Elkarrizketa

Mikel Izarra

2024.03.05

Mikel Izarra

“Garratzitsuena errepresentatuko zaituen soinua bilatzea da”

Elkarrizketa: Ke Lepo

Ke Lepo izen misteriotsuaren atzean Alejo Orbegozo (Zestoa, Gipuzkoa, 1985) dago, urtez Grises indie talde dantzagarrian sintetizagailuak zebatu dituena. Taldeak kutsu elektronikodun indiea zabaldu zuen bertan, eta proiektuaren beraren garapenean berebiziko garrantzia izan zuten sonoritate plastikoek, arpegiagailuek eta atmosferek. Zentzu horregtan gaur egun gure soinu iruditeri kolektiboan ezarrita ditugu estetika ildo askoren erantzule har dezakegu Orbegozo. Are gehiago, Grises taldeak gure mugetatik harago eragina izan zuen, tartean bertatik eratorritako kalitatezko musikari edo proiektuengatik, Gaztain Estudioak, Ezpalak edo Ke Lepo tarte. Inguru hain inspiratu batean, logikoa zen botoiak eta faderrak mugitzearen zale batek bakarkako proiektua hasteko indarrak aurkitzea, Euskal Herritik mundura elektronika hedatzeko.

1

Alejo Orbegozoren bakarkako proiektu elektronikoa da Ke Lepo.

Hala ere, lehen entzunaldian ez zenuke inoiz esango disko euskaldun bat denik. Hitzik gabeko Izpi lan honek beste gauza asko iradoki edo islatu ditzake euskal soinuak ez ezik. Eta horregatik izango da euskaldunagoa edo ez? Bada, hausnarketa hori partekatu dut Orbegozorekin. Xerra Estudioak egindako diseinu eta argazki txundigarrien eta abestien izenez gain, diskoa entzuterakoan mundu mailako eta nazioarteko soinu tendentziak entzun ditzakegu, kalitatezko maila altuenean. Ambient soinu nordikoak Kiasmos-en erara, arpegiatzaile kiribiltsuak Warp eskolaren ikasle (Skee Mask, Autechtre…) modura eta ahots samplerren bat zein erritmo kutxa saltokariak Bicep-etik edo Caribou-tik edaten. Honekin ez nuke nahi esan diskoak identitate propioa ez duenik, inola ere (Orbegozok berebiziko garrantzia ematen diola aitortzen du elkarrizketan). Bere horretan narratiba eta garapen bikaina du, eta kantuek banan-banan zein lan borobil baten barruan funtzionatzen dute, Abestiek instrumentu gutxi dituzte, disko soil eta ez astuna emateko, maisuki daude landuta eta feedback, filtro eta ñabardura guztiak detailez zainduta diskoaren konposaketa globalean. Musika instrumental eta abstraktua gustuko baduzu, ezin izango diozu utzi Forbidden Coloursek argitaratzen duen euskal disko aurreratu eta abangoardistenetako bat entzuteari, berdin du euskalduna edo tailandiarra den.

Zein izan zen zure lehen instrumentua? Zergaitik aukeratu zenuen? Esango zenuke egun zure instrumentu printzipala dela?

Pianoa eta klarinetea ikasi nituen umetan baino nire instrumentua pianoa dela esango nuke; izan ere, teknikoki gehien kontrolatzen dudan instrumentua ez bada ere, bizitzan zehar ekarpen ezberdinak egin dizkit. Pianoa, konposatzeko gehien erabiltzen dudan instrumentua da eta  emozionalki momentu baxuenak betetzeko indarra ematen didana. Nire iritziz, instrumentu konpletoenetariko bat da, eta nik horregatik aukeratu nuen.

Zeintzuk dira zure erreferenteak edo inspirazioa musika egiterako orduan? Baduzu metodoren bat?

Erreferentzia musikalak dira edozein artista proposamen berriekin datorrena. Azken aldian elektronika ekoizten duten artista dexente entzuten ari naiz: Floating Points, Four Tet, Caterina Barbieri, Boards of Canada, James Holden

Ez dakit konposaketarako metodorik ba ote dudan. Gehienetan, pianoa edo sinte batekin akorde batzuk jotzen hasten naiz, ez banago inspiratuta, atmosferak sortu edota erritmo kaxarekin jolasean hasten naiz beat batek konbentzitu arte. Energia edo barruak mugitzen dizkidan txispa bat somatzea lortzen badut, ideiak grabatzen hasten naiz. Erraza bezain konplexua dela esango nuke. Puntu magiko horretara nola iristen naizen ordea, ez dakit azaltzen.

Garratzitsuena errepresentatuko zaituen soinua bilatzea da. Soinu pertsonala, aspertuko ez zaituen soinua. Entzun eta identifikatuta sentituko zaren hura.

Esango zenuke disko “euskalduna” dela? Zergaitik?

Diskoa Zestoako Ertxin mendiaren azpian konposatu, ekoiztu eta grabatuta dago, nire etxean. Nahasketak Gaztain Estudiotan (Zestoan) eta diseinua Xerra Estudioa-n (Bizkaiko baserri batean). Uste dut eusko label marka merezi duela, ez? Jejeje!!!

Bromak alde batera utzita, ulertzen dut zer esan nahi didazun, musika eta diseinua ez badira “estandarrak” edo “espero ez bezalakoak” badira kanpokotzat hartzen ditugu normalean. Aldatu dezagun pentsakera hori. Bertan eginiko artea, gure egin dezagun, horrek aberastuko baikaitu.

Zergatik aukeratu zenuen Xerra Estudioa alde bisualerako? Eta Forbbiden Colours diskoetxea?

Xerra deskubrimendu bat izan da. Hasieratik, dena oso erraza izan da; diskoa bidali nienean berehala ulertu zuten hartu nahi nuen norabidea. Beraiek nire proiektuarekin sentitu zuten hura adierazi zidatenenan, nire ideiekin bat egiten zuela ikusi nuen eta beraz, ez nuen bi aldiz pentsatu beraiekin lan egitea. Anek eta Laidak, ilusio handia jarri dute lanean eta hori agerian dago egindako diseinuan, baita beraien talentua ere. Beraiei esker, inoiz pentsatuko ez nuen diseinu bat egitea lortu zuten.

Forbidden Colours disketxea berriz, aspalditik ezagutzen nuen. Beti jarraitu izan dut beraien ibilbidea eta kaleratu dituzten artisten lanak. Hori dela eta, Aitor Etxeberria-k diskoa egitea proposatu zidanean, izugarrizko ilusioarekin nire proiektuarekiko apustua egin nuen.

Plazerra da konfiantzazko eta horrelako ikuspuntu artistikoa duen jendearekin lan egitea.

“Urte asko izan dut musika mundua barrutik ikusteko eta nire bidea aukeratzen lagundu dit. Grises taldeko kide izan gabe ez nuen kemenik izango proiektu hau bakarka ateratzeko”

Zelakoa izan da disko honen konposatze eta ekoizpena?

Bada, modu naturalean izan da. Betidanik grabatu ditut ideiak etxean, eta azken aldian nahiko elektronika grabatuta eta ekoiztu nuela konturatu nintzen. Hori horrela izanda, gehien gustatzen zitzaizkidan abestiak karpeta batean sartu eta proiektu bat sortzeko material nahikoa nuela ikusteaz gain, nire soinu propio bat sortu nuela ikusi nuen. Une horretan Instagramen pare bat bideo labur jarri nituen eta Aitor Etxeberriak bere estudiora gonbidatu ninduen grabaturikoa erakusteko. Forbidden Coloursetik argitaratzeko aukera eman zidan eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Kantu batzuk aukeratu, ekoizpena amaitu eta Gaztain Estudioetara joan nintzen diskoa nahastera.

Ideia asko gelditu zaizkit diskoaz kanpo, baina nengoen puntua egoki erakusten duela uste dut Izpi diskoak. Agian aurten beste kantu pare bat kaleratuko dut.

Zer eragin izan du zure aurreko ibilbideak proiektu honen sortzean?

Niganako konfiantza izan da garrantzitsuena. Urte asko izan dut musika mundua barrutik ikusteko eta nire bidea aukeratzen lagundu dit. Grises taldeko kide izan gabe ez nuen kemenik izango proiektu hau bakarka ateratzeko.

Zer uste duzu duela musika elektronikoak eskaintzeko euskal kulturari? Zelan erlazionatzen da globalizazioarekin soinu estetika berdintsua letrarik gabe? Zelan diferentziatu?

Esperimentaziorako estilo musikal hoberik ez dagoela iruditzen zait. Unibertso zabala bat da konposatu, entzun edo dantza egiteko. Mugarik gabeko musika estilo bat dela esan dezakegu, beraz libre sentiarazten zaitu. Inori ez dio begiratzen elektronikak, nahi duena sartu dadila.

“Ideiak grabatzeko eta norbera ezagutzeko ez da ezer behar. Ordenagailu bat, Ableton-a eta lanerako gogoa”

Zelan planteatzen duzu zuzenezkoa? Zelakoak izan dira lehenengoak eta publikoaren erantzuna?

Oraingoz bakarka ari naiz. Zuzenean instrumentuak jotzea gustatzen zaidanez katxarroak ez zaizkit falta eszenatokian. Bost kontzertu jo ditut, horietako bi Jokin Guridi videojocker-arekin batera jardun naiz. Berak, zuzenean irudiz betetzen du nire musika. Inoiz baino gehiago ari naiz esperimentatzen.

Orain arteko kontzertuetan oso harrera ona izan dut. Gustura sentitu naiz egin dudanarekin nahiz eta beldur puntu bat ere hor egon. Eroso sentitzeari garrantzi handia ematen diot. Askotan biolento sentiarazi zaitzake eszenatokiak baina orain, sentsazio onak bizitzen ari naiz, asko ikasten eta zentzua bilatzen diodanez, jotzen nahiz eboluzionatzen jarraitzeko gogoz nago.

Ze erlazio ikusten duzu elektronika eta bere ekipamenduaren artean? Uste duzu soinua baldintzatzen duela? Zentzu horretan, zelan txertatu zure identitate pertsonala konposaketan?

Bai. Estilo denetan bezela instrumentuak eta konposatzeko moduek asko baldintzatzen dute emaitza. Nire kasuan, libreriak alde batera utzi eta hardware-a edo musika katxarroekin egitea gustatzen zait. Base erritmikoak ere soinu kaxak erabiliz gustatzen zait konposatzea. Errazago egiten zait modu honetan lan egitea nahi dudan lekura iristeko. Hardware edo katxarroekin grabatu eta Abletonarekin “kirurgia” pixkat. Nahiko kantu hutsak direla esango nuke (pista gutxikoak), elektronika kantuak izateko laburrak, efektu gutxikoak, espresio handikoak eta nahiko “likidoak”. Kantuekin esan nahi nuena modu xumean esaten saiatu naiz, kantak asko puztu gabe.

Klasismo puntu bat eduki dezake tresnen kalitatearen arabera sortzen den musika mota batek?

Ez, gaur egun musika egiteko modurik merkeena dela esango nuke. Ideiak grabatzeko eta norbera ezagutzeko ez da ezer behar. Ordenagailu bat, Ableton-a eta lanerako gogoa. Jende asko dago katxarrorik gabe sekulako konposaketak eta ekoizpenak egiten, nahiz eta sinte klasikoak eduki. Norberak bere formula bilatu behar du eta formula horretan garrantzitsuena ez dira katxarroak. Katxarroak baino gehiago, aukeran imaginazioa garrantzitsuago da.

Zeintzuk dira proiektuaren hurrengo pausoak edo planak?

Ba zuzenekoak ematen jarraitu, kantu berriak atera eta garrantzitsuena, artistikoki eboluzionatu.

ETIKETAK:elkarrizketaIzpiKe lepoMikel Izarra