Elkarrizketa

Mikel Izarra

2024.09.24

Mikel Izarra

“Garaiotako pasotismo eta alienazio brutalarekin lotuta dago lana”

Elkarrizketa: Zikin

Komando autonomo bat bezalakoa da Zikin laukotea. Lekitxo lubakia. Edo estalkia, euskal mendietan barrena sakabanatuta baitago taldea. Kilometroak eta bestelako eguneroko subsistentzia aferak alde batera bat-bateko elkartzeak egiten dituzte, denboran estututako eta premiaz emankorrak izan behar duten entseguetarako. Heldu, kargatu, tiro egin, hurrengorako geratu eta alde. Birak eta agerpen publikoak ere aldizkakoak baina zuhurrak, blitzgrieg erasoak bezala. Urtzi Izaren iturri fidagarritik ere, halakoak omen dira estudioan. Gauzak argi, soinu gordina, saio bakarra eta moldaketaren bat. Lehen disko izugarriaren ondoren (Zementua armosaten, Mendeku Diskak, 2022), kontzertu puxka bortitza eta pare bat bira lodi eta haien ekintza atentatuak albistegietako azal guztietan zeuden. Ekintza zuzena.

Zikin taldeko lau kideak.

Zikin taldeko lau kideak.

Jakina da ondo funtzionatzen duena ez dela aldatu behar, eta are gutxiago klandestinitatearen soka ahuletan jokatuta. Beraz, oraingoan modus operandi bertsua, arriskatu gabe baina uhin espansiboaren irismena handitzen. Bala galdua zure buru galduan lehergailuak zortzi bala zorrotz dakar, berriz ere iraultza zerga Mendeku Diskaken eskutik, eta azala Aritz Aranbururen esku fin eta gaitasunez beteak egina: balaren ibilbidea zure zementuzko buruan barrena. Musika aldetik berritasun asko dakar. Hardcorea eta punka, noski, baina baita ezusteko asko. Lehergailuetan aditua, bateria jotzailea (Urko) formula leherkor berriak probatzen aritu da eta hala erakusten dute hi hat arinek, eta ride sasisurferoek. Baxu jotzaile ezkutuko espioi zelatariaren gordintasunarekin bikain. Gitarraren (Iker) proposamenek metrailaren distira dute, akorde posthardcoreta eta ia stonerrera heltzen diren punteo hedakorrei esker, zeinen gainean gudarako oihu grintsu eta pizgarriak botatzen dituen abeslariak (Bedia), erasorako prest, letra iraultzaile zein zuzenekin.

Horrela bai totum revolutumerako prest. Gora borroka musikaz armatua!

Taldearen erritmoa gutxikakoa izan bada ere, bigarren lan honen argitalpena asko luzatu da lehen diskoarekin jakinmina piztu zenutenetik! Zergatik?

URKO: Geldirik egon ezin garen lau taldekide gara, bakoitzaren proiektu paraleloak, kontzertuak, militantziak etab. horrek prozesua luzatzen du nahi eta nahi ez; baita gure artean ditugun muga fisiko-geografikoek ere, bakoitza leku desberdin batean bizi da eta. Horrez gain, aurreko diskoa grabatzeko presaka ibili ginen eta oraingoan nahiago genuen prozesuaz disfrutatu eta dena lasaitasun gehiagoz hartu, gauzak hobeto pentsatuz. Maketazio guztiak aurretik prestatu, gauzak gure artean meditatu, abestiak gehiago landu… Horren guztiaren ondorio izan da diskoaren grabazioa eta argitalpena luzatzea.

“…etxean edo inguruan bakarrik jotzera mugatuz gero, txapa emateaz gain, bizipen eta estimulu asko galtzen dira”

Aurreko lanarekin nahiko bira egin zenuten. Badago eszenarik? Zer esan nahi du errepideak zuentzat? Zentzu horretan, nolakoa da euskaraz egindako proiektu batekin biran aritzea?

IKER: Maite dugu furgoneta hartu eta etxetik kanpo jotzen joatea. Azken finean, etxean edo inguruan bakarrik jotzera mugatuz gero, txapa emateaz gain, bizipen eta estimulu asko galtzen dira.

Gainera, punkak eman digun gauzarik onena, zirkuito edo dinamika komertzialetatik kanpo jende zoragarriarekin konektatzea izan da. Eta hau lortzeko, ipurdia mugitu behar da eta konfort gunetik atera.

Aurreko diskoarekin nahikotxo kilometro egin genituen espainiar estatuan zehar eta zorte itzela izan dugu; oso jende ona, jatorra eta eskuzabala ezagutzeaz gain, sekulako talde interesgarriekin jo dugu.

Euskararen kontuari erantzunez, Euskal Herritik kanpo jo eta jendea saltoka lekeitiarrez kantatzen entzuteak ez dauka preziorik kar, kar…

BEDIA: Ez dakit eszena deitu edo beste zeozer, baina jendea badago eta elkar-laguntza ikaragarria da hemen zein Euskal Herriko mugetatik harago. Proiektuaren berri ez izan arren, jendeak eskua luzatzen dizu dataren bat lotzeko estu zaudenean, edo bestelako zerbait behar duzunean, eta hori ordainezina da.

Ikerrek esan duenaren harira, gauza gutxi gehitzeko; bihotza betetzen zaigu furgoneta hartu, etxetik kanpo jo, jende berria ezagutu eta berriz bueltan gatozen bakoitzean. Horrek taldea indartzen du, eszena bultzatzen du eta zuk zeuk egin filosofiari arrazoia eman eta gauzek benetan zentzu bat dutela eta beste modu batera egitea posible dela gogorarazten digu.

Badago lan honentzat kontzeptu edo inspirazio berezirik? Zer egin edo esan nahi izan duzue? Zein erreferentekin?

IKER: Taldekide guztiok idazten ditugu diskoko abestien letrak. Ez dugu profetak edo aholkulariak izatea bilatzen, eta gure ustetan garrantzia duten gauzei buruz berba egiten saiatzen gara, modu zuzen eta hurbil batean, autokritika ere ahaztu gabe.

Gure azken lanaren izenburua (Bala galdua zure buru galduan), adibidez, bizi ditugun garaiotako pasotismo eta alienazio brutalarekin lotuta dago. Bizirik baina hilda egotearekin, hain zuzen ere.

Tiro egiten digute (Estatua bere biolentzia eta manipulazio forma anitzekin) eta gizartea ohartu ere ez da egiten. Eta ohartzekotan, orokorrean berdin zaio… Hala ere, badaude salbuespenak.

Ba hortik doa ideia (edo hortik doaz tiroak).

BEDIA: Punka egiten dugula esaten dugu, edo hori uste dugu behintzat. Horretarako, Ikerrek esan duen bezala, barnera begiratu eta autokritika egitea da lehen pausua, eta ondoren, inguratzen gaituena eta bizi dugun garaia aztertu eta kritika soziala egitea. Ez zaigu naturala iruditzen gure garaikoak ez diren, edo ukitzen ez gaituzten gaien inguruan hitz egitea; hau da, hilda dagoen zerbait erreproduzitzea. Horretatik ihes egiten saiatzen gara!

Zortzi abesti laburretan denetik dago: aurreko abiadura eta oihuak, baina baita garapenak, spoken word-a eta aurrekoan baino riff rockero eta itsaskorragoak. Zerbait aldatu da zuen konposizio edo influentzietan? Zelakoa da konposizioa?

IKER: Lehenengo diskotik bigarrenera eboluzio natural bat egon da. Azken finean, bi urte hauetan musika asko entzun dugu eta horrek badu eragina. Gainera, gauza desberdinak probatu nahi genituen eta gure musikak progresio bat izatea oso positiboa ikusten dut, freskotasuna ematen dio. Helburua ez zen Zementua Armosaten 2.0 bat ateratzea. Bigarren disko honek beste soinu bat dauka, baina taldearen identitateak eta esentziak hor jarraitzen du.

URKO: Aldaketa bat dagoela argia da. Beti egin izan dugu nahi izan dugun musika, momentuan gorputzak eskatu diguna.

BEDIA: Denboraren poderioz, identitate eta esentzia hori garatzeak, base sendo bat izatera eta horretatik abiatuta jolastu eta apur bat esperimentatzera eraman gaitu. Aurretik, Urkok esan duen bezala, gauzak modu lasaiagoan eta konszienteagoan egiteak ere lagundu digu aspektu honetan.

Zelakoa da Mendeku Diskakekin duzuen erlazioa? Uste duzue zuen arrakastarekin erlazioa duela? Artea izugarria da! Zergatik aukeratu zenuten Aritz eta zer bilatzen zenuten?

URKO: Mendeku Diskakekin dudan harremana urrutitik dator, aurretik izandako hainbat proiektutan ezagutzeko aukera izan nuen eta nire kasuan harreman pertsonal ikaragarria mantentzen dut Eduardekin, lehen diskotik hona momentuoro taldeaz kezkatu eta lagundu gaituen pertsona izan da eta hori beti da eskertzekoa.

Arrakastari dagokionez argi dago gure publikoaren artean diska kopia asko mugitzen dituen disketxea dela, baina baita gure publikoaz kanpo ere eta gure herrialdetik kanpo. Honek asko laguntzen du gure omunduko txoko desberdinetan ezagutarazteko.

Arteari dagokionez, hasierako ideiatik, publikatuko den ideiara bi mundu daude. Taldean bi ideia nagusi egon ziren diskoaren arteak bideratzeko orduan, azkenean, eztabaidatu eta erabaki bat hartu genuen, aurrean daukazuen hau, eta egia esan, ez daukat inongo damurik, nahiz eta esan beharra daukadan, ez nintzen ideia honen aldekoa. Aritzek 100%ean jakin du gure ideiak paperean islatzen, gure buruko zaborra marrazten eta gure bihotzeko sentimenduak adierazten. Ez genuen ezer berezirik bilatzen, gure ideiari forma eman nahi genion eta hala izan da.

“Lehen bateraezinak zirela uste genituen gauzak, gaur egun, geroz eta nahasiagoak daude, eta muga horrek hain ikusezin bihurtzeak eta talde asko batetik bestera zeharkatzen ibiltzeak, asko larritu eta tristetzen nau; oso arriskutsua dela iruditzen zait!”

Zer pisu du politikak zuen proiektuan? Zez pisu uste duzue duela eszenan? Zein izan beharko luke?

BEDIA: Gaur egun, gustatuko litzaidakena baino talde gutxiagok daukate izaera politikoa. Bizi ditugun garaietan despolitizazioa izugarria da, eta musika ez da kanpoan geratzen. Instituzioetatik kanpo lanean dauden kolektibo eta taldeak badira, baina geroz eta talde gutxiagok egiten dute modu horretan antolatzeko hautua. Lehen bateraezinak zirela uste genituen gauzak, gaur egun, geroz eta nahasiagoak daude, eta muga horrek hain ikusezin bihurtzeak eta talde asko batetik bestera zeharkatzen ibiltzeak, asko larritu eta tristetzen nau; oso arriskutsua dela iruditzen zait!

IKER: Galdera oso zabala eta konplexua da, baina… dena da politika eta gure bizitzetako arlo guztietan dauka eragina, baita gure musikan ere. Zer gara? Zer izan nahi dugu? Zerk kezkatzen gaitu? Zerk ez? Denaren atzean dago politika.

Gurera begiratuta, oso urrun ez dagoen diktadura batetik gatoz zeinetan kaudilloa ohean lasai hil zen, eta horrek eragin handia dauka gure errealitatean. Beranduago, gure belaunaldiak ere, gatazka testuinguru gogor baten azken urteak ezagutu ditu euskal panoraman. Odol, su eta sufrimendu asko ikusi dugu.

Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zait nondik gatozen ez ahaztea, eta faxismoari aurre egin dioten guzti horiei errespetu eta begirune osoa izatea.

Egoera baretu eta beste itxura bat hartu badu ere, faxismoak beste formatu batean jarraitzen du bizirik hemen eta mundu osoan zehar. Gure musika zabor honen kontra bideratzea modu natural batean dator.

Gu mugitzen garen eszenan badago politika, eta ederra iruditzen zait errebindikazio desberdinak egitea. Edonola ere, ez dut uste dogma moduan musikan politika sartu behar denik. Arte espresio formak politika baino harago joan daitezke, eta musika ere unibertsala da.

Duela gutxi argitaratu da diskoa, baina zelako erantzuna izan duzue? Zer espero zenuten? Orain distantziaz ikusita, zuek zelan geratu zarete emaitzarekin?

BEDIA: Gu oso gustora geratu gara egindako lan, soinu eta diseinuarekin; eta hori da garrantzitsuena!

Oraindik oso goiz da kanpora begirako balorazio bat egiteko, beraz denbora eman beharko zaio, eta gauzak nola eboluzionatzen duten ikusi.

IKER: Taldekideon bizilekuen arteko distantziak, lanak eta entsegu lokaleko disponibilitate faltak direla eta, entsegu mugatuak egin ditugu. Gauzak honela, oso pozik gaude diskoaren emaitzarekin. Honek erakusten du ezinezkoa dirudiena posible dela benetan gogoa badago.

URKO: Erantzuna espero baino txikiagoa izan dela esango nuke, baina diskoa? Ederra diskoa, oso gustora emaitzarekin! ta ezpajake gustatenJODIDU!

Egongo da birarik? Zelako etorkizun planak ditu proiektuak?

BEDIA: Datozen hilabeteetan nahikotxo joten ibiliko gara, biraren bat ere egongo da tarteko eta gauza politak datozela esan genezake. Gogotsu gaude datorrenari hortzak erakusteko eta gure inguruko talde eta lagunekin, zein lagun berriekin bizipenak konpartitzeko.

Zikin gogotsu dabil ondorengo bira egiten, etzazue galdu!

Hurrengo kontzertuak

  • Irailak 28, Gernikan
  • Urriak 4, Gasteizen
  • Azaroak 1, Iruñean
  • Azaroak 6, Atenasen
  • Azaroak 7, Ioaninan
  • Azaroak 8, Volosen
  • Azaroak 9, Thessalonikin
  • Azaroak 22, Bergaran
  • Azaroak 23, Berrizen
  • Azaroak 29, Bilbon
  • Azaroak 30, Añorgan
  • Abenduak 7, Zarautzen
  • Abenduak 14, Ondarrun
ETIKETAK:2024ko elkarrizketaMikel IzarraZikin