Elkarrizketa

Urko Ansa

2021.12.22

Urko Ansa

“Eszenatokia goian uzteko momentua da”

Elkarrizketa: Josean Larrañaga 'Urko'

Irailaren 3an argitaratu zen 2021 Victoria Eugenia, Urko kantariaren zuzeneko diskoa, urtarrilaren 17an Donostiako antzoki horretan eskaini zuen Ezezagunak kontzertu historikoaren testigantza. Lan berri honetaz eta beste hainbat konturi buruz aritu ginen Josean Larrañagarekin Amara auzoko taberna batean. Urko bere lan berriarekin liluratuta dago, gu gauden bezain beste: oholtzan izan zituen musikarien artea, soinuaren kalitatea, interpretatu zuen ezohiko errepertorioa, diskoaren diseinua eta azala… Hitz egitean dirdira berezi bat irradiatzen du begietan.

URKO

Josean Larrañaga ‘Urko’ Viktoria Eugenia antzokiaren inguruetan. (Maialen Andres / Foku)

Harro dago nonbait azkena izango duen lan honetaz, eta plazer handiz azaldu zizkigun haren nondik norako guztiak. Horrez gain, iraganera hainbat bidaia egin genituen, Seat autoa hartu eta Madrilera lehen diskoa grabatzera joan zenekoa, Audiofilm estudioen lilura, arrakasta itzelezko urteak, kantaldi-mitin legendario haiek, egoera politikoaren gorabeherak, euskaraz kantatzearen hautua, hautu politikoa eta beste hainbat kontu irakurgai dituzue elkarrizketa luze honetan.

Ia bere diskografia osoa jarri diogu mahai gainean. Binilo guzti horiek… Urko harrituta dago. Pasio izugarriz hitz egiten du bere musikaz, azken diskoaz zein bere ibilbide luzeko grabazioez. “Ostras, horiek bai harribitxiak!”. Single batzuek atentzioa eman diote. Jamaika irratia, 1984an argitaratu zuen singlea hartu du eskuetan. “Hitzak nik egin nituen, eta musika, uste dut Iñaki Goikoetxearekin egin nuela”. Single gehiago: Zuretzat Galizia (1978) harrigarria, Gora gure errege (1985) hit single liluragarria… Aipatu diogu nola Goiherri (1979) diskoarekin etapa berri bat hasi zuen, eta rock and roll egiturako kantuak sortu zituen. Berriz ere irribarrez, musikariei “eman diezaiogun egurra” esan ziela oroitzen du.

Goazen disko berriarekin. Hasteko, zorionak eman nahi dizkizut. Sekulako soinua dauka, kalitatezko disko bat da, eta musikari onenekin egindakoa.
Dudarik ez. Eta gainera, nire abestiak dira gehienak.

Iparragirrerena kendu beharko genuke. Eta “Donostiako hiru damatxo” herrikoia da, baina..
Konponketek ez dute zer ikusirik jatorrizkoarekin.

“Azken txanpa” kontzertuan jo zenuten, baina ez da diskoan ateratzen. Dena den, kantuen ordena ondo gelditu da eta ondo planifikatutakoa dirudi.
Bukaera, adibidez, nik uste dut oso ondo antolatuta dagoela. “Guk euskaraz” eta gero “Por qué”. Eta azkena “Maite, maite maitia”. Eta ahaztu egin zitzaidan Txiki eta Otaegirena.

Bai, “Gure lagunei”.
Atsekabe izugarria hartu nuen. Nik, konturatu gabe, amaitutzat eman nuen kontzertua. Txiki eta Otaegirena niretzat da maitagarriena. Zatitxo bat bakarrik egiten dugu.

Berez 17 minutu dauzka.
Bai. Nik ezagutu nuen Txiki. Otaegi ez, berarekin minutu bat edo egongo nintzen leku berdinean egun berean. Baina Txikiren anaia Mikelekin ibili nintzen Europa guztian, amnistia lortzeko kanpainarekin. Egun batean abokatuak esan zigun: “Bihar fusilatuko dute”. Guretzat izugarria izan zen. Iñaki Goikoetxea gitarristak, Josean Ontoria akordeoi jotzaileak eta hirurok egin genuen kantua. Epikoa zen, baina zuzenean egiteko ezinezkoa da orain, eta gainera hitzekin arazoak edukiko nituzke agian.

Lan berriaren azalaz hitz egidazu.
Zoragarria da. Txema Hornak egindako lan ederra. Txemak egin ditu ia nire portada guztiak. Eta kantu zerrendari buruz, oso erraza neukan: “Artillero dale fuego”, “Quisiera ser alcalde”… eta horrelakoak egin eta arrakasta bermatuta neukan. Baina nik, musikari bezala, esaten nuen “joder, erakutsi behar diogu jendeari zer egiten dugun!”. Nire abestiak jo nahi nituen. Hitz egin nuen musikariekin, eta aipatu behar da Javier Perez Azpeitia, nire pianista, zoragarri aritu zela. Bera zuzendari musikala izan zen kontzertuan, pianoa jotzeaz gain.

Ahotsaz oso ondo zaude. Ebakuntzak eta koronabirusa jasan dituzun arren…
Bai, bi edo hiru. Sei hilabete lehenago egon nintzen klaseak hartzen Pasaiako kontserbatorioan. Arnasketa, ahoskatzea, eta batez ere emisión de voz deritzona landu nituen. Ni baritonoa naiz, berez nire tesitura baritonoarena da. Arriskua dago, behin klaseak hartzen hasten zarenean, ahotsa kolokatzen den neurrian “Gooizeekoo” kantatzen amaitzea. Ahots kliniko bihurtzen da. Potentzia edukitzen baduzu, hori gertatzen da. Eta nik ez nuen hori nahi inola ere. Indarra bai, eta ondo ikasi nuen; entrenamendu bat da. Hau kirola bezala da, eta klase intentsiboak izan ziren.

Helburua handia zen: muntaia, zuzeneko diskoa grabatzea, eta gainera telebistak jasotzea.
Eta gainera errepikaezina. Hemen ikusten baduzu [Konstituzio Plazako diskoaz ari da, Urko Herrikoi (2016)], nire atzetik 60 musikari daude, Bilboko bandakoak. Hori da lokomotora bat, makina bat bezala da.

Urte hartan kontzertuak tokian-tokiko bandarekin egiten zenituen.
Bai. Bilbokoarekin hiru egin nituen.

Bilboko bandarekin baina Donostian grabatua da disko hori.
Donostian ez daukagu bandarik. Izugarria da, ez dakigu zergatik. Musikene daukagu, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia, eta bandarik ez. Inork ez du ulertzen. Ez dago bandarik, ez udaletxekoa ez inongoa.

Danborrada eta horrelakoetan bai.
Bai, danborrada gure festa da, baina bestela ez dago bandarik. Lehen egon zen erdi banda bat, ondo antolatutakoa, La Donostiarra, baina gero desagertu egin zen. Esaten ari nintzen bezala, atzetik 60 musikari edukitzea gainetik pasatzen zaizun lokomotora bat bezalakoa da. Ezin duzu akatsik egin, ezin baitituzu zuzendu. Adibidez, zu kantatzen ari zara, eta akats txiki bat egiten baduzu, hauek aurrera doaz berearekin. Zuzen. Partitura guztiak zehatz-mehatz jotzen ari baitira. 2.500 partitura zeuden kontzertu hartan. Instrumentu bakoitzak bere partitura zeukan. Orduan, tentsio izugarria sentitu nuen. Orain oso ondo sentitzen naiz, baina ni kontzientea naiz utzi egin behar dudala eszenatokia, bakoitzak bere garaia daukala, eta goian uzteko momentua da.

Disko hau zure obraren parte bat da, oinordekotza bat. Abesti ezezagun batzuk sartzera ausartu zara.
Ezezagunak kontzertua pandemiaren erdian egin behar izan dut. Hortaz, Viktoria Eugenian kabitzen den jendearen erdia bakarrik sartu ahal izan zen. Eta pentsatzen duzu: ikuslegoa nola egongo da? Jendeak zer egingo du? Antzokia erdi hutsik, jendea maskararekin… Baina, noski, hemen musikaririk onenetakoak dauzkat. Erantzunkizuna izugarria da, eta haien mailan egon behar duzu. Musikari guztiek partiturarekin jo zuten. Garestia da, baina merezi du. Hiru egunez bakarrik entseatu genuen, musikari guztiekin, Hernanin. Hiru egun horietan prestatu genuen dena, eta begira nola atera zen! Oso pozik nago, haiek ere bai, eta beste bat egin nahi dudala esaten badiet, gustura egingo dute!

“Kontzertu honetan musikaririk onenetakoak dauzkat. Erantzunkizuna izugarria da, eta haien mailan egon behar duzu. Oso pozik nago ikusita nola atera zen”

Kontzertuan jotako kantuetatik rock-and-roll estiloan egindakoak hiru izan ziren: “Herriaren alde”, “Besoak egan” eta “Ez dut nahi gehiago”. Oso indartsu geratu ziren! Zure banda osoa lur-orotarikoa da, baina hor ziren Igor Telletxea (atabalak), Ruben Caballero (gitarra) eta Luis Mari Moren ‘Pirata’ (saxofoia), rock munduarekin harreman zuzena daukatenak.
Kolorea ematen diete kantuei. Javier Perez Azpeitiak segurtasun handia ematen dit zuzenekoetan. Eta Lerman Nieves venezuelarra baxu jole berezia da. Satxa Soriazuk lan bikaina egin zuen. Teklatu joleak oholtzan normalean atzerago kokatzen dira, baina Satxaren presentzia oso garrantzitsua izan zen kontzertu honetan, dudarik gabe. Diskoan entzuten badituzu sartu dituen arrabita efektuak… Izugarria da. Jazz talde bat dauka, eta pianoa jotzen du bertan. Perkusio-jotzailea, Jorge Pacheco, Hernaniko musika bandako zuzendaria da. Eta bi gonbidatuak, Hugo Silveira eta Dani Bordonaba brasildarrak…

“Vinicius lagun” nola geratu den sinestezina da, akorde horiek eta soinu hori…
Rubenek esan zidan, “ez dakit nola egiten duten”. Akaso jotzen dituzte guk baino akorde gutxiago… ez dakit, baina ezberdina da guztiz. Soinu berezia eta erritmoa magikoa. Begira pandeiroa nola jotzen zuen! Eta Iñaki Salvadorrena itzela izan zen. Soloaren bigarren zatia, egundokoa. Eta Javier Perez Azpeitiaren soinu oinarria ezinbestekoa da.

“Vinicius lagun”-en jatorrizko bertsioa grabatu zenuenean, Kaioen amodioa diskoan (IZ, 1984) gitarra Ina Goikoetxeak jo zuen? Lehen bertsio hori ere oso ona da. Esan nahi dut, estilo horretan brasildar hauek gaindiezinak dira, baina jatorrizkoa entzuten badugu, maila oso onekoa da.
Bai, Ina oso gitarra jole ona da! Ni música brasileira-ren oso-oso zalea naiz.

Aspalditik?
Bai, etxean kolekzio handia daukat. Vinicius de Moraes hil zenean, gogorra izan zen niretzat. Politika gizona, abeslaria, musikaria, konposatzailea… La chica de Ipanema berak egin zuen. Eta omenaldia egin nion, zergatik ez? Kantua ez dugu inoiz jo. Agian diskoa atera zenean joko genuen, aurkezpenean edo…

10586552(1)

Urko, Viktoria Eugeniako emanaldian, atzean Luis Mari Moreno ‘Pirata’ eta Ruben Caballero dituela. (Andoni Canellada / Foku)

Ikuslegoaren zati batek, dena den, betiko kantak nahi dituela uste dut. Daukazun errepertorioarekin!
Niri kuadrilako batek esan zidan: “ni joan nintzen zu pixka bat entzutera eta gero alde egiteko asmoa neukan, baina besaulkian iltzatuta gelditu nintzen”. Sorpresa handia hartu zuen.

“Ezezagunak” izena zuen kontzertuak, baina ezagunak ere sartu behar, halabeharrez. Publikoa oso alferra izan daiteke askotan, betiko kantak nahi ditu. Adibidez, “Usurbilgo eliza”.
Bai, hori nire lehen kanta izan zelako jo nuen. Nik grabatu nuen garaian itzela izan zen: ondo egindako konponketak, bateria… Iraultzailea izan zen. Nik hasieratik esan nuen, disko bat egitekotan, ondo egindakoa izan dadila; bestela, ezer ez.

Hori beti defenditu duzu, eta zortea eduki duzu, bitarteko profesionalak, maila handiko grabazio estudioak eta musikari onenak izan baitituzu. Maila eta soinu jantzi hori ez zen oso ohikoa Euskal Herrian. Benito Lertxundik musika konplexuak eta disko borobilak egiten zituen, instrumentalki perfektuak, baina orokorrean kantautoreen estiloa nahiko sinplea izan da: gitarra eta ahotsa.
Eta bateriarik ez. Ni beti bateriarekin ibili naiz.

Zuk Madrilen grabatzen zenuen. Garai hartan Madrilen egiten ziren diskoak, noski, baina gero beti Madrilen jarraitu zenuen, estudio berdinean (Audiofilm), azken diskoa salbu.
Jende ezaguna, musikari ezagunak, Espainiako musikaririk onenak.

Estudioko musikari haien izenak oroitzen dituzu?
Teknikaria Luis Fernandez Soria zen, bateria jolea Pepe Sanchez, saxofoia Pedro Iturraldek jotzen zuen. Moldaketak Pedrok eta nik elkarrekin egiten genituen. Berak egiten zuen lana eta…

Leku batzuetan jartzen du: “Konponketak: Urko eta Javier Iturralde”.
Javier Iturraldek behin esan zidan: “tú pones la imaginación y yo pongo el oficio”. Elkarrekin lan egin genuen, ni bere etxean egon naiz orduak sartzen, asteak pasatzen genituen nire gustura egindako gauzak prestatzen… Batzuetan goizeko ordubietan deitu zezakeen etxera, eta nire emazteak hartu: “hola, oye, está Josean?”. Eta, “Javier, ordubiak dira”. “Aizu, barkatu, hauxe bururatu zait”. “Ze arraio, Javi!”, eta pianoa jotzen hasten zen. “Zer iruditzen zaizu hau? Eta beste hau?”. Guztiz grinatsua zen. Beti arkatza belarrian prest, ideiak apuntatzeko. Bera klarinete jotzailea zen, baina pianoarekin konponketak egiten zituen, eta berak konponketak eta partiturak idazten zituen guk idazteko makinan edo ordenagailuan idazten dugun bezain azkar. Izugarrizko abiadan egin zezakeen, baina perfekzionista zen. Muturreraino. Ni ere banaiz perfekzionista, baina bera gehiago.

“Txakolina” kanta berria da, azken 25 urteotan egin duzun bakarra.
Txakolineroei oparitzeko egin nuen.

Zure ibilbidearen sintesi moduan ikusten dut. Itsasoa, txakolina, instrumentazio aberatsa…
Habanera bat da. Habanera moderno bat, izatekotan.

Zure karreraren laburpen moduan har genezake?
Ez, istorio bat da. Nik Getariatik atera eta Kubara doan neska bat irudikatzen dut. Habanan seme bat edukitzen du, baina herrimina dauka, beti dago ametsetan. Txakolina eta beste hainbat gauza faltan sumatzen ditu. Azkenean herrira itzuli zen, noski. “Semea hartu eta kaio baten gainean, haizearen indarrez, etorri zen herrira”. “Kaioen amodioa” kantarekin konektatzen du. Amets bat bezala da.

Itsasoa oso presente dago zure ibilbidean.
Bai. Itsaso ondoan bizi naiz eta.

Zuk lortu dituzun salmentak ez ditu inork lortu Euskal Herrian.
Sakonki-rekin agian 100.000 ale, edo gehiago, saldu nituen.

Bere momentuan 70.000 ale saldu ziren. Gero, zure musikan aldaketak eginda ere (hau da, hitzei dagokionez beste gai batzuk lantzen hasita ere) salmenta izugarriak lortu zenituen Kaioen amodioa lanarekin. 75.000 ale. Hemen gaude!-rekin 80.000, hau da, ia platinoko diskoa. Hiru hauek izango dira euskaraz egindako musikaren lanik salduenak.
Gero Gipuzkoako Aurrezki Kutxak bi disko argitaratu zizkidan: Donosti maitia (1982) eta Bihotz bihotzez (1986). Erregalatu egiten zituzten, baina noski, haiekin kontua ireki behar zen diskoa lortzeko, eta gainera 25.000 peseta sartu behar ziren kontuan. Orduan bakarrik ematen zizuten kasetea edo biniloa. Agian 75.000 ale saldu ziren.

Zu rock mundutik zatoz. Los Corsarios taldeko partaide izan zinen.
Hori da, nik ez dut ulertzen talde bat bateriarik eta gitarra elektrikorik gabe.

19 urterekin Lourdes Iriondoren kontzertu bat ikusi zenuenean dena aldatu zen zuretzat.
Lehen aldiz Bellas Artes aretoan ikusi nuen, Urbieta kalean. Han lehiaketa bat zegoen Salto a la fama edo horrelako zerbait.

Euskal kantagintzarekin konektatu zenuen momentu hartan.
Bai, Lourdes Iriondo gitarra batekin ikusita. Eta pentsatu nuen: “nik hori egin dezaket”. Orduan hasi nintzen, poliki-poliki

Ikusitakoarekin identifikatu zinen eta konpromezu bat hartzeko bultzada sentitu zenuen, ezta?
Bai, eta gainera oso konprometitua egon naiz politikoki, iritziak ematen eta… Euskadiko Ezkerrarekin ibili nintzen mitin guztietan, horrek suposatzen zuen guztiarekin. Nik beti esan dut nor naizen eta non nengoen. Batzuek diote artistok ezin dugula gure iritzirik eman. Ni, lehenik eta behin, Josean Larrañaga naiz; Urko, aldiz, kantatzen duen tipo bat da.

“Jose Bergaminen hitzekin diskoa grabatu ahal izateko ez dakizu zenbat arazo pasatu nituen. Azkenean lortu nuen, baina ez zidaten bidea erraztu”

Zure diskoetan hainbat kantu konprometitu daude, Txiki eta Otaegiri eskainitako “Gure lagunei”, adibidez.
Eta Txirritarena [Jose Bernardo Bidaola]. Kanta bat egin nion: “Bernardori (Txirrita)”, Gure lagunei LPan ere dagoena.

Zure iritziak argi esan dituzu beti. Hauteskundeak iritsi ziren, politikariak sartu ziren eta zuk aldatzeko momentua iritsi zitzaizula ikusi zenuen.
Hori da, han daude politikoak, eta nire kantaldiak ez dira jada mitinak izango.

Bestalde, publikoaren presioak mitin bat egitera bultzatzen bazaitu, artista moduan garatzeko zailtasunak izango dituzu. Hori pasa zitzaien askori.
Ni 1976a arte ibili nintzen horrela, gutxi gorabehera.

Ikurrina legalizatu zen, hauteskundeak egin ziren, Estatutua onartu zen. Ez da inongo sekretua, beti argi adierazi zenuelako zure pentsatzeko era.
Eta gero politika aldetik baztertua izatera pasatu nintzen EEkoa izateagatik: damutuak, españolistak omen ginen… eta horregatik kantatu nuen Viktoria Eugeniako kontzertuan Jose Bergaminen “Que no soy de mi tiempo” testua. ‘Del mío sí, quizás es que no soy del vuestro’. Nahita kantatu nuen. Ni izan naiz Bergamin musikatu duen bakarra.

Kanta horren bukaeran oso hunkituta nabaritu zintudan.
Jose Bergaminen hitzekin diskoa grabatu ahal izateko baimena lortzeko ez dakizu zenbat arazo pasatu nituen. Azkenean lortu nuen, baina ez zidaten bidea erraztu. Lan hori nik Bergamini egindako omenaldi bat zen.

Konprometitua izaten jarraitu zenuen arren, Goiherri diskoarekin aldaketa bat egon zen. Garai aldaketa bat ere izan zen orduan. Alderdi artiskikoari garrantzia eman nahi zenion, eta adibidez rock estruktura batzuk sartu zenituen.
Bai, Iñaki Zabaletarekin egin nuen disko hori. Kantuen erdiak baino gehiagok bere hitzak dauzkate.

Zure espektroa zabaldu zenuen, kanta politikoen multzoen sailkatua geratzeko arriskua baitzenuen. Dena den, ez genuke euskaraz kantatzen jarraitzea aukera politikoa dela ahantzi behar.
Amodiozko kantu pila bat dauzkat. Eta ez daukat dudarik euskaraz kantatzea hautu politiko bat dela. Eskaintza izugarriak eduki genituen.

Zure salmentekin, maila horrekin… aukera komertzial ezin hobea zen gazteleraz kantatzea. Zein diskoetxe izan zen eskaintza egin zizuna?
Ariola izan zela uste dut. Ala Zafiro izan zen? Ahaztu egin zait. Ez dut esan nahi zenbat diru zen, baina Gorka Knörr eta biok eskaintza izugarria eduki genuen, eta guk ezetz, gu euskaldunak ginela eta ez genuela nahi.

Zafirorekin grabatu zenituen 70. hamarkadako lan mitiko guzti haiek. Diskoetxe hartako zuzendaritza postu garrantzitsuenak Opus Deikoek kontrolatzen zituzten. Kuriosoa da, baina rock and rollaren alde egin zuten negozioa ikusi zutenean. Mariskal Romerok azpizigilu bat martxan jartzea lortu zuen, Chapa Discos, rockari bultzada emateko.

Bai, Mariskal. Berdina gertatzen da orain Grupo Antena 3, La Sexta Noche eta El Intermedio-rekin, enpresa berekoak dira! Eskuin-eskuinekoak. Kanal batean bertsio bat eta bestean ezberdin bat entzun dezakezu. Eta bai, Zafiro Opus Deikoa zen, ez enpresa, baina bai zuzendaritza osoa.

Zure ibilbide diskografikoaren ia hasiera hasieratik, Ina Goikoetxea fitxatu zenuen zure bandarako. Nola jakin zenuen berak gitarra jotzen zuela?
Bai, ez dakit nola. Casa Ervitin lan egiten zuela uste dut. Han galdetu nuen, eta gitarra jole baten bila ari nintzela esan nien. Donostiatik kotxez joan nintzen San Pedroraino, eta Pasai Donibanera txalupan, gitarratxo bat eskuan nuela, Inaren etxera.

Inak zurekin bi disko grabatu zituen: Hemen gaude (1977) eta Gure lagunei (1978).
Bai, eta nirekin urte pilo bat egon zen.

Gero Akelarre taldean sartu zen, eta haiekin beste bi disko grabatu zituen: Asfaltuko lorea (1980) eta Gau pasa (1982). 1985ean zurekin itzuli zen Gora gure errege  singlea grabatzeko. Hortik aurrera, Inaren pista galdu egiten da.
Inak dena utzi zuen eta piano afinatzailea da orain.

Pentsatzen dut “Gure lagunei” honetan zuk jarri zenuela imaginazioa eta konposizioa…
Bai, zatitxo bat. Gehiena Telesforo Monzonekin egin genuen. Txiki eta Otaegiren “Yo soy hijo de Extremadura” dioen zatia, adibidez, Telesforok gazteleraz egin zuen.

1976an Madrilera joan zinen grabatzera. Zenbat pertsona joan zineten lehen espedizio hartan?
Ni bakarrik. Radio San Sebastianeko Juan Pedro Calvok esan zidan kasete bat pasatzeko, nik arazoa eduki bainuen hemen grabatzeko, ez dakit zergatik. Herri Gogoa eta horrelako zigiluak zeuden, eta gu ez ginen agian ildo politiko berekoak. Gu gorriago edo ezkertiarrago ginen haientzat

“Nik arazoa eduki nuen hemen grabatzeko, ez dakit zergatik. Herri Gogoa eta horrelako zigiluak zeuden, eta gu ez ginen agian ildo politiko berekoak”

Hori zen arrazoia?
Nik uste dut baietz, gero egiaztatu bainuen. Juan Pedro Calvori dagokionez, Donostiako 40 Principales irratiko nagusia zen. Radio San Sebastianera joan ginen kasetea grabatzera. Emisioa amaitzen zenean grabatu genuen, 00:30ak aldera, garai hartan telebistak eta irratiak gauez itxi egiten baitzuten. Eta han tekniko batekin Rebox batean grabatu genituen abestiak: gitarra eta ahotsak soilik. Oraindik kasete hori badaukadala uste dut. Nire gauzak antolatzen ari naiz orain. Nire lehenengo kantaldia ere, Amarako frontoian egin zena, grabatuta daukat.

Easo plazako frontoian?
Bai. Lupek ere kantatu zuen. Kantaldi hura grabatu genuen, ezkutuka noski. Kasete hartara bueltatuaz, Juan Pedrori eman genion, eta hark Madrilera eraman zuen. Handik hilabete batera deitu zidan: “Zafirokoek zurekin hitz egin nahi dute”.

Itzela ilusioa!
Jo, izugarria. Joan ginen Madrilera, eta azaldu ziguten nola kantu herrikoia landu nahi zuten, regionala edo horrelako zer edo zer esan zuten agian. Niri bost, nik grabatu nahi nuen. “Moldatzaile bat jarriko dizugu, berarekin hitz egin dezazun, eta hark gorpuztuko ditu kantuak”. Javier Iturralde zen. “Kabenzotz, atzerakoiena egokitu zait”, pentsatu nuen, “moldatzaile zaharkitua”. Eta hark “tira, goazen!”. “Javier -esan nion-, nahi baduzu datorren astean itzuliko naiz”. Ez, ez, zuzenean bere etxera eraman ninduen, eta handik estudiora. Sartu nintzen eta hor zegoen Luis Fernandez Soria. Mahaiak analogikoak ziren, hemendik harainoko luzerakoak. Oso handiak. Radio San Sebastianen mahai txiki hartan grabatzetik hona! 1976an atera zen diskoa, baina 74 edo 75ean grabatu genuen. Nik, gero, ez nuen nire onespena bapatean eman nahi, hori egia da. Baina hasieran izututa nengoen. Luisek esaten zidan: “Mutua al zara? Ez, bada nahikoa da”. Kar-kar

Audiofilm estudio itzela zen, ezta?
Ikaragarria da. Itxita dago jada.

Orain dela gutxi itxi zuten.
Kataluniarrak ziren. Hor Eduardo Gracia baxu jolea zegoen, niri asko gustatzen zitzaidana. Pepe Sanchez bateria jolea, Pedro Iturralde saxofoian, Jesus Gluc pianoan…. Maestro Leiva piano joleak ere disko hartan jo zuen. Nik onenetakoak eduki nituen.

Arrakasta handia izan zuen disko hark.
Bai, izugarria izan zen. “Guk euskaraz”, “Usurbilgo eliza”… musikalki iraultzaileak izan ziren. Kontzertu piloa jo genuen, Iparraldean ere bai. Nafarroan, Iruñea arte bai. Hortik behera ez, agian Tafallan bakarrik. Katalunian bi aldiz jo genuen. Madrilen ere jo genuen, baita Sevillan ere. Garai hartan…

Ez zegoen gaur egungo zentsurarik, ezta?
Ez. Zentsurarik ez. Borrokatu egin behar zen. Eta orduan, Galeusca delakoa zegoen. Extremaduran, Pablo Guerrero eta Urko, batera, kartel berdinean egon ginen. Hori jada amaitu da, euskara baztertua dago.

Bizpahiru urte izango ziren, zeinetan askatasun arraro bat nabari zitekeen: dena posible zela zirudien, zenbaitzuk diotenez…
Bai. Ordea, ikusi zutenean euskaldunok gure aldarrikapenekin aurrera jarraituko genuela, nire ustez, hor moztu ziguten izan genezakeen ikusgarritasuna.

Hitz gogor haiek grabatu zenituenean, inork ez zizun ezer esan?
Diskoa egiterakoan ez, pasatu ziren denak. Beste gauza bat zen kantaldietan, hitzak gobernuari aurkeztu behar baikenizkion. No autorizado jartzen zuten. “Aberria ala hil, Euskadi ala hil” (“Gure lagunei” kantatako zati bat) RTVEko koruekin grabatu genuen! Ez zeukaten kantatzen ari zirenari buruz idearik ere. Eta Javier Iturraldek, “vamos a ir a la puta cárcel”. Beldurtuta zegoen, kar-kar. Beste anekdota bat: grabatzen ari ginela, esan nion Javiri: “Aizu, Luis [Luis Fernández Soria, soinu teknikaria] lokartzen ari da”. Erdi zurrungaka zebilen eta. Eta bapatean Luisek botoia sakatu, grabazioa gelditu, eta esan zuen: “Javier, hay un violín segundo desafinado”. Arranopola. Belarri fina daukate! Analogikoan grabatu zen noski, eta kalitate izugarriaz. Euskal Herrira itzultzean arrakasta izugarrizkoa izan zen. Eta gero, segituan, zuzeneko diskoa grabatu genuen.

ETIKETAK:AkelarreBenito LertxundiGorka KnorrIñaki GoikoetxeaJavier IturraldeUrko