Elkarrizketa

Jon Urzelai

2021.06.17

Jon Urzelai

“-Gailu itzultzeko aitzakia geure artean berriz elkartzea izan da”

Elkarrizketa: Mikel Abrego (-Gailu taldeko kidea)

–Gailu 1997an entzun ahal izan genuen lehen aldiz, Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan izeneko bilduman. Esan Ozenki zigiluko hainbat taldek hartu zuten parte disko hartan eta erabat logikoa zen BAP!! eta Negu Gorriak taldeetan aritzetik zetorren Mikel Abrego (Andoain, 1970) gidari zuen proiektu hura ere bertan egotea. “Eneko [Okene Abrego] eta beste lagun batekin alokairuan bizi nintzen Andoainen orduan. Hor hasi nintzen abestiak konposatzen, erosi berri nuen sampler batekin eta ordenagailuarekin aritzen nintzen nire gelan”. Bi anaietako batek sortu zuen abestiaren oinarria, besteak haren gainean kantatu. 2002. urtean argitaratu zuen -Gailuk, azkenik, Kutxa beltza, orain arteko disko bakarra, Metak diskoetxearen bitartez. Musikari ezberdinen kolaborazioak biltzen zituen Pil-Pil Sessions deituriko egitasmoaren lehen alea izan zen eta kantu haiek girotzen zuten Luis André-ren 25 minutuko bideo bat ere bazekarren lan hark. Urteak igaro dira ordutik, baina –Gailu itzuli da, Bidehutsen laguntzarekin eta doinu aski ezberdinak jorratuz Begiak, egiak ba ote? diskoan. Ez da orduan zen hura, ezta guztiz bestelakoa ere.

LABANDA(1)

Mikel Abrego + Okene Abrego + Xabier Olazabal ‘Drake’ = -Gailu. (Rosa Zozaya)

Bilboko udalak zirkulazioa kontrolatzeko dituen kamerekin Luis Andrék grabatu zituen irudi batzuei musika jartzeko eskatu zizunean izan zenuen -Gailu proiektua garatzeko aitzakia, duela hogei urte baina gehiago. Oraingoan zer izan da -Gailuren itzulera bultzatu duena?
Ez dakit. Egia esango dizut: ez genekien zein izen jarri proiektuari. Abestiak egiten hasiak geundela konturatu ginen geu izaten jarraitzen genuela. Okene kantuan, ni eta Drake, grabazioetan eta zuzenekoetan ere aritu baitzen baxuarekin bera ere. Gu ginen orduko bizkarrezurra. Berriro berdinak ginen, eta, beraz, -Gailu izenarekin jarraitzea erabaki genuen. Aitzakia, azken finean, geure artean berriz ere elkartzea izan da; lokalean entseatzea eta gure saltsan denbora pasatzea. Anarirekin izandako geldialdi bat, lana eta bestelako arrazoiak tarteko, lehengo urte hasieran konturatu ginen ia ez ginela batu ere egiten eta erabaki genuen elkarrekin egon nahi genuela. Lokalera joan eta saio haiek mugikorrarekin grabatzen genituen Drake eta biok, eta, pandemia iritsi zenean, material horrekin guztiarekin lan egiteko disziplina hartu nuen. Egunero hartzen nuen tarte bat eta maketatzen hasi nintzen etxean, grabatutakotik oinarri instrumentalari forma ematen. Gero Okeneri esan genion, bera pandemia garaiotan ere oso sortzaile aritu baita bere kanta eta letrak egiten. Bion lana uztartu genuen orduan.

Luis Andrék zugana jo zuenean, bazekien etxean musika sortzen aritzen zinela. Gerora ere horretarako ohiturarik izan duzu?
Ez. Disko hori atera zen eta zuzeneko batzuk egin genituen, ez dakit zenbat. Formatu ezberdina izan zuten: batzuetan Luis eta biok joaten ginen, Okene ere etortzen zen batzuetan… Kultur etxeetan eta halakoetan izan ziren horiek. Formato xumea izaten zuten, perkusioa eta sampler batzuk eramaten genituen, unearen arabera. Behin diskoa argitaratu zenean talde egonkorrago bat osatu genuen eta beste zenbait kontzertu gehiago ere eskaini genituen. Hori amaitutakoan, utzi egin nion musika horrela sortzeari. Tira, Inoren Ero Ni taldean nenbilenean, samplerrak sortu eta lantzeaz arduratzen nintzen, baina -Gailu hartako estilo eta metodologia horrekin jarraitu, hori ez dut gehiago egin.

Jende askok parte hartu zuen arren, zure proiektu pertsonala ere bazen -Gailu. Hala izaten jarraitzen du?
Entseatzeko lokalean sortu da berriz -Gailu eta gaur egun Drake, Okene eta hirurok osatzen dugu.

Hirurok aski ongi ezagutzen duzue elkar, noski. Elkarrekin lan horrenbestetan egin ondoren zerbait berria sortzea erraza da ala toki ezagunetara jotzeko arriskua dago?
Bai, badago arrisku hori, noski. Gu saiatu gara beste zerbait egiten. Saiatu, behintzat. Horregatik erabaki genuen gitarrak alboratzea; baxua eta bateriarekin soilik zerbait ezberdina egitea pentsatu genuen, orain arte erabili ditugun formula batzuetan ez erortzeko. Gero samplerrarekin gitarra batzuk ere txertatu ditugu, baina beste izaera bat dute, nolabait esateko. Baxuak eta bateriak disko osoan zehar pisu nabarmena dute. Okeneren ahotsak, nahi gabe bada ere, BAP!! edo Inoren Ero Ni-ra zaramatza, berdin Drakeren baxuak edo nire bateriak… Nire bateriak kamuflatuagoak daude, dena dela, makinekin sortutako erritmo eta sekuentzia ezberdinekin uztartuak daude eta.

Horren apustu, nolabait, minimalista egiteak eman dizue beldurrik? Ala “gutxiago gehiago da” leloa zuena egin nahi izan duzue?
Bai, hori da, nik beti sinetsi izan dut elementu horiekin bakarrik zerbait txukuna lortu genezakeela. Nik, adibidez, ikusten nituen Niña Coyote eta Chico Tornado, eta sekulako inbidia ematen zidaten. Haiei ere esan izan diet. Bi pertsonak bakarrik halako astakeria egitea, guk ez dakit halakorik lortuko dugun. Guk, gainera, orain hasi behar dugu horretarako prestatzen, alderantzizko prozesua jarraituko baitugu: estudiotik lokalera. Badaude zuzenekora nola eramango ditugun ez dakigun elementu batzuk. Kanta batzuk baxu, bateria eta ahotsarekin aski dute eta bere horretan funtzionatzen dute, baina beste batzuekin ikusteko dago nola egingo dugun.

“Baxua eta bateriarekin soilik zerbait ezberdina egitea pentsatu genuen. Horregatik erabaki genuen gitarrak alboratzea, orain arte erabili ditugun formula batzuetan ez erortzeko”

Balizko mugak gorabehera, diskoan aniztasun handia dago genero eta erritmo aldetik: hardcore bortitza, hip-hop oinarriak diruditenak, doinu dantzagarriak… Hori bilatzen saiatu zarete? Zuen buruari jarritako erronka izan da?
Erronka ez nuke esango. Kanta guztiak dira lokalean sortuak, etxetik aurrez ezer prestatu edo gehiegi pentsatu gabe joan dira sortzen. Gero bai, aniztasun horretaz konturatu gara, nahiz eta antzeko estiloa duten kantuak ere badauden. Hori bai, teknologiari dagokionez, erronka izan da zentzu batean. Esan dizudan moduan, urte mordoxka bat egin dut samplerrak eta halakoak alboratuta, eta eguneratu eta berriz ikasi behar izan dut. Martxel Arkarazoren laguntza ere behar izan dut azken ukitua emateko.

-Gailu zahar hura iluna zen, iradokitzailea. Haragitze berri hau ludikoagoa da, dibertigarriagoa.
Bai, bai, erabat. Alde handia dago. Dena den, garai hartan beste bost bat kanta sortu genituen, argitsuagoak zirenak. Igual hain justu diskorako aukeratu genituenak bideoarekin hobeto zihoazenak izan ziren, bideoa bera ere iluna baitzen. Bilbo agertzen zen, baina garai hartako Bilbo gris hura, Guggenheimgo obrak agertzen ziren…

Orain sortze prozesuak berak eragin du abestiak argitsuagoak izatea?
Bai. Drakek ere asko eman du oraingoan, bere baxuek beste poz bat dute zenbait kantatan.

Askok beti lotzen zaituzte BAP!!, Negu Gorriak, Inoren Ero Ni eta Anarirekin soilik, baina Parafünk, Javi P3z Orquesta, Trio Kempes eta bestelako proiektu “alaiagoetan” ere aritu izan zara. Nahiz eta oraingoa ez den berdina, erritmo horietan arakatu nahi zenuen?
Gauzak sortzen hasten naizenean horrantz jotzen dut, bai. Hor ikusten da agian nire erreferentziak eta eraginak zeintzuk diren: dantzarako musika, musika beltza, elektronika… Asko gustatzen zaizkit halakoak.

Baxua eta bateria aipatu ditugu baina ahotsarekin egindako lana ere agerikoa da, ezta? Vocoderra eta autotunea ere erabili dituzue. 
Baxua eta bateriaren oinarri horrek ahotsak txertatu eta lantzeko sekulako espazioa eta aukerak ematen dizkizu. Ahotsa tratatzen hasiz gero, sekulako rolloa eman ahal dio musikari. Ahotsarekin asko jolasteko aukera izan dugu eta niri hori asko gustatzen zait.

Efektuak, sintetizagailuak eta bestelakoak ere badaude. Estudioan txertatutakoak dira?
Ez, geure sesio horien gainean maketatzerakoan jada sartu nituen nik neuk gauza asko. Gero estudioan ere sekulako lana egin dugu, Martxel Arkarazok lan handia egin du zegoena moldatzen, bere ekarpena izugarria izan da.

Lehen ere aipatu duzu, baina musikak ezinbestean beste forma bat hartuko du zuzenekoetan, ezta? 
Bai. Oraindik ezin dizut esan, baina azken entseguetan konturatzen ari gara zenbait kantak era biluzian ongi funtzionatzen dutela. Beste zenbait abesti aztertzen ez gara hasi oraindik, baina batzuetan ez dugu erabiliko ez sampler, ez ezer: baxua eta bateria, gordin. Gu eroso egon gaitezen nahi dugu, baina askotan abestiek ez dute bestelakorik behar. Zuzenekoak prestatzen lana dugu oraindik egiteko, dena dela.

Sleaford Mods taldearen bertsio bat ere prestatu omen duzue.
Bai, grabatu egin genuen, gainera. Haiei bidaltzea lortu genuen, baina ez ziguten erantzun eta azkenean ez dugu diskoan sartu. Igual joko dugu zuzenean, letra ere euskaratu baikenuen. Haien proposamena ere super minimalista da.

Bai, horregatik aipatzen nuen. Ez dut uste haien mailara iritsiko zaretenik —ordenagailu batean erreproduzitzen dute musika eta horren gainean abestu —, baina freskotasun hori eta zuzen bezain eraginkorra izatea bilatuko duzue?
Bai, bai.

Talde ingeles haren benetakotasuna aipatzen da sarri, pretentsio handirik gabe, ingeles arrunten hizkuntza eta erreferentziak erabiltzen dituztela azpimarratuz. -Gailu berri honek ere badu hortik, baina zuenera ekarria: baserri giroa, hardcore garaiko erreferentziak, bertsoa, hitz-jokoak… 
Okeneren kontuak dira hori gehiago. Izan daiteke. Drakek ere badauka hortik, bertsoa eta abar… Urte berean jaioak dira biak eta oso lotura berezia dute elkarren artean.

“Gauzak sortzen hasten naizenean ikusten da agian nire erreferentziak eta eraginak zeintzuk diren: dantzarako musika, musika beltza, elektronika…”

Taldekide gazteena izan zara aritu zaren talde askotan: BAP!! Eta Negu Gorriaken, adibidez.
Bai, baina hori hasieran izan zen gehiago. Gerora ia… (barreak). BAP!! Taldean hamazazpi urterekin hasi nintzen eta hogeirekin Negu Gorriaken ari nintzen. Ondoren Sorkun, Oskar Benas eta beste hainbat sartu ziren eta horiek gazteagoak dira.

Gaur egungo euskal musikari gazteak nola ikusten dituzu? Jarraitzen duzu panorama?
Ba MusikaZuzenean saioagatik ezagutzen ditut asko. Baina izenekin geratzea asko kostatzen zait… lehen sekulako gaitasuna nuen horretarako, disko, abesti eta abarren izenak gogoratzeko, baina geroz eta gutxiago. Chill Mafiarekin flipatzen dut, adibidez, bonba bat iruditzen zait. Daukan lo-fi ukitu hori, duten jarrera, testuak… Trapa aipatzen da beti, baina oso anitza da haien proposamena.

Bogan dagoen urban edo kale-musika delako horren eraginak ere txertatu dituzue zuen diskoan. Musika egiteko modu berri eta interesgarriak dakartzala uste duzu?
Segun eta zein testu eta bideok atzera eragiten dit: diruaren gorazarreak eta nesken paperak, adibidez. Baina musikari dagokionez oso gauza interesgarriak eta produkzio itzelak ere entzun ditut. Ahotsaren trataerari dagokionez ere bai, niri beti gustatu izan zait efektuen erabilera. Reggaea entzutetik gentozela Dub-a ezagutzea ere itzela izan zen zentzu horretan, adibidez. Gauzak horrela eraldatzeak beti txunditu nau. Autotuneak ere hori gogoratzen dit: errealitatea eraldatzen du eta beste unibertso batetara narama. Niri oso interesgarria iruditzen zait gaitasun hori. Kritika asko dago, baina gitarra elektrikoa atera zenean ere antzera gertatuko zen, ziur aski.

ETIKETAK:-gailüAnariBap!!Chill MafiaInoren Ero NiMikel AbregoNegu GorriakNiña Coyote eta Chico TornadoOkene AbregoSorkunXabier Olazabal 'Drake'