2019.09.15
«Memoria historikoko ariketatxo bat egitea da asmoa, ahal bada nostalgiarik gabe, eta batez ere geure buruak imitatzen saiatu gabe». 65 urteak jadanik beteta, eta lehen kontzertuak eskaintzen hasi zenetik ia lau hamarkada beteko soziologia guztia zeharkatu ostean, oraindik ere hogeitaka urte zituen garaiko tinbre paretsua du ahotsean Josu Zabala musikariak (Otxandio, Bizkaia, 1954). Baina beti aldatzen dira gauzak, kamarada. Aldatu Euskal Herria, aldatu musika entzuteko era, eta aldatu Zabala bera ere. Horregatik esaten du Iñaki Garitaonaindia Gari-rekin batera Hertzainak taldearen kantekin emango dituen hiru kontzertuak ez direla Hertzainak taldearen kontzertuak izango. Ez dute asmorik urteek, bizipenek eta historiak utzitako markak ezkutatzeko. Asteartean egongo dira Bilboko Kafe Antzokian, eta hilaren 25ean eta 26an joko dute, Euskalduna Jauregian; sarrera guztiak salduak dituzte.
Hilaren 25eko emanaldia iragarri eta gutxira amaitu ziren sarrerak; beste bat egitea erabaki, eta horiek ere denbora gutxian desagertu ziren. Nola hartu duzue harrera hori?
Gure ego txikiak poztasuna hartzen du, baina harrituta ere bagaude. Egia esan, sekulako marroia bihurtu zaigu hau dena [Irriak]. Sarrerarik gabe geratu den jendearen matraka izugarria da, eta ezin izango dugu nahi beste sarrera banatu ingurukoen artean. Lehen emanaldia iragartzeko prentsaurrekoa egin genuenean hogei gordetzea lortu nuen: familia eta lagunen konpromiso minimoei erantzuteko. Pozik atera nintzen lortutakoarekin, baina lehen saioaren sarrerak agortu zirela jakin, eta bigarren emanaldirako zenbat gorde behar nituen pentsatu orduko amaitu ziren ia sarrera guztiak. Beraz, halakoetan geratzen dena zera da: ezin ebatzizko arazo bat. Nahasketa horrekin gaude: pozez, horrenbeste denbora igaro ondoren ez genuelako horrenbeste maitasun geratuko zenik espero; eta, aldi berean, nahastuta, egoerari neurria hartu nahian.
Talde guztia elkartzea zen zuen hasierako asmoa.
Garik eta biok Bilboko Arriaga antzokian otsailean egindako emanaldiaren ondoren erabaki genuen taldea elkartu eta bira egitea [Gariren taldea disko berria aurkeztekoa zen, eta Zabalari haiekin batera taularatzeko gonbita egin zion taldekide ohiak]. Hertzainak taldearen lehen diskoa argitaratu zela 35 urte igaro zirela-eta, banda berriz batu eta Euskal Herriko hiriburuetan emanaldiak egitea zen gure hasierako asmoa, baina ez da posible izan. Hitzorduak ere jarrita genituen, baina bertan behera utzi genituen den-denak, baita Bilbokoa ere. Euskaldunako antolatzaileak tematu direlako egingo dugu Bilbokoa. Edonola ere, esan egin behar dut: niri Gasteizko kontzertuak egiten zidan ilusio gehien. Bereziki Gasteizi zor diogulako Hertzainak-en izana, konbentzituta bainago taldea Tolosan [Gipuzkoa] hasi izan balitz ez ginela inora iritsiko. Gasteizek egin zuen posible.
Askotan azpimarratu duzu sorlekuaren ideia, eta euskararekin ere lotu izan duzu.
Hasieran zaila izan zen jendeari ulertaraztea zergatik egiten genuen egiten genuena euskaraz, euskaraz egiten ez zen hiri batean. Baina bertakoen babesari esker iraun genuen lau urtez desertu miserable batean. Gasteizen genuen lagun sareak bultzatu gintuen. Asko zor diogu hango jende askori, eta, horregatik, niretzat garrantzitsuena Gasteizko emanaldia egitea zen, eta azkenean hori da egingo ez duguna.
“Konbentzituta bainago taldea Tolosan hasi izan balitz ez ginela inora iritsiko. Gasteizek egin zuen posible”
Guztiz baztertzen duzue Arabako hiriburuan saioa errepikatzea?
Zaila da. Gauden adinean egonda, eta horrenbeste gauza ikusi ondoren, ezin dugu ezer baztertu. Mila aldiz jan dugu gure berba eta, hala ere, uste dut saiatu beharko genukeela gure hitzei balioa ematen. Ez dakit zer gertatuko den aurrerantzean, baina gu behintzat ez gara emanaldiaren bila joango. Gainera, suposatzen da gauza berezia zela hau, lehen diskoaren urteurrena ospatzekoa. Ez dugu musikara bueltatzeko inolako asmorik. Aspaldi nago ni musikalki erretiroa hartuta; Garik erreskatatu ninduen, baina argi utzi nahi dut: ni ez naiz sekula musikari profesionala izan, ezta izan nahi ere. Egitasmoak aurrera eramateko tresna gisa ulertu izan dut musika beti. Baliabide bat izan da niretzat, eta saiatu naiz egitasmo bakanak eta esklusiboak sortzen. Hertzainak lehena izan zen, eta gero 7 Eskale eta Gu eta Gutarrak etorri ziren. Musikara itzultzeko, beste egitasmo bat beharko nuke, musikatik harago egingo lukeena.
Hausturaren ideian behin baino gehiagotan egin duzu indar.
Bestelako egoera bat erakutsi nahi genuen. Euskaltasun ofizialaren parametroetatik kanpo bestelako molde batzuk zetozen, eta horretan egin nahi genuen indar: gure munduari egin nahi genion kritika. Ordura arte euskal musikak kanpora begira egiten zituen kritikak: hau da, «gu, euskaldunak, onak gara eta espainiarrak txarrak, eta abertzale izanez gero, gauden denok anai». Bada, guk kantatu nahi genuen euskaldunak izanda ere denok ez garela anai. Hor erabat jotzen genuen euskaldunen artean zegoen filosofiaren aurka. Gure buruari kritika egiteko sasoia zela uste genuen: “Drogak AEKn” eta “Rock’n Roll batzokian” gisakoak abesten genituen. Ez genion kritika paternalistarik egin nahi gure herriari.
1984an Donostiako belodromoan egindako emanaldia. Orduan egin zenuten jauzia?
Ikaragarria izan zen. Euskaldunekin pasatu beharreko froga bat izan zen orduko kontzertua; tribuan onartuak izateko saioa. Lehen diskoa kaleratu arte ez genuen giro euskaldunetan kontzerturik egin, eta AEK-k Euskal Herriko totem askorekin batera aritzeko eskaera egin zigun. Gogoan dut Ruper Ordorika izan zela gure aurretik. Proba gogorra pasarazi ziguten: agertokira igo, eta alde guztietatik ikusi genuen jendea, ziztu bizian, oholtzara gerturatzen; listuka hasi ziren asko. Bost kantu igaro genituen eusten, eta baretuz joan zen giroa gero. Hasierako harrera hura izugarria izan zen. Lehen diskoaren ondoren beste era batera begiratzen hasi zitzaigun euskal mundua. Euskal musikaren giroaren aurkako zerbait egin, eta euskal musikak fagozitatu gintuen; euskal musikaren parte bihurtu ginen gu ere. Ez zen gure asmoa, baina horrela dira gauzak.
Hor bukatu zenuten bidea.
Apurtu behar dituzun guztiak apurtu dituzunean, zer egin? Kritikatzen genuen hori bilakatu ginen, eta horrek esan nahi zuen gure bidea bukatuta zegoela. Erabakia hartu behar genuen, eta lehen ere esan dut neure helburua ez dela inoiz izan musikaz bizitzea. Gustatzen zitzaidan, noski, baina ez zen nire helburu behinena.
Belaunaldi bat baino gehiago busti du Hertzainak taldeak, eta erreferentetzat hartzen dute oraindik askok. Zein da gakoa?
Gazte asko ginen orduan. Demografikoki, piramidea oso bestelakoa zen: bost edo sei seme-alaba izatea zen ohikoena. Gazte asko ginen, eta ahaztuta geunden. Trantsizioaren garaian bukatu zela esan ziguten, eta demokrazia batean geundela: hor dituzue drogak, zoazte kalera eta dibertitu zaitezte. Baina ez zen planifikaziorik egon gazteentzat. Guk asmatu behar genuen. Egoera horri erantzunez sortu zen taldea: musika zen askorentzat espresio bidea, eta seguruenik horregatik markatu genuen horrenbeste belaunaldi hura. Akaso ondoren ez zen egon gu bezala horren argi manifestatu zen musika talderik; ez arlo sozialetik, ezta politikoan ere. Garai alaia izan zen, harik eta hiesa agertu zen arte. Drogen albo kalteak eta heriotzak zabaltzean zapuztu zen dena. Familiek atzera egin zuten: kalea arriskutsutzat hartzen zen, eta aurretik kalera bidaltzen zirenak babestu egiten ziren gero. Antisorgailuen hedapenarekin ere seme-alaben kopurua murriztu zen. Soziologikoki, jauzi kualitatibo handia egon zen hurrengo belaunaldiekiko; ez naiz soziologoa, baina horiek dira okurritzen zaizkidan erantzunak.
Bizirik iraun izanaren sentipena duzue?
Guk kontatu dezakegu, bizirik atera garelako. Horrek sekulako poza ematen du, asko direlako bidean geratu zaizkigun lagun handiak: Cicatriz, RIP… Gazte asko geratu zen bidean, heroinaren edo hiesaren ondorioz. Oso gazte ginela ezagutu genuen arrakasta, eta horrekin asko gozatu genuen. Hori sekulako plazera da. Egun batean mundu guztiaren aurka egin, eta irabazi. Gero etorri zen fagozitazioa, eta bukatu egiten da: irabazi duzu honaino, baina, gehiago irabazi nahi baduzu, gauza ezberdinak egin behar dituzu.
Diru bila ez zabiltzanean agertzen da dirua. Hor daude kontraesanak. Jendeak pentsatuko du esan genuena ez dela egia. Baina gaur egun ere salbuespena dira euskal musikan euskaraz kantatzen musikatik eroso bizi diren artistak. Hori lortzen dutenek egin behar duten esfortzua zein den ere aztertu beharko litzateke. Gainera, musikari baten bizitza kirolarienaren oso antzekoa da: oso zaila da beti goian egotea. Berri Txarrak salbuespen handi bat da. Oro har, euskal artistei ez zaie halakorik gertatzen.
Asko dira agertokiak utzi eta itzultzea erabaki duten taldeak. La Polla Records, Lin Ton Taun… Zerekin lotuko zenuke?
Gurea ez da itzulera profesional bat. Ez dugu halakorik egin nahi, eta argi azaldu nahi dugu: Gari eta Josu ez gara Hertzainak, ez goaz sonoritatea eta estiloa imitatzera, ordukoa berrirakurtzera goaz, gaur egun dugun egoera fisikotik eta psikikotik. Egin genituen kantuak maite ditugu: maite dugu esaten zutena eta suposatu zutena. Baina [irribarrez] ez gara gai jarrera oldarkor hura mantentzeko. Beste talde batzuek hori dute xede, eta beraiei galdetu beharko litzaieke zergatik egiten duten. Baina ez da gure kasua. Guk berrirakurketa egingo dugu, orduko abesti eta mezuekin. Memoria historikoko ariketatxo bat egitea da, ahal bada nostalgiarik gabe, eta batez ere geure buruak imitatzen saiatu gabe. Horretarako askoz hobeak dira kultuzko taldeak. Beraz, halakorik ikusi nahi duenak hobe du gu imitatzeko talde bat osatzea. Edonola ere, aitortu behar dut niretzat gozamena dela kantuekin berriz topo egin, eta gaur egun nola kantatuko nituzkeen gogoetatzea.
“Gari eta Josu ez gara Hertzainak, ez goaz sonoritatea eta estiloa imitatzera, ordukoa berrirakurtzera goaz“
Aldatu dituzue hitzak ere?
Batzuetan bai, garaiko erreferentziak agertzen baitira. “Hau dena aldatu nahi nuke” abestian aipatzen dugu [Luis Alberto Aranberri] Amatiño telebistan agertzen dela, eta askok nor den ere ez dakite. Badaude beste kantu batzuk gaur egun abesteko akaso ez direnak zuzenak, baina hala mantenduko ditugu, memoria historikoaren parte direlako. Edonola ere, munduak hobera egin du? Gauza asko aldatu dira, hoberako eta txarrerako. Sekulako erronkak eta arazoak ditugu. Guk, garai hartan, inkontziente hutsak ginela, aldaketa klimatikoari buruzko abesti bat egin genuen. Ez ginen konturatu ere egiten, baina okerrena da ez genuela aldaketa klimatikoa ukatzen Trumpek egiten duen bezala. Gu aldaketa klimatikoaren alde geundela genioen. «Euskadi izango da libre ta tropikala» zioen abestiak, eta profeziaren bigarren zatia betetzear dago. Zoritxarrez, gaur egun kezkagai da orduan irriz kantatzen genuena. Ez gaude lehen baino hobeto. Horregatik uste dut garrantzitsua dela espiritu kritikoa mantentzea, baita geure buruekin ere.
Filosofia bera zuten 7 Eskale eta Gu eta Gutarrak taldeek ere?
Iraungitze data izan duten egitasmoak izan dira biak ala biak. 7 Eskale Josu Egireun Basauriko Trintxera elkarteko lagun baten eskaeratik sortu genuen. Jardunaldi batzuk egin behar zituzten pobreziaren eta drogen inguruan, eta espektakulu xume bat prestatzeko eskaera egin zigun. Baina dena konplikatzea gustatzen zaigu, eta bi emanaldirako ikuskizuna izan behar zuena urte eta erdiko egitasmo bihurtu genuen. Gu eta Gutarrak proiektuarekin antzeko zerbait gertatu zitzaigun. Aurreko esperientzia pasatuta, egitasmo pertsonalagoa sortu nahi genuen Igor Elortzak, Unai Iturriagak eta hiruok. Gai jarriak izan gabe, bertsolaritzari buelta bat eman nahi genion, nolabait. Oso harro nago egin genuenarekin, baina iraungitze data jarri genion hasi aurretik, Hertzainak taldeari gertatu zitzaiona errepikatu ez zedin, eta saihesteko gerora sor zitezkeen frustrazioak.
Musikari lotutako bidea egin duzu.
Musika kontsumitzeko moduak erabat aldatu dira. Kanpoko konpetentzia oso txikia zen lehen, eta garrantzi gehiago ematen zitzaion tokian tokiko musikari. Gaur egun, kontsumo masibora iritsi gara: ez da musika entzuteagatik ordaindu behar, eta Internetetik baldeka jaitsi dezakezu. Oro har, uste dut egiten den kontsumoa nahiko inkontzientea dela: masiboa eta inkontzientea. Diskoa erosi eta goitik behera entzuten zen lehen, buruz ikasi arte. Areago, musika taldeari buruzkoak ere jakiten zenituen: nongoak ziren, izen-abizenak zeintzuk ziren, baita zer pentsatzen zuten ere. Gaur egun, mende oso batean entzuteko adina musika gordetzen dugu disko gogorretan; ez dugu denborarik jaitsi dugun musika guztia entzuteko. Musika debaluatuta dagoela uste dut, eta musika lokalak sufritzen ditu gehien horren ondorioak. Rocka ere modaz pasatzen ari den estilo bat da. Aspaldi da AEBetan gehien entzundako diskoen artean rock estilorik ez dagoela: bestelakoek hartu dute lehentasuna. Gaur egun tangoak eta pasodobleak duten lekua hartuko du rockak laster.
1 IRUZKIN