Elkarrizketa

Jon Urzelai

2021.09.28

Jon Urzelai

“Ez naiz sekula oso muturrekoa izan, ezta oso purista ere”

Elkarrizketa: Eneko Balzategi

Eneko Balzategi (Bergara, 1981) ez da hasiberria musika elektronikoaren munduan. 2000ko hamarkadan ohikoa zen bere Ene! ezizena Debagoiena aldeko afitxetan topatzea, sarri aritzen baitzen diskoak jartzen Kogollo Party Crew kolektiboarekin bailarako zenbait taberna eta aretotan antolatzen zituzten jaietan eta antzekoetan. Lagun baten erritmo kutxa batekin jolasean aritua zen ordurako, eta esperientzia hartatik tiraka izengoiti berarekin musika propioa ekoizten hasi zen gero. Gogoan du, adibidez, nola 2004an eman zuen bere lehenengo zuzenekoa, mahaiko ordenagailu baten bitartez.

Urrun geratu dira jada garai horiek, ordea, eta ez gara anekdota zerrenda nostalgiaz errepasatzeko elkartu Balzategirekin. Bartzelonan bizi da aspaldian, eta musika sortzen aritzen da batez ere gaur egun, jarraitutasunez pintxatzeari utzita. Hainbat EP eta abesti sortu izan ditu urte hauetan guztietan zehar, baina garai bereziki emankorra bizitzen ari da orain, hiru EP argitaratu baititu azken bi urteotan: Proceed (2020), Parasitic Fungi (2020) eta Besteon kontuak (2021). Denak ere bere jaioterriko Haus of Beats zigiluaren eskutik etorri diren arren, lehena Proceed izengoitiarekin argitaratu zuen, bigarrenerako Odøn erabiltzea izan zuen nahiago eta azkena Phatal izenpean kaleratu berri du. Beti musika elektronikoaren mugen barnean aritu den arren, askotarikoa da bere musika, estilo eta korronte ezberdinetan saltoka aritzeko gogoaren ondorio.

image_6483441

Eneko Balzategi edo Ene!, Proceed, Odøn, Phatal…

Ene!, Odøn, Phatal, Proceed… zertarako horrenbeste izen?
Estiloak ezberdintzeko eta ez aspertzeko, pixka bat. Ene! moduan hasi nintzenean house eta disco doinuak hasi nintzen lantzen, baina electro edo UK garage aldera jotzen zuten abestiak ere banituen. Alderdi horiek bereizteko dira izenak, azken finean. Betidanik gustatu izan zait denetarik entzutea eta sortzea, eta ea estilo konkretu ezberdinetako doinuak egiteko gai izango ote nintzen galdetu izan diot neure buruari. Ikertzen hasten naiz horrelakoetan. Drum and bass generoa, adibidez, betidanik gustatu izan zait baina sekula ez dut jakin halakorik egiten. Azken urte honetan arakatzen aritu naiz, kolpeen eta abarren ezaugarriak ikasten, eta tira, lortu dut nahi nuena sortzea. Era berean, material oso ezberdina neukala jabetu nintzen, dena elektronika izanagatik estiloz oso anitza zena, eta pixka bat bereiztea ere bazen asmoa. Eta ez aspertzea, esan bezala.

Dena den, Ene! gisa ere askotariko doinuak kaleratu izan dituzu.
Bai, egia da. Nire lehen EPan (Remedios naturales, 2009) dub tankerako abesti bat dago, beste batek hip-hop aldera jotzen du, bestea minimalistagoa da… Gehienbat house zen, baina denetik zegoen, bai. Egia da, dena den, doinu, nolabait, suabeagoak edo izan direla. Doinu elektronikoagoak edo sartzen hasi nintzenean sortu zen Odøn. 2016an kaleratu nuen lehen EP-a (Más allá de Orion). Urteetako eboluzio bat izan da guztia, soinu eta erritmo batzuk lortzeko nahiak eta kuriositateak gidatutako prozesu bat.

Odøn-ek egiten duena acid gisa deskribatu du Haus of Beats zure zigiluak Parasitic Fungi azken EPan.
Egia da EP berria osatzen duten lau kantak oso ezberdinak direla baina badago giro azido konstante bat, Roland-TB 303 gailuarekin egindakoa. Acid lerro horiek dira, agian, abestiek komunean dutena.

Proceed, aldiz, elkarlan bat da: Ivy Barkakati-rekin batera aritzen zara bertan.
Bai, berak ahotsaz gain, sintetizagailu batzuk ere sartzen ditu. Laguna dut eta Bartzelonan bizi da bera ere aspalditik. Doinu experimentalagoetan aritu izan da. Bion artean ea zerbait sor genezakeen ikusi nahi genuen, urtetan aritu gara hortaz hitz egiten eta duela bizpahiru urte elkartu eta lanean jarri ginen. Hortik sortu zen kaleratu genuen EPa.

Egin izan duzuna baina ilunxeagoa da, agian.
Bai. Odøn gisa ere baditut gauza ilunak, baina bai. Ez dakit zergatik jo genuen hortik, hor topatu genuen bidea eta aurrera egin genuen. Ez zen aurrez zehaztutako erabaki bat izan, bion lanak batzerakoan hori da atera izan zaiguna.

Abestiak sortzerakoan badakizu zein proiektutarako ari zaren konposatzen?
Puff, askotan zerbait egiteko asmoa izaten dut buruan baina lanean jarritakoan sarri iristen da momentu bat, non, ez dakit oso ongi zergatik, beste aldera jotzen duen kantuak. Batzuetan bai lortzen dudala hasierako ideia bukatzea baina beste zenbaitetan hasierako asmotik asko aldentzen da azken emaitza.

Oraindik beste ezizen bat sor daitekeela, alegia.
Bai, zergatik ez (barreak). Dena den, nahiko espektro zabala betetzen dut jada. Momentuz hiru izengoiti berriekin nahikoa dudala uste dut.

“Zerbait ona izan behar zuen etxean egoteak! Normalean lanpetuta egoten naiz eta etxean horrenbeste denbora pasa behar izanak hori ekarri du, musika sortzeko astia izan dudala”

Halere, eta Phatal-ez hitz egiten hasi aurretik, uste duzu badagoela zure musikan konstantea den ezaugarririk? Edozein genero lantzen ari zarela ere, posible dela konturatzea atzean dagoena Eneko dela?
Egia da neu ez naizela oso kontziente, baina Phatal lehen aldiz entzun zuenean, adibidez, lagun batek zera esan zidan: hostia, Ene! da, baina jungle egiten. Esan bezala, ez naiz oso kontziente, baina, itxuraz, zerbait komunean badute proiektu guztiek. Doinuak lantzeko modua, estrukturak… izan daiteke.

Kutsu espazial bat agian?
Odøn eta Phatal-en agian, baina Ene! ez dakit… Izan daiteke.

Beste elementu bat ere okurritzen zait niri: oreka. Introspekzioaren eta dantzaren artean, adibidez.
Bai, hori izan daiteke. Hasieran Ene! oso emozionala izan zitekeen, nolabait esateko. House izan arren ez da oso alaia. Malenkonia kutsu bat mantentzen dudala uste dut. Ez naiz sekula oso muturrekoa izan, ezta oso purista ere. Berdin egiteko moduekin: dena sintetizagailu analogikoekin egin beharra eta halakorik ez dut inoiz izan, ditudan baliabideekin aritzen naiz.

Zentzu horretan, nola egiten duzu, sintetizagailu analogikoak, ordenagailua, denetik uztartzen duzu?
Esandakoa, ez naiz oso frikia kontu horiekin. Ez daukat pazientzia handirik, gainera: oso azkar pasatzen naiz ordenagailura. Sintetizagailu analogikoekin hasten naiz agian, baina segituan editatzen dut ordenagailuan, askoz ere azkarrago aritzen bainaiz bertan. Gehienetan horrela gertatzen da, nahiz eta bestela sortutako kanturik ere badagoen.

Phatal izan da iristen azkena. Hemen bai murgildu zarela zure unibertsoan berriak diren doinuetan, ezta?
Pandemian sortu zen Phatal. Ivy Barkakatik badu beste proiektu bat Phran izeneko lagun venezuelatar batekin, IVAN deitzen dena, eta remix bat egiteko eskatu zidaten. Pandemia bete-betean geunden, etxean gordeta, eta horregatik jarri nion Phatal, horrela baikeunden, fatal. UK garage aldera jo nuen orduan eta berdin egin nuen DJ Bruce Lee lagunak eskatu zidan beste batekin ere. Ingalaterra aldeko doinuak zirenez, ildo horretakoak izen horrekin argitaratzea pentsatu nuen. Jungle eta drum and bass estilokoak sortu ditut gero eta zaku berean bukatu dute. Ez dakit oso koherentea den, baina hor daude.

Fatal egongo zinen, baina produktibo ere bai, ala?
Bai, zerbait ona izan behar zuen etxean egoteak! Normalean lanpetuta egoten naiz eta etxean horrenbeste denbora pasa behar izanak hori ekarri du, musika sortzeko astia izan dudala. Phatal eta Odøn-en EP-ak covid garaiotan sortuak dira goitik behera. Haus of Beats-eko lagunei bidali nizkien abestiak, gustatu zitzaizkien eta hilabete gutxiren buruan kalean zeuden jada.

Haus of Beats aipatu duzu. Zure lehen erreferentzia Workhorse netlabel bilbotarraren bidez kaleratu zenuen, gero zigilu ezberdin askotan argitaratu izan duzu eta orain berriz itzuli zara, nolabait, etxera.
Sakon EPa (2011) Melodram Records-ekin argitaratu nuen eta ni zigiluaren parte ere banintzen. Ukrainako zigilu batean ere argitaratu nituen abesti pare bat, baina hori ere guk bertako arduradunari lehenago publikatu geniolako izan zen, eta harreman horren ondorio, azken batean. Bira asko eman arren, beti jokatu dut etxean. Fiakun Gernikako lagunekin ere argitaratu izan dut eta Bartzelonako beste zenbait zigilu ere hemen ezagututako lagunenak izan dira.

Oso modu kolektiboan bizi izan duzu guztia, ezta? Banatzeko eta musika bizitzeko moduari dagokionez, behintzat.
Ba egia esan bai, baina gero elektronikak hori dauka: musika egiten dudanean bakar-bakarrik nagoela etxean. Etxean bakarrik sortu bai, baina gero pistan jende asko dago. Bartzelonan g108colectivo delakoa ere sortu genuen, adibidez; hiru musikarik, bisualak egiten zituen lagun batek eta diseinu grafikoaz arduratzen zen beste batek osatzen genuen. Jaiak antolatzen genituen taberna batean eta astero zuzeneko bat ekartzen genuen. Elkargune bat sortu genuen eta oso aberasgarria izan zen niretzat.

Bartzelonan zaudenez, ez dakit zein den kanpotik duzun ikuspegia, baina Euskal Herrian azken urteotan klub kultura eta elektronikak presentzia irabazi duela esango nuke. Hor daude Haus of Beats eta Sateliteak bezalako irratsaioak, besteak beste.
Egia da agian gehiago normalizatu dela, baina guk Kogollo Party Crew sortu genuen 2000ko hamarkadaren hasieran eta lehen aipatu dugun Workhorse netlabelekoek ere bazuten beste kolektibo bat… Lehen ere bazegoen sare bat. Agian ez zen horren nabarmena, baina, egon, bazegoen. Bergarako Jam aretoan aspalditik entzun genituen elektronika taldeak eta jaiak, adibidez. Orain normalizatu egin da gehiago, agian. Onarpen soziala irabazi du. 90eko hamarkadan diskoteka asko zeuden, gainera, zirkuitu handi bat zegoen.

Orain baina handiagoa, agian.
Hori esatera nindoan, bai. Lehen aste bukaera oro zeuden jai nahiko handiak, artista internazionalarekin. Hasieran jendea oso itxia zen musika honi dagokionez, halere. Lehen aldiz Bergarako gaztetxean halako jai bat egitea proposatu genuenean ez genuen inongo onarpenik jaso, erakarriko omen genuen publikoa zela eta. Aurreiritzi asko zegoen.

Zeure musika propioa sortzeaz gainera, remix-ak ere egin izan dituzu. Dela lagunen kantuenak, abesti ezagunenak edo elektronikatik aldentzen diren euskal artistenak ere: Anari, Bap! edo Itoiz taldeenak, esaterako.
Bai, komentatzen nizuna, beti entzun izan dut musika ezberdin asko. Anari aipatu duzunez, hain justu lehen egon naiz gogoratzen Arrasateko 360 aretoan pintxatzen genuen batean, nola aurretik Anarik jo zuen eta ni abesti guztiak kantatzen aritu nintzen, buruz bainekizkien. Kontua da baten bat etorri zitzaidala galdezka: baina zuri Anari gustatzen zaizu? Ez naiz sekula batere purista izan. Ez zait egunero makarroiak bazkaltzea gustatzen, ulertzen?

Aurrera begira jarrita, badaukazu beste erronkarik genero edo estilo berriei dagokionez?
Bai, badaukat zerbait. Telmo Trenorrekin batu nintzen eta dub-reggae abesti bat sortu genuen, adibidez. Ez dugu denborarik izan elkartu eta gauza gehiago egiteko, baina buruan badaukagu zerbait egitea, bai. Ea posible den. Halere, esan dizut lehen ere, ez ditut gauzak oso itxita izaten eta musika egiten jartzen naizenean batek daki zer aterako den.

Ene!-ren Sakon EPan El_Txef_A-ren remix bat agertzen zen. Orain Aitor Etxeberria gisa kaleratzen ditu lanak gernikarrak. Zuk uste inoiz Eneko Balzategik sinatuko duela zure lanik?
Puf, hori beste maila bat da! (barreak). Beste estilo bat da orain egiten ari dena. Itzela iruditzen zait, orain gutxi ikusi nuen bere bandarekin eta ederra izan zen. Baina ez, ez dut uste horretara sekula iritsiko naizenik. Hobeto nago ezizen ezberdinen atzean!

ETIKETAK:Aitor EtxebarriaAnariBap!!ElektronikaEneko BalzategiHaus of BeatssItoizOdønPhatalProceedTelmo Trenor