2025.01.29
(Nota: Elkarrizketa, 2024ko abenduan eta beraz, Miguel A. Garcíaren heriotzaren aurretik eginda dago. Bide batez, izan dadila orain, artista eta musikari handi horren aldarrikapen eta oroigarri)
Abangoardia, Durangoko Orfeoia, Larraskito gunea, Musikene, Meakusma festibala, antzerkia, dantza, elektronika eta mekanika, doinu herrikoia eta testura zaratatsua, instrumentuaren arima, arnasa eta bizia… Guzti hori eta gehiago besarkatzen du Garazi Navas (Usansolo, 1995), akordeoilari paregabeak, kuriostasun asegabez eta trebezia txundigarriz, bere hamaika proiektu ezberdinetan. Izan direnak, direnak eta ziur asko oraindik eta harrigarriago izango direnak. Atzera (aurrera) patxadaz begiratzeko une egokia.
Eusko Ikaskuntza Gazte Sariari esker, Maite Aizpuruarekin batera lantzen ari zaren Adarbakarra eta soinujolea proiektu horrek oso itxura interesgarria du. Zein puntutan zarete une honetan?
Martxan ari gara. Orain dela hilabete bat Garaionen (Araba) egin genuen erresidentzia artistiko bat eta Oier Guillan antzerki-zuzendariaren kanpo begiradarekin lanean aritu ginen. Berak proposatutako ariketa batzuetatik hasiz. Nik teknika eszeniko aldetik ez daukat batere ideiarik eta pilo bat ikasi dut berekin. Atrezzoa, eszenen muntaketa… inoiz begiratu ez ditudan gauzak. Oso ondo joan zen dena eta material pila bat sortu dugu elkarrekin. Maite bestalde denera ausartzen da eta oso begi eta intuizio zorrotzak ditu, itzelak dira egiten dituen eraikuntzak eta loturak. Lan horren emaitza grabatu genuen eta hurrengo erresidentzia otsaila-martxoan egingo dugu. Oierrekin arituko gara berriz ere eta hor testuak landuko ditugu gehiago. Lehenengo saio honek nolabait testuingurua sortzeko balio izan digu eta hurrengoetan edukian sartzea da gure asmoa. Bigarrenean testua eta azkenekoan musika. Nolabaiteko antzezlan musikatu operistiko bat edo antzeko zerbait egin nahi dugu.
Performance bezala definitu duzue baita ere.
Bai, eszenaratua izateko lan bat da funtsean.
Ta zuk partehartzen duzu aktore bezala?
Bai, eszenatokian egongo naiz denbora guztian, akordeoiarekin, kantatuz eta guzti. Ez dakit nola sartu naizen honetan. Garbi dago Maite oso motibatzaile ona dela, belarri musikal oso ona du gainera eta ideia pilo bat ere bai. Oso ausarta da beti, eta ni, aldiz, erabat lotsatia. Baina oso ondo konpontzen gara elkarrekin.
Batak bestea osatzen duzue.
Bai eta bera oso pertsona interesgarria da, beti prest dago gauza berri eta zoroak probatzeko. Oso aberasgarria izan da niretzako.
Zeuk esan izan duzun moduan, musika alorretik kanpo dauden artistekin lan egitea oso aberasgarria izan zaizu beti. Ikuspegi berriak ezagutu eta probatzeko aukera ematen baitizu.
Hala da, hizkuntza ezberdinak dira eta bakoitzak gauzak antolatzeko modu ezberdinak erabiltzen ditu. Hori dela eta, besteak zein eratara lan egiten duen ulertu behar duzu lehenengo eta behin. Dantzak eta musikak adibidez gauza asko dituzte komunean baina espresatzeko garaian ez daukate zerikusi handirik. Dantzariek denbora eta erritmoa haien espresioan nola erabiltzen dituzten ikustea oso gauza kuriosoa da niretzat. Eta gauza bera pasatzen da antzerkian edo zineman. Beraz lehenik haien kodeak ulertzeko ahalegin bat egin behar duzu, gero bien arteko lan bat sortu ahal izateko.
Nire mundu itxitik eta nire berrelikadura loop pertsonal eta sarritan negatibo horretatik burua atera ahal izateko oso ondo datorkit era honetako kolaborazioak egitea. Nire aurriritziak apurtzera eta nire buruari nire benetako gustuak zeintzuk diren galdetzera bultzatzen nau honek guztiak. Eta oso gauza onuragarria dela uste dut. Gezurra badirudi ere, min egin arren erosoa egiten zaigu gure loop horren barruan egotea.
“Nik, orain arte, nire gorputza instrumentua jotzeko erabili izan dut eta kito. Ez dut inoiz izan nire gorputzaren presentzia eszenikoaren inolako kontzientziarik. Baina proposamen honek eszenatokian egiten ditudan mugimenduei atentzioa jartzea eskatzen dit”
Geure buruaren menpekoak bilakatzen gara batzuetan.
Hala da, erraza zaigu eta nahi gabe ere erortzen gara dinamika horretan. Edozein erara, harira bueltatuz, lan honen dinamikan, adibidez, pasionala izateko eskatzen zidaten, eta nik ez daukat ideiarik ere horrelako eskaera bat kudeatzeko eszenaren gainean. Hitz hori, eta antzeko beste asko, ez daude nire ohiko alfabetoaren barnean gorputzaren espresioari dagokionez (musikan bai noski), eta horrek nire burua berrasmatzera bultzatzen nau. Nik, orain arte, nire gorputza instrumentua jotzeko erabili izan dut eta kito. Ez dut inoiz izan nire gorputzaren presentzia eszenikoaren inolako kontzientziarik. Baina proposamen honek eszenatokian egiten ditudan mugimenduei atentzioa jartzea eskatzen dit.
Noizbait esan izan duzu, zure akordeoia eta zeu, bat zaretela, gorputz bakar bat osatzen duzuela nolabait.
Beno, era horretako esaldi sakonak esatea ez zait gustatzen baina bai, egia da, txikitatik jo dut eta oso familiarra egiten zait. Kazetari batek esan zidan orain dela gutxi, nire bizitzan gehien besarkatzen dudan gauza akordeoia dela, eta arrazoi guzia zuen. Ez nuen inoiz era horretan pentsatu, pitin bat tristea dela pentsa daiteke ere kar, kar baina tira…
Kuriosoa da, hala ere, instrumentua etengabe jotzearekin batera nire gorputzaren tamaina hazi eta muskulatura aldatzen joan dela eta leku askotan akordeoiak utzi dizkion markak eta formak dituela.
Ez dut akordeoilari gehiegi ezagutzen egia esan, baina zure performanceak ikusi ditudanean oso deigarria iruditu zait zein moduan konpasatzen duzun gorputza akordeoiari, eta zein biziki besarkatzen, astintzen, laztantzen eta azken batetan maitatzen duzun.
Bai, oso instrumentu fisikoa da eta niri kontaktua izatea gustatzen zait gainera, eta uhalak bereziki estutzen ditut horretarako. Besarkatu beharra daukazu ondo jotzeko , eta bere barneko piezen bibrazioa zure gorputzean sentitu. Entzulegoak antzeman ezin dituen barneko hainbat soinu mekaniko leuni atentzioa jartzea guztiz beharrezkoa zait nahi dudan bezala jo ahal izateko. Azken batean makina bat da eta materia organikoa du eta zu bera kontrolatzen saiatzen zaren arren ez du beti zuk espero duzun moduan erantzuten. Horregatik gertu sentitu nahi dut, bere barneko soinu eta akats horietaz jabetu, nire gorputzean sentitu, eta nire interpretazioa erantzun horretara egokitzeko.
Azterketa ugari egin dira soinuaren bibrazioak gorputzetan izan dezakeen eragin harrigarri ezberdinen inguruan.
Bai hala da. Ni ez naiz batere aditua gauza horietan, baina instrumentu analogiko bat, elektroniko bat ez bezala, makina mekaniko bat da eta barne pieza batzuren bibrazioan oinarritzen da. Izaera eta pertzepzio modu ezberdin bat edukiarazten dio horrek. Akordeoia berez haizezko instrumentu bat denez, haize horrek instrumentu barnean egiten duen bidea kontrolatu eta entzun behar duzu. Botoi bat indar handiagoz edo txikiagoz, alde batetik edo bestetik ukitzeak eta hauspoa modu batera edo bestera mugitzeak haize horren portaera aldatu egiten baitu. Hori ez da ematen instrumentu elektroniko batean. Akordeoiak, kanpotik antzematen ez den arren, arreta ariketa mikroskopiko bat eskatzen dizu interpretatzaile bezala.
“Akordeoia metalez eta egurrez egina dago, izaki bizidun baten moduan bere denbora behar du baldintza berri batzuetara egokitzeko. Ez dakit zein punturainoko funtsa zientifikoa duen guzti honek baina niri oso lagungarria egiten zait era honetara pentsatzea”
Elektronikaren alorrean, sintetizadore modularrak agian pittin bat gerturatu daitezke izaera horretara. Musikariei entzun diedanez oso elementu sentsibleak dira eta tenperatura edota hezetasunaren arabera erantzun ezberdinak ematen dituzte.
Akordeoiarekin gauza bera pasatzen da, aurreko egunean zein modutako pieza jo dudan eragina izan dezake hurrengoan. Musikari askoko talde handi baten barruan jotzen ibili baldin banaiz, oso fuerte, hurrengo egunean akordeoia oihukatzen ibiliko balitz bezala aritzen da. Emeki joz, pixkanaka baretzen joan behar duzu orduan. Akordeoia metalez eta egurrez egina dago, izaki bizidun baten moduan bere denbora behar du baldintza berri batzuetara egokitzeko. Ez dakit zein punturainoko funtsa zientifikoa duen guzti honek baina niri oso lagungarria egiten zait era honetara pentsatzea.
Eta akordeoiaren erantzun bitxi guzti horiek, nola txertatzen dituzu gero zure musikan? Esan nahi dut, akordeoia zure beharretara moldarazten duzu edo alderantziz zeu egokitzen zara une bakoitzeko erantzunera?
Bata besteari egokitzea baino beste erremediorik ez dago. Beraz lehen pausoa materia organiko eta bizia dela onartzea da. Eta eskertzea ere bai, plastikozkoa balitz ez bailitzateke aberastasun bera emango. Adibidez, botoiek zapaltzean egiten duten zarata, akordeoilari asko hau disimulatzen eta isilarazten saiatzen dira estudioko grabaketetan, baina gero zuzenekora zoazenean ia ezinezkoa da hori egitea. Nahi duzun guztia landu dezakezu teknika baina ezinezkoa da erabat ekiditea. Instrumentua honelakoa da, onartu beharra daukazu, eta gustukoa ez baduzu sintetizadore bat erabili ezazu. Hauspoak batzuetan kraska egiten du eta uhaletako larruaren marruskadurak ere soinuak sortzen ditu. Nik guzti hori musikan barneratzen dut.
Plastikozko instrumentu edota sintetizadoreen aurka ez daukat ezer, baina akordeoiaren izaera organiko bizi hori asko gustatzen zait eta nortasun handia ematen diola uste dut.
Nolabait zure lanarekin instrumentu oso fisiko baten aldarrikapen bat egiten ari zara. Hori dela eta, elektronika eta mundu digitalaren aurka zarela pentsa daiteke. Baina ez da hori, elektronika sartu izan baituzu zure piezatan eta musikari elektronikoekin ere elkarlana egin duzu. Adibidez Miguel A. Garciarekin osatzen duzun Dopelganger bikotean. Akademia eta underground ikuspegien arteko talka eta uztartze hori nola eman da? Zer nolako garrantzia izan du zuretzako Miguel ezagutzeak?
Kristorena. Tira, Miguel jenio bat da niretzat, zer nahi duzu esatea.
Musikenen hirugarren mailan nengoela ezagutu nuen. Garai horretan ganbera-musika proiektu bat prestatzen nengoen Andrea Berbois biolinistarekin, eta Miguelek Larraskiton jotzera gonbidatu gintuen. Ikasleak ginen eta akademiatik kanpo oso esperientzia gutxi geneukan zuzenekoetan, baina animatu egin ginen eta Larraskiton agertu ginen esandako egun eta orduan. Eta noski, erortzeko zorian zegoen espazio txiki, ilun eta zikin hura ikustean aho bete hortz geratu ginen. Biok, edo ni, behinik behin, musika klasikoko alorretik gentozen eta antzoki eta auditoriotara ohituta geunden soilik. Ezin genuen sinetsi guk han jotzea posible zenik. Baina kontzertua hasi bezain pronto, izugarrizko isiltasun adeitsua mantendu zuen ikuslegoak. Guk pentsatzen genuen era horretako leku batean ez zigula inork inongo atentziorik eskainiko eta desastre bat izango zela, eta erabat flipatu genuen egoera guziarekin.
Gure saioa amaitzean neska pare bat gerturatu ziren gugana, barrezka eta oso atseginak biak. Esan zidaten zer aurkituko zuten jakin gabe 5 euroko bi sarrera erosi zituztela eta Euskalduna moduko areto batean bakarrik ematen den aktuazio klasiko bat ikusi ahal izan zutela hain diru gutxiren truke. Oro har, jende pilo bat gerturatu zen guregana zein pieza jo genituen galdetzera, erabat interesatuta. Antzoki batean jotzen duzunean jendea ez zaizu behin ere era honetan gerturatzen eta harreman hura naturaltasun osoz izan ahal izatea izugarria izan zen niretzako.
Bestalde, gurekin batera izan ziren beste bi performanceekin ere flipatu egin nuen. Haietako batean tipo batek ordenagailuz paretan irudiak eta esaldi errepikakorrak proiektatzen zituen eta beste batean neska batek txatarraz betetako karrotxo batekin bueltak ematen zituen aretoan zehar eta tarteka jostailuzko kikara batean te pixka bat hartzera geratzen zen. Guzti hori gutxi balitz, nire gurasoak antzoki batera joan izan balira bezala jantzita eta prestatua azaldu ziren ni ikustera. Hantxe, hondakinen artean eta jende alternatibo porreroen erdian. Baina pozik atera ziren azkenean eta errespetu giro hartaz harrituta ere bai.
Hor ezagutu nuen bada Miguel. Handik gutxira, pixkanaka ensemble moduko talde batzuk sortzen hasi zen beste musikari batzuekin batera jo ahal izateko eta bertara gonbidatu ninduen. Berak pauta minimo oso ireki batzuk ematen zizkigun musikariei eta hortik abiatuta piezak lantzen hasten ginen. Handik pixka batera kontzertuak ematen hasi ginen.
Ordubete luzeko pieza-sorta bat sortu genuen, eta hor kantatu nuen estreinako aldiz, ordura arte ez baitzitzaidan burutik pasa ere gai nintzenik. Emanaldi batzuren ondoren bikote bezala elkarlan sakonago eta sendoago batean murgiltzen hasi ginen biok. Lan horretatik atera da Hegoa diskoetxeko diskoa, nahiz eta gure lehen asmoa ez izan disko bat grabatzea. Miguelek 90eko hamarkadan editatu zuen bere lehen diskoa bidali zidan nik horren inguruan lan egiteko. Gaur egun egiten duen musika baino askoz pop kutsu handiagoa du grabaketa horrek. Ez da komertziala noski, baina tonu eta melodia aldetik askoz tonalagoa nolabait. Berak dagoeneko mania pixka bat hartu zion eta “ea zer egin dezakezun honekin” esanez bidali zidan. Nik ideia batzuk bota nizkion doinu haiek moldatzeko eta elkartrukean lanean hasi ginen. Nik gauzak proposatzen nizkion eta berak kanpoko begirada baten moduan, baietz ala ezetz eta zein bidetik joan esaten zidan, baina berak inoiz ezer konposatu edo sortu gabe, niri iradokiz bakarrik. Zuzendari baten moduan. Bi urte pasa genituen era honetan, grabaketa ordu pilo bat metatuz. Agian 100 ordu baino gehiago. Eta azkenean, 50 minutuko jatorrizko disko horretatik, akordeoi soileko 2 ordu luzeko grabaketa bat atera zen, inongo elektronikarik gabe ezta filtro edo efekturik ere, guztiz gordina. Hegoa diskoetxeko diskoa 2 ordu horietako zati batzuez egina dago.
Garazi Navas Miguel A. Garcia soinu artista zendu berriarekin, elkarrekin erresidentzia artistiko bat egin ostean, zuzeneko emanaldian, Bilbon.
Beraz, Miguelen papera zuzendari edo ko-konpositorearena da soilik ezta?, berak ez du ezer jotzen.
Bai hala da, ko-konpositorearena. Baina nik bi pertsonen artean zein modu aberatsean sor daitekeen ikasi dut esperientzia honetatik. Honen aurretik ez nuen ezer nire izenpean sortu, inprobisazio bat edo beste eginda nituen baina inoiz ez nire izena jarri eta nire sormen lana zela esan zitekeen ezer. Karrera barruan ere, interpretazio alorretik joan naiz, eta ez konposizioaren aldetik.
Dopelganger izen hori nondik dator?
Alemaniar jatorriko hitza da. Gure kasuan apropos gaizki idatzita dago baina, nolabait azaltzearren, biki edo doble maltzur baten kontzeptuari dagokio. Mitologia eta folklore ezberdinetan agertzen da, gure baitan dugun alter ego edo antzeko ideia bat. Miguelek nik baino hobeto azalduko luke, baina ideia horri eutsiz eta bikote artistiko bat garenez bata bestearen isla maltzurra garela pentsa daiteke.
Beraz musika pilo bat grabatu duzue proiektu honetan eta emaitza berez pieza luze bat da, diskoan dagoena baino luzeagoa.
Bai. Diskoan azaltzen dena zatitxo bat besterik ez da. Oso-osorik plazaratzeko binilo bikoitz edo hirukoitz bat behar litzateke eta hori noski, garestiegia da. Beste zati bat Eclectic Reactions zigiluak atera zigun kasete batetan azaldu zen eta hirugarren bat Crystal Mine diskoetxean, gainontzekoak agian aurrerago aterako dira nolabait.
Behin bakarrik jo dut pieza-sorta osoa zuzenean publikoaren aurrean. Azkoitiko Matadeixen izan zen. Orain dela urte pare bat egin nuen eta bi ordu baino gehiagoko kontzertu bat izan zen, erdian egindako atseden motz bakar batekin. Osorik egitea oso gogorra da niretzako egia esan. Beste aldi guzietan denbora muga finko bat izan dut, 40 minutu edo ordubete.
Oso ulertzekoa da. Pitin bat haratago joanez zure ibilbide horretan, Miguelen bitartez beste hainbat artista ezagutu dituzu. Mundu akademikotik etorrita zerk deitu zuen zure atentzioa bereziki eszena guzti horretan?
Miguelen bitartez Ibon RG, Tripak kolektiboa, Garazi Gorostiaga, Izarne Oiarzabal, Asier Perez Basterrra A.Maiah edota Mikel Vega ezagutu ditut, besteak beste.
Eta atentzioa deitu didan lehendabiziko gauza, Larraskito bezalako espazio esperimental aske bat existitze hutsa izan da. Nire mundu akademikoaren pentsaeran, pieza bat guztiz perfektua izan arte ez dago entzulego baten aurrean aurkezterik, eta nik ideia hori nuen buruan Larraskitora iritsi nintzenean.
Baina perfektua zer den ere inork ez daki, eta horrek zure buruari presio handia botatzen dio. Egia da, bestalde, disziplina eta lan ohitura sendo bat izatera behartzen zaituela, eta hori oso lagungarria zaizula ere. Psikologikoki pilo bat gogortzen zaitu.
“Pentsa ezazu, Stravinsky, adibidez, bere obrak aurkezten zituenean askotan tomateak jaso zituen eta orain klasiko ukaezintzat daukagu denok. Belarriek 50 urte edo gehiago behar dituzte erritmo eta egitura berrietara egokitzeko”
Musikenen jasotako heziketa beti goraipatu izan duzu elkarrizketatan egia esan.
Bai, bai Musikenen baita aurretik ezagutu nituen kontserbatorio edo eskoletan ere. Pitin bat topikoa baldin bada ere hau esatea, mundu guzti horrek sakrifizio handi bat eskatu zidan arren oso eskertuta nago. Azterketa baterako 12-13 urte eskasekin zeu bakarrik tribunal baten aurrean jotzea oso esperientzia gogorra da, baina bizitzan ailegatzen zaizkizun beste hainbat erronketarako prestatzen zaitu ere. Orain irakaslea naiz eta tribunalaren aldetik ikusten ditut ikasleak eta asko sufritzen dut, baina tira…
Edozein erara, zure hitzetatik jasotzen dena ere zera da, mundu akademikoa eta underground mundu alternatibo-esperimentalaren artean banaketa oso handia dagoela oraindik.
Gure inguruan bereziki handia da gainera.
Beste leku batzuetan hainbestekoa ez dela esango zenuke?
Bai guztiz. Alemaniara edo Herbehereetara joaten bazara, esate baterako, oso ezberdina da egoera. Ikasketa bera ere ez da hemen bezain isolatua. Han karrera bat ikasten ari zaren bitartean zure kasa beste gauza batzuk probatu eta esperimentatu ditzakezu, eskura daudelako, hemen bide finko batetik ateratzea ez da batere erraza. Musikenen adibidez jazz eta klasikoaren arteko banaketa dago eta bata edo bestea aukeratzera behartuta zaude eta behin bat hartuta ez duzu bestearen ezer edo ia ezer ikasten. Baina gero korridoreetan, bi aldeetako ikasleok elkar topo egiten genuen eta askotan pentsatzen nuen “zergatik ez dugu probatzen guztion artean gauzak konpartituz eta esperimentatuz?”. Konexio horiek ez dizkizute eginda ematen ikasgaietan edo ikasketa-planetan. Azkenean pertsona helduak gara, egokiagoa iruditzen zait esatea: “hemen dituzu aukera guzti hauek, zeuk egin zeurea eta nahi duzun moduan nahastu eta aprobetxatu” baina sarritan jendeak, eta bereziki nabaritzen dut hori gazteagoengan, plan jakin eta finko bat izan nahi du hasiera hasieratik. Gauzak nola egin behar dituzten eta zer behar duten esatea eta hori jarraituz gero lanerako aukerak zerutik eroriko zaizkiela espero dute, eroso-eroso etxean zain dauden bitartean. Oso jarrera pasiboa iruditzen zait.
Euskal Herrian Larraskito bezalako beste espaziorik ikusi duzu?
Beno, Azkoitiko Matadeixea batik bat, eta Tabakalerak, instituzio bat izan arren, gauza oso interesgarriak programatzen ditu baita ere. Lekuak egon badaude, eta estatu espainiarraren barnean eta Madril edo Bartzelonarekin batera, Euskal Herria agian lekurik irekiena izan daiteke zentzu horretan. Bai instituzio aldetik baita artisten artean sortzen ditugun sareen aldetik ere. Beraz, nahiz eta sarritan kexatzen garen, beste leku batzuetara joaten bazara, egoera orduan eta okerragoa da.
Eta mundu esperimental horretan aritu eta gero bueltatu izan zara mundu akademikoko zuzeneko emanaldietara?
Bai, etengabe aritzen naiz bi munduetan. Berez nire baitan ez dago desberdintasunik bien artean. Musika klasikoko emanaldietan aritzen naiz eta oso gustura gainera. Baita folk munduan ere, txistulariekin askotan. Asko gustatzen zait mundu hori ere. Gainera emanaldi guzti hauek artisautza puntu hori eta oinarrizko teknika ez galtzea ahalbidetzen didate. Inprobisazioan aritzen bazara soilik “urrunegi” joan zaitezke batzuetan eta beharrezkoa da funtsezko doinu eta egituretara bueltatzea noizean behin.
Guzti horretaz gain, Asier Maiah-k Hegoa diskoetxean ateratako biniloko lehen piezan zeu zara Durangoko Orfeoia zuzentzen duena. Hor ere bi munduren arteko uztartze oso berezia ematen da ezta?
Bai, lotsagabe samarra izan naizela esango nuke, baina tira. Asier ere Larraskiton ezagutu nuen Miguelek antolatutako ensemble horietako baten bitartez. Durangoko emakumeen inguruko dokumental baterako musika egitea eskatu ziotela komentatu zidan eta berak, gitarrista denez, instrumentu horretan oinarritutako pieza bat eskaini ziela. Baina zuzendariak, hura entzutean, orfeoiko emakumeen ahotsak sartzea proposatu zion eta horrekin kezkatuta zebilen. Berak ez daki partitura akademikoak idazten; belarriz konposatzen eta jotzen du, eta laguntza eskatu zidan.
Asierren pieza hori gitarra geruza pilo batez egina zegoen eta berak horixe bera ahotsekin egiten saiatzea proposatu zidan. Nik baietz esan nion eta Durangoko Orfeoiarentzat bere pieza moldatzen hasi nintzen. Ez zen batere lan erraza izan, ahotsaren testura gitarra elektriko batena baino askoz mugatuagoa baita, are gehiago gitarra horren soinua hamaika efektu-pedaletik pasatzen baldin bada gainera. Azkenean, idatzitako partitura guztiz atonala eta interpretatzeko oso zaila da, baina orfeoiko emakumeek, musika esperimentalean trebakuntzarik eta ezagutza berezirik ez izan arren, gogo handiz hartu zuten eta kristoren lana egin zuten. Crack batzuk dira.
Entsegu ordu pilo bat behar izan genituen, haien ohiko ordutegitik kanpo eta guzti, eta erabateko jarrera positibo eta lagungarriarekin egin zuten lan. Eta lortu genuen azkenen partitura aurrera ateratzea. Oso pozik nago emaitzarekin, eta haiei oso eskertuta.
Eta beraiek? Nola sentitu dira?
Hasiera batean, pieza aurkeztu eta azaldu nienean, izutu egin zirela onartu behar dizut. Baina oso ausartak izan dira eta pilo bat ikasi eta gozatu dugu bai beraiek baita nik ere.
Elkarrizketa batean aipatzen zenuen, egun, musika garaikide eta esperimentalaren inguruan aurreiritzi asko dagoela, eta jendea beldur handiz gerturatzen dela, ausartzera ailegatzen bada ere. Baina sarritan pentsa zutena baino askoz dibertigarriagoa dela aurkitzen dute, ordea.
Ezusteko handiak jasotzen dituzte askotan. “Ez nuen horrelakorik espero” esaten dizute sarritan. “Noski, inoiz etortzen ez bazara zer espero dezakezu?” pentsatzen dut nire barrura horrelakoetan. Buelta asko eman dizkiot kontu honi eta gauza da belarria ez daukagula batere hezituta. Oso bisualak gara eta begietatik jasotzen dugu informazio gehiena, baina belarriak denbora luzeagoa behar du aldaketara egokitzeko. Pentsa ezazu, Stravinsky, adibidez, bere obrak aurkezten zituenean askotan tomateak jaso zituen eta orain klasiko ukaezintzat daukagu denok. Belarriek 50 urte edo gehiago behar dituzte erritmo eta egitura berrietara egokitzeko.
“…eta gauzak oraindik eta zailago egiteko, musika bakoitza estilo kutxa itxi batean sartzeko joera dugu, batak bestearekin hitz egitea ezinezkoa balitz bezala. Pena handia ematen dit ‘mania’ horrek”
Bitxia da zein aintzinakoak diren lehen soinu esperimentu elektronikoak (50 urte baino gehiago, ia 100 ere kasu batzuetan) eta zein arrotz egiten zaizkion oraindik ere hainbat jenderi.
Bai, eta gauzak oraindik eta zailago egiteko, musika bakoitza estilo kutxa itxi batean sartzeko joera dugu, batak bestearekin hitz egitea ezinezkoa balitz bezala. Pena handia ematen dit mania horrek.
Orain dela gutxi, Asier A.Maiah eta Andoni Penelarekin osatu dugun Marruska Ensemble izeneko hirukotearekin Belgikan izan gara, Meakusma izeneko jaialdian eta izugarrizko esperientzia berritzaile eta freskagarria izan da niretzat. Denetatik zegoen han eta dena nahastuta: opera, performancea, technoa, abangoardia, folka…
Ildo horretatik, orain dela gutxi Alberto Lizarralde handiarekin Londreseko Cafe OTO mitikoan izan zara. Zer nolako esperientzia izan zen hura?
Alberto artista eta pertsona zoragarria da eta oso gustura aritu nintzen berekin han egindako emanaldian. Ezagutza izugarria du eta gozamen handia da berekin hitz egitea eta berengandik ikastea, entziklopedia bizi bat da eta euskal musikaren historiaren parte, artean, literaturan, musikan eta bizitzan aditua, itzela. Bion artean ekitaldi horretarako sortu genuen pieza, Gerezi gaua, lizar xuxurla bere Soundcloudean aurki dezakezu. Ez dut uste inoiz berekin bezain enpastatuta sentitu naizenik elektronikarekin musika sortzeko garaian, guztiz bat egiten genuela sentitu nuen une askotan. Eta lanean jarraitzen dugu.
Era horretako lana egiteko eta inprobisaziorako batik bat, funtsezkoa da artista batentzat besteak entzuten jakitea.
Erabat, askotan esan ohi dut inprobisatzaile hoberena, isilik egoten dakiena dela. Antsietate handia sentitzen dugu musikariok inprobisatzean eta gehiegi esan nahi izatera bultzatzen gaitu, musika beharrik gabe puztuz. Pazientzia behar da horrelakoetan, buruko zarata isildu, ingurukoak entzun eta haiekin harreman bat eraikitzen hasi, pixkanaka, baita entzulegoarekin ere.
Espazioaren soinu ezaugarriekin ere jokatzen duzu?
Bai, saiatzen naiz. Jasotzen duzun soinuaren errebotea, isla edo oihartzuna guztiz ezberdina da leku batetik bestera eta horretara moldatu beharra daukazu ere. Dopelganger bikotearekin egindako piezak mila espazio ezberdinetan grabatuak izan dira eta guztiz ezberdinak suertatzen dira leku batetik bestera.
Zein proiektutan zabiltza une honetan?
Une honetan, Arratiako Koroarekin disko bat egiteko asmoa dut eta baita Manu Gaigne musikari eta sortzaile paregabearekin, Xabier Erkiziaren laguntzaz, proiektu bat grabatu berri dugu, laster ezagutuko duzuena. Oso ilusionatuta gaude honekin eta lan luze eta sakona izan da, ia bi urte daramatzagu dagoeneko eta ezagutarazteko irrikatan gaude. Gure berri izango duzue.