezer egiten. Beraz, do it yourself hori muturrera eraman dut, eta egin dut.

Logika horrek eraman zaitu zure zigilua sortu (Lohia Records) eta harekin argitaratzera ere? Bestela lotura eduki badaukazu-eta, Bidehutsekin adibidez. 
Bai, behin nik konposatu dudala, neuk grabatu dudala, diseinua egin dudala… bakarrik falta nuen neuk editatzea. Edizio lana neuk egiteak errazten zizkidan gauza batzuk, baina orain konturatu naiz beste zeregin batzuk ere badakartzala, eta marroitxo batean sartu naiz, baina hori zen nire nahia, eta aurrera.

Ez dago erraza den-dena bere kabuz egin duen rock musikariaren adibiderik topatzea. Musika instrumentu ia denak Princek jo izan ditu…
Beno, Prince ez dut bereziki gustukoa. Garai batean entzuten nuen bere diskoren bat. Gaur egunekoen artean Ty Segall edo Jay Retard interesgarriak zaizkit. Estilo aldetik ez daukate akaso zerikusirik, baina gustatzen zaizkit eta motibatzen naute. Nik ez dut inolako musika instrumenturik menperatzen, ez daukat solfeorik… baina defendatzen naiz eta horrekin posible dut gauzak egitea.

JPLOHIAN2

Inoiz ez duzu izan solfeoa ikasteko tentaziorik?
Umetan ordu erdiko esperientzia izan nuen solfeoarekin. Nire anaiak joaten zirenez, nik ere joan nahi nuen, baina hain gaizki pasa nuen lehen klasean… Teoria pixka bat eta ordu laurden bat flautarekin. Utzi egin nuen berehala.

Diskoko kantuak nondik hasi dituzu? 
Gitarrarekin eta etxean, konposatzen edo inprobisatzen. Etxean badut bateria elektroniko horietako bat, eta horrekin maketa bat egin nuen gutxi gorabehera. Maketa nahiko irekia zen. Kantu oinarriak hartu eta gero horiekin jolastu, hori izan da prozesua.

Diseinua eta azala oso sugerenteak dira. Besteak beste agertzen dira zure gorputz zati eta organoak ontzi batzuetan sartuta. Zein atal edo organorekin egin duzu batez ere disko hau?
Beno, hor dago dena. Burua, bihotza, eskuak, tripak… Azala ere bai, entzumena… Egia esan, azken unera arte ez nekien zer egin izenarekin. Erotu egin nintzen izen bat bilatzen. Banekien izen bat nahi nuela artistikoa izango zena, eta lagun talde baten isla ekarriko zuena. Baina oso abstraktua nuen ideia. Klonen txorakeria hori bururatu zitzaidanean pentsatu nuen diseinua ere hortik bideratzea. Zientziaz ez daukat ideiarik ere, baina zientzia fikzioa interesatu izan zait. Gustatu izan zaizkit zientzia fikziozko pelikulak, eta marrazkiak eta komikiak ere gustatzen zaizkit; ez naiz kontsumitzaile ohiko bat baina ikusten dudanean arreta deitzen dit eta komikien estetika gustukoa dut. Hortik abiatu nintzen diseinua osatzeko.

jp lohianEntzun orduko garbi sumatzen dena da oso barrutik egindako diskoa dela eta zuk asko erabiltzen duzun hitza erabiliz, “lohian” sartu zarela. 
Hondarribian asko erabiltzen da lohia hitza giro zikinak adierazteko. Guk lagunartean gaztetatik asko erabili dugu. “Ze lohia zegoen atzo!”. Parrandetan, gau-giroan, mozkorraldietan… Ni beti mugitu izan naiz giro zikinean musikalki, lagunekin… Horregatik iruditzen zitzaidan niretzako izen aproposa. Duten ere jada erabiltzen genuen letretan. Eta asko erabiltzen dugun hitza denez, neureganatu egin dut.

Erabat lohitu zarela, alegia…
Bai. Mimo handia jarri diot lanari, neu nintzen lehen interesatua ahalik eta diskorik onena egiten. Nik disfrutatu dut egiten. Lehen aldia da disko bat bukatu bezain pronto entzun eta disfrutatu dudala, eta oraindik ez naiz nekatu. Beste proiektuetan diskoa amaitu eta ez nuen ezer jakin nahi izaten, behintzat bolada batez. Honekin desberdin gertatu zait. Entzuten dut eta gustatu zait.

Hori izugarria da.
Bai, jakina. Niretzat oso inportantea da, rollo sentibera dauka diskoak, eta niri neuri iristen zait…

“Lehen aldia da disko bat bukatu bezain pronto entzun eta disfrutatu dudala, eta oraindik ez naiz nekatu”

Musikalki espektro zabala hartzen du. Power popa, garage eta punk-rocka, hard-rocka, synth-popa, psikodelia eta pop espaziala… Kontzienteki landu dituzu guztiak?
Ez dut estilo bat bilatu. Nire abestiek badute nire nortasun bat, baina ez daukat inolako erreparorik estilo horietatik edaten dudala esateko. Aipatu dituzun estilo guztiak gustatzen zaizkit. 1970eko hamarkadako musikaren oso zalea naiz, eta ez rockarena edo punkarena bakarrik. Garai hartako musika komertzialak ere bazuen beste xarma bat. Hamarkada oso interesgarria izan zen. Asko esperimentatu zen. Talde asko atera zen eta oraindik ere deskubritzen nabil… Eta magia hura barneratua daukat. Argi nuena da ahotsarekin zerbait melodikoa egin nahi nuela. Bizitza guztia oihuka pasatu dut eta banuen gogoa abesten saiatzeko [barreak].

Baina beti izan duzu joera hori pop ahots melodietarako…
Bai, gustatzen zait ahotsak melodia izan dezan. Transmititzen dit. Ez dakit den popa edo melodia hutsa… Eta ahotsarekin esperimentatu egin dut. Etxean grabatzearen alde onetako bat hori da, posible dela ahotsa poliki grabatzea, presarik gabe, lasai, gauzak probatuz…

Ahotsari zer eskatu diozu?
Bada niri funtzionatzea lehenik. Berdin zait estiloa edozein izatea, baina ahotsak funtziona dezala. Funtzionatzen bazuen, aurrera.

Pop ilun bat, 1980ko hasierakoa ere nabari da… 
Musikalki beti ateratzen dut nire alde iluna. Niri ez zait ateratzen alde positiboa musikan edo umorea. Beti ateratzen zait zerbait sentibera edo iluna. Bizitzaren beste alor batzuetan badut  umorea, eta pailazokeriak egiten ditut… Baina musikan gustatzen zait barruan ditugun kaka guztiak ateratzea.

Baten batek identifika lezake Duten oihartzunik, edo Kuraiarenik, edo Lisabören ukiturik ere, baina oro har, unibertso berri bat da diskoan ageri dena.
Errazena da egin dituzun gauzak errepikatzea eta nik ez nuen hori nahi. Egongo dira ukitu batzuk identifikagarriak, konposizioak nireak direnez, eta nik konposatzeko era bat dudanez… eta hori islatzen da musikan.

JPLOHIAN1

“EZ eguna” kantuan, “saminaren eguna, ziegaren eguna, oinazez betetako zakarrontzi bilduma” diozu. Ez egunetan idatzitako lana da?
Bai, momentu txarrak edo ez egunak izan dira. Dezente. Etsitua sentitu naiz askotan, adibidez letrak egiten. Ni ez naiz letrista sentitzen eta blokeo handia izan dut momentu askotan, eta blokeo egun horietako batean atera zitzaidan “ze egun txarra, ea bihar egun hobea daukadan”. Egun hori askotan errepikatzen zenez, abesti bat eskaini nion.

Zuk idatzi ez duzun letra bakarra “Kantu itsaskorra” izenekoa da. Martxel Mariskalena da letra, eta diskoko kanturik itsaskorrena da, hain zuzen ere.
Baliteke bai. Eta desberdinena. Besteek badute hari komun bat edo. Hasieran kantu hau geratzen zitzaidan pixka bat lekuz kanpo, baina azkenean ordenaren barruan ondo geratu dela uste dut.

Erdian jarri duzu. Zortzitik laugarrena da.
Biniloan A aldeko azken abestia da. Martxel asko miresten dut idazle modura. Norbaitek kolaboratu behar bazuen hitzetan Martxelek behar zuen izan. Osatu zidan letra eta… Kantu itsaskorrena izatearena… ba ez dakit nola izan den, batzuetan planetak lerrokatzen dira eta horixe! Abesti poperoena da, garbi samar abesten dut… Idaztea asko kostatzen zait eta batzuetan harritzen naiz gauzak ateratzen direnean… Askotan, gainera, lehenik melodiak eta erritmoak egiten ditut eta gero ahotsa sartzen dut, eta saiatzen naiz letra melodia horietara moldatzen. Horrek zailtzen du konposaketa.

Iluntasuna aipatu duzu, baina argia ere badauka diskoak, hainbat soinu elementu espazialetan (Hiruki beltza”) edota Sekretua” azken kantuan: “Zein ederra arrats hura…”. 
Argiak era badu bere lekua nire bizitzan, noski baietz, eta kantuetan islatu egiten da… Ukitu espaziala eman nahi izan diet zenbait kanturi, bereziki “Hiruki beltza”-ri. Azkenean kantu horretan kontatzen dudan istorioa benetan gertatu zitzaigun istorio bat da. Nerabeak ginela lagunok zeruan ikusi genuen hiruki beltz erraldoi bat. Flipaturik geratu ginen eta askotan pentsatu izan dugu: “Ze ostia zen hori?”. Horregatik eman nahi nion ukitu espazial hori, eta eman nion sintetizadoreak erabiliz, baina 70-80ko hamarkadetako sintetizadoreen soinua erabiliz, gaur egungoak ez baitzaizkit batere gustatzen. Eta konturatu naiz garai hartako filmen soinu bandak ere banituela barnean, John Carpenterrenak-eta.

“Bizitzaren beste alor batzuetan badut umorea, eta pailazokeriak egiten ditut… Baina musikan gustatzen zait barruan ditugun kaka guztiak ateratzea”

Kantu gehienek zure barren egoera azaltzen dute, baina zenbaitetan gizarteari botatako begirada kritikoz osatua. 
Bai, “Hiruki beltza”-n, adibidez, kontatzen dut gertatu zitzaiguna, baina gero letrari buelta eman nion eta esaten dut hiruki beltz hura ulergaitza den arren, egunerokoan eta gertu gauza ulergaitzagoak ikusten ditugula.

Diskoari sarrera organo berezi batekin egiten diozu, erritual baten hasiera markatuko balu bezala: “Zatozte Josebaren mundura”.
Ez dakit zergatik sortu zen ideia hori. Uste dut hasieran gitarrarekin egin behar nuela, baina proba egin nuen organoarekin eta iruditu zitzaidan puntazo bat eta horrela geratu da sarrera.

Noiztik saltseatzen duzu teklatuarekin ere?
Ez dakit ondo jotzen teklatua, baina saltseatu bai, eta marrazki batzuk egiten nituen teklatu soinuarekin. Nola hala jotzen nuen, eta gaur egun gero zuzenketak egin ditzakezunez… Autodidakta naiz musika tresna guztietan, eta halaxe egin dut, eskuekin joz, hori bai. Intuizioarekin funtzionatzen dut musikan. Ez dakit eskala bat zer den, akordeak ere asmatu egiten ditut. Dena intuizioarekin egiten dut, belarriarekin. Nahiz eta geroz eta gutxiago entzuten dudan, adinaren eta gorputzari sartu diogun zigorraren ajeak…

JPLOHIAN3

Egitasmo honek planteatzen du eragozpen bat nabarmena zuzenekoei begira…
Hori da gehien egiten didaten galdera. Nahi dut lehenik diskoaren kontuak ondo bukatu. Orain aterako da, eta hori niretzat izugarria da. Orain zabaldu nahi dut, eta horretarako, hasieran, bideoak egin nahi ditut. Zuzenekoak? Ba hor daukat buruan, baina nola antolatuko dudan… Ez dakit nola arraio egingo dudan, ez zait erraza iruditzen eta. Ateratzen bada, aterako da, baina ez dut presiopean egin nahi.

Geroz eta gehiago ikusten den musikari moldea da, loop-aren bitartez-eta zuzenekoetan denetarik egiten duenarena, gizon-emakume orkestraren figura eraberritu bat… Joseba Irazoki, Mursego, Amorante
Ez, nik ezingo nuke hori egin. Egitekotan lagun koadrila bat bilduko nuke, entseatu eta jendez inguratuta jo. Niretzat hau jo behar da zuzenekoan benetan den bezala, rock izpiritu hori ere transmitituz.

Bideoak egiten ari zara. Horiek ere zuk egin behar dituzu?
Bai, noski [barreak]. Kantu bakoitzarekin bideo bat egin nahi nuke, baina apur bat zientzia fikzioa iruditzen zait. Lehenengoa kostatu egin zait, animaziokoa baita, azalaren kontzeptuarekin egina. Bakoitzarekin bideo bat egitea lortuko banu, niretzat sekulakoa litzateke… Ideiak baditut…

“Zuzenekoak? Buruan daukat, baina ez zait erraza iruditzen. Egitekotan, lagun koadrila bat bilduko nuke, entseatu eta jendez inguratuta jo”

Azkenengoz zuzenekoetan Lisabörekin aritu zinen, beraien azken diskoa aurkezten. Zer nolako esperientzia izan zen?
Pixkanaka sortutako istorio bat izan zen. Lisabökoak lagunak dira, elkarrekin ibiltzen gara. Lehenengo esan zidaten ea igoko nintzen agertokira beraiekin abesti pare bat jotzera. Igo nintzen, gustura egon nintzen beraiekin. Akaso une horretan behar nuen zerbait zen, eta azkenean batu nintzen errepertorio osoa emateko asmoz. Ez zuen lan handiegia eskatzen, kantuak ikasi eta jo. Ez nuen beste ardurarik orduan. Ondo pasatzen genuen eta taldea barrutik ezagutzeko balio izan zidan. Beste pertzepzio bat lortzen duzu eta oso gustura egon nintzen. Kantuen estrukturak ikastea, bere lan egiteko modua ikustea, kantuak beste era batera ezagutzea, haietan sartzea… Ikasketa izan zen, esperientzia polita bezain aberasgarria

Aurrerantzean beraiekin jarraitzeko asmorik?
Beno, ikusiko dugu. Oraintxe mahai gainean hainbeste gauza daukat, asko kostatzen zaidala etorkizunerako planak egitea. Orain hau daukat, hemendik bi hilabetera ikusiko dugu.

Kuraia nola kokatzen duzu zure ibilbide musikalean. Hura ere une baterako sortu zen baina hiru disko atera zenituzten…
Hura ere inprobisatua izan zen, bai. Fernando Saporekin egin nahi nuen kolaborazio bat. Elkartu ginen taldea elkartuta ondo pasatzen genuen, eta hori zen niretzat garrantzitsuena une hartan: rocka eta burua gehiegi jan gabe aritzea.

Eta guztiaren hasiera Dut izan zen.
Bai, Dutek bere momentua izan zuen, eta bukatu zen bukatu behar izan zuelako.

Musikalki beste kontu bat zen.
Bai, orduan entzuten genituen gauzen ondorio zen hura ere. Garai bateko isla zen. Gu oso nerabeak ginen. Eta asko harrapatu gintuen garai hartan Bidasoaldean zegoen musika jakinminak, tabernetan entzuten zenak… Bildu ginen musika zale batzuk eta musikaren inguruan genbiltzan denbora guztian.

Dut kultuko talde bilakatu da askorentzat. Hala da?
Ez dakit horrela den ala ez, baina bai jende askok taldea berandu deskubritu zuela, utzi genuenetik jende mordoak hori komentatu digu behintzat, baita kontzerturik emango edo elkartuko garen galdezka.

Eta zer erantzuten diezu?
Nik ez dakit besteek zer erantzuten duten baina nik noizbait erantzuten diet zergatik ez diren euren neska edo mutil ohiarekin bueltatzen…

Musika bizitzeko zure era, ikuspegia, asko aldatu da 1990etako hamarkadatik?
Niretzat 90eko hamarkada laostia izan zen atera zen musikari erreparatuta. 2000ko hamarkadatik honakoa ez zait hain interesgarria egiten, nahiz eta talde onak badauden, jakina. Nik atzerago begiratzen dut. 90eko urteetan disko asko atera ziren interesgarriak, eta estilo eta gauza pilo batekin flipatzen genuen. Rockaren estilo edo adar bat jorratu genuen Duten, baina entzuten genuen denetatik. Garai hartan musika entzutea ez zen hain erraza, edo bai, nola begiratzen den. Ez zegoen Internetik, anai-arreba zaharragoen diskoak, eta aldizkariren bat edo beste…

Euskal Herrian 1990eko hamarkadatik aurrera asko zabaldu ziren eskaintza eta proposamenak. Zenbaitek ordea, esaten du ez dela egon Negu Gorriak edo Su Ta Gar bezalako talde ikonikorik geroztik…
Nik nahiago dut estilo aniztasuna izatea. Esaterako, zer gertatu zen Su Ta Garren ostean? Atera zen jende pilo bat heavya egiten, eta hori bakarrik ere ez zait positiboa. Eta gaur egun gazte martzianoen falta sumatzen dut. Ikusten dut badagoela talde pilo bat baina ia denek berdina egiten dute. Hori da gazteei gustatze zaiena edo ez dakit… Non daude gazte martzianoak? Gazteen artean ez dut igartzen berritasunik. Nahi dut 18 urte inguruko gazte batzuk ikusi edo entzun eta harrituta geratu: “kabroiak, egin dute!” esatea.

“Gazteen artean ez dut igartzen berritasunik. Nahi dut 18 urte inguruko gazte batzuk ikusi edo entzun eta harrituta geratu”

Zergatik izan liteke hori? 
Bada, akaso jendea okupatua dagoelako Internetekin, harremanak egiten, eta ez dakielako behar bezala erabiltzen? Historian egon den musika guztia daukazu Interneten, eta kontraesana da homogeneizatu egiten dela dena. Sareen bidez iristen zaiena soilik entzuten dute edo… Ez dakit, ez naiz soziologoa hori aztertzeko baina harrigarria egiten zait. Garai batean korapilotsuagoa zen musika lortzea; lagunengana joan, entzun, zinta batean grabatu, hala ibiltzen ginen… Orain dena errazagoa denean…

Zuk zer galbahe erabiltzen duzu gaur egun musika entzuteko?
Normalean saiatzen naiz talde konkretu batean ez fijatzen. Gustatzen zait gehiago kontzeptu orokorra. Soinua gustatzen zait. Eta 70eko hamarkadako soinuaren fana naiz.

ETIKETAK:BidehutsDutJoseba PonceJP Lohian & Klonen KlanaKuraiaLibeLisaböNegu GorriakSu Ta Gar