Elkarrizketa

Iñigo Astiz

2014.12.27

Iñigo Astiz

«Euskaldungoaren parte batek alde egin du euskal kulturatik»

Elkarrizketa: Gontzal Mendibil

1974ko abendua da; igo da 18 urteko mutikoa oholtzara, probatu du gitarra lotsa apur batez, eta hasi du abestia. Musika lehenik: La, re, la, mi. Eta hitzak gero: «Araban bagare/ Gipuzkun bagera/ Xiberun bagire ta Bizkaian bagara…». Aste honetan dira berrogei urte Gontzal Mendibil musikaria (Zeanuri, Bizkaia, 1956) lehenengoz oholtzara igo zenetik. Hamalau disko kaleratu ditu geroztik, eskaini ditu milatik gora emanaldi, eta, ia mende erdiko ibilbidea egina duen arren, oraindik ere igartzen du mutiko haren itzala. Areago: oraindik ere mutikoa baino ez du ikusten jende askok Mendibil ikusten duenean. Amorrurik ez, ordea. Jotzen du oraindik ere kanta ezagun hura emanaldietan, eta ez da horregatik kexu, baina sintomatikoa ere bada pasadizoa, dioenez. «Askotan kexatzen gara publikoak alde egin digula, eta niri ere gertatzen zait». Hori igartzen du berak, behintzat. Nire bihotzak zure begiak ditu diskoa aurkezten dabil orain zuzenekoetan, eta pozik dago lortutakoarekin. «Neureen dudan lana da». Azken zehaztapenekin dabil telefonoz. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian arituko da gaur, eta Gernikako Lizeo Antzokian bihar.

Gontzal_Mendibil

Gontzal Mendibil kantaria. (Monika del Valle / Argazki Press)

Kontatu berri didazu anekdota. Musikarekin hasi zinenean, kantaldi batean 2.000 pertsona jende gutxi iruditzen zitzaizuen, eta bertsolariak justu ibiltzen ziren publikoz. Igande honetan, aldiz, 4.500 pertsona batu zituen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalak Bilbon, eta zuek zabiltzate justu. Bira bat egon da hor.
Igandean bertan gertatu zait: «Joño, Gontzal! Nik bazeukaat hire lehen diskoa!». Ba, oso ongi, baina, ostia, nik beste hamahiru disko egin ditut, eta musikalak eta… Eta berak: «A, bai? Orduan segitzen duk e?». Eta esaten dit: «Ni hire fana nauk!». [Barreak]. Ni pozten naiz benetan bertsogintzak daukan indar horretaz, hori ona da, aprobetxagarria da, eta merezimendu osoz goraipatu behar da, baina, horrez gain, beste gauza batzuk ere potentziatu behar lirateke, eta jendeak ikusi behar luke badaudela euskal musikan gauza onak ere, artegintzan, antzerkian… Baina publikoa guztiz urritu egin da hor. Beharbada gure errua ere zerbait izango da, ze bertsolariek egin dutena da elkarte bat sortu eta eskolak sortu, eta musikariak eta kantariak, aldiz, bakoitza bere aldetik gabiltza. Bai, lagun gara, baina ez dugu elkarrekin gauza askorik egiten. Zailagoa ere bada, bakoitzak bere estiloa daukalako, eta tresna gehiago behar direlako. Bertsolaritza gurea da, gainera, eta irratietan, berriz, mundu guztietako musika dago. Niri pena ematen didana ez da erdaldungoa ez dela hurbiltzen euskal kulturara, baizik eta euskaldungoaren parte diren askok alde egin dutela gure kulturatik. Horrek ardura ematen dit. Euskaldungoa biztanleriaren %30 inguru bagara, zergatik hain gutxik ikusten dute ETB1? Zergatik hain gutxik irakurtzen dute euskal literatura edo euskal prentsa? Hor zerbait landu beharra daukagu. Kexatzea ongi dago, baina autokritika bat egin beharra dugu hor zer egin dezakegun begiratzeko.

Zer pasatu da, orduan?
Hasi nintzenean bazegoen militantismo sutsu bat, eta horrek alde egin du. Jende asko ez zen etortzen musikagatik bakarrik, joaten ziren beste gauza askorengatik. Nik lehen apenas nekien kantatzen, eta musika askoz okerrago egiten nuen, baina orain baino askoz arrakasta gehiago nuen! Eta militantismoak alde egiten duenean zer geratzen da? Xabier Amurizak esaten zuen militantismoak ez duela salbatzen hizkuntza bat, baina horrek ez badu salbatzen, zerk salbatzen du? Bada, beharrizanak, baina beharrizanik ere ez da sentitzen hemen. Irudimena erabili beharko dugu jendea nola erakarri asmatzeko. Ez dakigu beharbada jendea erakartzen. Bertsolaritza jendeak bizi du kemenez eta ilusioz, eta guk ere egin beharko dugu zerbait jendearen parte hartze hori bilatzeko. Jendeak gurekin goza dezan lortu beharko genuke. Baina, noski, horretarako jendeak agertu egin beharko du. Nik badakit orain dela 35 urte entzuten ninduten asko ez direla denbora horretan guztian berriz agertu, eta harritu egiten dira etortzen direnean.

Mingarria ere izango da hori sentitzea.
Egiten dituzu gauzak egiten duzun horrekin sinetsita zaudelako, baina zeure buruari egiten diozu galdera: zergatik egin dit publikoak alde? Badago aldaketa bat aroz aro. Hori normala da. Baina publikoaren multzo bat desagertu ez bada, isilik gelditu da. Jende askorentzat euskal kultura da gastronomia, kirola eta beste ezer gutxiago. Nik defendatzen dut gastronomia, baina hori bakarrik bada gure kultura, gure bibliotekak izango dira gure jatetxeak. Orain gutxi esan zuen Laura Mintegik politikan ez dela batere lantzen kultura, eta berak barrutik ikusi du. Hori egia da. Kulturari apenas ematen zaion garrantzirik, eta kultura ez badugu defendatzen, gero tristea daukagu. Gero eta gehiago gaude inperioaren menpe. Batetik, ari gara independentziaren alde eta autodeterminazioaren alde, baina egunerokoan irentsi egin gaitu inperioak, eta kolonia baten barruan gaude. Nik nahi nuke neu izan; geu izan. Apustu kultural bat dago hor egiteko. Ez dut ikusten planteamendu kultural indartsurik. Kanpokoari askoz ere garrantzi handiagoa ematen diogu. Programatzaile gehienak erdaldunak dira, ez dute bizi euskal kultura, eta hala programatzen dituzte egitarauak. Autokritika serio bat falta zaigu euskaldunoi.

Berrogei urtean kantagintza ulertzeko duzun modua ere aldatuko zen. Zerk bereizten du zuk orain duzun iritzia, eta 18 urte zituen mutiko harena?
Protesta kutsuko kantekin izan nuen arrakasta. Ni hori nintzen eta hori naiz, baina ez hori bakarrik, eta askok uste dute han gelditu zela Gontzal Mendibil. Estimatua geratzen zara kantu haiekin, baina berrogei urtean zehar gauza asko deskubritzen zoaz. Kolektibotasuna onartuz, nik beti defenditzen dut norbera izatea. Orain nagoen lekuan nago estilistikoki, baina bidean gauza asko gertatu dira. Anekdota bat kontatuko dizut. Lehen diskoa egin nuenean Franco hilzorian zen, eta [Xabier Castillo] Xeberri eta biok Madrilen geunden diskoa grabatzen. 1976an hainbat kantaldi eman genituen euskaraz Sevillan, Salamancan, Burgosen, Zaragozan, Madrilen… Gaur egun, ezinezkoa da hori oso leku alternatiboetan ez bada. Zer gertatu da? Igor Estankona poetak esaten duena da: demokraziak ate asko itxi ditu. Ikusten duzuna da urruntze bat egon dela. Euskaldunokin eta gure kulturarekin beharbada solidarioak ziren estatuan, onartzen zuten geu izatea. Gu oraindik geu gara, baina orain ez gaituzte nahi. Normala da Katalunian gertatzea gertatu dena eta hemen ere berdin egotea. 1976ko kulturen hurbiltze hori joan egin zen.

Eta zer da kantua zuretzat orain?
Bizipena batez ere. Ikusten dudana. Sentitzen dudana. Arnasten dudana. Hortik egiten dut kantua. Herri batekoa naiz, eta hemen nago, eta era berean ni naiz, eta inportantzia handia ematen diet hitzei. Kasu honetan, azken diskoarekin, bihotzetik bihotzera aritu naiz. Niretzat kantua hunkitzeko motiboa da, edo hunkitzeko mezu bat izan behar du barruan behintzat. Kantaldi batera modu batean sartu eta beste modu batean ateratzea da arrakastarik handiena.

Porrotetik gehiago ikasten dela diozu, halere.
Arrakastaren ondoren izan nuen nik porrot handi bat. Gogoan dut 1976 inguruko kantaldi bat. Xeberri eta biok ginen mezulariak eta kaña ematen genuenak, eta Benito [Lertxundi] beti lasai. Zenbait egunetan kantaldi bat baino gehiago izaten genuen, eta halako batean berandutu egin ginen Zegama ingurutik Urkiolarako bidean, eta guri deika zebilen jendea saio hartan Benito jotzen ari zen bitartean guk kaña emateko. 1983an Urkiolan bertan beste kantaldi bat eman nuen; uste dut lehen AEKanpadan zela. Neure egiteko eran transformazio bat izan nuen orduan. Nik euskal kultura bizi izan dut herritik, eta hiria zen erdal zer bat. Mikel Zarateren poema batzuk hartu nituen orduan, “Santutxuko aldapa” eta halako batzuk, herritik hirirako urrats hori irudikatuz, eta jazz itxurako musika egin genuen. Hasperen itun diskoko kantak ziren, eta nik erakutsi nahi izan nuen Gontzal bazela ordura arte egindakoa, baina bazela hori baino gehiago ere; ez nuen nahi Gontzal sasoia pasatu zaion kantu mezulari gisa geratzerik. Frank Sinatraren antzera jantzita atera nintzen orduan kantaldira, kapelarekin eta dena zuriz jantzita, neska batekin dantzan eta kristoren musikariekin. Ostia! Jendeak sekulako sorpresa eta harridura! Txistuka hasi zitzaizkigun, eta denetik entzun genuen: «Yanki», «Miguel Bose», «español» eta denetarik. Traizionatuko bagenitu bezala gure egiteko moduak. Euskaldun batek purua izan behar balu bezala, eta modu zehatz batean jokatu behar balu bezala. Halakoekin ikasten duzu zaila dela askotan gure herriaren kolektibotasunean zeure modura artea egitera abiatzea. Jendeak ez zaitu ulertzen bere kolektiboaren parte. Nik hor hartu nuen halako… hartu nuen…

Hartu zenuen sekulako kolpea.
Bai. Nik sinesten dut euskaldunok izan behar dugula halakoak, horrelakoak eta bestelakoak. Nik badakit herri baten parte naizela, baina herri horren barruan denetarik nahi dut. Uniformetasuna ez dut onartzen inondik inora. Ez nuke hori nahi. Ikasi nuen gure herrian ere badirela dogma batzuk ezin alda daitezkeenak, eta jende askok ez ninduen bere kide sentitzen. Tipo arraro bat nintzela pentsatuko zuten. Hor gauza asko ikasten dituzu. Ito ere egin nintzen, eta alde egin nuen bederatzi hilabetez. Iparragirreren pare ibili nintzen Nikaragua, Costa Rica, Panama eta beste txoko askotan. Itzuli nintzenean, 1984an El Salvadorren hil zen Paquito Arriaranen omenezko disko bat egin nuen beste hainbat musikarirekin batera: Euskadi internazionalista.

Oholtzan denetarik probatua zara. Aritu zara aktoreekin, dantzariekin, jendetza mobilizatu duzu Iparragirreri eta Aita Arruperi buruzko ikuskizun musikalak egiteko… Oraintxe Nire bihotzak zure begiak ditu diskoko zuzenekoekin zabiltza.
Iparragirrerekin eta Arruperekin egindako ikuskizun haietan jendea ikustea negarrez ikaragarria izan zen. Baina ez da erraza hainbeste jende mobilizatzea. Badut buruan beste musikal bat egitea, baina ikusiko dugu ea. Azken diskoarekin oso pozik nago, eta esango nuke neureen dudana dela. Urte asko daramatzat musikan, baina kanta hauek neureagoak dira beste asko baino. Barruak ematen didanetik aritu naiz. Hurrengo lana are sinpleagoa egin nahi nukeela aipatu nion aurrekoan lagun bati. Gitarra batekin eta beste bi tresnarekin. Nire kantaldiak ere lekuaren arabera moldatzen joaten dira. Sei musikarirekin goaz oraingo saioetara, baina leku askotan ez dago horretarako aurrekonturik, eta moldatu egiten ditugu. Ni kantatzen bakarrik hasi nintzen, eta egiten ditugu horrelakoak orain ere, eta horrek badauka hurbiltasun bat. Beharbada hori potentziatzea ona da. Halakoetan hurbiltasun gehiago daukazu hitz egiteko jendearekin. Bertsolariek daukaten hurbiltasun horretara gertura zaitezke. Hasieran hasi nintzen bezala, hurbil, emozio hori, jendea zurekin parte hartzen…

Orain horretan zaude.
Bai. Eta gustura nago.

(Berria egunkarian, 2014ko abenduaren 26an argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:Gontzal MendibilNire bihotzak zure begiak ditu