Elkarrizketa

Leire Palacios

2014.07.21

Leire Palacios

“Ez dugu magiarik aurkitzen”

Elkarrizketa: Xabi Bandini (Kerobia taldeko kidea)

Azken asteetan Kerobiaren gaineko zurrumurruak entzuten ziren han eta hemen. Batzuek zioten jotzeari utzi behar ziotela; beste batzuek, ordea, disko berria prestatzen ari zirela. Uztailaren 16an eman ziguten berria; Kerobiak agur esan zuen taldearen web orrian argitaratutako komunikatuaren bitartez. Iruñera etorri gara Xabi Bandiniren musika ibilbideari errepasoa eman eta Kerobiari amaiera emateko erabakiaren nondik norakoak ezagutzeko.

Xabi Bandini Kerobia

Xabi Fernandez “Bandini”. (Iñigo Uriz / Argazki Press)

Zer moduz zaude?
Orain lasai nago.

Zein da urte hauetako balantzea?
Kerobia ezinbesteko ikasketa inportante bat izan da. Gauza inportante bat ikusteko tresna izan da Kerobia: egin daitekeela zuk egin nahi duzuna. Hau da, proiektuak aurrera eramateko beti gaude kanpotik kondizionatuta, eta Kerobiarekin ikasi dugu, nahi izanez gero, gauzak behar bezala mamituta baldin badaude, zintzotasunez planteatu eta egiten baldin badira, nahi duzuna egin dezakezula.

Zuzenean galdetuko dizut. Zergatik amaitu da Kerobia?
Hiru bat arrazoi daude. Lehendabizikoa da, Kerobiaren proiektuen ildo honek —Rose Escargot, trilogia, Supernova…— jada aspertu gaituela. Tankera bereko beste ideia pilo bat dugu, baina aspertu egin gara. Ez dugu jada magiarik aurkitzen. Musikari batek beti-beti sinetsi behar du bere lanean. Sentsazioa geneukan etorriko zen proiektua gehiago zela irauteko beste ezer baino gehiago. Argi daukagu irauteko egiten diren gauzak ezin direla sinetsi, horregatik irauteak ez dauka zentzurik. Beraz, erabaki genuen sanoena zela esatea: “honaino iritsi gara, ez da ezer pasatzen, utziko dugu Kerobiaren marka, gogoratu dadila orain arte egin duguna eta ez dadila Kerobia lotu dekadentziarekin edo gogo faltarekin”. Bigarren arrazoia: Kerobiaren antolakuntza eta egoera animikoa. Taldeak izan duen gauza on bat da beti egin dugula dena gure egoera animikoaren arabera, eta gure egoera animikoa beti joan da gora. Bueno, ba orain ez hainbeste, hortaz, lagatzen dugu. Hirugarren arrazoia bizitza profesionalarekin lotuta dago, alegia, lan kontuek zaila egiten dute biltzea eta gauzak seriotasunez egin ahal izatea. Besterik gabe, guk ez dugu esaten musika utzi behar dugunik, izan ere, musikariak gara. Musika egiten jarraituko dugu. 

“Sentsazioa geneukan etorriko zen proiektua gehiago zela irauteko beste ezer baino gehiago. Argi daukagu irauteko egiten diren gauzak ezin direla sinetsi”

Elkarrekin?
Bai, bai, laurok. Ez dezala inork pentsatu Kerobia bezala disko bat, edo bira bat, edo liburu bat egingo dugunik. Kerobia hil da, eta hil da ez daukalako ezer proposatzeko. Baina kontua da guk gure laborategian musika egiten jarraituko dugula musikariak garelako. Helbururik gabe ari gara, hau da, oraindik ez dugu ezer pentsatu. Biltzen gara musika jotzeko, baina ez daukagu proiekturik.

Bakarkako bideari ekitea burutik pasa zaizu?
Ez.

Beraz, ulertu behar da zuen proiektuak Kerobia izena zuela eta horren barruan hainbat lan egin dituzuela. Orain proiektu hori amaitutzat jo duzue, eta beste marka bat hasteko moduan zaudetenean egingo duzue.
Hori da, ondo ulertu duzu.

Orain zer gustatuko litzaizuke egitea?
Orain lasai egon nahi dut eta nire kideekin eta kideez disfrutatu.

Geratu al zaizue desilusio sentimendurik?
Aitortuko dizut, sentimendu bezala eh? Supernova-rekin aukera izan genuen merkatua zabaltzeko, Espainiara mugitzeko eta abar. Aukerak ireki ziren baina erabaki genuen bide hori ez hartzea, lana utzi behar genuelako eta abar. Azken finean, bakoitzak bere kontuak zituelako. Agian hori izan da pena bakarra, talde bezala erabaki genuela gehiago ez haztea.

Amaieraren aurrean gaudela, atzera botako dugu bista ibilbidearen errepasoa egiteko. Zerk hasi zuen Kerobia?
Gu gaztetatik musikariak gara eta Kerobia jaio zen musika egin nahi genuelako. German [San Martin], Mikel [Zorrilla] eta hirurok elkartu ginen musika egiteko 18-19 urte genituenean.

“‘Supernova’-rekin aukera izan genuen merkatua zabaltzeko, baina talde bezala erabaki genuen gehiago ez haztea. Agian hori izan da pena bakarra”

Partaideen aldetik taldeak hainbat aldaketa izan ditu. Hirukote, laukote, boskote izan zarete…
Bai, eta gure musika ere aldatuz joan da horrekin batera. Nik uste dut Rose Escargot-etik aurrera soinua aldatu zela, izan ere, hor inflexio puntu bat egon zen, eta Kerobiak beste bide bat hartu zuen. Hasiera-hasierako hirukote horretan Karlos Ortiz sartu zen baxu jotzaile bezala, eta gero beste inflexio puntu bat gertatu zen Karlosek taldea utzi eta indie edo pop musika egiten hasi ginenean.

KEROBIA

Kerobiako lehen taldekideak: Karlos Ortiz, German San Martin, Mikel Zorrilla eta Xabi Bandini.

Berritasunak heltzen diren bezala heldu zineten panorama musikalera, ezustekoan.
Berritasuna izan ginen Euskal Herrian, bai. Gertatzen dena da, hemen oso burugogorrak… Berritasuna nondik etorri zen? Teklatua sartu genuelako, besterik gabe. Horregatik, beti irribarre batekin begiratzen diot orduko momentuari. Horrela erraza zen berrikuntza ekartzea, ezta? Garai hartan behintzat.

Nik esango nuke Kerobiak zortea izan zuela; 13 urte genituela Germanek eta biok elkar ezagutu genuen Irlandan. German teklista zen eta nik gitarra jo eta abesten nuen, eta horrek eraiki zuen beste guztia. Zer esan nahi dut horrekin? Bada, Kerobian teklista bat zegoela, German, eta bera bai dela oso abangoardista. Biok hasiera eman genionez taldeari, ez zegoen beste biderik, hau da, ez genuen desberdinak izateagatik egin hautua, genituen baliabideak erabiltzeagatik baizik.

2004an Kerobia diskoa kaleratu eta Gaztea saria irabazi zenuten. Zer suposatu zuen horrek zuentzat?
Puntu garrantzitsua izan zen guretzat. Hasteko, EITBko jendearekin harremana hasi zen eta ordutik oso ondo moldatu gara haiekin. Horrek asko lagundu digu gure proposamenak gizarteratzen. Eta EITBko jendea aipatzen dudan bezala, Berria-ko jendea ere buruan daukat, eta Gara-koa; oro har, hedabideek ikusi gintuzten eta gure musika zabaltzen lagundu ziguten. Eta sariak eman zigun beste gauza garrantzitsu bat: handik egun batzuetara Gor diskoetxetik Marino [Goñi] etorri zitzaigun proposamen batekin.

“‘Rose Escargot’ izan da gure diskorik inportanteena. Eta ez talde bezala finkatzen gaituelako, baizik eta artista bezala irizpide batzuk sendotu genituelako”

Saria irabaztea espero zenuten?
Batek lan bat egiten duenean beti dauka buruan irabaztea. Norberak sinestu behar du bere buruarengan, eta Kerobiak beti sinestu du bere lanean.

Lehenengo diskoaren ondoren zuen ibilbidean mugarri izan den Rose Escargot kaleratu zenuten.
Zaharrak bagina bezala hitz egingo bagenu, esango genuke Rose Escargot izan dela gure diskorik inportanteena. Eta ez talde bezala finkatzen gaituelako, baizik eta artista bezala irizpide batzuk sendotu genituelako. Pertsona batek kriterio batzuk dituenean lana egiteko, orduan lanak zentzua dauka, eta onartu behar dut Rose Escargot arte ez genuela. Azken batean, estetikak irabazten zuen; momentu batzuetan, letrekin estetika zen inportanteena, eta denborarekin kontrakoa izan behar duela argi geratu zaigu. Irizpide batzuk landu eta hor hasi zen dena.

Ondoren edukiontzien trilogia egin zenuten. Hiru lan horien lehenengo diskoarekin, Materia organikoa eta gainerakoak izenekoarekin, Gaztea saria irabazi zenuten berriz ere. Dagoeneko olatuan igota zeundeten. Nola hartu zenuten bigarren lorpen hura?
Kerobiarentzat sariak ez dira mugarri bat izan, hau da, irabaztea ondo dago eta gure buruan sinetsi dugu, baina ez gaituzte obsesionatzen. Guretzat benetan polita dena da tipo batzuk elkartzea eta gure izena mahai gainean jartzea hartaz hitz egiteko, eta ondorioz erabakitzea merezi dugula zerbait. Horrek pozten gaitu asko, eta hori da sanoena. Oso polita da ezagutzen duzun eta ezagutzen ez duzun jendearen bizitzaren parte izatea, pertsona horiek horrela nahi dutelako. Komunikatuan esaten genuen espero dugula, batzuengan behintzat, euren bihotzetan zatitxo bat Kerobiarentzat izatea. Azken batean, gauzak jaio eta hil egiten dira, eta polita da erresonantzia hori mantentzea.

Lotuta egon daiteke gomuta hori trilogian proposatzen zenuten ideiarekin, alegia, momentuak gordetzeko kontenedoreak garela pertsonak. Eta hain zuzen, hiru disko horiekin zakarraren ontzira bota zenuten SGAEko erregistroa, Gor diskoetxearekin kontratua amaitu zenuten eta Y las Ardillas Mágicas zigilua sortu zenuten zuen lanak autoekoizteko. Zergatik hartu zenituzten erabaki horiek guztiak?
Lehendabizi esan nahi dugu Gor diskoetxearekin izan dugun harremana oso ona izan dela, oso sanoa. Baina ulertzen genuen pertsona-talde bezala independenteak izan eta nahi genuena egiteko ez zegoela autoekoizpena baino beste biderik. Autoekoizpenetik irtetzen zaren heinean bitartekariak gehitzen joaten dira eta horiek azkenean kondizionante bat dira. Bitartekariak minbizia dira, orokorrean. Oso gauza inproduktiboa da, eta lan munduan mafia hutsa. Eta berriro diot, ez Gor diskoetxearen kasuan.

“Formarekin oso obsesionatuta nengoen, eta nago. Musika niretzat ez da bakarrik kantu bat egitea; nik mundu bat sortu nahi dut”

Autoezkoipenaren barruan, Supernova proiektua aurrera atera ahal izateko crowdfunding-a egin zenuten. 750 zaleren laguntza eskatu zenuten 1.000 kopia kaleratzeko, baina heldu izan ez bazinate?
Proiektua bertan behera uztea besterik ez genuen, argi eta garbi. Baina trilogian egindako aldeketei esker ikasten joan ginen, eta nahi genuena egiteko bide egokia hori zela ikusi genuen. Datuak bagenituen, jendea hurbiltzen zen guregana geroz eta gehiago; orduan, ez da kasualitatea Supernova-rako 1.000 pertsona bilatzea.

Supernova lau disziplina artistikoetako sorkuntzak bildu zituen proiektua izan zen. Zer kontatu ahal diguzu sorkuntza prozesuaren gainean? Beste diskoekin alderatuta, bestelakoa izan al zen?
Proiektu horretan besteetan baino pisu handiagoa hartu nuen; esate baterako, letrak eta melodiak nireak dira. Atzera joan ahala, taldeko beste partaideek izan dute beti parte-hartze handiagoa azken lan horretan baino. Hasieran hitzak nik egiten nituen, musika German eta bion artean, eta moldaketetan taldekide guztiok hartzen genuen parte. Supernova-n hori nigan fokalizatzen joan zen.

Oro har, zuen ibilbideari errepaso eginda, disko kontzeptualak landu izan dituzuela agerikoa da. Kantuak elkarren artean lotzen dituen haria ez da soilik estetika melodiko jakin bat baizik eta ideia bat dago atzean. Sorkuntzak pizten duen kontua da edo bizitzako esperientziekin lotutako gauza da?
Ba ikusi, gaur goizean irakurri dut Badok.info atarian, Maite Gurrutxaga, Lander Garro… gurekin gogoratu direla. Tartean, Gorka Urbizuk zioen agian “formekin obsesionatuegiak” egon garela. Bere iritzia da eta agian arrazoia dauka. Ni oso obsesionatua nengoen formekin, eta nago. Musika niretzat ez delako bakarrik kantu bat egitea, lan bat proposatzean disziplina handia behar da, eta nik mundu bat sortu nahi dut. Mundu bat sortu, eta ahalik eta instrumentu gehien sartu mundu hori sortzeko. Energia asko gastatzen dugu mundu horren sorkuntzan. Ez da formak obsesionatzen gaituela, baizik eta gure lana identifikatzen dugula horrela; mundu bat bezala.

5685344

Kerobiako lau kideek elkarrekin jarraituko dute musika egiten, Xabi Bandinik dioenez. (Iñigo Uriz / Argazki Press)

Orduan, musika beti pausu bat harago eramateko ahalegina egitea izan da zuen nahia?
Musikalki beti bilatu ditugu aurrera joateko gauzak, eta hori orokorrean izaten da: artista berriak ezagutu, musika berriak ezagutu eta abar. Hori izaten da beti motorra. Musika. Gero, gu ez gara berritzaileak musikan; guk argi bat jarriko dugu hemen edo zerbait aportatuko dugu han, baina gu ez gara berritzaileak musikan. Agian bai lana ulertzeko eran, esan dudan bezala, ulertzen dugulako proposamen bakoitza mundu bat izan behar duela.

Proposamen bat “mundu bat” bezala ulertzen baldin baduzue, zeintzuk dira musika nola ulertzen duzun azaltzeko erabiliko zenituzkeen hitzak?
Begiratu, batzuk bizitzaren momentu batzuetan psikologoak erabili ditugu, beste batzuk monasterio batera joaten dira, beste batzuk ez dute ezer pentsatzen… Kerobiak zer egiten du? Musika. Eta benetan, ideia hau ez da tontakeria bat, hau prozesu pertsonal bat da. Nire izenean hitz egingo dut; musika erabili izan dut beti barruko gauzak azalarazteko, barrukoa ordenatzeko, barruko armairu hori sektorizatzeko, ordenatzeko, pertsona handiago bat izateko eta behin hori lortuta gauzak proposatu ahal izateko. Nik azkenengo bi urteetan defendatu dut Supernova lan politiko bat zela, hor programa politiko bat dagoelako. Hor dago “Nia estatua” izeneko abesti bat. Noski, abesti hori disko baten barruan dagoen proposamen literarioa da, baina esan nahi dudana da disko horretan dagoeneko bizimoduan zuzenki eragiten duten proposamenak daudela, musikaren hariari lotutakoak badira ere.

Lehenengo pertsonan hitz egiten hasi zarela, helduko diogu zure ibilbide pertsonalari. Izan ere, betidanik izan duzu lotura musikarekin; Kerobia hasi aurretik beste talde bat zeneukan, Suhar izenekoa.
Bai, Mikel, nire anaia bikia, Urko eta laurok 13 urterekin edo hasi genuen Suhar. Ba… sinestezina! Kar-kar-kar. Hor bai ez genekiela ezer! Erosi genituen gitarra batzuk, erosi genuen ez dakit zer… bi maketa grabatu genituen. Kasualitatea da; aurreko egunean entzun nuen maketa bat, eta iruditu zitzaidan Kerobiaren aztarnatxoa ikusten zela. Oso harrikada handiak zeuden hor, kar-kar-kar.

“Nik defendatu dut ‘Supernova’ lan politiko bat dela, hor programa politiko bat dagoelako. Bizimoduan zuzenki eragiten duten proposamenak daudelako”

Baina Suhar eta Kerobia ez dira zure proiektu musikal bakarrak izan…
Ez. Germanekin izan nuen beste proiektu txiki bat. Ezin dugu ahaztu Kerobiarekin sei disko egin ditugula baina azken urteetan beste proiektu bat zabaldu zuen horrek, Epilogo izenekoa. Epilogo izan da, benetan, benetan eta benetan, sakonki musikari bezala bete gaituen proiektua. Epilogo izan da egin dugun gauzarik politena. Epilogo, atrezzoaren laguntzarekin egin genuen proposamen akustiko bat zen, fotogramekin… taularatu genuen espektakulu ederra izan zen. Erabili genituen kontrabaxua, gitarra, platoak, sintetizadoreak… eta hor bageneukan brometan el árbol de metal [metalezko zuhaitza] deitzen genuena.

Zer da hori?
Kar-kar-kar. Bonbilla pila bat eskegi genizkion eguzkitako handi bat zen. Kontua da, joan ginela Leroy Merlinera eta bertako tipoari esan genion: “Aizu, eguzkitako bat behar dugu, handia…”, eta tipoa hasi zitzaigun eguzkitakoak ateratzen. Eta guk galdezka: “Eta hau puskatzeko, tolesteko…?” Orduan tipoak oso serio: “Ez, ez, ez, inolaz ere. Hau ez da puskatzen, oso sendoa da”. Tipoaren harridurarako, gure erantzuna: “A, ez? Ba orduan ez zaigu interesatzen.” Kar-kar-kar. Azaldu genion zer egin behar genuen, beste mota bateko eguzkitakoak atera zizkigun eta prezioa eman zigun. Guk jarraitu genuen: “Baina… eguzkitakoari oihala kentzen badiozu, merkeagoa da?” Kar-kar-kar.

Momentu ederrak ematen ditu musikak, nola ez zaletu!
Bai. Gure etxean hiru anai gara eta arreba bat. Aitak eta amak lan egiten zutenez eskolaz kanpoko ekintzetara bidaltzen gintuzten, denbora egin eta etxean bakarrik ez egoteko! 10-11 urte genituela gitarra ikastera bidali gintuzten anaia eta biok eta hor hasi zen nire zaletasuna. Eta orain atzera begiratzen dudala sorpresa hartzen dut nire buruaren gaineko hausnarketa egiten dudanean, izan ere, gitarra hartu eta hiru hilabetetara hasi nintzelako konposatzen. Orain pentsatzen dut ikusten zela musikaren bidea hartu behar nuela.

Eta Xabi Fernandez, Xabi Bandini bihurtzea nondik dator?
Dena hasi zen erdi brometan. Kontua da Fernandez ez dela oso artistikoa, ezta? Kar-kar-kar. Orduan ba… grazia egitearren… Arturo Bandini John Fanteren Ask The Dust liburuko pertsonaiaren abizena hartu nuen. Liburu horiek asko gustatzen zitzaizkidan, grazia handia ematen zidan lotsagabe matxista horrek. Eta ondo datorkit, bizefalia bat daukadalako, kar-kar-kar, musikaria alde batetik, ingeniaria bestetik, eta bi mundu horiek ondo separatzen ditu Bandini delakoak. Curriculumak botatzen nituenean Xabi Fernandez nintzen, eta taula gainean Xabi Bandini.

Amaitzeko, hiru euskal disko aukeratzeko eskatuko dizut.
Zalantzarik gabe, Lehiotikan-en lehendabiziko diskoa, Hemen ez da ezer aldatzen, maisulan bat da. Denborak oraindik ez du disko hori bere lekuan jarri, baina magikoa da. Berri Txarrak-en Eskuak/Ukabilak, eta PI.L.T., sintetizadoreak atsegin ditudalako.

ETIKETAK:ElkarrizketakKerobiaXabi Bandini