Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2024.11.06

Gorka Erostarbe

“Kantua da garrantzitsuena, eta zokoratua geratzen da batzuetan”

Elkarrizketa: Ianire Aranzabe (Esanezin)

Harriz eta egurrez inguratuta hartu gaitu Ordiziako (Gipuzkoa) D’elikatuz gunean Ianire Aranzabek (Altzagarate, Gipuzkoa, 1999), Esanezin bezala ezagun den musikariak. “Gustura sentitzen naiz hemen oso; kontzertuak antolatzen ditugu eta soinu teknikari lanak egiten ere hemen ikasi dut”. Musika ibilbidea bizitzarekin erabat elkarlotua darama. Ari da abesti berriak ere sortzen, baina orain zuzenekoekin goxatzen ari da, eta etzi Altsasuko (Nafarroa) Iortia Kulturgunean ariko da (19:30), BERRIA-ren aldeko kontzertuan. (Sarrerak hemen)

“Iragarpenak sarri ez dira nahikoa ekaitza saihesteko” diozu Erretratu bat diskoko lehen kantuan, Zaila-n… Ekaitz asko izan duzu urte honetan?

Aurreikusi baino gehiago, akaso. Kantu hori izan zitekeen etorriko zenaren aurreikuspen moduko bat. Diskoaren sorkuntza prozesua izan zen oso lasaia lehen ep-arekin konparatuta [Aireratzen, 2021). Diskoa atera behar genuen momentu horretan, nahasketak egiten ari ginen une horretan, hasi nintzen urduritasuna sentitzen. Lehendik ere izan nituen ekaitzak, eta urtebete honetan asko izan ditugu, baina udazken honetan etorri da halako barealdi bat, eta eskertzen da.

Zer barealdi?

Grabazio prozesua nahiko gorabeheratsua izan zen, nahi baino justuago ibili ginen estudioko kontuengatik, azken hilabetea maldan gorakoa egin zitzaidan, kosta egiten zitzaidalako ikustea buruan nuena gauzatzeko gai izango ote nintzen, neuzkan espektatibak beteko ote nituen… estresagarria izan zen. Behin aterata, poz handia izan zen, eta gogo handia nuen erakusteko, sinesten genuen kanta horietan, egindako lanean eta abar, baina ez genuen erabat disfrutatu, ez genuen nahi beste jo hasieran, kontzertu batzuetan arazo teknikoak izan genituen, eta dena jartzen duzu zalantzan. Lehen hilabetetan ez genuen jarraikortasun handirik izan, eta zeure buruari galdetzen diozu ea gai ote zaren oholtza gainean kantuak defendatzeko. Akaso denbora behar genuen, besterik ez. Udan kontzertuak ematen hasi, udazkenean ere jarraitu, eta halako egonkortze prozesu bat izan da. Akaso diskoak ere bere bidea egin behar zuen kontzertuak iristeko. Eta orain halako barealdi bat, baina kantuen bideak segitzen du.

Hala ere, askotan “hautsi” omen zara geroztik, Oraindik kantuan diozunari jarraituta. Norberaren puska hautsiak osatzeko baliagatrria da musika?

Bai, nik uste horregatik nagoela hemen, hain zuzen ere. Niretzat musika izan da bigarren aukera moduko bat. Hemen nago askotan hautsi naizelako, eta hautsitako pieza horiek osatzeko balio izan dit musikak. Behar pertsonal batetik sortu da hau dena, ni oso kontziente izan gabe ere. Musikak okupatzen du leku bat nire bizitzan eta jende askoren bizitzatan. Kantu hori iritsi arte agian ez gara konturatzen, baina iristen denean, konturatzen gara kantu batek bizitza aldatzen dizula eta egunerokoan musika oso presente egonagatik, kantu hori iritsi bitartean ez garela jabetzen haren garrantziaz.

Zergatik eman dizu bigarren aukera bat musikak?

Esanezin-ek asko markatu du nire bilakaera pertsonala. Lehen ep-aren izenburua ere har genezake prozesua definitzeko: Aireratzen. Musikaren munduan lehen urratsak egiten ari den norbaiten bilakaera da. Baina baita garai hartako Ianirerena ere, iraganeko etapa bat kontatu eta atzean geratu zelako. Musikak berak, oholtzan gorputza jartzeak, eta kantuek eman dizkidate tresna oso garrantzitsuak pertsonalki ere aurrera egiteko, Ianirek izan dituen zalantza, beldur eta konplexu asko gainditzeko eta kudeatzeko bidea eman dit musikak. Ianirek asko dauka Esanezin-etik, eta Esanezin-ek asko dauka Ianiretik, separaezina den zerbait da. Den-dena ez dut kontatuko inoiz, kantu guztiak ere ez dira literalki hartu beharrekoak, edo bai, auskalo (kar, kar…), baina oso eskutik goaz, bai.

Zirrara tristea badago deitu diozu udazken birari. Tristura sorkuntzarako abiabuntu izan liteke?

Bai, kontu hau berezia da. Lehen ep-a atera genuenean elkarrizketatu ninduen Birkite Alonsok (Birkit musikaria), eta berak definitu zuen horrela Esanezin-en soinua. Hori iradokitzen zion: zirrara tristea. Mila buelta emanda ere, nik ez dut lortzen ondo definitzea musikalki zer den Esanezin. Birkitek bi hitzetan lortu zuen. Jendeak bai lotzen nau tristuraren edo nostalgiaren mundu horrekin, eta hori hala da. Ni egunerokoan ez naiz batere tristea, alaia naiz oso, baina uste dut tokatzen dela tristuratik ere sortzea eta eragitea. Hori ere bada oso ariketa zintzoa, eta bizitzak exijitzen digun ariketa bat.

“Uste dut tokatzen dela tristuratik ere sortzea eta eragitea. Hori ere bada oso ariketa zintzoa, eta bizitzak exijitzen digun ariketa bat”

Garai bateko Anari-k sinatuko luleen leloa da bestalde, nahiz eta azken diskoan beste tematika sozialagoak landu dituen. Ikusten duzu zeure burua inoiz bestelako gaiei eta bestelako aldarteei kantatzen?

Ez nizuke esango ezetz. Ez daramat denbora gehiegi, baina uste dut denborarekin aldatu naizela, eta lehen ep-tik lehen disko honetara gai berriak daudela sentitzen dut, eta musikalki ere atera direla leku berriak, eta horietan gustura nagoela. Hemendik urte batzuetara auskalo, ez diot ezeri ateak ixten.

Leloak bilakatzen diren esaldaik asmatzen trebea zara. “Ez nuen jakin hobeto egiten” da horietako bat. Nahiko ondo jakin duzu egiten, diskoa atera eta urtebetera oraindik biran zara, eta geroz eta leku gehiagotatik deitzen dizute.

Bai, egia da hori, kasik kontzertu gehiago dugu udazken honetan, diskoa atera eta urtebetera, argitaratu zen garaian baino. Prozesua oso egonkorra izan da, ez dugu izan sekulako boom-ik ere, eta egia esan eskertzen dut. Bizitza proiektua nahiko lasaia dut, eta hau eskertzen dut. Disko bat ateratzen duzunean askotan erritmoa oso markatua izaten da: diskoaren argitalpena, Durangoko Azoka, gero bira dator… Guri ez zitzaigun horrela atera. Kontzertu batzuk eman genituen diskoa aurkezterako garaian, ez nahi bezainbeste, eta akaso orain ari gara duela urtebete atera zen disko horren aurkezpen bira egiten, eta pozik gaude; aukerak iristen dira iristen direnean.

Musikaria zara baina hitza aingura sendoa duzu zure musika sorkuntzan…

Bai, kontatzen duzuna oso inportaneta da niretzat. Musikak ere asko kontatzen du, musikak ere biltzen ditu hitzak, eta kantuarena ez dago beti super serio hartu beharrik, sortu daitezke kantuak dibertsiotik eta gauza txikietatik, baina niretzat garrantzitsua da oholtza batera igo eta kontatzen dudan hori. Sinisten dut kantuek gauza inportanteak kontatzen dituztela, eta mundu xelebre honetan kantu batek norbaiti eragiten badio zerbait, asko da. Ez dakit mundu hobe bat sortu daitekeen jada, baina ariketa zintzoa da behintzat, eta erreminta bat izan daiteke.

Urte hau baliagarria izan zaizu euskal musika komunitatearen erretratu bat egiteko?

Bai eta ez. Ez dakit jakingo nukeen erretratu zehatz bat egiten. Urte honetan jende gehiago ezagutu dut eta kointziditu dut batean eta bestean musikari eta talde hainbatekin, eta bazoaz gauzak ikusten, baina era berean, konturatzen naiz bakoitzak badituela bere mobidak eta bere ikuspuntuak. Azken urteetan dezente aldatu da gure eszena, baina era berean jarraitzen du izaten eszena txikia, eta ezinbestean ia denok elkar ezagutzen dugu. Baina, aldi berean, ez dakit ez ote den nahiko zaila eszena horretan presentzia bat izatea. Hor ere badaude mailak, eta hor galdu egiten gara.

Zergatik?

Mailak egon badaude, garbi ez daukadana da maila horiek nola sortzen diren edo zeren arabera, edo nork sortzen dituen. Akaso guztiok sortzen ditugu, edo denok dugu honi buruz zer hausnartu eta akaso eman beharko genioke buelta bat. Nik babesa eta zintzotasun handia sentitu dut gertuko komunitatean eta haren leku edo adar desberdinetan. Ni oso babestua eta oso zaindua sentitu naiz, eta komunitate goxo bat dugula uste dut. Harreman politak eta zintzoak egin ditut eta sentitu dut jende hori hor dagoela laguntza behar izan dudanean. Arazoa gehiago da ziur aski musika industriarena, zeina oso aldakorra eta ziurgabetasunezkoa den…

“Goiko mailan jartzen ez diren horiek nola zokoratzen diren. Talde eta musikari horiei lekua eta espazioa ez eskaintzea da arazoa. Musika ez du soilik egiten ustezko maila horrek”

Eta hortik mailak eta aldeak…

Goiko mailan jartzen ez diren horiek nola zokoratzen diren. Talde eta musikari horiei lekua eta espazioa ez eskaintzea da arazoa. Musika ez du soilik egiten ustezko maila horrek. Proiektu asko galtzen dira bidean maila jakin batean egotea ezarri zaielako. Eta hori injustua eta arriskutsua iruditzen zait: proiektuen balidazioak egitea ustezko maila horren inguruan. Musika proiektu bat ez da soilik kalitatea; beste gauza asko ere badira. Oraintsu atera du komunikatu bat Carmen Boza espainiar kantariak esanez oholtza uztera doala, eta sentitu nintzen oso identifikatua esaten zituenekin. Oso etsigarria da ikustea nola niretzat garrantzisuena den hori, alegia, kantuak, geratzen diren azken planoan. Beste guztia da gehiago inporta duena, eta beste guztia da lehen planoa hartu duena. Etsigarria da ikustea kantuak ez direla nahiko, beti beste zerbait egin behar dela ez dakit nora iristeko. Kantuak egiten du bere bidea, eta komunikazioa ere beharrezkoa da, baina beti ez dakigu egiten edo guztiok ez daukazgu baliabide berdinak. Kantua da garrantzitsuena, eta zokoratua geratzen da batzuetan.

Popa, teklatuak eta elektronika zantzuak indarrean dira, molde desberdinetan gurean. Eroso sentitzen zara hor?

Lehen esan dut ateak ez diziodala ixten ezeri, baina kostatzen zait irudikatzea Esanezin popetik aldenduta. Egia da popa ere aldatu egin dela eta jaso dituela erreferentzia berriak. Gure inguruan asko ikusten dut popa, pop-elektronikoa eta beste gauzekin nahastuta. Ez dakit bogako dagoen, baina gu eroso gaude hor eta ni asko betetzen nauen musika estilo da. Kostatzen zait nire burua popetik urrunduta ikustea.

Besterik entzuten duzu? Elektronika, urbanoa…?

Musika gustuetan nahiko irekia naiz. Gustatzen zait jendeari kantuak gomendatzea, eta gustatzen zait asko kantuen gomendioak jasotzea. Bereziki popa entzuten dut, baina denetarikoa eta diferentea. Elektroniko hutsa ez dut askorik entzuten, pop-elektronikoa bai, hori asko. Euskarazkoa entzuten dut batez ere, hori bai: Akaleia, Bihar proiektua, Merina Gris, J Martina, EireOlatz Salvador-en azkenak asko du pop-elektronikotik eta oso gustura entzun dut. Hemendik hamar minutura beste batzuk gehituko nituzke. Urbanoa urrutixeago geratzen zait oraindik, baina nik uste dut nahi gabe ere entzungo dudala. Ez diot ezeri muzin egiten. Azken daskubrimendua izan da Naxker, eta oso oso gustura entzun dut, freskoa. Oso proiektu interesgarria iruditzen zait.

Bestaldea kantuan diozu: “Behar nituen heldulekuak bihurtu dira zuen eskuak”. Hori ere izan da urte hau?

Bai, gauza hauek neurtzen ez da erraza, baina esango nuke lehen lan luze honekin iritsi garela lehen ep-arekin iritsi ez ginen leku batzuetara, handitu dela gure publikoa, eta kontzertuetara joan eta jende berria ikustea pozgarria da oso. Disko honekin bildu ditugu bestaldeko esperientzia batzuk, laguntzen digutenak aurrera egiten, eta kantu berrietarako inspirazioak ere ekarri dizkigutenak.

Zer da arrakasta zuretzat musikaren munduan?

Egin dudan guztia jada arrakasta da niretzat. Bide hau hasi nuen kasik nahi gabe, eskatzen zidalako bizitzak. Pertsonalki niretzat musikan bide egiteak bigarren aukera asko eman dizkit. Musikak eta oholtzaren gainean egoteak lagundu dit nire buruak zituen oztopo asko gaindizten.

Ari zara kantu berriekin?

Bai, ari naiz kantuak sorzten. Grabatzeko unea ez dut ikusten gertu oraindik, baina buruan buletaka beti ideiak eta etxean maketak eginda ere bai; gustora hartzen dut kantuak sorzteko unea, baina oraingoz lasai.

Non eta norekin jotzea gustatuko litzaizuke zuzenean?

Benetako talde bat, oso zintzoa eta kuttuna dudalako, Ibil Bedi-rekin partekatuko nuke kartela, adibidez. Gure lehen kontzertua banda modura Lemoakustik Fest jaialdian eman genuen, 2022an, eta hanzen Ibil Bedi ere, beste zenbaitekin batera. Bestetik, oso gustuko lekutan jo dut jada. diskoa aurkeztu genuen nire herriko plazan, hementxe ere jo dugu, D’Elikatuz-en… fetitxe modura aipa nezake Donostiako Viktoria Eugenia antzokia, oso dotorea da eta hor gustura joko nuke.

Zer du hain berezia zuretzat D’Elikatuz gune honek?

Hemen hazi naiz musikari bezala, hemen entzun ditut kontzertu gehienak, eta bertan jo dut. Eta, gainera, publiko bezala ere gustukoak ditudan talde asko enztun ahal izan dut bertan, eta azken urteetan familia bihurtu zaidan Ordiziarock proiektuko jendea ezagutu ahal izan dut bertan, eta ikasi dut musikaren ebste aldea ere: kontzertu bat antolatzeak zer suposatzen duen, etorri behar zarela lauzpabost ordu lehenago gauzak muntatzera, iaksi dut soinu teknikariaren lanak egiten… Beste alde hori ezagutzeak asko eman dit eta garrantzitsua da. Eta gainera estetikoki ere badu bere magia espazioak, harria, egurra…

Harkaitz Canok esana da literatura dela “pentsatu bai baina esaten ez direnak esateko”. Esan ezin direnak esan ahal izan dituzu zuk musikarekin?

Korapilatu zaizkidan hitz askoren erantzunak eta irtenbideak aurkitu ditut kantuetan; batzuetan musikariok oso poetiko eta astuntxo jarzten gara kontu honekin, baina nik uste dut horrela dela: nire bizitzako gauza asko kudeatzeko modua askotan aurkitu dut kantuetan, lehenik besteen kantuetan, eta horrek eraman ninduen nik ere kantuak idaztera. garai batean soka eurri heldu nion eta hor daramat nire alboan beti: lortu dut beste plano batean kontatuko ez nituzkeenak kontatzea musikaren bidez. Eta kantuetan esan ez baditut ere, kantuak lagiundu dit nire barriuan erantzun batzuk topatzen.

 

 

 

 

 

ETIKETAK:2024ko elkatrrizketaEsanezinGorka Erostarbe LeundaIanire Aranzabe