2015.10.19
Abizenetik asko du, talde bat izateraino. Sormena, ordea, ez du mugatua Iker Lauroba donostiarrak. Hainbat taldetako kide izatearekin batera, askabidea topatu du Zeru tolesgarria bakarkako lehen lanean. Gitarrarekin soilik ageri da azalean, eta horrela geratu da. Ordea, abestiak lagunez eta ñabardurez jantzi ditu. Berarekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Lan zaindua eta sentitua da Zeru tolesgarria. Zer jaso edo islatu nahi izan duzu bertan?
Hiru urte inguru igaro ditugu diskoa grabatzen, disko berezia egin nahi genuen eta lortu dugula uste dut. Abesti bakoitza indibidualki landu dugu, ekoizpen berezia emanez. Harkaitz Cano proiektu honetara batzeak ere berezia egiten zuen niretzat, eta merezitako mimo eta maitasun hori ematen saiatu gara.
Izenburuak zer gordetzen du bere baitan? Zein da bere esanahia?
“Patrikan bi sosez gain, komeni gauzen artean, larrialdi zerutxo bat tolestuta, laupabost doblatan edo, zer gerta ere…”. Hori dio Canok abestiaren letran, eta diskoaren izenbururako egokia iruditu zitzaigun. Norberak bere baitan eramaten duen laguntza dosi bat, behar duenerako. Diskoa hori izan da niretzat, atera beharreko zerbait, lagungarri izan zaidana musikalki nituen ezinegon batzuk askatzeko.
Biluztu egin zara musikalki, erritmo lauso zein melodikoen alde eginez. Bide propioa behar zuten kantu hauek?
Esan bezala, kantu bakoitza besteekiko independenteki landu dugu, eskatzen zuen instrumentazio eta estiloa aztertuz. Azkenaldian entzuten dudan musikak ere eragina izango du, eta estilo horietarantz naramate nire belarriek.
“Hiru urte inguru igaro ditugu diskoa grabatzen; disko berezia egin nahi genuen eta lortu dugula uste dut”
Lagunak bildu dituzu ondora. Ahotsean, esaterako. Zurea osatzeko, neska ahotsak?
Abestiak konposatzerako orduan neska baten ahotsaz lagunduta imajinatzen nituen horietariko asko. Fariba [Sheikhan], Leire [Berasaluze] eta Sarak [Azurza] ahots desberdin eta bereziak dituzte, hirurek nirekin abestu izan dute zuzenean, eta diskoan egotea nahi nuen.
Orkestrazioak, harizko zein haize musika tresnak, ñabardurak… Elementuekin aberasten saiatu zara zure proposamena?
Epeen soka lepoan izan ez dugunez, denbora eduki dugu kantak lasai lantzeko. Fredi Pelaez izan da soinu teknikaria, baino ez hori bakarrik, moldaketa guztiak berak idatzi ditu, eta ekoizpenaz arduratu da. Izugarri inplikatu da disko honetan, eta beti egongo natzaio horregatik eskertuta.
https://youtu.be/XmSzcOBi7p8
Popetik asko du lanak. Baina soul ezustekoren bat bada (“Azken trago bat”), americana delakorik ere (“Jolas parke hutsa”)… Ezin gauza bakarrera mugatu?
“Azken trago bat” abestiak Freditik asko du, berak horrela irudikatzen zuen hasieratik, eta egia esan oso gustura nago emaitzarekin. “Jolas parke hutsa”, aldiz, Beñat Barandiaranek grabatu zuen lap steel gitarrarekin, eta horrek americana toke ederra ematen zion, gainerako instrumentazioa horren arabera egin genuen. Canok esan zidanez, Igeldoko jolas parkea buruan egin zuen maketako abestiaren letra. Emaitza ikusita “Kaliforniako jolasparkea dirudi udaberrian” esan zidan.
“Fredi Pelaez izugarri inplikatu da diskoan, moldaketak idatzi eta ekoizpenaz arduratu da. Beti egongo natzaio eskertuta”
Leonard Cohen ere gonbidatu duzu? “Lagunen mina” abestia entzunez gero, hala dirudi.
Cohen asko gustatzen zait, Benito Lertxundi ere bai. Burutik pasa zitzaidan abesti honetarako kolaborazioa eskatzea, Benitori.
Ekoizpen zinez zaindua du diskoak. Zeinen laguntzarekin eman diozu forma?
Fredi Pelaezen eskua nabari da disko osoan. Beñat Barandiaranek ere izugarrizko lana egin du gitarra nagusi diren kantetan… Hala ere, parte hartu duten denek utzi dute beraien ekarpena.
Soinura mugatu beharrean, estalki berezia jarri diozu. Edizio fisikoak kantu bakoitzaren afixak dakartza, marrazkiz ilustratuta. Lana borobiltzeko asmoz egina?
Kapritxoa izan da arlo guztietan. Horrelako ekoizpen musikala, Harkaitzen letrekin, merezi zuen estalki berezia izatea. Priscila Arandigaren ilustrazio bana dakar kanta bakoitzak, berari iradokitzen ziona marraztu zuen. Laura Lizuma arduratu da guztia borobiltzeaz.
Lauroba taldearekin alderatuta, zein ezberdintasun ikusten dituzu bakarkako lan honetan?
Kontraesana badirudi ere Laurobaren diskoetan gehiena izaten dut kontrolpean. Disko honetan musikari askok hartu dute parte, maila handiko musikariak denak, eta ekarpena anitzagoa izan da. Estilo aldetik ere erritmo lasaiagoko diskoa da hau, folketik gertu dago; Laurobak aldiz, gehiago du elektrikotik.
Emari askoko musikaria izanik, modu askotara moldatzen zara. Lauroba aipatuta, Charlie & The Colours eta Tajon Prieto y los Kuajolotes taldeetan ere bazabiltza. Abentura ezberdinetan sartzea beharra edo nahia da?
Beste leku batzuetatik antzematen ez dudan balorazioa sentitzen dut hainbat musikariren aldetik. Charlie Atkey edo Tristan Crowley bezalako musikariek beraiekin jotzeko eskatu zidaten, eta musikalki miresten ditut biak. Tajon Prietorekin jotzea abentura berri bat da beti. Musikalki ez da gehien betetzen nauen estiloa, baino jende zoragarria dabil bertan.
Aurrera begira, egitasmo bakoitzari zenbat denbora eskaini nahi dio Iker Laurobak?
Bateragarriak dira guztiak. Euskal Herrian zaila dago kontzertuen asuntoa, estilo jakin batzuetan batez ere, beraz agenda arazo gehiegirik ez dut izaten.