Elkarrizketa

Antton Iturbe

2022.11.02

Antton Iturbe

Gau giroko solasaldi goxoa Carcascararekin

Elkarrizketa: Carcascara

Euskal musika esperimentalaren historian inoiz izan den talderik funtsezkoenetako bat dugu Cafe Teatro. Xabier Erkizia, Iban Urizar Amorante edo Iñigo Ugartebururen moduko artista handiak eman zizkigun ezagutzera XXI. mende hasieran. Azken horrek, Xabier Iriondo eta Fernando Agirrerekin batera, Carcascara talde paraleloa sortu zuen proiektu hura amaitzera zihoan unean, eta ordudanik bi disko utzi dizkigu, zein baino zein misteriotsuagoak eta ederragoak. Bere erritmo eta ekosistema berezian beti, II izeneko disko berri hau, orain dela sei urte dago grabatua berez. Hegoa diskoetxe bikainaren apustu eta bultzadari esker dugu orain gozatzeko aukera. Iñigo eta Xabierrekin izan dugun elkarrizketa honetan, taldearen izaera bitxian eta disko zoragarri honen istorioan murgiltzen saiatu gara.

Carcascara

Carcascararen muina Cafe Teatro taldean dagoela esan daiteke. Oker ez banago, hirurok partaide izan baitzineten talde hartan ere. Baina, edozein erara, zer da Carcascara? Zertan ezberdintzen da Carcascara (ezertan ezberdintzen bada) eta zerk bultzatu zintuzten talde paralelo bat sortzea? Zerk elkartzen zaituzte hirurok artistikoki eta agian pertsonalki ere?

Iñigo: Cafe Teatrorekin emandako kontzertu baten ondoren izan zela uste dut. Furgonetan geunden guztiak, eta Xabi, Fer eta hirurok zerbait ezberdina egitea gustatuko litzaigukeela komentatzen hasi ginen. Taldearen izena ahoskatzeko zaila eta musikari egokitua izatea otu zitzaigun orduan. R hizki ugari zituzten hitzak asmatzen eta probatzen hasi ginen eta berehala azaldu zen Carcascara izena. Eta estreinako diskoa, funtsean, izen horretan inspiratutako inprobisazioez osatua dago. Bigarren diskoan, ostera, abesti landuagoak sortzen saiatu ginen, Carcascararen izaera berezi horri eusten genion bitartean. Edozein erara, proiektu paralelo bat sortzeko inongo behar berezirik ez genuen. Airean botatako ideia bat baino ez zen izan, hilabeteen, edo, hobe esan, urteen ondoren gauzatu zena, egia esan. Elkar ikusteko uneak Zarautzen hirurok kointziditzean izaten ziren, Gabonetan eta udako oporretan batik bat. Xabierren amonaren etxean geratzen ginen. Hutsik zegoen, eta bertan afaltzera eta lasai tertulian aritzera joaten ginen. Gitarra ere jotzen genuen sarritan, eta han egindako inprobisazio askok lehen diskoan bukatu zuten.

Xabier: Carcascara hirurok elkarrekin egon ahal izateko aitzakia bilakatu zen, bereziki bakoitza hiri batean bizitzen hasi ginen unetik aurrera: Iñigo Londresen, Fer Bartzelonan eta ni Madrilen. Amonaren etxean, jotzera eta, batez ere, elkarrekin egon, ardo batzuk hartu eta hitz egitera geratzen ginen. Ez genuen inongo planteamendu berezirik egiten joko genuen doinuen inguruan. Anplifikadorerik ere ez geneukan. Zarautzen geundenean, ia egunero, edo, hobe esan, gauero elkartzen saiatzen ginen. Adiskidetasuna da azken batean taldea batzen duena. Musikazaleak gara hirurok, baina bakoitzak era oso ezberdinez entzun eta bizi du musika hori.

Bakoitzaren ibilbide musikalean arakatuz, Iñigoren bakarkako diskoak izan ezik (eta horiek ere urte hauetan guztietan bi baino ez dira) ezer gutxi aurki daiteke, eta, dagoena, oso sakabanatua denboran. Alde batetik, zuen diskoak erakusten duen maisutasunaren aurrean harritzekoa da obra gehiago ez aurkitzea, baina, bestetik, suposa daitekeenez, beste lanbide batzuk dituzue, musikaz bizitzea (ia) ezinezkoa da, eta agian hori ez da asmoa ere, eta sormen prozesu berezi eta pittin bat magiko baten ondorioz soilik behar du izan… Zein da zuen ikuspuntua?

Iñigo: Disko gutxi argitaratzearen kontua erabat kontrara ikusten dut. Hain musikari eskasak garela eta praktikatu eta ikasteari dedikatzen diogun denbora oso urria dela kontutan izanda, pilo bat atera ditugula esango nuke nik. Cafe Teatro amaitu ondoren, bospasei urte pasatu nituen gitarra jo gabe, eta For the Unknown grabatu ondoren, gauza bera. Salbuespen bakarra Netflixerako berriki grabatu dudan soinu banda bat izan da. Liberez taldean baglama izeneko instrumentu greziar bat jotzen nuen, baina pedalen manipulazioan oinarritzen zen gehienbat, apenas ukitzen nuen instrumentua. Gu hiruron artean, Fer da maiztasun minimo batez jotzen duen bakarra.

Xabier: Egia esan, Fernando edo Iñigo ez den beste inorekin ez dut jo. Ez naiz musikaria eta ez naiz bereziki trebea. Gauza da, hirurok elkarrekin gaudenean oso gustura sentitzen garela, eta konfiantza osoz hiru akorde soili etekin handiena ateratzen saiatzen garela. Oso gauza ezberdinetara dedikatzen gara gure bizitza profesionalean: Fernando Moto GP muntatzailea da eta ni kamera operadorea naiz. Carcascara oasi bat da guretzat.

Iñigo, For the Unknown diskoa grabatzeko Chicagora jo zenuen, eta han Todd A. Carter eta Joshua Abramsen moduko musikariekin egin zenuen elkarlana eta lotura. Nabarigarria da bai Cafe Teatron, bai bakarlari moduan, baita Carcascaran ere (eta agian are gehiago azken kasu horretan) atzerriko medioen eta musikarien artean duzuela onespen eta ospe handiagoa gure artean baino. Zergatik uste duzue oihartzun txikiagoa duzuela gure artean? Eta, bestalde, mundu mailako musikarien arteko elkarlan sare baten parte sentitzen zarete nolabait? Hau da, jatorriaz eta background-az gain, musika bizi eta ulertzeko era berdina duten beste musikari batzuen kide eta lagun zarete?

Iñigo: Nire ustez, gauza ez da gure musikak atzerrian onespen handiago jasotzen duela, baizik eta gauzak erabat aldatu direla azken urteetan. Musika oro har orain dela hamabost edo hogei urte baino eskuragarriagoa da; Cafe Teatro banandu zeneko garaian, alegia. Une hartan, euskal musikari kideekin (Xabier Erkizia, Tzesne, Azkoitiko Mataderoko jendea eta Artoartian kolektiboa) eta batak bestea lagunduz halako komunitate txiki bat eraikitzeko gai izan ginela esango nuke. Gaur egun, ordea, guztiz deskonektatua nago, baina aktibitate eta proiektu interesgarri piloa dagoela sumatzen dut hemendik. Mundu mailako sare baten parte izatea, baliteke. Esan dudan bezala, erabat aldatu da ingurunea. Cafe Teatroren 6 diskoa argitaratu zenean, Wire aldizkari britaniar ospetsuak iruzkin positibo bat egin zigun eta guri sinesgaitza iruditu zitzaigun. Egun ez litzateke horrenbesteko ezusteko handia izango, teknologiari esker musikari orok baitugu gure inguruko zirkulutik haratago ailegatu ahal izateko aukera. Azken batean, herrialde eta hiri bakoitzean musika hau gustukoa duen komunitate txiki bat dago eta errazagoa de komunitate horien artean harremana sortzea. Beraz, bada halako sare bat, orain dela hogei edo 30 urte guztiz ezinezkoa litzatekeena. Edozein erara, honek guztiak duen benetako oihartzunak eta eraginak oso murritza izaten jarraitzen du. Carcascararen kasuan bost axola zaigu, lagunarteko proiektua baino ez gara eta jendeak gustukoa baldin badu, primeran, eta hala ez bada ere, primeran. Harritzekoa izan da bat-batean jendeak disko honekiko erakutsi duen interesa eta aste pare batean plazaratutako ale gehienak agortzea. Ilusioa egiten du, noski, baina ez diogu inongo garrantzirik ematen.

Xabier: Elkarrekin jotzen dugunean, berehala konturatzen gara funtzionatzen duen ala ez. Ordu laurden batez ideia beraren inguruan jotzen dihardugunean, zerbait aurkitu dugula esan nahi du. Pertsonalki, burura datorkidan lehen gauza jo ahal izateko aske sentitzen naiz, tontoa edo xinpleegia al den neure buruari galdetu gabe, eta hori oso eskertzekoa da. Sare eta eszena musikalei dagokionez, ez naiz ezeren partaide sentitzen. Apenas ezagutzen dut egungo musikaririk eta, aukeratzekotan, Cafe Teatroren garaiko kuttunak datozkit burura, Akauzazte edo Delorean, adibidez. Azken horiek zarauztarrak eta lagunak baitira, gainera.

«Zenbat eta musika tresna gutxiago izan, orduan eta finago egin behar duzu lan konposatzerakoan eta nahasterakoan», zioen Iñigok behin. Carcascaran instrumentazioa murritza da eta abestien garapena eta produkzioa lausoa nolabait, baina horrek agian atzean dagoen ekoizpena, mimoa eta doitze prozesua ezkutatzen du. Nola izan da prozesua? Eta, zabalduz, nolakoa izaten da Carcascaren disko baten grabatze prozesua?

Iñigo: Oso zorrotzak gara hirurok; gainera, oso gauza ezberdinei jartzen dio arreta bakoitzak, eta guztiz aintzakotzat hartzen ditugu bataren edo bestearen iritziak. Ez dakit metodo bat dugula esaterik dagoen, baina, edozein gauzaren gainetik, errespetu oso handia diogu batak besteari eta bakoitzak musikaren inguruan egiten duen edozein ekarpeni. Oso eztabaida gutxi izaten dugu, ekarpenak ontzat hartzen ditugu gehienetan eta kito. Edozein erara, ñabardura txikienari ere arreta jartzen diogu diskoa grabatu eta nahasteko garaian. Pentsa, disko hau orain dela sei urte grabatu genuen eta nahasketa erraz eta azkar egingo genuela suposatzen genuen, diskoa ia guztiz zuzenean grabatua baitago, baina beti abestiren bat erabat bukatu gabe zegoela sumatzen genuen eta bere horretan uzten genuen, inoiz plazaratu gabe. Hala ere, nigatik balitz, diskoa grabaketa bukatu zen egun berean amaitutzat emango nuke eta ez nuke ezer aldatuko gero. Ferrek eta Xabik etxean grabatu nahi zuten hasiera batean, baina nik estudio batean eta teknikari profesional batekin grabatu nahi nuen, ahalik eta modurik hoberenean aurkeztu ahal izateko gure lana. Kostata, baina konbentzitzea lortu nuen, azkenean. Prozesu horretan, Fiona Cruickshanken laguntza funtsezkoa izan zen. Homing filmaren soinu banda egiterakoan ere ikaragarri lagundu zidan, eta erabateko konfiantza dut beragan. Bera ezagutzean esango nuke Xabi eta Fer konbentzitu zirela guztiz. Gerora egindako nahasketa eta konponketa txiki guztiak izugarrizko arretaz egin ditugu, diozun bezala, mimo handiz. Ezin dut musika era ezberdin batean egin. Estudioan sartu, grabatu, ekoiztu eta nahasteko prozesu osoa da berez liluratzen nauena.

Xabier: Fiona taldeko laugarren partaide baten modukoa da guretzat. Hirurok elkarren ondoan triangelu bat eratuz jarrarazten gintuen grabatzeko, argi oso goxo batekin, giro erosoa sortuz. Mikroak bereak ziren, pertsonalki aukeratu eta probatuak, eta bakoitzaren kokapena eta instalaziorako denbora piloa erabili zuen. Izugarrizko arretaz egiten zuen dena, eta neurri handi batean berari esker lortu dugu horren soinu ederra diskoan. Oso hartualdi gutxi behar izan genituen abestiak grabatzeko, ia guztiz osatuak atera ziren zuzeneko saioetatik.

Xabier Iriondoren filmetarako musika egin izan duzue iraganean, eta ukaezina da Cafe Teatrok eta Carcascarak duten kutsu zinematografikoa. Topikoa baldin bada ere, existitzen ez den filma baterako soinu banda modukoak egiten dituzuela sarritan etortzen da burura. Carcascara II honetan, disko barnean dauden argazkien misterioaren aurrean etxean egindako bideo zahar batetik ateratako irudiak dirudite, hor nonbait hautsez betetako trasteleku zahar ahaztu batean aurkituta eta hor nolabaiteko istorio bat badagoela, alegia. Agian abestien tituluak ere istorio horren aztarnak (edo kapituluak) direla ere bai…

Iñigo: Xabik eta Fernandok irudietan musikan baino interes handiagoa izan dute beti. Zinemako musika gustukoa dugu denok baina beraiek zinema askoz gustukoagoa dute eta nik alderantziz, musika. Filmak ikustea gogokoa dut, noski, baina soinu bandan erreparatzen dut gehienbat. Beraiek, ordea, argazkiari edo gidoiari jartzen diote arreta handiagoa. Edozein erara, zinema-musika konbinaketa eta harremana oso interesgarria iruditzen zaigu; norberak interpretatu ditzakeen istorioak kontatu eta iradokitzea, alegia. Egia esatea nahi baduzu, magia pittin bat apurtzen dudan arren, abesti gehienen tituluak grabatu ondoren jarri genituen. Gutxi batzuk aldez aurretik pentsatuta geneuzkan, baina oro har ez genuen ezer berezirik komentatzen edo irudikatzen saiatzen, besterik gabe inprobisatzen hasten ginen eta ideiak bere kasa gauzatzen uzten genituen.

Ez dago ukatzerik, ordea, Carcascara barruan eta nire aldetik bakarka egin dudan musika guztiak osagai bisual indartsu bat duela eta horrek entzulearen irudimena kitzikatu dezakeela. Guztiz liluratzen nauen gauza da, eta bakoitzak bere erara interpretatu dezakeena. Ez dago irakurketa jakin eta bakar baterako lekua gure musikaren atzean.

Xabier: Trastelekuaren irudi hori oso egokia iruditzen zait. Nire amonaren etxeko ganbaran grabatu genuen lehen diskoa; nire haurtzaroko gelan. Jostailu zaharrez eta hautsez beteta zegoen. Komentatzen duzun giroa zegoen.

Soinu bandei dagokienez ez dakit zer esan, arrotza suertatuko litzaidake gure musika filma baterako erabiliko balitz, bereziki geuk egindako filma ez balitz.

Boomkat disko banatzailearen webguneak noizean behin Lurraren ingurutik pasatzen den kometa arraro eta eder baten modukoak zaretela dio. Une batez distiratsu agertu eta berriz urte pilo baterako misteriozko isilunean ezkutatzen zaretela, alegia. Ezin deskripzio hoberik egon eragiten duzuen sentsaziorako. Are gehiago, oraingo disko hau berez 2014an grabatu zela eta 2020an nahasten hasi zineten arte isilpean gordeta egon dela jakietan. Zergatik izan da hori? Zergatik eta zein asmokin berreskuratu eta nahastu duzue orain grabaketa hura?

Iñigo: Konfinamenduaren garaian hiruron artean egindako bideo dei batean izan zen. Erabaki genuen hura inoiz baino aukera egokiagoa izan zitekeela behingoz lana bukatu ahal izateko, eta ukitu batzuk sartzen hasi ginen (sintetizadore pixka bat hemen, ekoizpen konponketa txiki bat han) abestiak borobiltzeko. Sano bueltatu maitia, adibidez, Getariako portuan gaueko ordu txikitan minidisc batean zegoen grabatuta, baina ez geunden guztiz gustura emaitzarekin, eta estudioan egindako beste saio batekin nahastu genuen diskorako. Fiona oso lanpetuta egoten da beti, baina konfinamenduan ez zeukan estudiora joaterik, eta pilo bat lagundu ahal izan zigun bere etxetik nahasketekin. Hasiera batean guretzako egin genuen, ez geneukan diskoa plazaratzeko asmorik. Nik ez behintzat. Cafe Teatrorekin eta bakarka hainbat disko kaleratu ondoren, 150 edo 300 ale atera, eta gehienak etxean saldu gabe geratzearen beldur nintzen. Orduantxe iritsi zen Hegoa diskoetxeko Mikel Acostaren proposamena. Egia esan, niri estura pixka bat sentiarazten zidan, gure kopia guztiak berak jan beharko zituela pentsatzen bainuen. Diskoan erabateko konfiantza neukan, baina gaur egun disko fisikoak saltzea ikaragarri zaila iruditzen zait. Are gehiago zuzenekorik ematen ez duen talde baten kasuan. Baina kasu honetan gauzak ezin hobeto funtzionatu dute, denda batzuetan aleak agortzen hasi ziren unean jendeari halako laztura sartu zitzaion antza denez, eta aste pare batean ia denak saldu ziren. Musika munduaren eta industriaren misterioak.

Xabier: Diskoa plazaratzea erabat bigarren mailako kontua zen guretzat. Inoiz aukera izatekotan ateratzea ondo legokeela pentsatu genuen, baina besterik gabe. Baina, konfinamenduan, alaba lokartzen nuen bitartean, grabaketa berriz entzun, eta asko gustatu zitzaidan. Iñigoren eta Fernandoren adiskidetasuna gogorarazten dit. Kontatu ezineko beste gauza pertsonalago batzuk ere bai, baina nahiago entzule bakoitzak leku ezberdin eta berezko batera bidaiatu ahal izatea.

Carcascara - II

Zein eratara ikusten duzue, zein sentsazio eragiten dizue urteak pasatu ahala diskoa berriz entzuteak? Disko barruko irudiek eta abestien tituluek halako istorio ezkutu bat badagoela pentsarazten dute, egia esan.

Iñigo: Diskoa entzutean, Xabiren amonaren etxea ikusten dut, gaupasan elkarrekin gustura egotea, milaka oroimen txiki. Iraungitze datarik ez duela uste dut, estilo finkorik jarraitzen ez duen arren, bere osotasunean ederki funtzionatzen duela esango nuke. Pittin bat nostalgiko izanik, elkarrekin egotea askoz errazagoa zitzaigun garai batetara eramaten nau. Bartzelonan, Madrilen eta Londresen bizitzea musika sormenerako eragozpena izango zela uste genuen, baina gaurko teknologiarekin ez dugu arazo handirik izan. Benetan zaila izan dena lehen ateratzen genuen bezainbeste denbora libre ateratzea izan da. Orain dena da askoz konplikatuagoa. Hala ere, agian bost, hamar edo hamabost urte barru, baina ziur naiz berriz musika egingo dugula elkarrekin. 30 urteko adiskidetasun istorio bat da gurea azken batean, eta, gaur ez bada ere, noizbait musika erlazio horren osagai bat izango da berriro.

Xabier: Diskoa grabatzeko garaian, seme-alabarik ez geneukan eta gaupasa bat egitea ez zen inongo arazoa. Jotzen hasten ginen eta etengabe gau osoan aritu gintezkeen, zigarroak erre, ardoa edan eta solasean aritzen ginen bitartean. Egun ia ezinezkoa izango litzateke gauza bera egitea, izugarrizko lana izango litzateke antolatzea.

Bi gizon horien argazkia Rastroan lurrean botata aurkitu nuen behin. Lehen unetik liluratu ninduen. Bi lagunak zelaiaren erdian, xanpain botilarekin, oso oroitarazlea iruditzen zait. Eta argazkia egin zuena agian haietako baten emaztea izango zen, baina nire irudimenean beti hirugarren lagun bat izan da. Geu bezala, hiru lagun beren munduan isolatuta. Baina ez nuen uste argazkia inoiz Interneten aterako zenik, eta, diskoaren promoa egitean disko barneko argazki horiek igo egin zituztela ikustean, pittin bat ikaratu nintzen. Hain ale gutxi izanik, arraroa izango da haien familiar baten eskuetan erortzea, baina batzuetan pittin bat lotsagabe izan garela esaten diot neure buruari. Baina tira, hala suertatzen bada, agian argazkiaren atzean dagoen benetako istorioa kontatuko digute, nahiz eta nahiago dudan ez jakitea, egia esan.

Han eta hemen aurkitutako iruzkinetan, Robbie Basho, Chicagoko post-rock / post-core eszena (Town & Country…), Hood, edota Six Organs of Admittanceren modukoak aipatzen dira. Den-denak aski egokiak dira, baina rock anglosaxoi eta esperimentazio mundutik at dauden beste eragin ezkutuagoak ere badituzuela suma daiteke. Zer aipatuko zenukete? Eta, bide horretatik, egungo zein beste talde edo artistekin duzue afinitatea?

Iñigo: Musika ezberdin pilo bat entzuten dugu, nahiz eta, egia esan, gaur egun lehen baino askoz gutxiago. Ez diot garai bateko arreta eta maitasun bera dedikatzen. Gozatzen dut, baina musika soilik entzutera eseri edo etzatea, garai haietan bezala, ezinezkoa zait gaur egun. Era batera edo bestera, musika estiloari jaramonik egin gabe entzuten ikasi dut azkenean, musikak niri zerbait esatea da bilatzen dudan gauza bakarra. Aipatzen dituzun talde guztiak ditut gogoko. Town & Country taldeak garrantzi handia izan du nire bizitzan. Burga grabatzen ari ginen garaian, Xabier Erkiziak haien diskoen ekoizle zen Todd A. Carterri gure diskoa grabatzeko eskaera luzatzea proposatu zigun. Guztiz ezinezkoa iruditzen zitzaigun baietz esatea, nola etorriko da Chicagotik hona ezer ez den taldetxo baten diskoa grabatzera? Baina gauza da Xabierrek nolabait lortu zuela Todd ekartzea, eta izugarrizko esperientzia izan zen guretzat. Urte batzuen bueltan, Joshua Abrams Artelekura jotzera etorri zen, eta berarekin eta Iban Urizarrekin nire estreinako kontzertu inprobisatua eman nuen. Oso esperientzia hunkigarria izan zen niretzat. Gero Joshek nire Back & Forth diskoan kontrabaxua jo zuen abesti batzuetan, gainera. Baina gauza da adiskidetasun giroan gertatu zela dena, musika elkarrekin egitearen plazer hutsaren bila, jorratzen ari ginen estiloari batere erreparatu gabe. Eta era horretan izan da parte hartu dudan proiektu guzietan. Beste musikari gogokoez gain eguneroko esperientzia eta bizipenak eta gure lagunarteko erlazioak eragiten gaitu. Zentzu horretan Carcascara musikaz haratago doan proiektua da.

Xabier: Inguruko oso artista gutxi jarraitzen dut, are gutxiago gaur egungoak, baina, adibide batzuk ematearren, Atanas Arkestraren diskoak erabat liluratzen nau, eta, bestetik, Atomizadorren abestiak izugarriak iruditzen zaizkit. Gure belaunaldiko artistez gain egungo eszena eta korronteez at bizi naiz.

Diskoa Mikel Acostaren Hegoa disketxean atera duzue. Zer iruditzen zaizue Mikel egiten ari den berreskuratze eta berrargitalpen lana?

Xabier: Mikel izan da diskoa plazaratzera animatu gaituena guztiz, eta ederki egin du bere lana. Bihotzez eskertzen diogu eta zigiluarekin egiten ari denari zoragarria deritzot. Rafael Anton Irisarri eskertu nahi genuke baita ere, Aural Canyonera gure diskoa bidali baitzuen, eta, horri esker, besteak beste NTS moduko irrati kateetan pintxatu izan dute.

ETIKETAK:Cafe teatroCarcascaraFernando AgirreIñigo UgarteburuXabier Iriondo