Elkarrizketa

“Esfortzu handia izan da, baina merezi izan du”

Elkarrizketa: Hira

Bostekoa eman dio Hira taldeak musikari. Denbora asko eskaini dio V (Elkar) bosgarren lanari. Sormena bezainbeste landu dute aurkezpena eta gustura daude lorturiko emaitzarekin. Heavy metala jorratzen hasi baziren ere, bost urratsetan hard-rock melodikora iritsi dira. Kantu bilduma interesgarria jaso dute azken diskoan. Horri buruz eta beste aritu gara Ibai Marin gitarra eta abeslariarekin.

Trantsizio baten amaiera da bosgarren diskoa?
Argi dago talde baten ibilbidean aldaketa ugari egon daitezkeela. Kontuan izanda 1999. urtean hasi ginela eta Nortasuna diskotik V lanera 15 urte pasa direla, taldeak ezinbesteko eboluzioa izan du, eta geure bidea musikalki zehazten jakin dugu. Argi dago bosgarren disko honek gure estiloaren baieztapenaren eredu garbia dela. Zain egon garen saria da. Ongi egindako lanaren zapore gozoa dastatzea lortu dugu.

Aurreko lana urrats baten faltan geratu bazen, V diskoak hard-rock melodikoa jorratu nahi duen talde sendo bat islatzen du. Horrela da?
Bai, horrela da. Aurreko diskoaren emaitzarekin harro sentitzen garen arren, V diskoan lortu dugun irmotasuna eta zuzentasuna falta zaio. Horrekin batera, hard-rock estilora gehiago hurbiltzea lortu dugu, eta gure sendotasuna zein konfiantza islatu dugu lan berrian.

Hira_arg01

Hira taldeko kideak: Mikel Lazkano (gitarra), Alex Lobato (bateria), Ibai Marin (ahotsa eta gitarra) eta Manex Etxeberria (baxua).

Ekoizpen landua, logo aldaketa, argitalpen fisiko zaindua… Erronka moduan hartu duzue V?
Lan guztiak dira erronka, baina bai, azken lan honekin gehiago eskaini nahi izan dugu. Guztien ahotan egotea zen gure nahia, ez genuen lan hau ezerezean gelditzerik nahi. Horretarako guztiari eman diogu buelta. Gauzak gogoz pentsatu ditugu, konposaketa zorrotzak, logoaren aldaketa fresko eta garatuago bat, irudi landu bat diskoaren diseinurako eta hiru gorputzeko digipack bat. Proiektu honen atal guztiak landu ditugu, akatsik egin gabe. Esfortzu handia izan da, baina merezi izan du.

Lehen aldia da talde berarekin bigarren disko bat argitaratzen duzuela. Hori nabaritu duzue abesti berriak egiterakoan?
Urte asko daramatzagu laurok elkarrekin. Hori edozer gauza egiteko garaian oso lagungarria da. Oso ondo ezagutzen dugu elkar. Badakigu bakoitzak gure tokia ondo betetzen, eta hori oso garrantzitsua da guretzat.

“Oso ondo ezaguzten dugu elkar. Badakigu bakoitzak bere tokia ondo betetzen”

Rock to life, rock tonight leloa nabarmendu duzue. Zein da bere esanahia?
Musikak gure bizitzaren zati handi bat suposatzen du. Musikatik bizi ez garen arren, musika bizi dugu guztiaren gainetik. Lemak hori dio, Gau honetarako rocka, bizitzarako rocka. Ia lege bihurtu dugun sentimendua da.

Abestiak hamaika, eta ñabardurak beste horrenbeste. Hira taldearen disko helduena da?
Zalantzarik gabe. Lehen aipatu bezalaxe, pauso guztiak neurtu ditugu proiektuaren osotasuna biribila izateko. Heldutasuna, bidean norberak ikasi eta aldamenekoak irakatsitakoaz iritsi zaigu.

Melodiak inoiz ez bezala landu dituzue. Ahotsaren lanketa berria ere nabari da. Lan asko dago kantuen atzean?
Asko. Abesti guztiak nire etxean konposatu ditugu ganbaran dudan estudio txiki batean. Niretzako oso erraza izan da edozein momentutan egongelatik ganbarara igotzea ideia on bat etortzen zitzaidan momentuan, edo abesteko gogoak nituen une bakoitzean. Denbora hartu dut kantu bakoitzeko melodiak lantzeko, nire mugak aztertzen saiatu naiz ia esaldi bakoitzeko. Zirriborro pila bat egin nituen gustura geratu arte, eta taldekideen onespena lortu arte.

“Doinu berrien bila” abestia ezberdina da. Diskoak gordetzen duen apustu berezia da?
Horrela da. Entzun duen jende guztia zur eta lur geratu arren irratiko formulan sartzerik ez dugu izan. Guretzat harrigarria, baina noski, zer esango dugu guk kantuaren egileak bagara? Kantu honetan orkestazio oso indartsu bat sartu genion Nacho Ferrer konpositore ezagunaren eskutik. Hori ere bada apustua. AME estudioetako Axular Arizmendik eman zigun ideia grabatzen ari ginen egun berean eta ondo iruditu zitzaigun.

Hard-rock amerikarra jorratzen duzuela diozue. Ados, baina zein erreferentzia berri edo zahar dituzue?
Hard-rock amerikar kutsua nabarmendu da azken lan honetan, bai konposaketa aldetik eta baita produkzio aldetik ere. Erreferentziak asko izan daitezke. Bustitzea eskatzen duzunez, batzuk aipatu beharko: Gotthard, Aerosmith, Scorpions, Joe Bonamassa, Van Halen, Journey, Toto, Bon Jovi eta Boston.

Euskal Herrian ez da sobera jorratu hard-rock melodikoa (Airless, kasu), eta are gutxiago euskaraz. Urtz edo Bat Bitten aipa daitezke. Gutxiegi landu da zuen ustez estiloa gurean?
Arrazoi duzu. Ordea, ez dakigu zergatiak zeintzuk diren. 90eko hamarkada iritsi bitarte heavy metala ez zen gehiegi jorratu gurean, punka zen nagusi. Hira euskarazko heavy metalaren bigarren loraldian koka genezake. Hortik aurrera, estiloa lantzen eta moldatzen aritu gara, baina aurrez ezer zehaztu gabe. Hard-rockera hurbildu gara, eboluzioak horrela eskatuta.

“Hard-rockera hurbildu gara, eboluzioak horrela eskatuta”

Dena dela, non geratu dira hastapeneko heavy klasikoa eta metal oihua?
Gurean gelditu dira, gure ondarea dira eta oso harro gaude bost diskoetarako sortu ditugun kantuekin. Guztiek dute beraien nortasuna. Esaterako, zuzenean “Metal oihua” abestia jotzen segitzen dugu.

Iker Martinez Mediavilla (Wild Child, Ruso Blanco) musikari eta laguna zenari eskaini diozue lana. Nola gogoratzen duzue Iker?
Zenbat aldiz abestu genuen berarekin gau giroan ibiltzen ginenean. Urteak dira ezagutzen genuela eta benetan diogu ezagutzeko moduko mutila zela. Azken urteetan gurekin egon dira lokalean Ruso Blanco taldeko musikariak. Benetan gogorra egiten zaigu joan dela pentsatzeak.

Zuzenekoak era profesionalean eskaini nahi dituzue. Aukerarik bada horretarako panorama ikusita?
Inork ez du zuretzat lanik edo apusturik egiten ilusio hutsez, beste ezer ordainetan jaso gabe. Guk zuzenekoak era duin batean eskaini nahi ditugu, kontzertuetara joaten denak gurekin batera goza dezan. Hori lortzeko mota ezberdinetako oztopo ugari daude baina, aukera egon badago. Lortzeko behar den bakarra egiteko gogoa eta horretarako jardutea da. Agian ez dira asko izango, baina eskainiko dugun kontzertu bakoitza guk eman ahal dezakegun profesionalena izango da.

ETIKETAK:HiraUrtz