2014.10.17
“Nire izena Unai Neira Aiestaran da, 1974an Donostian jaiotakoa naiz, Amara Berri auzokoa. Hazteko eta pertsona bezala garatzeko auzo ederra da, baina droga asko egon da beti. Hain zuzen, droga uzteko joan nintzen Bartzelonara. Speeda, estasia, kokaina… munstro bat bihurtzen ari nintzen. Inguruz aldatu eta jende berria ezagutzeko joan nintzen duela 14 urte. Han raparen inguruko jendea ezagutu nuen, eta tontakeriak idazten hasi ginen. Hemen letrak idazten nituen nire anaiaren hardcore taldearentzat, baina rapa idazten Bartzelonan hasi nintzen, gaztelaniaz, eta gustatu zitzaidan barruko deabrua birziklatzeko terapia bezala. Barruko gauza txarrak poltsa batean sartu, birziklatu eta hortik zerbait osasungarria atera nahi nuen. Bartzelonan bizio asko zegoen, leku txar batetik okerrago batera joan nintzen, bai, baina indartsua izan nintzen”.
“Donostiara itzuli ostean, Errenteriako jendearekin hasi nintzen gaztelaniaz idazten, eta konturatu nintzen hemen, Donostian eta Gipuzkoan, mespretxu handia zegoela euskaraz egiten zen raparekiko. Ezagutzen dut garajeetan ikurrina jarrita duen jendea, rapa gaztelaniaz egiten duena eta euskaraz egitea kritikatzen duena. Rapean euskara testuingurutik kanpo dagoela esaten dute. Baina euskaldunak izanik, Madrilgo raparen filosofia bere egiten dutenak dira testuingurutik kanpo daudenak. Niri jende askok esaten dit ea zergatik egiten dudan rapa euskaraz, gaztelaniaz gune txikietan izena eginda dudala, euskarak itxiko dizkidala ate guztiak… Eta nik esaten diet berdin zaidala ateak ixtea. Nik musikaren bidez barrura irekitzea bilatzen dut, nigandik besteengana iristeko ondoren. Bestalde, raparen historia hor dago. Kaleari pultsoa hartzeko musika izan da beti, isilarazita zeudenek erabiltzen zuten auzoan eta euren guneetan euren arazoak zabaltzeko. Euskaldunak garen heinean ez dut ulertzen rapa, errebelde musika hori, gaztelaniaz egitea”.
“Euskaldunak izanik, Madrilgo raparen filosofia bere egiten dutenak dira testuingurutik kanpo daudenak, ez euskara”
“Horri bira emateko hasi ginen euskaraz. ‘Barkatu, guk euskaraz egin dezakegu rapa zuek gaztelaniaz baino hobeto’, esateko. Errenteriako La Factoria kolektiboarekin hasi nintzen (Vudu, Aron, El Cabron del Barrio)…, eta gero Beraun auzoko beste estudio batean; Errenteriako jendeak babestuta sentitzen nintzen, baina ikusi nuen ez zitzaiela asko gustatzen euskaraz egin nahi nuena, eta erosoago egoteko Zumarragako jendearekin hasi nintzen lan egiten: Neat, Sidi… Zumarragan grabatu nuen maketa bat, Bizirik, oso giro onean, eta haren bidez Bilboko jendea ezagutu nuen. Entzun zuten maketa eta gustatu zitzaien. Bilboko Aste Nagusira joan ginen denok kontzertu bat egitera: Norte Apache, Goienetxe, 121 Krew… oso harreman ona hartu genuen, astero hitz egiten, eta horrela hasi zen diskoa egiteko ideia garatzen. Nik ez nuen diskoa atera nahi, maketa batekin pozik nengoen, baina haiek uste zuten bazela garaia euskarazko raparen maila ezarriko duen disko bat egiteko. Esateko: ‘hau da gure produktua, euskaldunak gara, ez dugu ezer inoren kontra, baina inork euskararen kontra zeozer baldin badauka, aurrean topatuko gaitu”.
“Hizkuntza zaharra erritmo berrietan sartzen dugu, buruarekin, esanez: ez gaituzue harrapatuko, euskaldunak gara eta gure jarioa librea da. Hori da Badok E+T (Eraberritze + Tradizio). Euskara iritsi da gure garaira erabat mutilatuta, nahi izan dutelako hil hainbat aldiz. Arrastaka iritsi da XXI. mendera. Euskararen kontra jotzen duten horiek dira euskara hain kolpatua egotearen errudunak. Hori da gure ikuspuntua. Horregatik esaten dizut guretzako derrigorrezkoa zela egitea disko bat euskaraz. Diskoan ez dut politikaz hitz egiten, aurrepauso bat eman eta esateko: ni euskalduna naiz, argi eta irmo uzten dut, baina lortu behar dugu kanpoko jendeak ez ikustea euskara politika bezala. Euskaraz egiten den politizazioa (hauteskundeei begira, gorrotoa eta beldurra sustatzeko…) baino askoz gehiago da euskara. Nik ez dut politikaz idazten, euskara nire politika bihurtzen dut. Euskal rapean adar bat dago nahiko erreibindikatiboa, eta gu saiatzen gara gauza arruntez hitz egiten. Niretzat rapa da neurekiko dudan harreman bat. Nik hitz egiten dut mugitzen nauenaz, beldurra ematen didanaz, nire bizitzako erresorteei buruz, barneko musika da. Oso erraza litzateke erreibindikatibo jartzea, zipaioei buruz hitz egitea, atxiloketei buruz… baina uste dut badagoela jendea euskaraz horrelako gauzak plazaratzen eta oso maila ona ematen”.
“Nik ez dut politikaz idazten, euskara nire politika bihurtzen dut”
“Gaztetan entzuten nuen hardcorea, thrasha, punka, heavya… Egun batean El Club de los Poetas Violentosen disko bat pasa zidaten, ez nuen Public Enemy ezagutzen, ezta Tupac Shakur, Notorious B.I.G… ere, baina CPVren disko hori pasa zidaten, eta bat-batean jendea hain zikin baina hain argi hitz egiten entzutea ikaragarria izan zen. Engantxatu ninduen. Baina ikusten nuen ez zuela harreman handirik nire bizitzarekin. Gero Juaninacka ezagutu nuen, Sevillako raperoa, eta hark lortzen zuen malote bat izan gabe kristoren maila ematea rapari. Nolabait sentitzen nuen esaten zidala, ‘arazorik baduzu entzun nire musika eta saiatuko naiz zuri laguntzen”. Deskubrimendu bat izan zen”.
“Diskoan —Amairu Dok (Taupaka)— saiatu gara erritmo oso ezberdinak sartzen. Egin genezakeen rap hutsezko disko bat, edo trap hutsezkoa… Nik ez dut trap-a egiten jarraituko, trap-a bizi filosofia bat delako. Trap-a makarragoa da, lasaiagoa abesterakoan… Lehen eta azken abestiak %100 trap dira. Trap-ak etorkizuna du Tampa Beachen, Miamin, beltz taldeak hortzetaraino armatuta dauden tokietan… Hemen ez du zentzurik. Nik sartu dut erakusteko kinkillero bat izan zaitezkeela euskara rapeatuz. Baina trapak ordezkatzen duena ez dut erabat ondo ikusten eta ez dut uste sustatzen jarraituko dudanik. Nik musika jendea gerturatzeko eta zerbait erabilgarria, osasungarria eta baikorra sortzeko bide bezala ikusten dut, ez arazoetan sartzeko. Musika terapia izan dut beti, oso argi”.
“Nik musika jendea gerturatzeko eta zerbait erabilgarri, osasungarri eta baikorra sortzeko ikusten dut. Ez arazoetan sartzeko”
“Nik beti modu batera egin dut lan. Lauzpabost produkzio instrumental pasatzen dizkidate, horien artean aukeratu eta idazten dut. Baina Nasty Bilbao estudioko jendearekin beste era batera egin dugu diskoa. Nik eraman diet letra oinarri instrumental batekin, eta Hawak eta Maishak zerotik eraiki dute kantua, piezaka. Gozada bat izan da, zuk buruan duzuna baino askoz hobeto islatzen dutelako nahi duzuna. Nasty Bilbaoko jendeak disko honetan egindako lanak ez du preziorik. Haiek gabe disko hau ez zen posible izango, maketa arrunt bat izango litzateke”.
“Diskoaren izenburuaren atzean hiru arrazoi daude. Batetik, Ez Dok Amairu mugimendu kultural abangoardistak egin zuen lanaren testigua hartu, umiltasunez eta jakinda ez garela iritsiko haiek egin zuten lana egitera, eta jarraitu nahi dugu gure kultura egunerokotasunean aktibatzen. Bigarrenik, amairu dok malefizioa adierazteko esamoldea da. Euskaraz rapa egitearen kontra baldin bazaudete, disko hau zuen malefizioa izango da. Gutaz barre egitera baldin bazatozte, amairu daukazue gurekin. Guk jarraituko dugu ahalik eta ondoen egiten, zuen aho puta hori isiltzeko. Azkenik, diskoa grabatu genuenean, 2013n, 13 urte ziren Selektah Kolektiboa-k euskarazko lehen rap diskoa grabatu zuenetik. Omenaldi txiki bat egin eta errespetua adierazi nahi genion”.
“Ez Dok Amairu mugimendu kultural abangoardistak egin zuen lanaren testigua hartu eta jarraitu nahi dugu gure kultura egunerokotasunean aktibatzen”
“Raparen sare sozial bat bat falta da, euskarazko rapak ez du sustrairik bota oraindik. Hortaz, zertarako atera diskoetxe batekin? Platerra egosten ari da, ez da oraindik mahairatu behar. Ikusten ari dira gauzak, jende asko ari da bere istorioak prestatzen, baina guztion artean oraindik ez dugu produktu profesional bat egiten. Korrikan hasi baino lehen ibiltzen ikasi behar dugu. Euskal rapean oraindik ibiltzen ari gara, ezin dugu korrika egin. Egin dezakegu, baina erori egingo gara. Pixkanaka. Oso zaila da raparekin leku bat egitea musikaren munduan, baina oraintxe bertan berdin zait. Nire lan hoberena egiteko dago. Norzzonek bere xarma propioa du baina oraindik sortzen ari da. Nire diskoa zerbait berria da euskaraz, estilo ezberdina delako eta inork ez duelako horrela egin, baina ez da ikaragarria. Saiatzea eta aurrera eramatea, hori da ikaragarria. Horrekin kontent gaude”.
“Raparen sare sozial bat falta da, euskarazko rapak ez du sustrairik botoa oraindik”
“Nik ez daukat kontzertuak egiteko obsesiorik, beharra bai. Azken finean, zerbait plazaratzen duzunean erakutsi nahi duzu. Nire arazoa da sukaldaria naizela eta asteburuetan egiten dudala lan gehien. Larunbatean gaueko hamaiketan ateratzen naizenean lanetik egin nahi dudan azken gauza da energia gastatzen jarraitu. Uda oso gogorra izan da, eta beharbada utzi egingo dut oraingo lantokia. Orduan bai egingo ditut kontzertu batzuk diskoa aurkezteko. Norzzonek euskaraz bost kontzertu egin ditu, ez gehiago. Lehenik eta behin, hemen Gipuzkoan dagoen eszenak ez nau erakartzen, aspertuta daude nire ezezkoa jasotzeaz. Ez da beldur eszenikoagatik, baizik eta baldintzak ikusita, 20 lagunentzat kontzertu bat ematea taberna batean, ez dut nahi. Sentitzen dut”.
“Duela bi urte Bilbon Aste Nagusian izan ginen, Kaskagorriren txosnan, 3.000 pertsona zeuden. Nire laugarren kontzertua izan zen. Lehenengoa 40 pertsonaren aurrean izan zen, bigarrena 20 pertsonaren aurrean, hirugarrena 30 pertsonaren aurrean. Eta bapatean 3.000 pertsonaren aurrean egotea eta ikustea aurreko jendeak ezagutzen dituela zure kantuak… Horrek ez du preziorik. Bilbon aurkeztu nahi dut diskoa, Bilboko jendea izan baita Norzzoneri bultzada eman diona. Norzzone alferrontzi bat da, ez du showman karismarik”.
5 IRUZKIN
edozein 14.10.19
Aurrera!
Spotifyn oraintxe zuek entzuten… itxura ona!
XaxA 14.10.20
ba ni ez naiz oso rapzalea, baina oso ondo sartu zait disko osoa!!! ta astlehen goiza da!!!
Asko gustatu zait erreportaje osoa lehen pertsonan irakurtzea ere!
Aupa BAdok! lan ederra egiten ari zarete segi horrela
asier 14.10.20
lan izugarria. rapak lekuan lekuko egoera kontatzeko balio du, eta zuek hori soberan lortu dezue.