Elkarrizketa

Fred Berruet

2022.02.08

Fred Berruet

“Espaziontziak bezala sentitzen gara, aireratzen”

Elkarrizketa: Seiurte

Joan den urte bukaeran, Berrizko (Bizkaia) Seiurte taldeak Cabo Cañaveral izeneko estudioko zazpigarren diskoa kaleratu zuen. Taldea sortu zenetik ia mende laurden bat iragan delarik, Iokin Elortza taldeko gitarra jole eta kantari nagusiari galdera batzuk egin dizkiogu.

SEIURTE 2022

Julen Oarbeaskoa + Martin Sarasketa + Iñaki Elortza + Iokin Elortza = Seiurte.

“20 urte” kantua 2017an atera zenuten, taldearen 20. urteurrena ospatzeko, eta horren aurreko diskoa, Ezpalak, 2015ekoa da. Urak bide egin du geroztik eta mundu osoa astindu duen pandemia bat izan da. Urte horiek nola iragan dituzue?
Pertsonalki guztioi bezala eragin digu. Garai gogorrak izan dira, baina talde bezala ez digu gehiegi eragin. Pandemia heldu aurretiko azken kontzertua 2020ko otsailean eman genuen, pandemia heldu baina oso aste gutxi lehenago, eta nahiz eta momentu hartan ez genekien sasoi baterako azken kontzertua izango zenik, jada Ezpalak diskoaren eta “20 urte” singlearen zikloa amaitzen ari zen. Lokalera sartu eta material berria sortzeko unea heltzen ari zen. Handik aste gutxira pandemia etorri eta guztiarekin amaitu zuen. Gerora, pandemia garaia, kanta berriak egin eta Cabo Cañaveral kaleratzeko baliatu dugu.

Disko berriak urte madarikatua oroitarazten duen kantu bat badauka (“Bi mila eta hogei”). Bizkitartean, lehen kantuan (“Nondik agertu zinen”), “eman eskua eta bagoaz” kantatzen duzue. “Garaitezinak” eta “Ahaztu dena” bezalakoak hor daude ere. Oztopoak gainditu eta baikorki aitzina joateko gogoa nabari zaizue…
Bai, aurrera egin behar da, ez dugu zalantzarik izan. Izaera optimistakoak gara eta Ezpalak diskoko kantuak dioen bezala ["Aurrera goaz"] beti aurrera begiratzen dugu. Ez gara nostalgikoak eta beti uste dugu onena heltzeke dagoela.

Naiz irratiari eskaini diozuen elkarrizketa batean entzun nizuen hori erraten, eta zalantzak baditut. Benetan uste duzue disko honekin inork ez zintuztela espero?
Bai, benetan, ez da esaldi hutsa. Guk ez dugu inor gure zain somatzen. Lagun eta gertukoek bai galdetzen digute zerbait egiten ari garen, baina bestela ez dugu gugan interes handirik somatzen, benetan. Gainera oso endogamikoak gara, ez daukagu ez diskoetxerik, ez managerrik ezta gure zain egon daitekeen inor ere. Beraz, horrela sentitzen gara, inori ezer zor gabe, lasai, bere alde on eta txarrekin.

Nola izan da disko honen sortzeko prozesua?
Pandemia heldu aurretik hasiak ginen gauza berriak egiten baina bereziki pandemian sortu da Cabo Cañaveral. Ostalaritza itxita zegoen garaietan eta kultur eskaintzarik ez zegoenean lokalean geratzen ginen kanta berriak sortzeko inolako presio edo eperik gabe. Beti esaten genuen disko on bat egiteko abesti nahiko edukiko genituenean grabatuko genuela eta hala izan da. Garai gogorretan sortua izan da, baina prozesu polita izan da guretzat.

Eñaut Gaztañagarekin grabatu duzue Zestoako Gaztain estudioan. Nolako esperientzia izan da?
Ederra. Eñaut aspaldi ezagutzen dugu eta musikalki afinitate handia daukagu. Oso ondo ezagutzen gaitu, badaki zer bilatzen dugun eta gure abestiei bere azken ikutua eman eta handitu egiten ditu. Oso handia da, gurekin abesten jarriko dugu noizbait.

“Ez daukagu ez diskoetxerik, ez managerrik ezta gure zain egon daitekeen inor ere. Horrela sentitzen gara, inori ezer zor gabe, lasai, bere alde on eta txarrekin”

Programazioen aldetik, ahotsen aldetik, soinu esperimentazio berri batzuk kausitu ditut diskoan…
Bai, hasieratik izan dugu asmo hori. Aurretik grabatu genuen maketan ere atmosfera horiek bilatzen genituen eta Eñauti lehenengo egunetik esan genion zenbait abestitan soinu hori lortu nahi genuela. “Neoizko kaleetan” edo “Ahaztu dena” bezalako abestietan soinu elektroniko eta ilunago bat nahi genuen. Gure burua Drive edo Blade Runner pelikuletan ikusi nahi genuen eta oso pozik gaude emaitzarekin, eta badirudi jendeak ere oso gustuko hartu dituela.

Iduri luke urrunago joateko xedea izan duzuela…
Disko bakoitzean saiatzen gara pauso bat aurrera ematen, mugarik ez jartzen. Gure sorkuntza prozesua oso kaotikoa da, hain zoroa gehien disfrutatzen ditugun momentuak horiek izaten direla, inprobisazioan eta barretan amaitzen ditugunak, baina egia da, eta agian autokritika egin beharko dugu, abestiak zehazten joan ahala zoro-puntu hori galtzen doazela eta pixkanaka eskema estandarretara jotzen dutela. Noizbait zoro puntu horri eutsi beharko diogu, jendea harrituko genuke.

Modu orokor batez, Seiurteren soinuaren garapena nola baloratzen duzue?
Uste dugu ibilbide luze eta koherentea daramagula. Lehenengo diskotik azken diskora aldaketa oso handia izan da, baina bada lotura hari bat. Bidean asko ikasi dugu, gure gustu musikalak garatzen joan dira eta garaiak ere aldatu dira. Gaur egun ez da duela hogei urte bezala grabatzen. Gure soinuaren inguruan askotan esaten digute gure abestiek nortasun eta soinu propioa dutela eta hori oso handia da guretzat.

Zuen diskografian, euskal kantagintzan betirako geldituko diren hainbat kantu badira. Oraingo honetan ere ez dira faltako. Lehen aipatu dituzun “Neoizko kalean” edo “Ahaztu dena” adibidez, horietan izan daitezke…
Bai, izan daitezke. Abesti horiek oso harrera ona izan dute eta asko pozten gaitu jendeak Seiurteri buruz duen irudia ere alda dezaketelako. Bagara pop-rocka, bagara indie-rocka, baina badugu gure alde pisutsu eta ilunagoa ere. Disko ezberdinetan ere hala izan da. Cabo Cañaveral diskoan gehien nabarmentzen ari diren kantuak horiek izateak asko pozten gaitu, entzule bezala ere estilo hori asko maite dugulako.

Cabo Cañaveral izenburua… Zergatik hautatu duzue?
Lehenik eta behin izenburu bezala asko gustatzen zitzaigulako, baina baita ere, nolabait, hainbat urte ixilik egon eta gero, gure berragerpena iragartzeko izen egokitzat ikusten genuelako. Floridako Cabo Cañaveraletik espazio-ontziak aireratzen dira eta gu orain horrela sentitzen gara, lan berri batekin aireratzen.

“Abestiak zehazten joan ahala hasierako zoro-puntua galtzen doaz eta eskema estandarretara jotzen dute. Noizbait zoro puntu horri eutsi beharko diogu”

Diskoko azal zerutiar hori. Noren obra da?
Azala guk egin genuen ordenagailuak guk baino hobe maneiatzen dituen lagun on baten laguntzarekin. Ideia bagenuen eta arratsalde batean garatu genuen, buelta gehiegirik eman gabe. Askotan lehen emaitzak izaten dira hoberenak eta kasu honetan horrela egin genuen. Sortu genuen lehen azalarekin geratu ginen eta oso pozik gaude emaitzarekin.

Lana Estoldetan deitu zigiluarekin atera duzue. Zer da, zuen ekoizpenak argitaratzeko sortu duzuen zigilua?
Bai, gure ekoizpenak Estoldetan zigiluaren izenean kaleratzen ditugu. Ez da berez zigilu bat, baina gustatzen zaigu lanak izen horren babesean kaleratzea. Daukagun grabaketa estudio txikiari ere Estoldetan deitzen diogu. Gure unibertso txikia da.

Diskoa streaming plataforma ezberdinetan ezarri duzue entzungai. CD formatuan ere kaleratu duzue. Nola banatuko duzue?
Gure lehen asmoa diskoa soilik digitalean kaleratzea zen, baina lagun eta ezagunei komentatu ahala kexaka hasten ziren diskoaren kopia bat nahi zutelako. Azkenean, men egin eta euskarri fisikoan tirada txiki bat kaleratu dugu eta, egia esan, oso pozik gaude egin izanarekin. Ale kopuru txikia izan da, baina agortzeke dago eta Euskal Herriko banatzaile nagusia gurekin harremanetan jarri da diskoaren ale batzuk banatzeko. Beraz, laster, Cabo Cañaveral diskoak saltzen dituzten denda apurretan ere lortu ahal izango da. Oso pozik gaude.

Esan duzu lehen asmoa diskoa soilik digitalean kaleratzea zela. Euskarri fisikoei atxikiak zarete ala ez diezue horrenbesteko garrantzirik ematen?
Euskarri fisikoa oso garrantzitsua izan da gure bizitzan. Kasete garaikoak gara (!!!), baina egia da gaur egun ez duela hainbesteko garrantzirik. Gaur egun, orokorrean, euskarri fisikoa, melomano eta kolekziorako euskarri bezala geratu da. Egia da, hala ere, eta esan behar da, zaila dela oraindik euskarri fisikoa guztiz ezabatzea. Badu bere lekua, eta talde bezala badirudi euskarri fisikorik gabe ez duzula zure lana guztiz amaitu.

Zuen inspirazio iturriak zeintzu dira? Azkenaldian, zer musika entzuten dute Seiurtekoek?
Erantzuna zaila da. Beti entzun izan ditugu musika oso ezberdinak eta horrela izaten jarraitzen du. Nik adibidez, gaur egun, etxean jazz musika entzuten dut gehienbat. Baina gure musika entzuteko eta gozatzeko modu nagusia beti izan da kontzertuetara joanez. Hor jaso ditugu, nik uste, gure influentziarik handienak, kantak taldeen zuzeneko jarrera eta indarrararekin entzuten. Hor etengabe ikasten ari gara, zuzenekoetan, eta zuzenekoetara hain lotuak egonik beti izan gara euskal eszenari oso lotuak.

Gaur egungo euskal eszena nola ikusten duzue? Bereziki gustoko duzuen talderik/artistarik?
Oso ondo ikusten dugu. Gauza oso interesgarriak daude, Joseba Irazoki bere aldaera guztietan, Vulk, Ezpalak, Tatxers… Estilo berriak ere etorri dira, Dupla, Chill Mafia… Talde handiek ere hor diraute, Zea Mays, Su Ta Gar… Guri asko gustatzen zaizkigun pop-rock taldeak badaude, Rafa Rueda, Don InorrezEsanezin edo Idoia bezalako bakarlariak, talde mitikoen itzulerak, Kerobia, Delirium Tremens… eta zenbat talde ahaztuko ditugun! Eszena zoragarria daukagu.

Batzuk izugarri poztu ginen disko berria iragarri zenutelarik. Halere, susmoa badut Seiurte taldea ez dela aski baloratzen. Zuei ere hori iduritzen zaizue?
Urte asko daramatzagu aski baloratuak ez gaudela entzuten, eta ez dakigu. Ez dagokigu guri hori esatea. Gu oso pozik gaude egindako bidearekin, eta oihartzun handiagoa lortu ez badugu, hala beharko duelako edo gauzak ondo egin ez ditugulako izango da. Egia da batzuetan aurrera egiteko malda egiten zaigula, kontzertuak lotzeko orduan adibidez, baina tira, gustuko duguna egiten ari gara, inoiz amestuko ez genituenak lortu ditugu eta oso pozik gaude. Helburu handien bila baginake aspaldi utzita izango genuen Seiurte.

Noiz izanen dugu kantu hauek zuzenean gozatzeko parada?
Esan bezala kontzertuak lotzea ez zaigu erraza egiten. Gehiago oraindik garai hauetan. Pandemiak kultur programazio guztiak hankaz gora jarri ditu eta zaila da. Hala ere, bira hasiera ezin hobea izan dugu Tolosako Bonberenean, jende eta giro itzelarekin. Otsailaren 12an Berrizko Gaztetxean izango gara eta laster iragarriko ditugu kontzertu gehiago, Hendaian eta Amurrion, adibidez.

Eta ondoko urratsak zeintzuk izanen dira? 25 urteak behar den bezala ospatu beharko dira, ez?
Komentatu izan dugu aurten 25 urteak betetzen ditugula eta zeozer egin zitekeela, baina oraingoz nahikoa dugu Cabo Cañaveral zuzenean aurkezten. Hala ere, ez gara geldirik egongo eta ziur uste baino lehenago saltsa berrietan izango garela.

ETIKETAK:Eñaut GaztañagaIokin ElortzaSeiurte