Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2015.10.09

Gorka Erostarbe

«Euskal countrya da, baina euriak eragindakoa»

Elkarrizketa: Ivan Zabalegi (Nire)

Lan kontuengatik utzi zuen Lisabö Ivan Zabalegik (Irun, Gipuzkoa, 1974), azken biraren ostean. «Ezin nuen entseguen erritmoarekin jarraitu». Egun Lisabö arnasaldi ohiko batean murgilduta dago, «baina egon badago», dio Zabalegik. Eta bertako hainbat kide alboan izan ditu bakarkako lehen abentura honetan. Zuzenekoetan bi formatutan arituko da, «leku eta unearen arabera»; bakarka batzuetan eta hiruko formatuan besteetan, Ander Zabalegi anaiak (bateria) eta Mikel Lopez Ereñozagak (gitarra) lagunduta. 

nire

Ivan Zabalegi da Nire. (Kakun Rubio)

Zortzi kantu eta laburra egiten da. Hala pentsatua dago? 
Ideia garbirik ez neukan, abestiak egitea baino ez, poliki-poliki. Motzak atera dira, bada hala izan beharko zuten…

Noiztik gitarra? Jende gehienarentzat ezezaguna da zure aurpegi hori.
Aspaldi jotzen nuen gitarra etxean, nire kabuz. Lisabo duela pare bat urte utzi nuen, bira bukatu genuenean, eta horretara jarri nintzen, kantuak sortzera. Borobildu nituen, eta azkenean diskoa egin dut.

Zeure kabuz ikasi duzu gitarra jotzen?
Bai, nire kabuz eta teknika berezirik gabe; akorde gutxi batzuekin moldatzen naiz, eta hortik aurrera, esperimentazio hutsa.

Lisabören sonoritatetik urrundu egin zara, folk estatubatuarrerantz, baina ez da hain bidaia arraroa ere batetik besterakoa…
Lisabön musika asko entzuten genuen, eta oso desberdina gainera; denok elkartzean ateratzen zitzaigun ateratzen zitzaiguna. Nik uste dut musika hau oso desberdina dela Lisabökoarekiko, baina badauka zerikusirik ere. Country kutsu bat badu, baina nahiko iluna atera zait era berean…

Kantuak dira, baina badu atmosfera propio bat ere…
Bai, euskal countrya dela esango nuke, baina hemengo euriak eragindakoa [barreak]…

“Galtzailea” kantuan diozu: «Nire buruaren aurkako borrokan inor ez da garaile». Musikara ekarriz, borroka handia izan da taldeko babesetik atera eta disko hau sortzea?
Lan handia da, baina gustuz egindakoa da. Ordu asko sartu ditugu. Talde batean bateria jotzea nahiko erraza izan liteke, baina kantuak sortzea beste kontu bat da. Poliki sortu ditut gitarraz, eta gero janzten joan gara.

Etxean bakarrik landu dituzu kantuak. Horrek goxotasuna edo bakardade sentsazioa eman dio diskoari gehiago?
Etxean egiteak bietatik eman dit, baina gehien bat erosotasuna, edozein momentuan lan egiteko aukera. 

Karlos Osinaga Txap izan duzu alboan grabaketan. Babes handia izan da?
Garbi nuen Txapekin egingo nuela. Nik oinarriak sartu ditut lehenik, gitarra akustikoa, ahotsa eta bateria; ondoren lagun artean jantzi eta borobildu dugu. Ander Zabalegik [Sacco] beste bateria batzuk sartu ditu, Txapek gitarra bat, Javi Manterolak [Lisabö] beste bat, David Martinez Zabalegi lehengusuak beste bat, Mikel Lopez Ereñozagak gitarra jo du beste lau kantutan… Soinu sinplea nahi genuen, eta hori bilatu dugu. Txapek abestiak ikusi egiten ditu behin entzunda, eta garbi jakiten du nora eraman. Biak elkarlanean osatu dugu.

Hitzak guztiak zureak dira.
Ez naiz hitz egile ona, eta ez ditut kantu luzeak egiten. Ideia batzuk hartzen ditut, eta kantutxo bat moldatzen dut, besterik ez. Esaldi bat bururatzen bazait, horren inguruan moldatzen dut istorio txiki bat edo pentsaera bat edo ideia bat, eta gero bakoitzak har dezala nahi duen bezala.

Ahoskera propio landu duzu, ukitu anglosaxoia dauka. Nahita landu duzu?
Oso Ama Say zalea izan naiz; haiek ederki uztartzen zituzten ingelesa eta euskara kantu berean, eta ahoskera bereziz. Niri ere otu zitzaidan antzeko zerbait egitea, eta esaldiren bat ingelesez jartzea, country ukitua dutenez. Dibertsio moduan hartu nuen, eta emaitza berezia bada behintzat.

Ahotsa tratatua dago, gainera, distortsio moduko batekin.
Bai, Txapen kontuak dira horiek. Ikusita nola abesten nuen, distortsio txiki bat sartu zion ahotsari. Lisabön ere egiten genuen. Zuzenekoetan, oraingoz behintzat ez dut efektu berezi hori erabiliko, abestiaren arabera saiatuko naiz modu batera edo bestera abesten.

Will Oldham, Smog, Vic Chesnutt datoz gogora. Musikari batzuk entzun dituzu bereziki?
Ez dut bereziki ezer entzun, baina betidanik entzun dut Neil Young, Will Oldham, Smog, Calexico, Giant Sand, The Jayhawks… Horiek gustukoa izan ditut beti, eta hor bueltaka izaten dira, eta nahiz eta beste musika bat ere entzun dudan, ildo horretatik joan naiz. Eta hemengo taldeetan Audience oso talde estimatua dut ildo horretan, nahiz eta beraiek kutsu klasikoagoa duten. Niri motelagoa edo ilunagoa atera zait.

(Berria egunkarian, 2015eko urriaren 8an argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:Ivan ZabalegiJavi ManterolaKarlos OsinagaLisaböNireSacco