2024.06.14
Goizero, ahal duenetan, mendian osteratxoa egitera ateratzen da Juan Luis Perez Mitxelena, Petti ezizenez ezaguna den musikaria (Bera, Nafarroa, 1973). “Beti Nei txakurra lagun hartuta”. Gaur ezin izan du, elkarrizketak ostu baitio plazeraren tartea. Mendiko ibilaldietan ez du bere kabuz kantatzeko ohiturarik. Gaur kantari jarri dugu, igelez eta txoriez osaturiko banda lagun hartuta, Berako San Miguel zubiaren ingurumariatan (frantsesen eta ingelesen gudalekua, 1813an).
Txiripaz ohartu zen Petti 25 urte igaro direla Amets bat (Gaztelupeko Hotsak, 1999) plazaratu zuenetik. Ilusioz eta lasai dago, bihar Bilboko BBK Music Legends jaialdian ariko delako (oholtza nagusian, 18:00etan). Estreinako diskoko 11 kantuak gidari hartuta, mintzatu da Petti.
Bideoa: Olatz Artola eta Lara Madinabeitia
Beran gaude. Hemen hasi zen dena, eta Bera du izenburu zure lehen diskoko lehen kantuak.
Bera herri ederra, bizitzeko leku ederra. Bizpahiru urte egin ditut Iruñean, harakin modura lanean, eta oraintsu itzuli naiz. Beti dago itzulera bat, eta gustura nago. Bera izan zen nik sekula egindako lehenengo kantua. Bera herrian ikusten eta bizitzen nuena azaltzen du.
Duela hiruzpalau hamarkadatik herri bizia izan da musikaren arloan, erreferentea.
Bai, hala da: laguntza handia izan dugu beti udaletik; entsegu lokala jarri zigun dohainik, argia ere ordaintzen digu. Eta, bestetik, beti izan da kultura musikala herri honentan: musika banda, txarangak, musikari beteranoak, talde punkarrak, esperimentazioa, rocka… estilo anitzetako taldeak, eta oraindik ere jarraitzen du izaten.
Barkatu Ama gehigarrian elkarrizketa egin zizun Mikel Lizarraldek 1999an, eta zenioen… “garai ilun baten emaitza” zela diskoa. Perika bigarrena da iluntasun horren seinale. JJ Calek idatzi eta Claptonek ezagun egindako Cocaine hura ekartzen du gogora?
Izan liteke, bai; egia da, garai iluna izan zela niretzat, izenburuagatik eta beste kontu batzuengatik. Ostatuan egiten nuen lan, ordu luzez, gauez. Baina, tira, garaian garaikoa. Maiz gertatzen zait kantu horrekin, adibidez, jendeak hartzen duela kokainaren apologia balitz bezala, eta letra irakurri ondoren konturatzen zara guztiz kontrakoa dela; bizi izandakoaren testigantza bat.
Garai ilunak sorkuntzarako on dira edo klitxe hutsa da hori?
Bai eta ez. Garai ilunek balio dute kantu ilun onak egiteko, eta garai onek kantu argiagoak egiteko. Garai hartan etxe barruan egoten nintzen denbora aunitz, kanpora atera gabe. Etxean geroz eta denbora gehiago izan orduan eta gehiago jotzen nuen gitarra, eta kantu gehiago ateratzen zen. Garai ilunak onak dira kantu ilunak egiteko, ez besterik.
Musikari ilun madarikatuek erakarri izan zaituzte?
Gehienak gara musikari madarikatuak, hagitz gutxi baitira bizi daitezkenak lasai, gorabeherarik gabe, eta soldata finko bat izanda. Baina ez da musikaren kontua soilik; hor dago antzerkia, hor daude artistak, eskultoreak, pintoreak… Artean diharduen ia jende guztia dabil antzeratsu. Ez bada ikaragarrizko zortea duena eta hagitz ezaguna egiten dena. Beti gabiltza berdin, baina azken finean hautaketa bat da, eta norberak aukeratzen badu bide hori… Azkenean sarri beste lanbide batzuekin tartekatu behar izaten da; tabernari, harakin edo fabriketan jardun du neuk adibidez.
Bideoa: Olatz Artola eta Lara Madinabeitia
Lagun bati eskerrak ematen dizkiozu Ilusioa izenekoan. Musikaren munduan lagunak egin edo galdu egiten dira gehiago?
Tira, lagunak egin egiten dira gehiago. Jende aunitz ezagutzen duzu, beste musikariak, kontzertuetara doan jendea… Lagunak egiten dira, baina etsairen bat edo beste ere bai. Ni lagunekin geratzen naiz, hori da nik nahi dudana. Badut beste kantu bat, 2002ko Etxeko uzta diskoan, Lagunak deitzen dena. Lagunei, adiskideei, saiatzen naiz esker onak ematen, ahal den guztietan.
Bestetik diozu kantu horretan “presarik gabeko ilusio ahanztua”. Gogoratzen duzu zein zenuen orduan ilusioa musikaren munduan?
Diskoa ateratzeko sekulako ilusioa nuen, lehen diskoa ateratzeko: horregatik deitu nion Amets bat. Ilusioa aunitz zeuden: musika egin ahal izatea, hortik bizi ahal izatea… Oraingo ilusio bertsuak dira bestalde. Zentzu horretan ez da gauza gehiegi aldatu, egia esan.
Ez duzu lortu musikaz bizitzea?
Bai, baina nekez. Proiektu desberdinetan parte hartuz, besteekin arituz eta abar… ez soilik Petti gisa. Beste hainbat saltsatan sartuta, enkarguzko kontzertu handiagoetan parte hartuta eta abar, Iñaki Salvador eta Karlos Gimenezekin diskoa egin eta kontzertuak ematen, adibidez. Proiektu bat baino gehiago izan behar duzu eta hala ere, bizi bai, baina justu-justu. Gehiegi eskatu gabe, nahiko larri.
“Musikarekin desbedina da; seguruago nago egin behar dudanaz, egiten dut eta listo. Ez zait inporta parean pertsona bat dagoen edo 10.000 dauden. Segurtasun handia hartu dut horrekin”
Burua lasitzeaz hitz egiten duzu Lasai izenekoan. Noiz lortu zenuen lasaitasuna, zure buruan konfiantza, segurtasuna, inoiz lortu baduzu?
Dezente kostatu zitzaidan, denbora igaro zen. Nik uste 2007ko On diskoarekin geratu nintzela neroni aurrenekoz gustura edo lasai. Aurreko diskoekin ez nintzen horren kontent, ez abestiekin, ez nola interpretatu nituen. Hortik aitzinera izan zen beste pausu bat, ustez. Eskarmentu handiagoa nuen, zuzenean ere aunitzez gehiago aritua nintzen. Hortik aitzinera lasaiago ibili nintzen bai musikalki eta baita bizitzan ere.
Izan zenuen bolada bat 2008tik aurrera besteen proposamenak jaso zenituena kantari aritzeko, kantaldi handiagoetan, enkarguzkoetan eta abar; besteak beste Xabier Lete-ren omenaldi kantaldietan. Nola gogoratzen duzu esperientzia hura?
Hasieran nahikoa beldurtuta ibili nintzen horretan, erregistroa guztiz aldatzea baizten. Ni nentorren rocketik eta musika undergroundetik, eta hor sartzeak errespetu handia eman zidan, baina era berean, asko ikasi nuen, zuzenekoetan jende aunitzen aurrean kantatzen, gauza desberdinak egiten… Bertsioak, kantu desberdinak, Leterenak, Laboa-renak… Beste estilo batzuetan sartu nintzen eta horrek ikasketa handia ematen dizu.
“Gehienak gara musikari madarikatuak, hagitz gutxi baitira bizi daitezkenak lasai, gorabeherarik gabe, eta soldata finko bat izanda”
“Hitzak ez du balio momentu honetan”, hasten da, aldiz, Egun bat gehiago. Zure jardunean errazago izan zaizu musikaz azaltzea hitzez baino?
Bai, nik hitzez ez dakit azaltzen deus; saiatzen naiz baina gehienetan oso urduri jartzen naiz hitz egitean, elkarrizketetan adibidez. Esan nahi dudana esatea kostatu egiten zait. Musikarekin desbedina da; seguruago nago egin behar dudanaz, egiten dut eta listo. Ez zait inporta parean pertsona bat dagoen edo 10.000 dauden. Segurtasun handia hartu dut horrekin.
Hala ere ez duzu erabat etsi zure letren idazketan. Saiatzen zara…
Lehen letra gehienak nireak ziren, baina gero blokeatu egin nintzen. Hasi nintzen irakurtzen Harkaitz Canorenak edo Pello Lizarralderenak eta konturatu nintzen haienak askoz ere hobeak zirela, noski. Eta, era berean, konturatu naiz errazago kantatzen ditudala bertso-moldekoak. Tira, segitzen dut nireak idazten, baina errazago kantatzen ditut besteek idatziak.
Hasiera iluna du Askatasunik gabe-k, teklatu-organo gotiko batekin. Noiz sentitu zara itoen, askatasunetik urrutien musikari gisa?
Egia esan, musikalki beti egin ahal izan dut neuk nahi izan dudana, ez dut arazorik izan pentsatzen nuena eta sentizten nuena esateko. Garai hartan herrian bizi genuen egoera islatu nahi nuen. 1999a zen, oraindik nahiko borborrean zegoen gatazka. Gu hemen mugan izanik, eta hor ondoan genituen adiskideak izanik [Guardia Zibilaren koartela dago Beran], askatasun gutxi sentitzen genuen.
Bideoa: Olatz Artola eta Lara Madinabeitia
Beñardo Goietxeren laguntza izan zenuen, berriro lagunak, Zeru-infernu kantuan? Zer dira zeru-infernuak musikan?
Beti daude zeru-infernuak, bai kantuetan, bai zuzenekoetan, bai konposatzeko orduan… Zerua dena ondo ateratzen denean izaten da normalean, eta infernua, gauzak okertzen direnean, baina ez musikan bakarrik, bizitzan ere bai. Gauza onak eta txarrak daude alde guztietan.
Kapitalista-n zuzen izenburutik. 1999a zen, ez zegoen bogako kezka materialista musikan eta kulturan. Artean musikaren industriaren krisia azaltzeke zen… Zer kezka zenuen?
Hasieran Kapitalista minduta behar zuen izan kantu horrek, baina aldatu egin nion izenburua; ez dut gogoratzen zergatik. Beran diru aunitz eta jauntxoak izan dira beti; agian orain ez da hainbeste nabaritzen baina… Alde handia zegoen asko zutenen eta ez zutenen artean, eta horregatik idatzi nuen kantua. Azaldu nahi nuen diruarekin ezin dela dena lortu.
Inoiz sentitu duzu kapitalismoaren atzamarra lepo gainean?
Neronek musikaren munduan ez dut gehiegi pairatu. Orain, garbiago ikusten dira zenbait gauza, ordea. Hor dago, adibidez, Last Tour bezalako enpresa bat zeina sartu den CEOEn [Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioa]; kaka horretan ere sartu dira. Hark maneiatzen ditu jaialdi eta konztertu handi guztiak. Halakoak gero zeta gehiago egiten dira, eta kontrara areto txikiak ixten ari dira. Hori kapitalismoaren ondorioa da.
Ezinezkoa da-n taldea sartzen duzu. Bakarka eta taldean; beti konbinatu ditzuzu biak. Ez da ezinezkoa ezta?
Ez, hagitz ongi ezkondu ditut bi kontu horiek. Gauza desberdinak dira, eta osagarriak. Biak konbinatzeak balio dit monotoniatik ateratzeko. Gainera taldeko musikariak herrikideak, adiskideak ditut eta sekulako musikariak dira: Joseba Irazoki, eta Igor eta Iñigo Telletxea anaiak. Neu bakarka hasi aurretik ere kointziditu genuen Zup eta Noise Hole taldeetan. Konplizitate handia izan dugu beti, bai kantuak egiteko orduan eta baita zuzenekoetan ere.
Nick Drake. Orduan musikaren idoloetan idolo. Orain nor?
Bada Nik Drakek izaten jarraitzen du. Hala ere, baita beste asko ere. Asko maite dut Nathaniel Rateliff, adibidez. Mark Lanegan eta Screaming Trees betidanik. Eta euskal taldeak ere bai, Berri Txarrak, Kokekin eta abar. Baina jarraitzen dut orduan entzuten nuen musika entzuten, ez dut gehiegi aldatu hori.
Askorekin aritu zara lanean ere, kolaborazio ugari eginez, Anari, Barrence Whitfield, Joseba Irazoki, Xabi No, Ana Galarraga…
Baita Pirritx eta Porrotxekin ere. Bai, hori ikasketa handia da niretzat. Gauza desberdinak egitea da batetik, eta normalean lagunak ziaten dira guztiak, beraz plazera da beraiekin lan egitea, kolaboratzea. Espero dezagun oraindik aunitz ateratzea ere bai.
Zu. Zer esango zenioke zure entzuleari, 25 urte eta gero?
Bada esango nioke segitzeko entzuten eta jarraitzen [barreak], geroz eta gehiago baikara musikariak. Egia esan, nire jarraitzaileak fidel-fidelak izan dira beti eta kontzertuetan hori nabaria da. Duela 25 urte joaten zirenak ikusten ditut oraindik, seme-alabek uzten badiete. Ni hagitz eskertuta nago beti hor egoteagatik, eta espero dezagun urte luzez hor jarraitzea, haiek eta nik.
BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdian joko duzu larunbatean, Bilbon. Zer esaten dizu legend hitzak?
Gogora ekartzen dit zahartrosia, gorantz goazela, alegia. Legend hitzagehiegizkoa iruditzen zait, baina plazera da Canned Heat, Deep Purple, The Jayhawks eta gisakoeekin jotzea. Baina azken finean beste kontzertu bat da, eta saiatuko gara ahalik hoberenea egiten: besterik ez.