2014.07.30
Gelditu gabe dabiltza iazko urte amaieran diskoa kaleratu zutenetik, eta ez edonolako eszenatokietan gainera: Primavera Sounden, Azkena Rocken, EHZn, AEBetan zehar biran… Astean zehar entseatuz eta asteburuetan zuzenekoak emanez, lanpetuta bezain gustura daude Usua de la Fuente (aka Ursula Strong) eta Koldo Soret, Niña Coyote eta Chico Tornado. Abuztuan zazpi kontzertu emango dituzte Euskal Herrian (datak, elkarrizketaren amaieran).
Ez zen bikote formatuko talde askorik euskal eszenan orain gutxira arte. Azken aldian sortu dira batzuk: Gora Japon, Bakelite, zuek… Ze arrazoi egon daiteke horretarako?
Bikote formatua azkarrago jartzen da martxan: entseatzeko biltzerakoan, kontzertuetara mugitzerakoan… bi izanik dena da erosoagoa. Bestalde, proiektu bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta, nik behintzat, gure taldean ez nuke inor gehiago sartuko.
Arrazoi pragmatikoa, beraz.
Hori da.
Baina aipatu izan duzu, zuen kasuan, bi pertsonarekin aski duzuela banda baten soinua lortzeko. Hori lehen ezinezkoa al zen?
Baxua simulatzeko erabiltzen dudan oktabadorearen modukoak baziren 60ko hamarkadan ere. Proba askoren ondoren lortu dut soinu egokia topatzea, baina hori norbaitek egin zezakeen orain 50 urte ere. Kontua da bizi dugun garaian badagoela joera bat hausteko rock formatu tradizionalarekin. Lehen asko kostatzen zen baxu, gitarra eta bateria egituratik irtetea. Baina orduan agertu ziren, esaterako, The White Stripes, bi pertsona era horretako kantuak eginez… eta egun beste garai batzuk bizi ditugu.
Beste garai batzuk diskogintzari dagokionez ere. Lehen enpresa egiturako diskoetxeak nagusi baziren, gainbeheran dabiltza azken aldian. Musikari gisara, noiz hasi zinen panorama aldaketaz ohartzen?
2005-2006. urteen inguruan hasi zen “zulatua”. Salmentak asko jaitsi ziren, diskoetxeei ez zien merezi edonorengatik apustu egitea. Talde ezagunek saltzen ez bazuten, pentsa talde hasi berriek… Oso garbi bizi izan nuen hori Surfin Kaosekin: 2003an argitaratu genuen maketa; 2005ean Oihukarekin lehen diskoa argitaratzean beraiek ordaindu zuten dena; handik bi urtera, Gaztelupeko Hotsak-ekin, gauzak aldatzen ari zirenez guk grabaketa ordaindu genuen eta diskoen kopiak beraiek; 2010ean Brian’s Recordsekin kaleratutako azken lana guk ordaindu genuen osorik, kartelak eta promozio pixka bat soilik beraiek.
Zein abantaila eta desabantaila ikusten dizkiozu aurreko garaiari, eta zeintzuk oraingoari?
Lehen izugarrizko lan zama aurrezten zuen musikariak, diskoetxeak arduratzen zirelako grabaketaz, kopiak egiteaz, diskoa zabaltzeaz, promozioaz… hori sekulako abantaila da. Noski, etekinak beraientzat izaten ziren, etekinik baldin bazen behintzat. Egun, saltzen den ale bakoitzaren kontrola norberak dauka, baina lan eskerga egin beharra dago. Askotan aipatzen dugu Usuak eta biok kantuak jotzea bakarrik nahi genukeela, baina mila kontu egin beharra daukagu aldi berean. Egunero sartzen ditugu orduak, baina ez entseatzen soilik, asteburuko kontzertuetako xehetasunak lotzen, kobratu beharrekoa adosten, kartelak egiten…
Alegia, teorian zuen lanbidea behar lukeen horri –musika egiteari- baino denbora gehiago eskaintzen diozuela beste kontu horiei guztiei. Nekagarria al da?
Oso nekagarria. Fakturak egitea, ogasunera joatea, BEZ-a… horrek asko erretzen du. Niretzako behintzat da lan bat denborarekin ahal izanez gero kenduko dudana.
“Fakturak egitea, ogasunera joatea, BEZa… horrek asko erretzen du. Denborarekin, ahal izanez gero, gainetik kenduko dudan lan bat da”
Musikariaren eginbehar guztien artean zeri eskaintzen diozue denbora gehien?
Kontu txikiak dira gehienak: facebooken mezuak erantzuten, eskatzen dizkiguten diskoen bidalketak egiten.. Hilabete batzuetan ez dugu aisialdirako astirik izan, gure bizitza erabat bideratuta egon da zuzenekoetara, entseguetara… igandeak barne. Jendeak ikusten ditu zure argazkiak New Yorken, San Frantziskon, Bartzelonan, Lantzaroten, Madrilen, eta esaten dizu, “aizue, ze ondo bizi zareten zuek!”. Ba bai, bizi gara, baina lan asko eginez. Etengabeko mugimendu horrek sekulako lana eskatzen du egunero. Jendeak alderdi polita bakarrik ikusten du.
Alderdi polita ere edukiko du, noski.
Badauzka oso une politak. Sekulako energia gorakadak izaten ditugu tarteka. Eta, azken batean, egiten dugun lan guztia geuretzako da. Baina tira, askotan…
Arretaz zaintzen duzue promozio lana, sare sozialetan ikus daitekeenez. Alderdi estetikoari asko erreparatzen diozue.
Bai, betidanik oso argi izan dut. Urte asko daramatzat musikaren munduan eta Utikanen azken garaietatik garbi eduki dut soinua eta kantuak zaindu behar diren hein berean zaindu behar dela alde estetiko hori ere. Sekula ezin da jakin zer den jendeari interesa piztuko diona. Eta begietatik asko sartzen da. Argazki eta bideoklip eskasak egitea zure buruaren kontra doa.
“Soinua eta kantuak zaindu behar diren hein berean zaindu behar da alde estetikoa. Argazki eta bideoklip eskasak egitea zure buruaren kontra doa”
Ezagun egin da “Lainoa” kantuaren bideoklipa, Donostiako Aste Nagusiko su artifizialen pean grabatua. Caostica jaialdiko bideoklip onenaren saria ere irabazi zuen. Nola bururatu zitzaizuen ideia?
Egun bateko beroaldia izan zen. Bideoklip bat grabatu nahi genuen, eta horri buruz eztabaidatzeko bazkaria antolatu genuen ikus-entzunezko lan taldearekin Boulevardean, Usuaren gurasoen etxean. Kasualitatez, bezperan Usuak eta biok etxe horren goikaldetik ikusi genituen su artifizialak, eta horretan ginela pareko etxean bizi den neska batek —bera ere bideoklipa grabatzeko lan taldekoa— argazki eder bat atera eta whatsappetik bidali zigun. Hurrengo egunean, bazkaltzen ari ginelarik bota nion neska hari “bai ederra atzo bidali zenigun argazkia!”, eta orduan otu zitzaigun bideoklipa non eta nola egin. Azkar batean lokalera joan, traste guztiak autoan sartu eta Gipuzkoa plazan aparkatu genuen nola edo hala, Piraten eguna izaki Boulevarra itxita zegoelako. Jende artean tokia eginez nolabait iritsi ginen Boulevarrera azkenean. Bi egunetako grabaketa izan zen, lehendabizikoan eraikin beretik grabatu genuen, eta bigarrenean parekotik.
2013ko urte amaieran aurkeztu zenuten disko autoeditatua. Geroztik, entzuleen onespena ez ezik, kritikarena ere jaso duzue. Espero al zenuten halako harrera?
Harrera ona espero nuen, proiektu polita zelako eta jendeak hasieratik animatu gaituelako. Baina iritsi garen tokira iritsiko ginenik ez nuen irudikatzen: urrian jotzen hasi ginenetik hiru asteburu soilik libratu ditugu, ia 50 kontzertutan jo dugu, Primavera Sounden, Azkena Rocken, EHZn…
Hori zergatik dela uste duzu?
Lan asko egin dugulako, eta urte asko daramatzagulako mundu honetan. Esperientziak bide zuzena hartzen laguntzen dizu, zabuka ibili beharrean. Gauzak argi ditugu, apustu irmoa da gurea.
“Iazko urrian jotzen hasi ginenetik hiru asteburu soilik libratu ditugu, eta ia 50 kontzertutan jo dugu”
Verkami plataforma bidez crowdfunding eginda argitaratu duzue diskoa. Egungo aukerarik sendoena al da?
Aukera ona da, batez ere taldea ezagutarazteko. Diskoa atera ondoren zuzenekoei ekin eta inork ezagutuko ez ote gintuen beldur ginen hasieran. Ikusita Fermin Muguruzak Zuloak filmarekin sistema hori erabili zuela, ideia ona iruditu zitzaigun eta probatu egin genuen. Aurkeztu genien proiektua, gustatu zitzaien, eta aurrera. Proiektua martxan jartzeko beharrezko 4.000 euroak lortuko ote genituen zalantzan ginen hasieran. Azkenean, ia 4.500era iritsi ginen. Jende asko behar duzu horra ailegatzeko, eta lan eskerga eskatzen du, egurra galanta. Behin egin dut eta nahikoa.
Diskoan euskarazko sei kantu eta beste sei kantu instrumental sartu dituzue. Ze irizpide erabili duzue kantu batzuei hitzak jartzeko eta beste batzuei ez?
Hasiera batean kantu guztiak instrumentalak ziren, baina batzuek eskatzen zuten melodia eta letra bat, riff motarengatik edo auskalo zergatik. Hori bai, ohiko egiturekin hausten saiatu gara: ahotsa duten kantuek ez daukate estribillorik, egitura kaotikoagoz osaturik daude. Bestalde, kantu bati ahotsak baliorik ematen ez badio kendu egiten dio, eta, hortaz, oso gustura gaude hartutako erabakiekin. Jendeak, berriz, denetarik esaten digu: batzuek nahiago dituzte ahotsa duten kantuak, eta beste batzuek, aldiz, instrumentalak.
“Hitzik gabe gauza asko konta litezke” esan zenuen aurreko elkarrizketaren batean kantu instrumentalez ari zinelarik. Zuretzat hitzek ze pisu dute kantu batean? Zati instrumentalak adinakoa?
Gure kasuan, garrantzitsuena instrumentazioa da. Musikaren bitartez bakarrik konta daitezke sentimenduak, nola sentitzen zaren, zure gorabeherak…
Eta entzule bezala, hitzekiko fijaziorik baduzu?
Hitzek garrantzia handia dute niretzat. Bereziki estimatzen ditut pizten nauten esaldi horiek. Euskaraz edo gaztelaniaz badira hobe ulertzen ditut, ingelesez tarteka gertatzen da gauza bat dioela iruditzen zaizula eta beste zerbait esaten duela, baina zuk imajinatzen duzunak ere pizten zaitu, eta horrek balio du.
Egiten duzuen musika definitu liteke desertuko rock pisutsu modura. Kyuss, Fu Manchu edota The White Stripes taldeen itzala antzematen zaizue. Ados zaude? Gainontzean, ze eragin aipatuko zenituzke?
Bai, ados nago. Kyuss, esaterako, asko gustatu izan zait, 20 urte badira ezagutzen ditudala. The White Stripes-ekoekin dugun antza gehiago da estetikoa, neska-mutil bikote formatu hori. Fu Manchu, azkenik, Kyussen antzera, nahiko pisutsua da, stoner-a. Askok kokatu gaitu stoner-ean, nahiz eta guk ez dugun hori egiteko intentziorik eduki. Niri Jimi Hendrix, Led Zeppelin, Black Sabbath… asko gustatzen zaizkit. Atera zaiguna egin dugu.
Euskal musikan sortzen ari diren talde berriez zein iritzi duzu? Aipagarririk bururatzen zaizu?
Belako aipatuko nuke. Oso gazteak izanagatik punta-puntan dabiltza, eta gainera sekulako lana eginez. Gauza berria izan da Euskal Herrian. Tutan Come On ere oso gogoko ditut, gure ildoko talde bat, oso lagunak. Gainontzean, ba ez dakit. Egia esan, euskal taldeak ez aurrera eta ez atzera antzematen ditut pixka bat. Gauza berririk ez dut ikusten, talde pila bat ari dira cover-ak egiten, dela Kortatu, Berri Txarrak, Kojon Prieto y los Huajalotes… talde guztiek dituzte tributoak. Inork ez al dauka zerbait berria egiteko gogorik? Jende gehien mugitzen duten taldeak ere oso berdintsuak iruditzen zaizkit, agian ez ditut izenak aipatuko, baina tira, tronpetak, ska-rock, ez gara hortik irteten. Eta lastimagarria da. Baina tira, horrelakoa da Euskal Herria (irribarrez).
Niña Coyote eta Chico Tornadoren hurrengo kontzertuak:
1 IRUZKIN