2020.12.03
Xabat Ituarte (bateria eta koruak), Beñat Eizagirre (ahotsa eta gitarra) eta Unai Aretxabaleta (baxua eta koruak). Dena taldea osatzen dute aitatu hiru lagun ondarrutar gazteek. Ezer sentitzeko diskoa argitaratu zuten duela hilabete bi eta zuzenekoetan aurkezteko irrikitan dabiltza. Hurrengokoa, Dabadaba aretoan (Donostia) izango da Habi taldearekin batera, abenduaren 6an, Durangoko Azokaren egitarauaren baitan.
Nola sortu zenuten Dena?
Unai eta biok gelakideak izan gara ia bizitza osoan. Txikitatik gara lagun. Xabat eta bion gurasoak, aldiz, koadrilakoak dira eta gu ere betidanik ezagutzen gara. Hirurok gara musikazale amorratuak eta elkarrekin zer edo zer egin behar genuela erabaki genuen. Horrez gain, hirurok Ondarroako musika eskolan gabiltza eta han konbo berdinean hartzen genuen parte.
Musika eskolan sortu zenuten taldea orduan?
Bai eta ez. Musika eskolan zerbait egiten hasi ginen elkarrekin, baina hortik kanpo talde bezala sortzeko erabakia herrian egin zuten Txilixoka jaialdian hartu genuen. Jaialdi horretan herrian aktibo zeuden musika talde gehienek hartu zuten parte, eta guk ere taldea sortu behar genuela pentsatu genuen. Momentuko emozioa. Konboan, gainera, Unaik abestu egiten zuen. Gerora hasi zen baxuarekin.
Gazte-gazteak zarete. Musika zaletasuna nondik datorkizue?
Xabatena genetikoa dela esan dezakegu. Ia familia osoa da musikaria. Aita orkestra zuzendaria, eta osaba, besteak beste, Joxe Ripiau eta Sagarroi taldeetan ibilitakoa. Unairen aita musika eskolako gitarra maisua da eta nire gurasoak musika zale amorratuak dira eta txikitatik sartu didate musikarekiko maitasun hori. Eta gazteak, ba bai. Unaik eta nik 18 urte ditugu, eta Xabatek 15.
Elkarrekin jotako lehen akordeak musika eskolan izan zirela esan duzue. Eta hortik aurrera? Non hasi zineten entseatzen?
Musika eskolan bertan hasi ginen entseatzen bertakoak ginen eta. Hala eta ere, saltoa ematea erabaki genuen zerbait gehiago egin nahi genuen-eta. Hasieran, beste talde hasi berrien antzera bertsioak egiten hasi ginen, geroxeago gure abestiak sortzen hasi ginen eta azkenik disko hau prestatzen hasi ginen. 2018tik hona disko honekin egon gara. Gaur egun beste lokal batzuetan entseatzen dugu.
Zelan sortzen dituzue abestiak?
Lehenengo musikarekin hasten gara. Normalean Xabatek edo nik ideia bat eramaten dugu entsegu lokalera eta horrekin hasten gara. Jo ahala mila buelta ematen diogu ideia bakoitzari eta pixkanaka bidea hartzen du. Gero letrak sartzen hasten gara. Letrak nik idazten ditut.
Eta zerri abesten diozue?
Disko honetan, ez sentitzeari idatzi nahi genion. Apatia. Ezjakintasunean bizi gara eta ez digu axolarik. Badakigu gauzak horrela direla, baina ez dugu ezer egiten gauzak aldatzeko. Autokritika bat da. Diskoaren izenburua ere ildo horretatik doa. Anariren letrek asko lagundu didate nireak egiteko.
Mutrikun (Gipuzkoa) AME estudioetan grabatu duzue diskoa Axular Arizmendiekin udan. Zer nolako esperientzia izan da?
Oso ondo joan zen grabazioa. Etxetik gertu eta gainera etxe-etxekoa izan zen dena. Axular asko sartu zen grabazioan, motibatu egiten da eta, era horretan, diskoko parte bilakatzen da. Astebete egon ginen grabatzen eta beste astebete nahasketak egiten. Esperientzia polit-polita izan da.
“Planteatu ere ez genuen egin abesti solteak ateratzeko aukera. Diskoak entzuten ditugu. Osorik. Ez abesti solteak”
Diskoa autoekoizpena izan da eta argitaratzeko crowdfunding kanpaina bat ipini zenuten martxan. Zelan erantzun zuen jendeak?
Diskoa argitaratzeko talde berriontzako aukera bakarra dela esango nuke. Grabaziorako diskoa behar duzu, baina zelan atera dirua? Gaur egun, dirua zuzenekoetan atera daiteke, baina talde ezaguna ez bazara jendeak ez du sarrera bat erosten zu ikusteko. Eta dirurik ez baduzu ezin grabatu eta ezin ezagunago bihurtu. Dena lotuta dago. Erantzun oso ona eduki du kanpainak eta uste baino diru gehiago batu genuen. Diskoak eta kamisetak banatzen eman ditugu egun batzuk. Kostatu zaigu banatzea. Orain kontzertuetan erosi ahal izango da, Ondarroako hainbat tabernatan edota Gasteizko Vinylora dendan.
Argi zenuten diskoa grabatu nahi zenutela? Ez du hobeto funtzionatzen singleak banan-banan ateratzeak? Ez da gaur egungo joera hori?
Planteatu ere ez genuen egin abesti solteak ateratzeko aukera. Diskoak entzuten ditugu. Osorik. Ez abesti solteak. Gainera, gai baten inguruan abestu nahi genuen. Biniloa ez dugunean atera… (kar kar kar). Lotura bat dago kontzeptu baten inguruan. Zentzuzkoena zen. Dena batera doa. Hala ere, badago tendentzia kantu solteak ateratzeko. Agian horrela kontsumitzen du jendeak. Guk baina, nahiago egin dugun modura. Horrela kontsumitzen dugu-eta.
Diskoa argitaratu aurretik abesti bi igo zenituzten sarera. Bakoitza bere bideokliparekin. Garrantzitsua da irudia?
Audiobisuala ere asko gustatzen zaigu. Disko kontzeptuala denez, estetika bat mantendu nahi genuen. Azkenean abesti guztiek dute bideo txiki bat. Animazioak. Diskoa atera aurretik atera genituen bi bideoklipak promozio modura. Musikak entzuleak behar ditu, eta jendeak zu ezagutzeko zer edo zer egin behar denez aukera polita iruditu zitzaigun. Musikarekin batera landu beharreko zerbait da. Hala eta ere, ezin uka, gustura egin dugu asko gustatzen zaigu-eta.
Letretarako Anari aitatu duzue. Musikari dagokionez, diskoa entzundakoan Dut eta Berri Txarrak-en eragina sumatu dut? Ados?
Dut eta Berri Txarrak? Kar, kar, kar. Ados gaude, baina baita Lisabö ere. Kantak sortzeko moduan eragina izan dute duda barik. Talde gaztea gara, ez daukagu gure soinu propioa oraindik eta normala da eraginak izatea. Denborarekin gure soinua ateratzen ahaleginduko gara. Badago astia horretarako. Aitatu hiru taldeez gain, besteak beste, Deftones, Nothing eta O’Brother taldeen eragina ere badugu. Diskoaren ekoizpenerako ezin ahaztu Viva Belgrado.
Zuzenean diskoa aurkezteko gogoa duzuela esan duzue. Noiz hurrengoa? Eta zer eskaintzen duzue zuzenekoetan?
Asmoa kontzertu gehiago jotzea da, baina egongo da aukerarik? Zuzenekoak jo eta diskoari bere denbora eman nahi diogu. Abestiekin gozatu nahi dugu. Grabatutakoa zuzenekora eraman nahi dugu eta gero ikusiko da. Diskoko abestiak, aurretik grabatutako maketako abestiak eta bertsio bi jotzen ditugu zuzenean. Hurrengoa, Dabadaban (Donostia) joko dugu Habi taldearekin batera abenduaren 6an.