Elkarrizketa

“Garairik onenean gaude, motibatuta eta norabide berean arraun egiten”

Elkarrizketa: Josu Ximun Billelabeitia (Lukiek)

Bigarren diskoa argitaratu berri du Lukiek hirukoteak (Mungia, Bizkaia), #2. Baliteke taldekideak —Antton Goikoetxea (baxua eta ahotsak), Christian Rodriguez (bateria) eta Josu Ximun Billelabeitia (ahotsa eta gitarra)— beste proiektu batzuetatik ere ezagunak egitea, baina oso presente duten taldea da hau. Abenduan zuten diskoaren zuzeneko aurkezpen ofiziala, Bilboko BBK aretoan, baina Covid positibo bat medio, bertan behera utzi behar izan zuten eta orain aurrera begira daukate jarrita ilusioa. Argitaratu duten diskoa argitaratuta eta daukaten motibazioa edukita, ez da gutxiagorako.Hori eta beste hainbat kontu azaldu dizkigu Belako taldean ere gitarra jotzen duen Josu Ximunek.

lukiek1

Antton Goikoetxea + Josu Ximun Billelabeitia + Christian Rodriguez = Lukiek.

Konta iezaguzu, nolakoa izan da #2-ren sortze prozesua?
2019an lehen diskoa argitaratu eta kontzertu mordoxka bat eskaintzeko aukera izan ostean, pandemia iritsi zen eta egoera lasai hartzea erabaki genuen. Denbora bat pasa zenean, berriz ere martxan jartzeko gogoa sartu zitzaigun, eta 2021 hasieran hasi ginen berriro entseitzen eta kanta berriak sortzen. Lehen diskoak urteetako prozesua izan zuen eta kontzertuak ematen hasi ginenetik sortzen joan ginen abestiak bildu genituen bertan; abesti batzuek lau urte zituzten eta beste batzuek hilabete gutxi. Oraingoan, denak dira berriak, “Eroan zaitue” eta “Sorginorratz” izan ezik, lehen diskoa grabatu aurretik konposatutakoak dira biak.

Grabazioa, berriz ere, Xabier Egiarekin egin duzue Bilboko El Tigre estudioan. Berarekin gustura zaudeten seinale…
Bai, hala da. El Tigre ez da estudio masibo bat eta ez du sala handirik, baina Xabi gure oso laguna da eta pazientzia handia du gurekin. Harekin gaudenean ez dugu inolako beldurrik sentitzen buruan daukaguna esateko, konfiantza handia dugu elkarrekin eta guretzat oso garrantzitsua da harreman hori izatea. Lehenengo diskoarekin oso gustura geratu ginen arren, bigarrenerako hobetu zitezkeen gauzak identifikatu genituen eta soinu aldetik hobetu egin dugu.

Disko berriak asko harritu ninduen lehen entzunaldian. #1 nahiko anitza zen soinu aldetik, baina honetan are urrunago joan zaretela iruditzen zait. Aurrerapen abestietan (“SnK”, “Fluoreszenteak”) eta diskoaren hasieran ez da horrelako sorpresarik nabari, baina aurrera egiten duen heinean hasten da festa… Esperimentazio asko dago.
Lehenengo diskoan estilo desberdinak nabari zitezkeen, baina marko baten barruan zeuden. Oraingoan, desberdintasunak askoz handiagoak dira. Aipatzen duzun esperimentazio puntua presente dago, baina egiten duguna entzulearentzat entzunerraza izan dadin saiatzen gara. Hori lortzea ez da samurra izaten, batzuetan lortzen da eta beste batzuetan ez, baina ez dugu esperimentatzeagatik edo gauza arraroak egiteagatik esperimentatzen, zentzua izan behar du. Lehen entzunaldian ez da lehen diskoa bezain erraz sartzen, entzunaldi gehiago behar ditu agian.

Hasieratik planteatu zenuten gauza desberdinak probatzea edo natural atera zaizue?
Denetarik dago. Kanta batzuk buelta askorik eman gabe atera ziren, baina beste batzuetan gauza desberdinak probatzen aritu ginen. “Ipuin Ha” kantua adibidez, hiru zatitan dago banatuta. Hasiera kasete batean grabatu nuen eta halaxe entzun daiteke. Ohiko kantu bat da, akorde progresio normal bat, melodikoa, kanta komertzial bat izan zitekeen, baina oso poperoa zela ikusita, kanta apurtzea eta gauza arraroak sartzea pentsatu genuen. Diskoko kanta arraroena izango da ziurrenik: gitarrarekin hasten naiz abesten, gero ez-ohiko erritmo bat eta soinu arraroak sartzen dira zati instrumentalean, eta amaitzeko, hasierako melodia itzultzen da, baina bateriarekin martxa erritmo bat duela. Estruktura aldetik egin dugun kantarik arraroena da. Abestietan lelo melodikoak erabili ditugu, baina erritmo arraroez edo beste errekurtso batzuez nahita apurtu ditugu batzuk, kontrasteekin jokatu dugu. Itoiz bezalako taldeetatik dator eragin hau, konposatzen zituzten kanta arraroetan melodia poperoak sartzen zituzten eta asko gustatzen zait hori, berezitasuna ematen dio.

Musikalki antzerako oinarria izaten jarraitzen duzuen arren, zabaldu egin duzue taldearen soinua. Instrumentu eta baliabide gehiago entzun daitezke.
Bai, hala da. Aurretik genituen sinpletasun eta dantzagarritasunak hor jarraitzen dutela uste dut, baina teklatuak, hainbat konponketa eta beste zenbait gauza arraro sartu ditugu. Gitarrekin sortu ahal ditudan soinuak izaten dira orokorrean. Gitarrak grabatzerakoan, normalean hiru sartzen ditut: oinarria eta erritmoa eramaten duena, errefortzuzkoa (soinua loditzen duena) eta zaratak ateratzekoa. Disko honetan zarataren arloan eman dugu aurrerapausoa agian. Gitarra-soloak berriz, ez ditut asko erabili izan, baina oraingoan pare bat sartu ditut, nahiko guaiak gainera, kar kar kar. Baina ez pentsa, hortik kanpo, soinua ez dago oso produzituta eta ez dira erabili efektu asko, ez zait gustatzen hori egitea. Gainera, Anttonek baxu lineak askoz gehiago landu ditu: linea konplexuak daude, melodikoak… eta asko loratu dituzte abestiak.

Abesterako orduan ere, erregistro eta efektu berriak erabili dituzue.
Bai, gauza desberdinak probatu ditut: batzuetan grabe, beste batzuetan xuxurlaka, oihuka, falsetean, autotunea erabilita… Estudio batek gauza berriak probatzeko aukera ematen du eta gustatzen zait erregistro eta gauza desberdinak probatzea. Batzuetan elegante abestea eta jarraian eztanda hastea da bilatu duguna. Hala ere, zuzenekoetan, sortzen dugun burrundararekin oihuka abesten amaituko dut, ez da horrelako desberdintasunik nabarituko.

Hiruron artean sortzen dituzue abestiak? Konposatzerakoan ba al duzue prozedura jakinik?
Normalean nik idazten ditut kantuen oinarriak gitarra eta ahotsarekin, baina oraingoan, idatzi ditudan ideiak denon artean landu eta garatu ditugu. Gainera, abesti bat Anttonek idatzi du eta beste batzuk lokalean inprobisatzen sortu ditugu. Oso ondo pasatzen dugu inprobisatzen, baina batzuetan ez zaigu ezer garbirik ateratzen eta sortzen gabiltzanari estruktura pixka bat ematea ondo etortzen zaigu. Christian da horretan ona. Disko honetan gehiago nabari da hiruron lana dela da eta polita da hori. Norberak egindako oinarri baten gainean besteek eskua sartzea ederra da, elementu berriak txertatuta beste dimentsio bat hartzen du abestiak, norberak egingo ez zituzkeen gauzak ateratzen dira, berezi bihurtzen du prozesua.

Zeintzuk izan dira diskoko kolaborazioak? Eragina izan al dute diskoaren aniztasunean?
Ez dute eragin handirik izan. Aurreko diskoaren antzera, lagunen artean eginiko kolaborazioak izan dira. Cris Lizarragaren kasuan, lokaletik bisitan pasa zen eta rol joko bat planteatu genion “Ipuin Ha” abestian. Ahotsak sartzen dituen zatian, sorgin bat izan behar zuela eta barrutik ateratzen zitzaiona inprobisatzeko eskatu genion eta horrela sortu zuen. Nire arreba Lorek, atzetik dauden koru batzuk sartu ditu hainbat abestitan, eta Asierrek tronpetak sartu ditu abesti batean.

Nola islatuko duzue hori guztia zuzenekoetan?
Nire gusturako, zuzenekoetan abestiek ez dute zertan diskoko berdinak izan. Hiruron artean egingo ditugu koruak, eta tronpetak, teklatuak eta gainontzeko soinuak gitarrarekin erreproduzituko ditut. Asko erabiltzen zuten teknika hori The Clashek eta The Policek adibidez, eta oso gogoko dut. Gitarra zatiekin ere badakit diskoko guztia ezin izango dudala zuzenean berdin azaleratu, baina kantuak entseguetan gorpuztu ditugu eta ondorioz, badakigu hirukote moduan ongi funtzionatzen dutela. Estudioan esperimentatzea gustuko dut, baina zuzenekoa ikus-entzunezko esperientzia da, bi gauza desberdin dira.

Diskoaren diseinuan ere errepikatu egin duzue egilearekin, kasu honetan, Ximon Agirrerekin. Nahiko lisergikoa dela eta diskoak barruan dakarrena ongi islatzen duela esango nuke, baina nola ulertzen duzue zuek?
Ez dakit konturatu zaren, baina azalean, aurreko diskoaren azala ikusten da. Lehen diskoko mundu hori atzeragotik ikusita agertzen da, Platonen Caverna moduan. Zerria, zuhaitza sutan, harresia eta ibaia bere horretan agertzen dira, baina atzean agertzen dira, mundu hori ireki egin da eta beste gauza batzuk agertu dira. Mamuak ere hor jarraitzen du, baina oraingoan ibaitik kanpo dago, lehen planoan, armadilo baten gainean. Perspektiba aldaketa honek, lehenengo diskoarekiko jarraipena eta irekiera islatu nahi ditu. Gainera, diskoa irekitzerakoan, lehen diskoaren azala hiru dimentsioetan eta beste kolore batzuetan agertzen da barruan, hor dago keinu hori ere. Ximon laguna dugu, eta marrazkia alde batera utzi eta diseinuaren teknikarekin beste pauso bat eman nahi genuen.

Aipatu duzun mamua ezaguna zaigu lehen diskotik. Nor da bera?
Guk asmatutako pertsonaia da. Azalean agertzen diren pertsonaia eta paisaia guztiak letretan aipatzen dira eta Ximonek ematen die irudia. Pertsonalki mamua oso gustuko dut, pertsonaia sinbolikoa iruditzen zait, beti ezagutu izan dugu eta gauza asko errepresentatu ditzake.

Zuen musika azaltzerakoan, 90. hamarkadako rock alternatiboaren baitan kokatu izan bazaituztet ere, motz geratzen da etiketa. Iturri desberdinetatik edaten duzuela nabari arren, nahiko soinu pertsonala duzuela esango nuke. Nola deskribatuko zenukete zuen soinua?
Oso zaila egiten zait, egia esan… Lehen diskoarekin 90. hamarkadan kokatuko ginateke nire ustez, leku askotatik edan izan dugu eta hala nabari zen: grunge-a, dream-pop-a, shoegaze-a, Nirvana, Radiohead…. Bigarren honekin, XXI. mende hasieran kokatzen garela esango nuke, The Strokes edota The Voidz bezalako taldeen kutsua du ahotsetan eta progresioetan. Hori horrela, rock alternatiboa egiten dugula esatea da errazena, abaniko zabala eskaintzen du. Betiko gitarra, baxu eta bateriekin mugak aurkitu eta gauza berriak bilatzea eta eskaintzea gustatzen zaigu. Agian ez dugu beti lortuko, baina inoren kopia bat ez izaten eta gauza berriak sortzen saiatzen gara. Honek guztiak arriskatzea exijitzen du eta oso ongi atera daiteke edo inori gustatzen ez zaion zerbaitekin amaitu, baina arriskatzeko puntu horrek beti hor egon behar duela uste dut.

Hiru taldekideen eraginen nahasketa bat al da entzuten dugun hori?
Bai erabat, oso desberdinak gara hirurok. Christian taldeko nagusiena da eta punk-rocka eta hardcorea gustatzen zaizkio gehienbat. Anttoni aldiz, math-rocka gustatzen zaio asko eta hortik datorkigu horrenbeste erritmo desberdin erabiltzea gure musikan. Niri hasieran ez zidan asko deitzen ezaugarri honek, baina berak txertatu zigun eragina. Komunean gehien daukagun estiloa, pop-a dela esango nuke, oso The Beatles zaleak gara; Nirvanarekin batera gehien konpartitzen dugun taldea izango da seguruenik.

Euskaraz abesten duten taldeetan oso ohikoa ez den arren, zuen euskalkian abesten duzue, bizkaieraz. Taldearen bereizgarrietako bat den hau, kontzienteki hartutako hautua al da?
Oso natural atera izan zait beti, baina egia esan ez dut nire euskalki purua erabiltzen. Disko honetan, hitz batzuk euskara batuan ere badaude arrazoi desberdinengatik: fonetikoki hobeto geratzen direlako edo indar handiagoa dutelako, errimari hobeto datorkiolako… Musika gehiena ingelesez entzuten dut eta ahoskatzerakoan ere horrantz jotzen dut askotan, baina euskaraz entzuten dudanean puntu natural eta erreala bilatu nahi izaten dut eta ez dut beti aurkitu izan, nabari egiten da benetakoa ez bada.

Singleek gero eta garrantzia handiagoa duten garaiotan, ze garrantzia du disko batek bere osotasunean zuentzat? Daukan aniztasuna ikusita, nola ulertzen duzue #2?
Gaur egun diskoak sortu eta entzutea, musika modu erromantikoan ulertzen dugunok egiten dugun zerbait da eta publiko horri zerbait desberdina eman behar zaio, nire ustez. Diskoak ez dira lehen moduan saltzen eta lan handia eskatzen dute, baina guri asko gustatzen zaigu istorio edo kontzeptu bat izatea. Singleak egitea agian errazagoa litzateke, baina gure ustez horrelako disko eta bidaiek existitu beharra daukate, oraindik badago hori eskatzen duen publikoa. Niretzako disko borobil bat da #2, disko batek izan ditzakeen ezaugarri guztiak ditu. Bere singlea du eta baita beste aurpegi desberdin batzuk ere: talde batek eduki behar duen esperimentazio puntua, besteekin zerikusirik ez duen kantua… Horrelako gauzak, diskoak entzuten dituzten pertsonek diskoen baitan aurkitzen dituzten altxorrak dira. Disko honetan kantak oso desberdinak dira, baina lehengo abestitik azkenengora arteko bidaia moduan oso pentsatua dago: abestiak nola aldatu, isiluneak non sartu, estruktura desberdinak nola elkarlotu… Letretan ere ametsak, gaua, lo egitea eta izarrak bezalako kontzeptuak asko aipatzen dira eta horrek diseinuarekin batera puntu surrealista bat du, ipuin baten itxura du. Ipuinetan gertatu bezala pasarte desberdinak aurki daitezke diskoan, letra guztiak ez daude elkarlotuak, baina osotasunean badu bidaia baten puntua. Abesti solteek badute beraien funtzioa, baina abestiak disko oso baten testuinguruan entzutea beste esperientzia bat da.

“Niretzako disko borobil bat da ‘#2‘, disko batek izan ditzakeen ezaugarri guztiak ditu. Bere singlea du eta baita beste aurpegi desberdin batzuk ere”

Bilbon egin behar zenuten diskoaren aurkezpen kontzertua abenduan, baina Covid-agatik bertan behera geratu zen. Pandemiaren egoerak hobera egin zuen arren, berriz etorri zen danbatekoa eta zuzenean eragin zizuen gainera.
Bai, positibo eman nuen kontzertuaren aurretik eta nahiko bajoi izan zen guretzat. Data garrantzitsua zen, baina gauzak erlatibizatzen saiatu behar zara eta garai hauetan horrelakoak pasa ahal zaizkizu, dena da ezjakintasuna. Lukiek hasi genuenean, gure helburua, publikoa oso gertu sentitzeko, gaztetxe eta leku txiki eta undergroundetan jotzea zen eta pandemia garaian, neurriak bete eta jesarrita jotzea ez genuen ikusten gure taldearen ezaugarriekin bat zetorrenik. Guk jotzen duguna garrantzitsua da guretzat, baina publikoa nola dagoen ere funtsezkoa da eta horrek egiten du berezi gure kontzertu bat, festa puntu batek egon beharra dauka. Zorionez, eman ditugun kontzertuak oso politak izan dira, neurriak bete izan dira, baina jendeak oso ondo pasa izan du era berean. Ea nola doan orain kontua.

Lukiek hitzak “azeriak” esan nahi du, baina ba al du esanahi berezirik zuentzat?
Hasieratik Anttonen baserrian entseatzen dugu eta bertan oilotegi bat zegoen lehen. Oilotegi horretara sartzen ziren lukiek, oiloak jatera. Gaur egun, ez dago oilorik, entseatzeko lokala eraiki genuen bertan eta horregatik geu gara bertako egungo lukiek. Zonaldeko euskarazko hitz bat da eta izen polita iruditzen zaigu.

Beste proiektu batzuetan ere bazabiltzate. Zuen lehentasun eta aukerak kontuan izanda, non kokatuko zenukete Lukiek?
Lukiek sortu zenean guztiok genituen proiektu paraleloak, baina denborarekin, Anttonek Leun utzi zuen eta Christianek All I Need. Nik Belakon jarraitzen nuen eta Belakorekin biran ez geundenean hartzen genuen Lukieki emateko denbora. Belakok beti eduki du lehentasuna eta hirurok jakin izan dugu hori betidanik. Orain, Antton Sara Zozayarekin dabil gitarra jotzen eta ChristianeknAtico Stereo zigilua jarri du martxan. Nire kasuan, Belakorekin nazioartean gehiago indartzea zen gure asmoa, baina pandemiak ez digu horrekin jarraitzen utzi bidaiatzeko zailtasunak eta herrialdeen murrizketak direla eta. Gauzak horrela, oraintxe bertan gure garairik onenean gaude konpromiso aldetik, tarte handia daukagu Lukiekekin. Ez gaude asetuta eta guretzat momentu ona dela uste dugu. Euskal Herrian ahal ditugun txoko guztiak arakatu nahi ditugu, hori da daukagun erronka eta posible ikusten dugu. Hirurok gaude hori lortzeko motibatuta eta norabide berean arraun egiten. Kontziente gara lanarengatik edota gure beste taldeen eraginagatik gauzak aldatu egin daitezkeela, baina daukagun sua ez itzaltzea da garrantzitsuena. Garai batean taldekide batek tiratzen du eta hurrengoan besteak, polita da hori.

Mungiatik talde ugari atera zarete azken urteetan: Belako, Cecilia Payne, Sua, TOC… Distantziatik erreparatuta, komunean asko duzuela esango nuke. Horrela sentitzen al duzue? Zein da horrenbeste talde sortzearen zergatia?
Bai, hemen gauden taldeak kontaktuan gaude: oso lagunak gara, elkarren musika gustuko dugu, elkarren kontzertuetara joaten gara, instrumentuak konpartitzen ditugu… TOC-eko kide batzuk adibidez, nire lagun taldekoak dira eta asko ibiltzen gara elkarrekin, asko daukagu komunean. Lukiek hasi genuenean, jaialdi bat asmatu genuen herriko lagunek bertan jo zezaten. Izenik ere ez zuen jaialdiak, baina talde berrientzat ona zela iruditu zitzaigun eta hainbat taldek (Lukiek, TOC, Leun, Cecilia Payne…), hor eman genuen lehen kontzertua. Ordutik urtero antolatu dugu jaialdia, Mungiako San Pedro jaien aurreko astean izaten da eta herriko egutegian markatuta daukagu. Data baino bi aste lehenago hasten gara prestaketekin eta guztiz autoekoiztua da dena. Herriko talde hasi berriez gain, kanpotik ere ekarri izan ditugu hainbat talde eta egia esan, lagundu du herriko giroa garatzen.

Eszena edo komunitate baten inguruan hitz egin genezake?
Nik uste eszena bat baino, familia handi bat garela. Gure inguruan, bost urteren gorabeheran talde asko gaude, baina orokorrean ez dago giro rockerorik herrian. 2015ean, Mungiako Gaztetxea martxan jarri zenean, orduan bai, aldaketa nabaritu zen. Jende gaztea Bilbora joan beharrean, herrian gauzak egiten hasi eta horren kontzientzia zabaldu zen. Pentsatzeko eta gauzak egiterakoan ideia irekiak, proposamen musikal berriak… bultzada eman zion gaztetxeak Mungiako giroari. Talde eta publiko asko sorrarazi zituen gainera, jende asko hasi zen musika egiten, gero eta neska gehiago hasi ziren parte hartzen… aldaketa bat eman zen.

Amaitu berri dugun 2021. urtean zeintzuk izan dira zure disko kuttunenak?
Egia esan, ez dut musika berri asko entzuten. Musika asko sortzen dut eta konposatzen nagoenean ezin izaten dut musika askorik entzun. Gainera, betiko gauzetara jotzen dut normalean, baina lagunek mantentzen nauten aktualitatea… kar kar kar. Iaz argitaratutakoen artean, Tatxers taldearen Hiruzpalau amets larri izan da entzun dudan onena. TOC-en Zidazun ere itzela iruditu zait eta Idles-en Crawler ere aipatuko nuke.

Zuzeneko indartsu eta dibertigarriak dituzue eta kontzertu bira polita daukazue urtarriletik aurrera. Zuzenean ahalik eta gehien jotzea, edo zein izango da Lukiek-en aurtengo helburua?
Bai, hori da, Belako biran hasi aurretik denbora aprobetxatzen saiatuko gara eta posible bada, jai giroetan jotzea gustatuko litzaiguke. Oso positiboa da daukagun publikoa izatea niretzat. Egiten dugun musikaren oinarriak hamarkada batzuk atzera kokatzen diren arren, publiko gaztea daukagu eta neska askok osatzen dute gainera. Historikoki, agian mutilek entzun izan ohi dituzte gehiago horrelako estiloak, baina bada aldaketa bat, eta gero eta neska gehiagok sortzen eta entzuten dute orain. Asko pozten nau.

→ Lukiek-en kontzertu agenda

ETIKETAK:Antton GoikoetxeaChristian RodriguezItoizJosu Ximun BillelabeitiaLukiekMungiaSara ZozayaSuaTatxersTOCXabier EgiaXimon Agirre