Elkarrizketa

Leire Palacios

2017.06.22

Leire Palacios

“Ez gara ginen hori; horregatik ez dugu jarraituko”

Elkarrizketa: Miren Narbaiza eta Ander Mujika (Napoka Iria)

Donostiako Antigua auzoko frontoian jolasean ari dira umeak. Martxan dagoen grabagailuak Miren Narbaiza eta Ander Mujikaren erantzun lasaiak biltzen ditu. Elkarrekin ahots bat osatzen dute. Zaintza keinuak, begirada konplizeak, irribarreak eta lasaitasuna dira elkarren artean nagusi. Hamabi urteetako ibilbidea egin ondoren, azkenengo kontzertua eskaintzea erabaki dute. Eibarko Koliseo antzokian izango da, uztailaren 7an. Entseguak hasi berri dituzte, kantuak atzera deskubritzeko tenorea da. Izan denaren esentzia bizirik mantenduko duelako agur diosku Napoka Iriak.

7550315

Ander Mujika eta Miren Narbaiza, Napoka Iriako kideak. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

Noiz hartu zenuten ez bueltatzeko erabakia?
ANDER MUJIKA: Orain dela bizpahiru hilabete edo? [Mireni begira]
MIREN NARBAIZA: Gehiago, ez? Iaz.
A.M.: Ez.
M.N.: Ez?
A.M.: Urtarrilean Bonbereneako bildumarako [Aspalditik gatoz, urrutira goaz] kantu bat prestatzen ari ginen.
M.N.: Orduan bidali genuen mezu bat, egia.

Zer dago mezu horren bueltan?
A.M.: Bonberenea Ekintzak zigiluan argitaratu dugun taldeoi bilduma batean parte hartzeko gonbidapena egin ziguten. Bertsioak eta kantu orijinalak egiteko gonbidapena zen. Proposamena jaso eta bi urteko etenaren ostean berriz entseatzea erabaki genuen. Entsegu batzuk egin genituen eta, kantu berria prestatzen hasi ginenean, konturatu ginen ez zuela funtzionatzen, edo ez geundela guztiz gustura.

Ea ulertu dugun: bi urte atzera Napoka Iriak atseden hartzen du. Hartzen duen arnas horren indarrak atea irekia utzi eta nekea eramango ote duen zalantza duzue. Elkarrengandik gertu jarraitzen duzue eta bakoitzak bere bidea egiten du. Berriz ere sortzeko elkartzen zaretenean, elkarrekin sortzen duzuena ez da dagoeneko Napoka Iria, eta behin betiko uzteko erabakia hartu duzue, ez ordea, azken kontzertua eman barik.
A.M.: Bai, horixe bera da gertatu dena.
M.N.: Hain zuzen ere. Hasiera batean atsedena behar genuen. Kontuan izan behar da azken diskoarekin bizi genuena. Asko zabaldu zen diskoa, eta ondorioz, askoz gehiago jotzen hasi ginen, askoz agenda beteagoa eduki genuen eta komunikabideen aldetik arreta asko handitu zen. Horrek denak kristoren mugimendua ekarri zigun. Geratu gabe ibili ginen.
A.M.: Horretara dedikatzen ginen.
M.N.: Bai, ordurako musikara dedikatzen ginen eta erritmo horren ondorioz atsedena hartu behar izan genuen. Hortik etorri zen geldialdia, kontzienteki esan baikenuen: goazen gelditzera apur bat. Bi urteren ondoren, Bonberenearen proposamen horren harira, «zer, berriz ere jotzen hasiko gara?» esan genion elkarri. Egia esan, elkarrekin jotzeko gogoa geneukan.

Zertaz nekatu zineten?
A.M.: Uste dut, batez ere, guk geure buruari jarritako presioak nekatu gintuela. Profesionalki musikara dedikatzen hasi ginen Napokarekin. Lan pila bat egiten genuen. Agian gehiegi. Hainbeste sartu ginen horretan zentzu askotan nekatu ginela. Ez? [Mireni begiratu dio]. Errepideak ere nekatzen du…
M.N.: Bai. Ez geneukan beste proiekturik, hori ere egia da. Orain ikusita beste gauza batzuetan ere bagabiltzala, badakigu nola eskertzen den leku batean burua topera eduki eta aldatzea, berriz ere gogo biziz heltzeko aurrekoari. Uste dut Anderrek arrazoia daukala, bakarrik horretara egoteak nekatu egin gintuela. Orain badakigu zer den hori, eta adibidez, nik neuk garai hartan baino erritmo biziagoa badaramat ere, formula bestelakoa da eta esperientzia ere bai.

“Guk geure buruari jarritako presioak nekatu gintuen. Profesionalki musikara dedikatzen hasi ginen Napokarekin. Lan pila egiten genuen. Agian gehiegi”

Tumatxak telebista saioak bultzada eman zizuela esaten dutenekin bat zatozte?
M.N.: Aurretik Napoka Iria ezagutzen ez zutenen aldetik agian bai. Batez ere, Euskal Telebistan ez dagoelako musikari eskainitako saiorik. Tumatxak saioa bera izan zen notizia. Atzera begirakoa egiten bazuten ere, bertsioen bidez tartea eskaintzen zioten berritasunari. Momentu freskoa zen eta hor ginen Joseba Irazoki eta gu. Musikazale pila bat hasi ziren saioa ikusten eta musikazaleak ez zirenak baita ere, ez baitzen etxetik mugitzeko beharrik kulturaz, eta kasu honetan, musikaz gozatu ahal izateko. Agian beste modu batera heltzeko modurik ez geneukan jendearengana heldu ginen, hau da, etxean dagoen publikoarengana.
A.M.: Programak ez zigun bultzada eman guk ordura arte egindako lan batekin. Ez zen publizitatea ipintzea bezala. Oso kreatiboa zen lan egiteko aukera interesgarria eman ziguten, eta hori zen bertsio batzuk egitea. Guretzako lan berri bat sortzea bezalakoa izan zen. Hamar edo hamabi kanturen bertsioak prestatu genituen.
M.N.: Ez zigun inolako mugarik jarri inork.

Asetasun puntu horretara heldu bitartean hamar urteko ikasketa prozesua egin duzue. Atzera begira jarriz gero, zein da Napoka Iriaz burura datorkizuen lehen oroitzapena?
M.N.: Zaila da.
A.M.: Ez da zaila, oso zaila da!
[Denbora hartu dute pentsatzeko]
M.N.: Niretzat, pertsonalki, uste dut oraindik oso goiz dela ikusteko. Distantzia askoz handiagoa behar dut. Nik neuk erabaki bat hartzen dudanean, lehenengo buruan daukat eta ondoren gorputzera iristen zait, baina denbora luze baten ondoren gertatzen da. Orain gauza pila bat ditut buruan. Atzera begiratzen dut eta hor daude pila bat bizipen, pila bat jende, pila bat leku, pila bat sentimendu, denetarikoak, baina denaren gainetik Ander dago beti. Niretzako Napoka Iria Ander da. Ander ezagutu dut eta biok hazi egin gara.
A.M.: Zentzu askotan hazi gara. [elkarri begiratu diote]
M.N.: Bai, patuak elkartu gintuen eta… Niretzako da Ander eta Anderrekin bizi izan ditudan gauza horiek guztiak. Denbora batera agian beste zerbait izango dut buruan, baina, orain, Ander da. Oso goiz da, oraindik ere asimilatzen ari garela uste dut.
A.M.: Gauza batekin ezin naiz geratu, baina, orokorrean, elkarrekin pasa duguna etortzen zait burura, zenbat barre egin dugun. Momentu bakarra aukeratu ezin daitekeen arren, gogoratzen dut Bilboko pisuko sukalde txiki-txiki hartan egoten ginenean ardo botila batekin, orduak eta orduak jotzen. Elkarrekin eta gustura. Agian, sentimendu hori izan zen Napokaren hazia. Hasieratik, musikalki eta pertsonalki, kimika handia izan genuen. Oso ondo ulertzen genuen elkar, zentzu guztietan, eta ulertzen dugu elkar.
M.N.: Hamazazpi urterekin geneukan egarriarekin, zure arima bikia topatzea handia da.

Nola ezagutu zenuten elkar?
A.M.: Ikaragarria da jotzen hasi aurretik zenbat ordu pasatzen genituen elkarrekin.
M.N.: Ezagutu ginen eta oraindik ez genuen musikalki ezer konpartitu. Tira, entsegu bat agian… Ondoren, berriz ere elkartu ginen hurrengo asteburuan Elgoibarren. Sasoi horretan Eibarkoak eta ingurukoak Elgoibarrera joaten ginen larunbatetan, eta bakoitza bere lagunekin joan arren, han elkartzen ginen eta hizketan hasten ginen luze, orduak igual! Horrek eraman zuen kantu batzuk genituela elkarri esatera…

Solasaldi luze horietatik gaur egun arte maketa bat, bi disko eta hainbat kolaborazio egin dituzue. Zein izan da batetik bestera sormen prozesuak izan duen bilakaera?
A.M.: Asko aldatu da. Hasieran oso modu espontaneoan sortzen genuen. Zuzenean grabatzen genuen.
M.N.: Estudioan baina zuzenean.
A.M.: Horren emaitza izan daiteke Lehertarazi edifizioak. Zuzenean jotzen genuena diskora eraman nahi genuen. Hau da, kantuekin, oso modu naturalean, zuzenean bizi genuena grabatu eta diskoa sortu nahi genuen. Horrela egin genuen Lehertarazi edifizioak baina ez ginen oso-oso gustura geratu. Gero kontrako muturrera joan ginen: estudioan sartu ginen pila bat denboraz. Orduan diskoa landu genuen oinarritik. Kantu guztiak landu genituen. Aurrekoaren kontrako ikuspuntutik sortu genuen Arnasten ikasteko berriz bigarren diskoa.

Zergatik ez zineten gustura geratu?
M.N.: Nik uste dut, nahiz eta asmoa argia zen, zuzenekoetako arima edo giro hori diskoan biltzea, ez zela heldu zuzeneko diskoa izatera. Eskerrak biok sentsazio berdina daukagun! Ezin dugu asko entzun disko hori, kantuak gustatzen zaizkigun arren egiteko moduarekin zalantza dugulako.
A.M.: Maketan bai asmatu genuen: bi toma egin eta listo. Oso pozik geratu ginen. Gerora zuzeneko taldea ginela esaten genuen, gure naturaren esentzia zuzenekoetan zegoelako. Hori nahi izan genuen diskoan bildu. Ideia bezala oso ondo zegoen baina ez genuen oso ondo asmatu egiterako orduan.

Arnasten ikasteko berriz diskoaren grabazio prozesuan kontrako muturrera joan zinetela esan duzue.
M.N.: Denbora hartu nahi izan genuen diskoa lasai egiteko. Estudioko disko bat nahi genuen egin. Ez genion aurrekoari uko egin nahi, baina onartu nahi genuen aurretik gertatutakoa. Ikasi genuen estudioak bere baliabideak dituela eta horiekin lan egin nahi genuen.
A.M.: Ibai Gogortzak (Borrokan) asko lagundu zigun disko horretan. Oso perfekzionista da Ibai eta estudioko gauzak asko lantzekoa. Ibairekin hamaika buelta eman genizkien kantuei.

Ez zenituzten kantuak itxita estudioan sartu zinetenean?
M.N.: Ez, ez, ez, pila bat aldatu ziren.
A.M.: Erabateko estudioko lana egin genuen: bueltak eman, aldaketak egin… Oso pozik geratu ginen emaitzarekin. Zuzenekoetan beste modu batera eman genuen. Nik segitzen dut pentsatzen zuzenekoetan daukagula, edo eduki dugula, indar hori guztia, baina ni lan horrekin oso gustura geratu nintzen.

Bigarren diskoa taularatzeko Napoka Band sortu zenuten, Willis Drummond eta Andrakan taldeetako hainbat kiderekin.
M.N.: Oso modu naturalean sortu genuen Napoka Band.
A.M.: Esperimentatzeko geneukan gogotik jaio zen.
M.N.: Ez daukat oso argi nola sortu zen. Akordatzen naiz Fortunekin hitz egin genuela… Fortun [Iñaki Gonzalez, diseinatzailea, SextySexers taldeko kide ohia] Napoka Iriako beste kide bat izan da, beste hainbat bezala.
A.M.: Fortunek beti lagundu izan digu asko. Bidasoa Burning antolatzen zuen eta musutruk lotzen zituen hainbat kontzertu. Beti egon da hor, laguntzen.
M.N.: Fortunek ireki zigun Bidasoako atea eta orain ez gara handik irteten.

“Magia sortzeko konplizitate minimoa egon behar da. Adibidez, nola sentitu zaren esateko. Musikan esaten ez diren gauza horiek, hain justu”

Napoka Bandek, beraz, Bidasoa aldeko musikariekin harremana zabaldu zizuen.
M.N.: Bai, erabat. Baita Iparraldekoekin ere.
A.M.: Gogoratzen naiz entseatzera Willis Drummonden etxera joaten ginela, Larrondoara. Larunbatak han pasatzen genituen. Egun pasa egiten genuen. Beraiekin gauzak beste modu batera egiteko ohitura ikasi genuen.
M.N.: Disziplina bat ikasi genuen, gerora guk ere aplikatu genuena. Baina ordura arte nahiko askeak ginen. Edozein lekutan eta edozein ordutan elkartzen ginen eta listo. Willisekoek, elkarrekin bizi zirenez, beste erritmo bat zeukaten: kafea hartu, anpliaren gainean jarri eta pila bat ordu ematen zituzten lanean. Beste jende batekin lan egiten ikasi genuen ere.
A.M.: Taldean mugitzen ikasi genuen eta bagenuen horretarako gogoa.

Zergatik ez zuen iraun proiektu horrek?
M.N.: Hasieratik argi geneukan elkarrekin bost kontzertu egiteko elkartuko ginela. Inork ez zuen urrunago joan nahi.
A.M.: Nik uste dut gure formatuarekin esperimentatu badugu ere, beti izan dugula argi Napoka bion arteko proiektua zela.

Nolakoa izan da Napoka Iriarekin zerikusirik ez zuten proiektuetan elkarrekin oholtza konpartitzea? Esate baterako, Joseba B. Lenoir Gang, Ardoa eta Odola…
M.N.: Kristoren ikasketa. Oso polita izan da. Nik neuk, behintzat, aliatu bat daukat beti. Gang-en, adibidez, ingurukoek agian ez baina zuk badakizu zure ondokoa nola dagoen eta nola pentsatzen duen. Beste giro batean zure lagun batekin egotea bezalakoa da. Niretzako lasaitasuna da Ander ni nagoen lekuetan egotea. Konfiantza maila desberdinak izaten dira lagun artean, eta guztiekin ondo moldatzen banaiz ere, Ander beti izaten da gainetik.

Hain zuzen, Miren, zuk esan izan duzu noizbait taldeak familiak bezalakoak direla edo izan beharko luketela.
M.N.: Izan beharko lukete, eta ez badira, edo zu ez bazara familiako kide bat bezala sentitzen, hobe duzu hori uztea. Batez ere, denbora asko pasa behar duzulako leku horretan…
A.M.: Ez bakarrik denbora… musika egiteko behar duzulako konplizitate maila handia. Nik uste dut musikak funtzionatu ahal izateko, hau da, zuzenekoetan energia berezi hori lortzeko, gertutasun sentimendua egon behar dela. Horretarako familia bat izan behar duzu.
M.N.: Magia sortzeko konplizitate minimoa egon behar da. Adibidez, nola sentitu zaren esateko. Musikan esaten ez diren gauza horiek? Bada, horiek hain justu. Beharrezkoa da elkar zaindu.

Aurrerantzean ere «familia» proiektuetan elkarrekin ikusiko zaituztegu?
M.N.: Ez dakigu, horri ez diogu atea ixten.
A.M.: Suertatuko balitz, noski.
M.N.: Jende askok galdetu digu ea behin betiko utziko dugun. Nahikoa lana eduki dugu itxiko dugula erabakitzeko, beraz, beste zerbaitetan pentsatu aurretik utz iezaguzue atea ixten.

Agian, sentimenduak baretzen utzi behar zaituztegu. Izan ere, bidali zenuten agur mezuan karga emozional handiko hitzak ziren.
M.N.: Bai, zalantzarik gabe. Pentsatu hamar urte baino gehiago direla elkarrekin.
A.M.: Denbora baino gehiago, agian, intentsitatea izan da. Oso sentsibleak gara eta gauzak barru-barrutik bizitzekoak gara.
M.N.: Nik eduki dudan sentsazioa izan da… “listo, pasa da”.
A.M.: Zalantzarik gabe, oso ados.
M.N.: Intentsitatea, beraz, badago baina pasa gabe: egin dugu, bizi izan dugu eta polita izan da. Askotan, amaiera eman eta bukatzea kostatzen da. Ez da ezer txarra: ze guai bizi duguna!
A.M.: Amaierak batzutan aurretik datorren guztiari zentzua ematen dio. Egindakoari balioa ematen dio nola eta noiz amaitu erabakitzen baduzu. Orain ari gara atzera begiratzen elkarrizketetan, bideoekin, kontzertua prestatzen… Gauzak bere tokian jartzen dira eta horrek laguntzen dizu aurrera egiten.

Bi urte hauetan musikarekin lotutako hainbat proiektutan ibili zarete, oholtzan eta oholtzatik kanpo. Miren, zer da MICE?
M.N.: Geldialdia izan genuenetik haziz joan den sentimendu bat da. Bide eman dio, agian, bizitzan bizi izan ditudan hainbat gauzari. Azken batean, batzuk idazten dute, beste batzuk beste zerbait egiten dute eta nik kantuak egiten ditut. MICEk terapia egiten lagundu dit eta berriz ere kantatzeko pausoa ematen. Tarte honetan bigarren planoan egon naiz hori zelako egin nahi nuena, hau da, taldeetan gitarra jo eta koruak egin askoz jota. Baina horrelako batean kantatzeko gogoa piztu zitzaidan. Kantuak egiten hasi nintzen horiek taula gainean jotzea erabaki nuen arte.

“Aurretiaz egin ez genuen zerbaiti ekiteko gogoarekin elkartu ginen eta ez genuen ikusi hortik biderik zegoenik. Beraz, lasai eta bakean gaude”

Nola bizi duzu gorputza oholtzan taldean eta bakarka?
M.N.: Tira, dena da bakoitza nolakoa den. Gustura egon zaitezke edozein modutan. Oraindik badut bidea egiteko, asko ikasi dut eta beste hainbeste ikasteko gogoa daukat. Egia da ahaldundu naizela. Pentsatzen dut, agian, adinak ere ematen duela esperientzia, urte batzuk baitira jotzen. Oholtzan egunak eta egunak daude, beste guztian bezala. Ingurua alde egoteak laguntzen du, hau da, oholtzan dituzun kideekin gustura egotea garrantzitsua da. Horren kontzientzia hartu dudanetik askoz ere lasaiago nago.

MIC eta Napoka Iriaren sormen prozesuen arteko aldea bakardadea al da?
M.N.: Bai, askoz ere bakartiagoa da. Bakardadea ondo egon daiteke zure buruarekin ondo zaudenean, baina ez bazaude lasai kontuz ibili behar da. Anderrekin, zentzu horretan, askoz errazagoa da. Taldean askoz zailagoa da, bakoitzak bere iritzia daukalako. Niri Micerekin gertatu zaidana bakardade hori sentitzea izan da, eta batzuetan beldurra ere. Abuztuan grabatuko dut eta badut errespetua.

Ander, Anarirekin jotzen duzu, teknikari lanetan ari zara, kartelak egiten dituzu, eta komunikazio alorrean Narvale kudeatzen duzu, besteak beste.
A.M.: Urteekin gauza asko ikasi ditugu, oholtza gainean zein behean. Kultur programazioan ere lan egindakoa naiz. Gaur egun jotzen ari naiz, baina beti ibili izan naiz musikaren inguruan gauza ezberdinak egiten.

Miren eta Ander, taldean edo bakarka baina beti gertu. Elkarrekin ikasi eta eraiki dituzue hamaika bizipen eta hamaika doinu. Horietan, ba al da berezirik zuentzat?
M.N.: Asko-asko. Alde batetik, azken diskoko kantuak daude, nolabait, eta agian nahi gabe, etorriko zenaren iragarle izan direnak. Gaur aspaldiko partez entsegua egin dugu eta aspaldiko partez jotzen ez genituenak jo ditugu, fresko daukagu orain. “Kea” jotzen egon gara eta oso ondo datorkigu: “belar txarrak eta zaharrak erre egin behar dira, sua egin behar da eta ke hori purifikazioa izango da”. Oro har, kantu berezi pila bat ditut… denak dira oso bereziak.
A.M.: Asko daude eta bakoitzak dauka bere istorioa. Bi urteren ondoren, gaur hasi gara berriz ere jotzen eta badira, gogoratzean, harritzen zaituzten kantuak: «zer kantu guapoa!». Bakoitzak bere puntua dauka. Oso ezberdinak dira, adibidez, “Kea” edo azken diskoko “Erantziz jantzi”. Beste batzuk igual bidean geratu dira ez dutelako hainbeste pisu izan, baina denak dira garrantzitsuak.
M.N.: Errespetu handia izan behar zaio sortutakoari, bizitzaren garai ezberdinetan izan zaren pertsonaren parte delako. Momentuan hori egin genuen eta errespetua izan behar zaie egindako kantuei. Polita da atzera begiratu eta hogei urte zituzten bi gazte horiek ikustea. Horregatik ez dugu jarraituko, ez gara ginen hori.

Geratu al zaio Napoka Iriari zerbait egiteko?
M.N.: Galdera entzun dudanean pentsatu dut baietz, baina orain… Aurretiaz egin ez genuen zerbaiti ekiteko gogoarekin elkartu ginen eta ez genuen ikusi hortik biderik zegoenik. Beraz, lasai eta bakean gaude. Proiektu bati ezin zaio eskatu ezinegon musikal guztien erantzule izateko.
A.M.: Atzera begira ez dago ezer faltan botatzen dugunik. Egindakoarekin gustura sentitzen naiz.

ETIKETAK:AnariAnder MujikaAndrakanBonberenea EkintzakBorrokanIbai GogortzaIñaki Gonzalez 'Fortun'Joseba IrazokiMiren NarbaizaNapoka IriaSextySexersTumatxakWillis Drummond