2024.02.14
Ohi duen bezala, lekuaren ezaugarri fisiko eta materialak kontutan hartuta konposatu ditu pieza guztiak eta era horretan, espazioa, denbora eta bertaratzen diren guztien arteko harreman eta jolas etengabea proposatzen du. Bihar, ostiralarekin, kontzertua emangodu Txaranga Urretabizkaiak Donostiako Tabakaleran bertan, 19:00etan. Sarrera librea ziango da.
Instalazioa osatzen duten 11 piezen artean era guztietako esperimentuak aurki daitezke. Esate baterako, Desmuntaturiko instrumentu baten zatiak aldi berean jotzen piezan klarinete bat ahal den pieza txikienetan desmuntatu eta pieza bakoitza banan-banan jo eta grabatu dute gero zati bakoitza bertan instalatu den soinu sistema oktofonikoaren bafle ezberdin batetik entzuten da. Fantasmas-en aldiz, jendeak eskaileratik pasatzean egindako soinuen grabaketak psikofonien moduan erreproduzitzen dituzte eskailera osoan zehar. La piezan, txarangako partaide bakoitzak La nota jo eta grabatu ondoren, bozgorailu bakoitza puntu baten modura errepresentatu eta puntu horiek La hizkiak marrazteko dauden aukera guztiak erabiliz lerrokatzen dituzte, soinuak bozgorailu batetik bestera pasatuz. (11 partiturak eskuragarri daude Txarangaren webgunean.
Instalazioa Donostiako Tabakaleran dagoen bitarteko egun bakoitzean pieza desberdin bat erreproduzitzen da, haietako batzuek hamar orduko iraupena dute. Ondorioz, ez dago instalazioa entzun eta esperimentatzeko modu konbentzionalik ezta bere osotasunean hausnartzeko aukerarik ere (bertan bizitzera geratzen ez bazara behintzat), ezta beharrik ere, entzule bakoitzak bere erara bizi eta jolastea da hemen gakoa, Txarangak egiten dituen proiektu guzietan bezala. Baina, zer da Txaranga Urretabizkaia? Nondik dator eta zein da bere asmoa? Jon Mantxirekin (Karidadeko Benta, Gora Japon…) hitz egin dugu eta taldearen Telegram kanaletik beste taldekide batzuren iritziak jaso ditugu ondoko erretratua irudikatu ahal izateko-
Jon Mantxi: Unean unekoa eta gehiegi pentsatu edo prestatu gabeko gauza izan zen. 2017an gure kide batek Bilboko Sarean elkartean antolaturiko kontzertu baterako kartela osatu beharra zeukan eta artista bila zebilen. Gu inprobisaziozko musika munduan genbiltzan garai hartan eta zerbait desberdina probatzeko gogoz eta bere eskaera ikustean behar hori asetzeko aukera ona zela iruditu zitzaigun. Haizezko instrumentuetan eta arau edota partitura oso zehatz eta mugatu batzuri lotutako esperimentu bat egitea bururatu zitzaigun. Haize instrumentu bat zeukan edonor gonbidatu genuen parte hartzera, baita inoiz zuzenean jo ez bazuen ere. Era horretan, Ibon RG, Fernando Ulzion, Myriam Rzm (Gora Japon, Magmadam…), Pablo Lajo, Fernando Gomez eta seirok osatu genuen Txarangaren lehen bertsio hura. Segituan beste kontzertu bat emateko aukera suertatu zen eta ia konturatu gabe aurrera egin genuen taldearekin. Jendea sartzen eta ateratzen egon da urte hauetan, batzuetan beraiek proposatuta, beste batzuetan geu beraien bila joan garelako. Edozein erara, gaur hamazazpi partaide gara guztira (25 urtetik 76era, adinean), baina ez gara inoiz denak elkarrekin egoten. Batzuetan batzuk, besteetan beste batzuk, oso egitura askea da. Telegram kanal aktibo baten bitartez komunikatzen gara eta kudeatzen dugu taldearen jarduera. Beti ere, gutxienez sei edo zazpi kide izaten saiatzen gara ekintza bakoitzerako.
Txaranga erronka pertsonal eta kolektibo bat izan da. Talde handi batean, gure ohikoak ez diren instrumentuez baliatuta eta oso arau zehatz batzuei mugatuta sortzen saiatzea da, hain zuzen ere. Era horretan, partaide bakoitzari bi nota (bata altua bestea baxua) jo ahal izatea da eskatzen zaion guztia.
Jon Mantxi: Proposamenak kanpotik iritsi zaizkigu beti eta horrek baldintza eta epe jakin batzuk ezartzen dizkigu lehen unetik. Baldintza horiek eta jotzeko prest gaudenon zerrenda kontutan hartuz prestatzen dugu beti saioa. Ondorioz, pieza guztiak site specific edo “lekura egokituta” izaten dira. Ez dugu talde arrunt baten moduan astean bi aldiz entseatzen, baina, posible den guztietan behintzat, ekitaldia emango den lekua aldez aurretik ikusten saiatzen gara beti. Bere ezaugarri akustikoak eta bertan nondik nora mugitu gaitezkeen, kanpoan edo eraikin baten barnean izango den, lekuaren historia eta harekin dugun erlazioa identifikatzen saiatzen gara. Oso lagungarria da guretzat lan hori.
Konposizioak lantzeko garaian, normalean gutako batek, edozeinek, egiten du lehen partitura proposamena, eta gero denon artean lantzen dugu ideia. Edozein erara, proposamen guztiak onartzen ditugu eta mahai gainean jartzen ditugu guztion eztabaidarako. Eta egia esan, behin probatu eta gero, normalean ia guztiak ateratzen ditugu aurrera. Bestalde, konposizioak egituratzeko garaian “autoerregulazioa” erabiltzen dugu, hau da, pieza bakoitza bere kasa bukatzen uzten dugu, adibidez, atal hori ongi zehaztua ez badago.
Fernando Ulzion: Autoerregulazioaren aldeko apustua harago doa, eta antolaketa kolektiborako modu esperimental gisa planteatzen dugu.
Jon Mantxi: Azken batean, ez gara musikaz bizi eta horrek, taldea erronka artistiko baten moduan bizi eta gozatzea ahalbidetzen digu.
Jon Mantxi: Lehendabizi, esan Scala proiekturako Oier Etxeberriak deitu zigula, eta bihotzez eskertzen diogula proposamena egin izana. Orain artean gure jarduera zuzenekoetan zentratu da eta estreinako aldiz grabatu dugu estudio batetan. Taldekide batzuk artista plastiko eta bisual moduan aritzen dira, baina kasu honetan objektu fisikorik edo pantailarik ez gehitzeko eskatu ziguten, Tabakalerako eskailera bere horretan mantendu beharra baitzegoen.
Soinu grabatura mugatu behar izan gara baina, hala ere, oso erronka polita suertatu da guretzat. Ohiko estereotik zortzi kanaleko sistema oktofoniko batera egindako jauziak pilo bat baldintzatu, eta era berean bultzatu, du gure proiektua. Azkarra izan da hala ere, bi hilabete eskasetan burutu baitugu. Irailean jaso genuen proposamena, eta bertan Tabakalerara bisitak eginez ikertu genituen lekuko ezaugarriak. Gero informazio hori guztia etxera eraman eta irailean zehar gure artean proposamenak partekatu genituen eta azkenik, urrian, Ibon Agirreren estudioan egin genituen grabaketa batzuk eta beste batzuk berriz eskaileratan bertan. Guzti hori editatzea izan da gero lan handiena.
Jon Mantxi: Musika elektrikoa lantzen dugunoi espazialki asko mugatzen gaitu teknologiak berak (anplifikagailu ondoan egon beharrak edo mikroaren aurrean). Horrek musikaria leku batetan (agertokian) eta publikoa bestean egotera bultzatzen du. Logika hori apurtzen saiatzen gara txarangarekin. Haizezko instrumentu akustikoak ematen digun askatasunari probetxu ateratzen saiatzen gara. Lehen kontzertua modu konbentzionalean eman genuen baina hortik aurrera mugitu egin gara eta soinuaren espazializazioa bilatzen dugu sarri.
Era honetan, performance moduan egin izan ditugu saiakerak eta gure mugimendu bera partituraren osagarri bihurtu. Bestalde, soinua urrun edo gertu entzutearekin eta horrek publikoarekiko eragiten duen erlazioarekin jokatu izan dugu. Oso urrutitik jotzean soinua espazio guztian hedatzen da eta publikora ia ukitu arte gerturatzean, aldiz, askoz fisikoagoa bihurtzen da. Bestalde, ekitaldietan publikoa dantzan ikusi eta haien mugimenduaren arabera jo izan dugu edo begiak kliskatzen zutenean bakarrik. Esan bezala, eremua amaiezina da.
Ibon RG: Lehenik eta behin, argi dago egiten dugun edozer politika dela. Gure formula ez nuke esango anarkista denik, nahiz eta disonantea den edozein gauza halakotzat hartzen den, nik demokratikoagoa dela esango nuke. Azken batean, txarangako edozein kidek proposatzen duen edozein pieza gutxienez probatu egiten da, ekarpenak guztien artean egiten ditugu eta denak hartzen dira kontuan baloratu ahal izateko. Kontzertuetan publikoaren erdian sartzen gara, genero berdintasuna bilatuz neska gehiago sartu arte mutilik ez dela sartuko erabaki dugu. Liburua editatu eta bideo guztiak eskuragarri jartzen ditugu (nahiz eta horrek ere YouTube bezalako plataforma esplotatzaileei mesede egin). Gure instrumentuak modu “egoki” batean jotzen ez jakitea eta ongi eta gaizki zer den edo zarata zer den eztabaidan jartzen ditugu. Tira, mundua ez dugu aldatuko noski, baina erabaki guzti horiek politikoak dira.
Lorea Oar-Arteta: Sormen habia aurkitu dut. Lider bakarra barik, errespetuz hartzen da edonoren proposamena. Eta interesgarri askoak dira. Haizearen zurrunbiloan lehen pausuak ematen ausartzeko gogoa piztu dit arlo pertsonalean.
Jon Mantxi: Zortzi urteren ondoren, Txarangan ikasi dudan gauzarik ederrena, oraindik ikasteko eta probatzeko geratzen zaizkigun aukerak infinituak direla, eremua oso zabala dela, alegia. Bestalde, gustuko dut alde batetik esperimentatzeko jarrera “serio” bat izatea , hau da, musika garaikideko kontzeptuak eta prozedurak erabiltzea, baina, era berean, mozorrotuta eta jarrera jostagarriz jardutea, gure ezjakintasunaren lotsarik izan gabe.
Partitura batzuk berezko eduki eta entitatea dute eta horregatik atera genuen liburua, baina beste batzuk probatu arte ez dakigu zer gertatuko den eta zer aterako den handik. Era horretako ideiak praktikara eramatean ematen diren ezustekoak oso irakasgarriak izan dira.
Orohar, mundu esperimentaleko beste musikari asko baino errazago hartzen gaitu jendeak nire ustez, gure jarrera ludiko eta parte hartzaile hori dela eta.
Ibon RG: Bururatzen zaizkigun hainbeste ideia “zoro” modu guztiz ludiko batean aurrera ateratzea posible dela ikustea da niretzako ere gauzarik ederrena. Era berean, seriotasun osoz lantzen ditugu proiektuak, Tabakalerarako egindako instalazioa bertan egin den konplexuena izan daiteke ziurrenik.